Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zer kontatu, nola kontatu, zertarako kontatu

Zer kontatu, nola kontatu, zertarako kontatu

xme 2005/10/04 09:34

Harkaitz Canok ipuin-bilduma bat kaleratu du orain dela gutxi, "Neguko zirkua", oso gustura irakurri dudana. Ez nator liburua komentatzera ordea. Hainbat elkarrizketa egin dizkiote egunotan Canori, eta sareko albistegi batean jaso dut halako baten pasarte bat, hala zioena: "Asko hitz egiten da literaturak gauza txikiei jarri beharreko arretaz, ezer gertatzen ez denean gertzen denaz: Ginzburg, Carver... Baina badago beste literatura mota bat, azkenaldian gero eta gehiago interesatzen zaidana, alde irrazionala ustiatzen duena. Elorriagaren Van't Hoffen ilea edo Karlos Linazasororen literatura dauzkat gogoan. Iruditzen zait euskarazko literaturan ez dela gehiegi sakondu horretan. Literaturaren gaineko literatura egiten duten Enrique Vila-Matas bezalako ereduetan ere ez".

Literatura edo beste edozer sailkatzeko moduak zenbaezin eta mugagabeak dira, baina bitxia egin zait Harkaitzena: eguneroko gauza txikien literatura, geure alderdi irrazionala lantzen duena, eta metaliteratura. Ez du esaten horiek direnik aukera bakarrak, baina horiek aipatu ditu. Bitxia egin zait, alde batetik, garai batean eskapista esango zitzaien estilokoak direlako hirurak ere; eta, bestetik, ez delako agertzen niri gehien interesatzen zaidan narratiba-mota: istorioak kontatzen dituena (narratiba diot, narratibazkoak direlako Harkaitz Canok emandako adibide guztiak).

Hor bada beste arazo bat ere: istorioak kontatu bai, baina zertarako? Zer dago horien azpian? Ni konbentzituta nago, erabiltzen dugun estiloa erabiltzen dugula, iraungo badu arazoren bat planteatu behar duela literaturak, dela pertsonala, dela soziala, dela filosofikoa: Carverrek harreman pertsonaletako gatazkak aurkezten ditu bere ipuin minimalisten bidez; Jose Luis Otamendiren ipuinek antzeko estiloa izan lezakete, neurri batean, baina izaera kolektiboko problemak agerrarazten ditu; Elorriagak, bere itxurazko jolas eta su-festen azpitik, heriotza bezalako gai sakonez pentsarazi nahi digu.

Zer kontatu, nola kontatu, zertarako kontatu. Horra zenbait galdera, idazleak pentsatu beharrekoak. Askotan, baina, ez dugu kontzienteki erabakitzen, oharkabean jotzen dugu handik edo hemendik, barruak edo senak edo ez-dakit-zerk aginduta, eta gero halako edo holako teoriaz janzten dugu gure hautua.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.