Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Polizia ikusteak lasaitu ala urduritu egiten zaitu?

Polizia ikusteak lasaitu ala urduritu egiten zaitu?

xme 2005/10/07 09:35

Gu bezalako burgesak (argitu dezadan: herri industrializatu batean bizi naiz, osasun-zerbitzu ziurtatua daukat gaixotzen banaiz, soldata jakina dut hilaren amaieran, etxe baten jabe naiz, autoa daukat, oporretan joan naiteke, noizean behingo afari edo kapritxoak ordaintzeko arazorik ez... Ezaugarri horiek betetzen badituzu eta zeure burua iraultzailetzat badaukazu, bejondeizula, baina jakizu munduko pribilegiatuen sailekoa zarela). Gu bezalako burgesak, Mendebaldeko Europa aurreratu eta zibilizatu honetan, lasaiago sentitu ohi dira inguruan poliziaren bat ikusiz gero: arrisku gutxiago, nonbait, lapur litxarrero batek labana ateratzeko, gazte alproja batek autoaren gurpilak zulatzeko, zure ondasun eta osotasunaren kontrako edozein eraso gertatzeko.

Euskaldunen kasuan, berriz, oso normala izaten da polizia ikusi orduko halako urduritasun bat sentitzea sabel barrenean. Ez beldur konkretu eta arrazoitu bat, ezpada artegatasun atabiko eta automatikoa, jonki zarpazuaren aurrean esku-poltsari estuago oratzen dion atsoaren tankeran. Ez da jakinaren gaineko erabakia izaten baina, banaketa ideologikoak ere funtzionatzen du auzi honetan: batzuek txapeloker eta nazionalen aurrean bakarrik sentitzen dute kilikadura hori, eta beste batzuek txanogorritxoekin ere bai (Euskal Komunitate Autonomoan ibiltzen garenontzat balio du bereizketak, Nafarroan foral gutxiago ibiltzen baita, eta Iparraldean ametsetan ere ez bertako poliziarik).

Hirugarren pertsonan hitz egin dut orain arte; aitor dezadan nik ere izaten dudala halako ongiez txiki bat gu zaintzeko ardura duten funtzionario horien aurrean, duten kolorea dutela. Horren zergatiaz galdetzen nion gaur neure buruari, kotxez lanean nentorrela, polizi auto baten ondotik igarotzean: aspertzerainoko bizimodu arautu eta modelikoa daukat, arrastotik ezertarako ateratzen ez dena. Eta hala ere barrenean harra. Gure historiak izango du errua, noski, eta zama hori kendu ezinik ibiliko gara asko, gelditzen zaizkigun urteetan.

Hala ere, positibo jarrita eta noizean behingo trantze estuak ahaztuta, ez da horren txarra halako mesfidantzaz bizitzea: gazte errebeldea sentiaraz zaitzake, eta ez kinkien edo etorkinen beldurrez kizkurtzen diren burges usteldu horietakoa. Beharbada oraindik ere kinki eta etorkin gutxi dabilelako gure herrietan, beste toki batzuen aldean?

etiketak: Saski Naski
asier
asier dio:
2005/10/10 13:57

Nik neuk behintzat, errepide kontroletan eta izan dudan tratuan, beti ikusi ditut harro eta autoritario poliziok, denok.

Are gehiago gure baserriaren ondoan, lehen sarri jartzen zuten kontrola goardazobilek eta, gauez, komuneko leihoan, argia amatatuta, gelditua aurrera joaten zeneko komentario higuingarriak entzun ahal izan nituen; honaino beste edozein lanbidetan bezala, aurrez aurre "korrekto" eta atzetik nahi dena esanez, baina nire ondorioa da ondo pasatzen zutela gauaren konplizitatean jendeari "kaka eragiten"...

Josu
Josu dio:
2005/10/08 16:02

Polizia beti da polizia, nahiz espaniarra, frantzesa edo euskalduna izan. Hala ere, polizia erdu desberdinak ere badaude. Uda honetan, Dublinen izan naiz eta bertako poliziak pistolarik eta porrarik gabe zebiltzan. Gure herrietan berriz, munipa guztiak dabiltza porrarekin eta kapitaletan pistolarekin. Auzokoei kopiatzen gabiltza beti eta hola doakigu...

jon
jon dio:
2005/10/08 05:17

Deabruaren abokatuaren egiten jarriko naiz, baina gaueko orduko txikietan etxerantz doan neska gehienek halako lasaitu bat sentitzen dute inguruan polizia patrullarik badabil.

txiber
txiber dio:
2005/10/07 22:27

Poliziak lasaitu? Ezta ametsetan ere. Poliziarik gabe, askoz hobe.

patxiku
patxiku dio:
2005/10/11 14:57

Ez dakit nik... toki guztietan daude hurkoa ostikada-ukabilkada-porrazoka dantzan ipintzeko gai diren patariak.

