Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Munduaren maitasuna

Munduaren maitasuna

xme 2005/06/28 09:40

Fikzioen irakurlea naiz ni batik bat baina, tarteka, ipuin eta nobelez aspertuta-edo, saiakerara jotzen dut, neure burua janzteko, egurasteko, edo auskalo zertarako. Irakurketa hauetan ez naiz batere sistematikoa: batean historia izango dut esku artean, bestean soziologia edo politika, eta ez dit luze irauten sukarrak.

Bada idazle bat, hala ere, garai diferenteetan hartu dudana eta orain arte huts egin ez didana: Alain de Botton. Ez da nire lagun Markos Zapiainek erabili ohi dituen pentsalariak bezain sakona (Kojève eta), baina atseginez irakurri ditut beti haren gogoetak: maitasunaz, bidaiaz, filosofiaz... Irakurri diodan azkena, "Ansiedad por el estatus".

Orain dela aste batzuk, Martinez de Pison-en liburu baten kontura, idazleak hurkoen maitasuna ala bere obragatiko mirespena, zer nahiago zuen hartu nuen hizpide. Idazleez ari ez bada ere, haientzat ere balio du De Botton-en gogoeta honek:

"Esan liteke edozein helduren bizitza bi maitasun-istoriok zedarritzen dutela. Bata —maitasun sexualaren bila ibili garenekoa— aski ezaguna da, xehetasun eta guzti, horren gorabeherak izan baitira musikaren eta literaturaren gai nagusi, eta gizarteak onartu eta ospatu egiten baitu bilaketa hori. Bestea —munduaren maitasunaren bila gabiltzanekoa— kontakizun sekretuago eta lotsagarriagoa da. Aipatzez gerotan, barre gaiztoz egin ohi dugu, txantxa giroan, inbidiak jo eta nahasturiko jendearen kontua balitz bezala, edo estatusaren atzetik garamatzan irrika diru-kontu hutsa balitz legez. Eta, hala ere, bigarren amodio-istorio honek ez du lehenak baino indar edo konplikazio gutxiago, ez du garrantzi edo unibertsaltasun eskasagoa, eta bere zafraldiek ez digute ematen min txikiagoa."

etiketak: Liburu kritikak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/06/29 16:32

Nola dakizu Kojève sakona dela, beti harrotzen baitzara errusiarraren kutsurik apalena leriokeen edozein testu edo pegatina berehala baztertzeaz?

Animo Xabier, irten behingoz literatoen errazkeriaren armairutik!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.