Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ikusi gabe hobe?

Ikusi gabe hobe?

xme 2005/10/17 11:33

Lilurak beti izaten du ezjakintasun-ukitu bat: ondo ezagutzen duguna maite izan dezakegu, miretsi ere bai agian, edo mespretxatu, alde batera utzi, nahi duguna. Liluramendua sortzeko, berriz, beharrezkoa da misterioa: erdizka sumatu, eta beste erdia gure buruak amestea.

Horren froga argia da zenbat jende maitemintzen den irratiko ahotsekin, ahots horien atzean dauden pertsonak ikusi gabe; pertsona horiek ikusteko irrika eta beldurra batera joan ohi dira halakoetan, liluraren sortzailea begiz joz gero sentimendu hori berretsi edo goitik behera eror liteke eta.

Irratira jo gabe ere, zenbat holako izango ziren historian! Bat kontatu zidaten joan den astean, eta hona ekarri nahi dut, pasadizo polita delako eta liburu eder batzuk aipatzeko balio didalako.

Antxiñe Mendizabalek kaleratu berri du "Zumarragako Trikitixa: trikiti doinu kaletarra" izeneko lana, Trikitixa Elkartea bultzatzen ari den Soinuaren Liburutegia izeneko sortan 6.a egiten duena. Oria-Urteaga trikitilari-sagaren berri kontatzen digu bertan, baita garaiko gizartearen printza ugari ere.

Horrez gain, baina, deskubrimendu txiki bat zor diogu egileari: Elgetaren andregaiari dagokiona. Jazinto Rivas "Elgeta" edo "Intxuzabal" trikiti jole eta maisu mitikoak andregai bat izan zuela gauza ezaguna zen, pandero-jolea zela ere esaten zen, eta soinujolearen bizimodu nahasia izango zela ezkontzarik ez izatearen arrazoia. Halaxe kontatzen du, adibidez, Koldo Izagirrek Rivasen biografian.

Izagirreren liburuarena ez ezik beste baten iturria ere izan zen Intxuzabal: "Elgeta" deritzan nobela laburra idatzi zuen orain dela hainbat urte Joxan Agirre kazetari eta idazleak, non trikiti-mundu zaharrarekiko mirespena agertzeaz gain libertatez lantzen eta talentuz irudikatzen zuen giro hura eta hango protagonistak. Besteak beste, Elgetaren andregaia. Agirreren obran ezaugarri iraunkorra da emakumeekiko jarrera berezi bat: mirespen erdi deboziozko erdi erotikoa, betiere misterio-aire batean bildua. Halaxe ageri zen Jazintoren andregai izenik gabea ere.

Antxiñe Mendizabalek argitu egin du misterioa ordea: izen-abizenak jarri dizkio: Mikaela Zunzunegi, Zumarragako Leturia auzoko Olarte baserrian 1923an jaioa eta 2000n Donostian hila. Erregistro zibileko datu horiez gain, aurpegia ere ipini dio, Mikaelaren argazkia baitakar liburuak.

Mendizabalen liburuaren aurkezpenean zen Joxan Agirre ere, Gara egunkariaren berriemaile moduan joana. Eta, orain azaldu ditudanak entzunda eta argazkia ikusita, ozen egin omen zuen galdera: "Hau... hau al zen Elgetaren andregaia?"

"Bai "erantzun zioten, eta, haren aurpegi atsekabetua ikusita erantsi". Zer ba? Mitoa apurtu dizugu ala?"

"Erabat", aitortu omen zuen Agirrek.

Lilurak bezala, literaturak ere maite baitu bere misterio apurra.

etiketak: Liburu kritikak
Patxi
Patxi dio:
2005/10/17 18:00

Antxiñek liburu horretan ipini duen dedikatoria irakurri nuen aurrekoan, eta zoragarria iruditu zitzaidan. Inoiz irakurri dedan politena, beharbada.

Ez det jarriko hemen noski. Misterioa ezabatuko nuke. Aukera daukazuenean, irakurri, arrazoia emango didazue.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.