Ikusi gabe hobe?
Lilurak beti izaten du ezjakintasun-ukitu bat: ondo ezagutzen duguna maite izan dezakegu, miretsi ere bai agian, edo mespretxatu, alde batera utzi, nahi duguna. Liluramendua sortzeko, berriz, beharrezkoa da misterioa: erdizka sumatu, eta beste erdia gure buruak amestea.
Horren froga argia da zenbat jende maitemintzen den irratiko ahotsekin, ahots horien atzean dauden pertsonak ikusi gabe; pertsona horiek ikusteko irrika eta beldurra batera joan ohi dira halakoetan, liluraren sortzailea begiz joz gero sentimendu hori berretsi edo goitik behera eror liteke eta.
Irratira jo gabe ere, zenbat holako izango ziren historian! Bat kontatu zidaten joan den astean, eta hona ekarri nahi dut, pasadizo polita delako eta liburu eder batzuk aipatzeko balio didalako.
Antxiñe Mendizabalek kaleratu berri du "Zumarragako Trikitixa: trikiti doinu kaletarra" izeneko lana, Trikitixa Elkartea bultzatzen ari den Soinuaren Liburutegia izeneko sortan 6.a egiten duena. Oria-Urteaga trikitilari-sagaren berri kontatzen digu bertan, baita garaiko gizartearen printza ugari ere.
Horrez gain, baina, deskubrimendu txiki bat zor diogu egileari: Elgetaren andregaiari dagokiona. Jazinto Rivas "Elgeta" edo "Intxuzabal" trikiti jole eta maisu mitikoak andregai bat izan zuela gauza ezaguna zen, pandero-jolea zela ere esaten zen, eta soinujolearen bizimodu nahasia izango zela ezkontzarik ez izatearen arrazoia. Halaxe kontatzen du, adibidez, Koldo Izagirrek Rivasen biografian.
Izagirreren liburuarena ez ezik beste baten iturria ere izan zen Intxuzabal: "Elgeta" deritzan nobela laburra idatzi zuen orain dela hainbat urte Joxan Agirre kazetari eta idazleak, non trikiti-mundu zaharrarekiko mirespena agertzeaz gain libertatez lantzen eta talentuz irudikatzen zuen giro hura eta hango protagonistak. Besteak beste, Elgetaren andregaia. Agirreren obran ezaugarri iraunkorra da emakumeekiko jarrera berezi bat: mirespen erdi deboziozko erdi erotikoa, betiere misterio-aire batean bildua. Halaxe ageri zen Jazintoren andregai izenik gabea ere.
Antxiñe Mendizabalek argitu egin du misterioa ordea: izen-abizenak jarri dizkio: Mikaela Zunzunegi, Zumarragako Leturia auzoko Olarte baserrian 1923an jaioa eta 2000n Donostian hila. Erregistro zibileko datu horiez gain, aurpegia ere ipini dio, Mikaelaren argazkia baitakar liburuak.
Mendizabalen liburuaren aurkezpenean zen Joxan Agirre ere, Gara egunkariaren berriemaile moduan joana. Eta, orain azaldu ditudanak entzunda eta argazkia ikusita, ozen egin omen zuen galdera: "Hau... hau al zen Elgetaren andregaia?"
"Bai "erantzun zioten, eta, haren aurpegi atsekabetua ikusita erantsi". Zer ba? Mitoa apurtu dizugu ala?"
"Erabat", aitortu omen zuen Agirrek.
Lilurak bezala, literaturak ere maite baitu bere misterio apurra.
Egunero ikasten delako
Klasikoak esan zuen bazela bizitzeko aldi bat eta beste bat hiltzeko, maitasunerako aldi bat eta beste bat gorrotorako. Horren haritik, badirudi gure bizimoduan bolada bat izaten dela ikasteko (gero eta luzeagoa, master eta abarrekin ia 30 urtera iristen dena), baina hortik aurrera, lanpostu-auto-etxe-bikotea lortuta, bukatu direla betiko ikasi beharrak.
