Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Pornografia sentimentalaz

Pornografia sentimentalaz

xme 2005/10/06 12:13

Nire lagun Koldo Izagirrek esan izan dit, zutabeak-eta idazten dituenaren akabuaren adierazle garbia izaten dela telebistaz iritziak ematen hastea: seinale ez duzula besterik esateko. Koldo Izagirreren lagun Ramon Saizarbitoriak, aldiz, berriki adierazi zuen idazleek asmatzen dituzten tramak, dramak eta pertsonaiak euli-kaka direla telebistako aitorpen-saioetan ikusten ditugunen aldean.

Gauza horiekin gogoratzen naiz gaur, nire gainbehera intelektuala berresteko telebistaz bi hitz esatea erabakitzean (bide batez, baina, Santa Ines Intxausti, San Fermin Etxegoien eta Ninijesus Telezaborraren laguntza eskatuko dut); izan ere, gauza horiekin gogoratu bainintzen aurrekoan, lagun baten etxean Klaudio Landaren programa ikustean.

Lagun hori (ez zen Izagirre, hitz ematen dut) benetan zaletuta eta katigatuta dago halako saioekin, eta bereziki Klaudiorekin. Eako aurkezlea ararteko perfektua izango omen litzateke, nire lagunaren hitzetan: jendeari entzuteko arreta, tristeak kontsolatzeko jarrera, etsaituak adiskidetzeko prestasuna... Lagunak aitortu ez zidan beste dohainen ere badela uste dut nik, postu horretarako proposatzeko, baina tira.

Nik ere ikusi nuen bada saioa, eta Saizarbitoriak arrazoia. Adibide bat: emakume bat agertzen da, senarraren gainean egundokoak esan behar dituela-eta; Klaudiorekin bakarka aipatzen du bere senarra leihoan egoten dela beti, pareko titihandi silikonatuari begira, eta berak (emazteak) lentzeria finena erosita ere, kasurik ez; segitzen du esaten ohean desastre bat dela senarra; eta eransten du zerri hutsa ere badela, xaboiari alergia diona, galtzontzilo zikinak buelta eman eta berriz erabiltzen dituela.

Ni sinistu ezinda. Baina kontua ez da hor bukatzen. Klaudio platora sartzen da, eta hantxe dago senar zerria, ETBra ezer jakin gabe eraman dutena, koitadua. Hartzen du Klaudiok besotik, eta galdezka hasten zaio, gozo-gozo, zer aterako. Gizonak, normal-normal: emaztea maite al duen eta baietz, beste inori begiratzen dion eta ezetz, ohean konplitzen duen eta noski, garbitasunean tatxarik baduen eta inondik ez.

Hirugarren partea: emaztea sartzen da platora, gizonaren ustekaberako, eta lehen botatako guztiak berresten dizkio muturrera, publikoaren pozerako. Senarra nola-hala defendatzen da, eta, defentsarik onena erasoa izaten denez, botatzen dio andreari puzkerrak botatzen dituela ohean. Emaztea sutan jartzen da orduan, mundu guztiaren aurrean lotsagarri utzi dutelako-edo, eta telebista aurrean dagoenak pentsatzen du besterik ez duela merezi bazter-nahasle halakoak.

Klaudio pasatu da beste gai batera, aurrerkoari nahikoa zuku aterata, eta ni barrearen eta indignazioaren artean geratu naiz. Ulertzekoa da lagunaren adikzioa, baina niri benetan pornografikoa iruditu zait ikusitakoa. Edozein txorta-mota exotiko erakutsiko duen film likitsena baino pornografikoagoa.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.