Espainiar gobernuak nola soinu, euskal poliziak hala dantza... Lorpen handia bai euskal polizia!

Txanogorritxo
Txanogorritxo dio:
2005/10/10 14:17

"Poliziarik gabe, askoz hobe". Hitz hauek ametsezko errealitatea irudikatzen dute, baina ez da sekula horrela izango.

Poliziarik gabe, suhiltzailerik gabe, epailerik gabe, medikurik gabe, hobiratzailerik gabe, ... lanbide guzti hauek gaitz bati aurre egiteko sortuak izan dira. Gaitza desagertu ezean lanbide hauek beharrezkoak izango dira eta hala uste ez duenak oker dabil. Medikuak desagertzea ez da gaixotasuna desagertzeko bidea. Horrek ez du esan nahi medikuak profesionaltasun osoz lan egin behar ez dutenik, baina horretarako gizartearen laguntza behar dute: prestakuntza, heziketa, euren lanaren ikuskapena, ... eta beste lanbideekin berdina.

Galdera sorta txiki bat: Ezagutzen duzue LAB sindikatoan afiliaturik dagoen ertzainik? Ez. Ezker abertzaleko taldeen hauteskunde programatan aipatu da noizbait Ertzaintzak egin behar duen lana eta nola bideratuko dan helburu hori? EZ. Euskaldunon artean polizia izatearen kontrako argudio guztiak uneoro zabaltzeak lagunduko ahal du polizia euskaldun eta herrikoiago bat izatera? Ez.

Polizia kontuetan euskaldunok begiak ixten ditugu errealitatea amesteko, baina zabaldu egin behar ditugu errealitatea bizitzeko.

Azken galdera bat: Euskaldunon artean polizia izateaz pozik dagoen lagunik badago? Bai.

eneko
eneko dio:
2005/10/07 21:28

Arratsalde on Xabier ! Ni ez naiz poliziak ikusten ditudanean lasai izaten naizen horietakoa. Euskalduna izateak eta haur denboratik poliziaren jazarpenaren lekuko izateak (manifestazioetan, ezagunak eta lagunak atxilotzen eta presondegiratzen eta abar), bistan da halako aiherkunde bat sortu didatela poliziengan.

Bereziki urduritasun bat sentitzen dut Guardia Zibilaren kontrol bat ikustean. Behin oren pare bat pasa dituzunean kontrol batean gelditurik eta ez dakit zenbat gizon zure autoa miatzen Beldurra luzarako sartzen da.

Espainiako Polizia Nazionalak maiz ezartzen du kontrol ikusgarria eta beldurgarria Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko mugan. Eta nik aldi guziz galdera hau egiten diot ene buruari. Zer da helburua? Euskaldunak beldurtzea eta nardatzea? Eta zer pentsatzen du frantses batek "Espainian" sartzen denean eta holako kontrol bat ikusten duenean? Beldurra? Gerlan den herri batean sartzen direla? Alderantziz, leku segurrera heldu direla?

Eta Euskal Herritik kanpo ere, polizia anitz ikusteak ni bederen ez nau lasaitzen. Egia da, gaur egun, gizarteak askatasunen berme gisa ikusten duela polizia, garai batez kontrakoa zelarik. Nik bederen ez dut ene burua leku segurrean sentitzen Parisko metroan polizia eta armada ikusten ditudanean. Ez dakit haien lana atentatuen edo lapurreten saihestea den, ala etorkinak zirikatzea eta arrazakeria elikatzea

Frantzian sekulako eztabaida izan zen duela ia lau urte lehendakaritzarako hauteskundeen inguruan. Gaia : segurtasunik eza. Hedabideetan sekulako kanpaina egin zuten frantsesak ez zirela segurtasunean sinetsarazteko. Azkenean eskuin muturrak sekulako emaitza lortu zuen !

Eta polizia gehiago izateak segurtasun falta apaldu du? Auzo zail batean polizia anitz izateak giroa lasaitzen du? Ez dut uste. Betiko gaia hor ere, arazoen erroetara ez bada jotzen, bide polizialak ez du konponduko. Euskal Herrian bezala.

Barkatu, gehiegi luzatu naiz, baina eztabaida interesgarria da. Segituko dugu gogoetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.