Baliteke hala behar izatea. Normala ere bada, azterketez leporaino amaitu duenak eskolari betiko alergia izatea. Hala eta guztiz, ze gauza ederra den, inork behartu gabe, ikasten jardutea, ikasleen arteko konfiantza, eskolan eseri eta gauza interesgarriak entzutea, entzutearen eta ikastearen plazer hutsez, inongo agiri, nota eta ebaluzioren erantzukizunik gabe.
Larrabetzuko Literatura Eskola hasiko da bihar, urriak 15, eta ikasturtean zehar hilean behin bilduko gara Goikoelexaldeko eskola zaharrean, larunbat goiz bat eztabaidari, iritzi-trukeari eta irakurketen komentarioari emateko. Letren munduan sartutakoak gara hor gabiltzanetako batzuk, besterik gabe zaleak beste batzuk, eta denok konpartitzen ditugu esperientziak, liburuak eta hamaiketakoak.
Eskolako arduradunek abisatu didate inork izena eman nahiko balu garaiz dabilela oraindik. Amu gisa esango nuke bihar bertan Markos Zapiainek hitz egingo duela. Gaia, berez, Txillardegi da, baina Zapiainen hitzaldi guztietan bezala seguru ustekabez betea izango dela. Datorren hilean Aiherrara joko dugu, Emilio Lopez Adan Sartre eta Camusi buruz arituko baita, eta ondoren bertan egingo dugu bazkaria.
Orain dela 72 urte, gaurko egunez jaio zen Gabriel Arestiren izenean, amen.
Arrate Egaña, bizitzaren garai basatiaz
Kixmi elurpean kaleratu du Arrate Egañak (Errenteria, 1963), Urtezahar-gau batean gertatzen den abentura, ekintzaz eta zorakeriaz betea alde batetik, baina pertsonen barruan ere arakatzen duena, egileak dioenez zaila baita emozioez mintzatzea, nerabezaroan. Baita beste edozein adinetan ere.
Haurrentzako zenbait liburu idatzi dituzu orain arte, eta helduentzat ipuin solteren bat. Honakoa, beraz, pauso berri bat da, bai luzerari, bai hartzaile izan dezakeen publikoari dagokienez.
Bai, hau da gazteentzako nire lehenbiziko publikazioa, eta argitaratu dizkidaten guztien artean luzeena. Dena den, behin istorioa eta ildoa aukeratu ondoren, hartzaile posiblea ahaztu egiten dut, istorioan eta idazketan erabat murgiltzeko; aldi berean idazle eta irakurle bilakatzen naiz.
Atxagak aspaldiko elkarrizketa batean zioen ume zein gazteentzako idazteko, bere burua gaztez betetako antzoki batean irudikatzen zuela; irakurleak berari begira daude, zain. Nik nahiago dut bakardade hutsean idatzi, interferentziarik gabe. Ekoizpena amaitzean badakit, gutxi gorabehera, nori gustatuko zaion eta nori ez, eta ez da soilik adin kontua izaten (esaterako, aitak, zenbait gauza irakurtzean, herentzia kenduko ote didan beldur izan naiz maiz... )
Neurriari begira, ipuinak idazten eroso sentitzen banaiz ere, ez zait gehiegizko aldaketa iruditu, ipuinak luzatu egiten baitzaizkit, joera hori dute. Ona izan da esperientzia, erakargarria zabaldu didan bidea.
Benetako gertaeretan oinarrituta
Aspaldidanik zenuen istorio hau idazteko asmoa, ala bat-batean sortu zitzaizun ideia?
Aspaldiko ideia edo ideiak dira. Gazte aroko giroa eta bizipenak izan ditut gogoan, oso garai eta toki zehatzetan gertaturiko pasadizoak; den-denak ez dira liburu batean sartzen. Urte bakar batzuk aurretik zein ondoren, gauzak desberdinak izan direla uste dut.
