Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Egunero ikasten delako

Egunero ikasten delako

xme 2005/10/14 08:38

Klasikoak esan zuen bazela bizitzeko aldi bat eta beste bat hiltzeko, maitasunerako aldi bat eta beste bat gorrotorako. Horren haritik, badirudi gure bizimoduan bolada bat izaten dela ikasteko (gero eta luzeagoa, master eta abarrekin ia 30 urtera iristen dena), baina hortik aurrera, lanpostu-auto-etxe-bikotea lortuta, bukatu direla betiko ikasi beharrak.

Baliteke hala behar izatea. Normala ere bada, azterketez leporaino amaitu duenak eskolari betiko alergia izatea. Hala eta guztiz, ze gauza ederra den, inork behartu gabe, ikasten jardutea, ikasleen arteko konfiantza, eskolan eseri eta gauza interesgarriak entzutea, entzutearen eta ikastearen plazer hutsez, inongo agiri, nota eta ebaluzioren erantzukizunik gabe.

Larrabetzuko Literatura Eskola hasiko da bihar, urriak 15, eta ikasturtean zehar hilean behin bilduko gara Goikoelexaldeko eskola zaharrean, larunbat goiz bat eztabaidari, iritzi-trukeari eta irakurketen komentarioari emateko. Letren munduan sartutakoak gara hor gabiltzanetako batzuk, besterik gabe zaleak beste batzuk, eta denok konpartitzen ditugu esperientziak, liburuak eta hamaiketakoak.

Eskolako arduradunek abisatu didate inork izena eman nahiko balu garaiz dabilela oraindik. Amu gisa esango nuke bihar bertan Markos Zapiainek hitz egingo duela. Gaia, berez, Txillardegi da, baina Zapiainen hitzaldi guztietan bezala seguru ustekabez betea izango dela. Datorren hilean Aiherrara joko dugu, Emilio Lopez Adan Sartre eta Camusi buruz arituko baita, eta ondoren bertan egingo dugu bazkaria.

Orain dela 72 urte, gaurko egunez jaio zen Gabriel Arestiren izenean, amen.

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2005/10/14 15:45

Orain dela 72 urte. Amen? Hobe G. B. Gurekin Bego, ez?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.