Liburukoak benetako gertaeretan oinarrituta daude; gordina eman dezake, baina halakoxea izan zen neure inguruko errealitatea. Hala ere, anekdotak gorabehera, eta inguruaz aparte, protagonistaren garapena eta peripezia interesatzen zaizkit.
Nerabeak dira liburuko protagonistak, eta neurri batean adoleszentzia bera bihurtzen da gaia, adin horretako ohiko kezka eta arazoak planteatzen direnez gero. Ze interes ikusten diozu nerabezaroari literaturaren ikuspegitik?
Oso aro emankorra da, konplexua, aberatsa. Helduen kontuetan murgildu nahi izaten dute, baina sarritan ez dakite xuxen nola mugitu mundu horretan; bestalde, ume giroa atzean utzi dute, baina ez zeharo; umekeriak egiteko joera dute oraindik. Giltzarri sasoia da. Maitasuna, errua, adiskidetasuna..., eta gainontzeko sentimenduak, berriak izan ez arren, nekez gobernatzen dira; mundua ezagutzeak eman ohi duen defentsarik ez dute, ikasten ari baitira.
Gainera, sentimendu horiek puri-purian daude, gordinki azaltzen dira, egiazki. Bizitzaren garai basatiena da, arras literarioa.
Bere identitatearen bila dabilen gazte bat agertzen digu nobelak, koadrila duelarik aldi berean erreferentzia eta muga. Koadrila idealizaturik dagoela iruditzen zaizu, ala ez zaizkiola aitortzen dituen dohainak ala...?
Adin horretan koadrilak dioenak garrantzi handia du; baina protagonista akabuan konturatzen da lagunek ez dutela beti laguntza egokiena ematen. Berak lagunen aholkuen alde egiten badu ere, asuntoa ez da oso artez ateratzen.
Protagonistak, bestalde, identitate berria sortu nahi du, esaten duzun lez, astiro mugitzen da inguruko zurrunbiloan, zintzo bilatzen du bere bidea.
Hala ere, liburuan ez da agertzen ez gaurko garaia, ez zuk 17-18 urte zenituenekoa. Esaiguzu zer garai aukeratu duzun eta horrek zergatiren bat ote duen.
Urtea 1997a da.
Liburuak oroitzapenak "70/80 hamarkadetakoak" eta izan ditudan ikasleek kontatutako pasadizoak batzen ditu. Data hori ez dago urruti, gertuegi ere ez; gauza batzuk atzean geratu dira, beste batzuk ez.
Tokia, berriz, ez da izendatzen, baina ez da zaila antzematen...
Errenterian gertatzen da, nire haurtzaroko herrian, baina jakina da beste herri askotan ere antzeko giroa izan dela. Orereta, mendiz inguratuta egon arren, urbanoa zen erabat: asfaltoa edonon, lantokietako kea, ibai tindatua, farolen argi doratua...; politikoki oso zigortua izan zen eta kaleko mugimendu handikoa. Protagonista, hala ere, baserriko gazte bat da, arrotz bat ia.
Beste liburu batzuetarako, niretzat esanguratsuak diren beste zenbait herri aukeratu ditut: Bermeo, Berbinzana, Lizarra... ; baina istorio hau Oreretan kokatu behar nuen ezinbestez.
Heroi/anti-heroi jokoa
Drogak eta arazo politikoa ere agertzen dira. Dekoratu errealista baten nahitaezko elementuak direlako, ala bazenuen horiek agertzeko gogoa ere?
Dekoratu baino zerbait gehiago ere bada. Pertsonaiak giro horretan mugitzeaz gain, giroak berak ere nortasun zehatza dauka, bere funtzioa betetzen du. Era berean, bai, nire ustez sinesgarritasuna ematen dio istorioari, horrelakorik ezagutu baitut. Garai hartako Oreretan kokatutako istorio bat faltsua irudituko litzaidake politika aipatuko ez balu, are gehiago pertsonaien adina kontuan harturik. Hala ere, gai horiek ez dira istorioaren mamia.
Zergatik aukeratu duzu mutil bat protagonista eta kontalari? Erronka bat zenuen, beste sexuaren ikuspegitik idaztea, ala berez atera zaizu?
Orain arte emakumeak izan ditut protagonista gehienak. Mutilaren azalean sartzea ez da desafio bat izan, istorioak berak eskatzen zidan; ez dakit ondo ala gaizki atera den, baina ez zait oso zaila gertatu.
Liburu honen aurreneko bertsioetan probak egin nituen eta, azkenik, ohartu nintzen mutil bat nuela buruan, heroi izan nahi zuen anti-heroi bat, bere nahasmen guztiekin. Neska, Kixmi, horren kontrakoa da, besteak beste.
Abortatzea da liburuan azaltzen den gai inportanteetako bat; gazteen artean arazo traumatikoa izaten segitzen duela iruditzen zaizu, ala sozialki konpondu samarra dagoela, ala...?
Liburua ez da ez abortuari buruzko ez beste ezeri buruzko tratatu bat; fikzioa da.
Hala ere, entzun dut nerabeen haurdunaldiek gora egin dutela azkeneko hiru urteotan, preserbatiboa ez delako erabiltzen (erromantizismoa gutxitzen omen du...). Normalean, egoera horren ondorioak traumatikoak izaten dira; baita abortua ere, noski, gizarteak egun bidea erraztu duen arren.
Liburuko neskak ideologia sendo bat dauka eta, hasiera batean, garbi ikusten du hartu duen bidea; baina ideologiaren azpian jende zehatza dago, kontuan hartu beharreko nortasun korapilatsuak, eta barruko hori ere miatu behar da. Kixmik, azkenik, seguru ez dagoenez, amaren herrira itzultzea erabakiko du. Horixe da hain zuzen protagonistek hartuko duten erabakirik zuzenena: aurretik pentsatu egin behar dute, beste pertsona batzuekin hitz egin..., erabaki zentzudun bat hartzeko eta laguntza izateko.
Gau bakarreko erritmo bizia
Urtezaharretik Urteberrira bitarteko gaua da nobelaren denbora, eta horrek halako egitura eta erritmo zinematografikoa ematen dio, ezta?
Egia da. Fotogrametan irudikatu dut istorioa, argazkiak nituen buruan, eszenak. Nire asmoa hori zen: erritmo biziz tratatzea, gaiagatik eta istorioagatik. Burura ekarri dit Jo qué noche pelikula: hanka sartzeek, bata bestearen atzetik, arazoak korapilatzen dituzte. Eta guztia gau bakar batean gertatuko da.
Hala ere, behin edo behin akzioa moteldu egiten da, protagonista etengabe ari baita ingurukoaz hausnarrean. Istripua ere akzioaren freno gisa erabili dut. Orein gaztea zapaltzeak haien emozioak kanporarazten ditu, neskarenak batez ere: tentsioak hitz eta malkoen bidez askatzen ditu. Une hori oso garrantzitsua da; hortik dator hain zuzen ere liburuaren izenburua. Ordu arte pertsonaiak ez dira komunikatiboak izan, adin horretan zaila baita emozioez mintzatzea "adin guztietan. Baina orduan neskak, sentimenduz gainezka, bihotzaren iturria ireki eta hitzak borborka aterako ditu, sugetzarretan bezala mintzatzearren. Ondorioz, haien egoerak hobera egingo du.
Amaitzeko: gazteentzako nobela honen segida naturala helduentzako narratiba dela ematen du. Hala izango da?
Ez dut uste garapen logikorik dagoenik: umeentzat, gazteentzat, helduentzat..., ez da hain desberdina. Irakurtzea ere antzekoa da, garai batzuetan gustura irakurtzen duzu poesia, beste egun batean saiakera bat hartzen duzu, edo nobela bat, edo umeentzako ipuin bat. Egia esateko, ideiek ematen didate abiada, eta ideia horiek arbitrarioak izaten dira, batzuetan umeentzat egokiak, besteetan publiko helduago bat dute jasotzaile. Hala ere, gustura ibili naiz gazteentzat idazten, ea beraiek zer esaten duten...
Azkar eta isilik
Saguen "hairless" kromosomari buruzko artikulu bat ikusi nuen, orain dela aste batzuk: ilea hazte eta galtzearen inguruko ez dakit zer ikerketa, zelula inhibitzaile eta ez dakit zenbat istorio, ondorio jakinera iristeko: alopezikoek hala jarraitu beharko dutela aurrerantzean ere.
Kofradia horretako kide bi geunden atzo herriko ile-apaindegian. Nagikeria eman ohi dit ilea moztera joateak. Neskari galdetzen diodanean ere, joango naizen ez naizen, errukizko "beno" batez erantzuten dit, esan gabe esanez, burusoil sartu eta burusoil irtengo naizela handik.
Noizean behin joan beharra dago hala ere, eta atzo hartu nuen horretarako astia. Goiko belaze urri horretan sega eta eskuarea pasatzen zidaten bitartean, gogoan erabili nuen ze diferenteak garen denok ere: nire ondoan zegoen beste kalboa solasaldi oparoan ari zen bitartean, ni mutu.
Halakoetan beti gogoratzen naiz Zestoako kontu batekin: berritsua omen zuten herri hartako bizargina, guraizea eta mihia batera dantzatzen zituena. Halako batean, Txanberlain zena egokitu zen pelukerian, eta, aulkian eseritakoan ohiko galdera egin zion motxaile edo apaintzaileak:
"Nola nahi duzu moztea?"
"Azkar eta isilik".
Triki-traka triki-tron
Argia astekariaren azken alean Nagore Irazustabarrenaren erreportaje bat zekarren, idazleen mania eta bitxikeriei buruz. Hartaz ez zuen luze hitz egiten baina aipamen laburra egiten zion Tennessee Williams antzerkigile estatubatuarrari: lo egin ezinik ibiltzen zela, alkoholikoa zela.
Ez naiz idazleen bizitzan arakatzen ibiltzearen aldekoa. "Not the singer, but the song" esaten dute amerikarrek, Xabier Montoiak berriki gogoratzen zuenez. Tennessee Williamsen obrari dagokionez, egunotan aritu naiz orrazten "Desio izeneko tranbia"-ren itzulpena, Xabi Paiak egina. Williamsen testurik ezagunena seguru asko, bere drama gehienak bezala zinemaratua eta ia denok pantailan handi edo txikian ikusi duguna; nork ez du gogoratzen Marlon Brando elastiko txuria jantzita, Kowalski matxistarena egiten?
Ez dut liburua komentatuko ordea. Hurrengoan, beharbada. Gaurkoan pasadizo bat, astea ondo hasteko: bilera batean geunden, Literatura Unibertsala bildumako kontuez hitz egiteko, Itzultzaile Elkartekoak eta Elkar nahiz Alberdania argitaletxeetakoak; eta, hurrena etortzekoak ziren liburuez ari ginela, normalean aski gizon serioa izaten den Inazio Mujikak hauxe bota zuen Williamsen lanaz: "Liburu horri titulua jarri beharko diogu Triki-traka triki-tron
, ezta?".
Polizia ikusteak lasaitu ala urduritu egiten zaitu?
Gu bezalako burgesak (argitu dezadan: herri industrializatu batean bizi naiz, osasun-zerbitzu ziurtatua daukat gaixotzen banaiz, soldata jakina dut hilaren amaieran, etxe baten jabe naiz, autoa daukat, oporretan joan naiteke, noizean behingo afari edo kapritxoak ordaintzeko arazorik ez... Ezaugarri horiek betetzen badituzu eta zeure burua iraultzailetzat badaukazu, bejondeizula, baina jakizu munduko pribilegiatuen sailekoa zarela). Gu bezalako burgesak, Mendebaldeko Europa aurreratu eta zibilizatu honetan, lasaiago sentitu ohi dira inguruan poliziaren bat ikusiz gero: arrisku gutxiago, nonbait, lapur litxarrero batek labana ateratzeko, gazte alproja batek autoaren gurpilak zulatzeko, zure ondasun eta osotasunaren kontrako edozein eraso gertatzeko.
Euskaldunen kasuan, berriz, oso normala izaten da polizia ikusi orduko halako urduritasun bat sentitzea sabel barrenean. Ez beldur konkretu eta arrazoitu bat, ezpada artegatasun atabiko eta automatikoa, jonki zarpazuaren aurrean esku-poltsari estuago oratzen dion atsoaren tankeran. Ez da jakinaren gaineko erabakia izaten baina, banaketa ideologikoak ere funtzionatzen du auzi honetan: batzuek txapeloker eta nazionalen aurrean bakarrik sentitzen dute kilikadura hori, eta beste batzuek txanogorritxoekin ere bai (Euskal Komunitate Autonomoan ibiltzen garenontzat balio du bereizketak, Nafarroan foral gutxiago ibiltzen baita, eta Iparraldean ametsetan ere ez bertako poliziarik).
Hirugarren pertsonan hitz egin dut orain arte; aitor dezadan nik ere izaten dudala halako ongiez txiki bat gu zaintzeko ardura duten funtzionario horien aurrean, duten kolorea dutela. Horren zergatiaz galdetzen nion gaur neure buruari, kotxez lanean nentorrela, polizi auto baten ondotik igarotzean: aspertzerainoko bizimodu arautu eta modelikoa daukat, arrastotik ezertarako ateratzen ez dena. Eta hala ere barrenean harra. Gure historiak izango du errua, noski, eta zama hori kendu ezinik ibiliko gara asko, gelditzen zaizkigun urteetan.
Hala ere, positibo jarrita eta noizean behingo trantze estuak ahaztuta, ez da horren txarra halako mesfidantzaz bizitzea: gazte errebeldea sentiaraz zaitzake, eta ez kinkien edo etorkinen beldurrez kizkurtzen diren burges usteldu horietakoa. Beharbada oraindik ere kinki eta etorkin gutxi dabilelako gure herrietan, beste toki batzuen aldean?
Pornografia sentimentalaz
Nire lagun Koldo Izagirrek esan izan dit, zutabeak-eta idazten dituenaren akabuaren adierazle garbia izaten dela telebistaz iritziak ematen hastea: seinale ez duzula besterik esateko. Koldo Izagirreren lagun Ramon Saizarbitoriak, aldiz, berriki adierazi zuen idazleek asmatzen dituzten tramak, dramak eta pertsonaiak euli-kaka direla telebistako aitorpen-saioetan ikusten ditugunen aldean.
Gauza horiekin gogoratzen naiz gaur, nire gainbehera intelektuala berresteko telebistaz bi hitz esatea erabakitzean (bide batez, baina, Santa Ines Intxausti, San Fermin Etxegoien eta Ninijesus Telezaborraren laguntza eskatuko dut); izan ere, gauza horiekin gogoratu bainintzen aurrekoan, lagun baten etxean Klaudio Landaren programa ikustean.
Lagun hori (ez zen Izagirre, hitz ematen dut) benetan zaletuta eta katigatuta dago halako saioekin, eta bereziki Klaudiorekin. Eako aurkezlea ararteko perfektua izango omen litzateke, nire lagunaren hitzetan: jendeari entzuteko arreta, tristeak kontsolatzeko jarrera, etsaituak adiskidetzeko prestasuna... Lagunak aitortu ez zidan beste dohainen ere badela uste dut nik, postu horretarako proposatzeko, baina tira.
Nik ere ikusi nuen bada saioa, eta Saizarbitoriak arrazoia. Adibide bat: emakume bat agertzen da, senarraren gainean egundokoak esan behar dituela-eta; Klaudiorekin bakarka aipatzen du bere senarra leihoan egoten dela beti, pareko titihandi silikonatuari begira, eta berak (emazteak) lentzeria finena erosita ere, kasurik ez; segitzen du esaten ohean desastre bat dela senarra; eta eransten du zerri hutsa ere badela, xaboiari alergia diona, galtzontzilo zikinak buelta eman eta berriz erabiltzen dituela.
Ni sinistu ezinda. Baina kontua ez da hor bukatzen. Klaudio platora sartzen da, eta hantxe dago senar zerria, ETBra ezer jakin gabe eraman dutena, koitadua. Hartzen du Klaudiok besotik, eta galdezka hasten zaio, gozo-gozo, zer aterako. Gizonak, normal-normal: emaztea maite al duen eta baietz, beste inori begiratzen dion eta ezetz, ohean konplitzen duen eta noski, garbitasunean tatxarik baduen eta inondik ez.
Hirugarren partea: emaztea sartzen da platora, gizonaren ustekaberako, eta lehen botatako guztiak berresten dizkio muturrera, publikoaren pozerako. Senarra nola-hala defendatzen da, eta, defentsarik onena erasoa izaten denez, botatzen dio andreari puzkerrak botatzen dituela ohean. Emaztea sutan jartzen da orduan, mundu guztiaren aurrean lotsagarri utzi dutelako-edo, eta telebista aurrean dagoenak pentsatzen du besterik ez duela merezi bazter-nahasle halakoak.
Klaudio pasatu da beste gai batera, aurrerkoari nahikoa zuku aterata, eta ni barrearen eta indignazioaren artean geratu naiz. Ulertzekoa da lagunaren adikzioa, baina niri benetan pornografikoa iruditu zait ikusitakoa. Edozein txorta-mota exotiko erakutsiko duen film likitsena baino pornografikoagoa.
Pornografia
Berandu dator gizona etxera. Ez lanetik
Afaria izan du gaur, aspaldiko partez, lankideekin
Lagun batek erretiroa hartzen zuela-eta
Despedida ere egin beharko zitzaiola-eta.
Isilik dago kalea. Tabernarik ez bazter honetan
Trafikorik ere ez ordu hauetan
Beste hotsik ez eta bere pausoak adituz gizona
Etxera datorrela.
Etxetik hurbil, argia ikusi du gizonak
Lehenengo pisu batean
Telebista baten argi dardartia da
Gela ilun batean distiratsu.
Bere bidean doala, pantaila horretan begiak gizonak
Marinelak gauez itsasargian bezala
Hurbildu ahala zer den konturatu da: film porno bat
Lehen planoek ez dute okerrerako aukerarik uzten.
Hortxe gelditu da gizona
Kalearen erdian
Etxera bidean, gauean, isiltasunean
Lehenengo pisuko irudi hori gogoan.
Ilunpean dago gela, telebistakoa argi bakarra
Sofa baten errainua sumatzen da, aurrean
Sofa horretan ikusi ez baina norbait begitantzen zaio
Etxera bidean, kalean dagoen gizonari.
Gautxori bakarti bat izan litekeela pentsatu du gizonak
Bere bakardadean kontsolamendu txiki baten beharrean
Tabako-paketea alde batean, kleenex-sorta bestean
Pijamaren prakak beheratuta.
Bikote bat ere izan liteke, gizonak imajinatu duenez
Bere bitasun horretan elkarrengana arrimatua
Aktoreen jardun nekagaitza harturik
Beren gogoen suspergarri eta gorputzen lubrifikatzailetzat.
Beste posibilitateren bat ere bururatu zaio gizonari, baina
Gero pentsatu du narraskeria bat dela horretaz pentsatzen aritzea
Kalearen erdian, gauaren isilean
Hori dela, eta ez telebistakoa, egiazko pornografia.
Berandu dator gizona gaur
Edanak apur bat txolinduta, ikusitakoak aztoratu samarra
Eta orain ez daki oso ondo zer egin
Etxera iristen denean.
Zer kontatu, nola kontatu, zertarako kontatu
Harkaitz Canok ipuin-bilduma bat kaleratu du orain dela gutxi, "Neguko zirkua", oso gustura irakurri dudana. Ez nator liburua komentatzera ordea. Hainbat elkarrizketa egin dizkiote egunotan Canori, eta sareko albistegi batean jaso dut halako baten pasarte bat, hala zioena: "Asko hitz egiten da literaturak gauza txikiei jarri beharreko arretaz, ezer gertatzen ez denean gertzen denaz: Ginzburg, Carver... Baina badago beste literatura mota bat, azkenaldian gero eta gehiago interesatzen zaidana, alde irrazionala ustiatzen duena. Elorriagaren Van't Hoffen ilea edo Karlos Linazasororen literatura dauzkat gogoan. Iruditzen zait euskarazko literaturan ez dela gehiegi sakondu horretan. Literaturaren gaineko literatura egiten duten Enrique Vila-Matas bezalako ereduetan ere ez".
Literatura edo beste edozer sailkatzeko moduak zenbaezin eta mugagabeak dira, baina bitxia egin zait Harkaitzena: eguneroko gauza txikien literatura, geure alderdi irrazionala lantzen duena, eta metaliteratura. Ez du esaten horiek direnik aukera bakarrak, baina horiek aipatu ditu. Bitxia egin zait, alde batetik, garai batean eskapista esango zitzaien estilokoak direlako hirurak ere; eta, bestetik, ez delako agertzen niri gehien interesatzen zaidan narratiba-mota: istorioak kontatzen dituena (narratiba diot, narratibazkoak direlako Harkaitz Canok emandako adibide guztiak).
Hor bada beste arazo bat ere: istorioak kontatu bai, baina zertarako? Zer dago horien azpian? Ni konbentzituta nago, erabiltzen dugun estiloa erabiltzen dugula, iraungo badu arazoren bat planteatu behar duela literaturak, dela pertsonala, dela soziala, dela filosofikoa: Carverrek harreman pertsonaletako gatazkak aurkezten ditu bere ipuin minimalisten bidez; Jose Luis Otamendiren ipuinek antzeko estiloa izan lezakete, neurri batean, baina izaera kolektiboko problemak agerrarazten ditu; Elorriagak, bere itxurazko jolas eta su-festen azpitik, heriotza bezalako gai sakonez pentsarazi nahi digu.
Zer kontatu, nola kontatu, zertarako kontatu. Horra zenbait galdera, idazleak pentsatu beharrekoak. Askotan, baina, ez dugu kontzienteki erabakitzen, oharkabean jotzen dugu handik edo hemendik, barruak edo senak edo ez-dakit-zerk aginduta, eta gero halako edo holako teoriaz janzten dugu gure hautua.
Zeliakoak, latexa...
Orain dela aste pare bat irakurri genuen komunikabideetan zeliakoen protestaren berri. Zeliakoak dira glutenik jan ezin dutenak, pozoia baita beraientzat; zerealetatik eratorritako irinen ordezkoak asmatu dira, zorionez, baina askoz garestiagoak dira besteak baino. Hori dela-eta, beren elikadurarako diru-laguntza eskatzen zuten zeliakoek.
Horrekin gogoratu nintzen aurrekoan, lagun batek bere semearekin izandako istorio koxkor bat kontatu zidanean. 16-17 urte bitartean semeak, aita ere jator eta kontzientziaduna, eta mutikoarentzako kondoiak erostea erabaki du nire lagunak, urte batzuk lehenago alaba zaharragoarekin egin zuen bezala.
Eman dizkio kondoiak semeari, eta honek: "Aita, baina ahaztu al zaizu latexari alergia diodala?". Aita lotsatuta: "Egia...". Zorionez, badira latexik gabeko kondoiak ere, alergikoentzat hain zuzen, eta horiexen bila joan zen nire laguna. Koxka bakarra, prezioa lau halakoa zela, gutxienez.
"Kostatu zaidana kontuan hartuta, probetxu ona ateraiek behintzat", esan zion aitak semeari.
Akaso zeliakoen antzera diru-laguntza eskatu beharko diote gobernuari, osasun-arrazoiak direla-eta.