Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Pornografia

Pornografia

xme 2005/10/05 11:04

Berandu dator gizona etxera. Ez lanetik
Afaria izan du gaur, aspaldiko partez, lankideekin
Lagun batek erretiroa hartzen zuela-eta
Despedida ere egin beharko zitzaiola-eta.

Isilik dago kalea. Tabernarik ez bazter honetan
Trafikorik ere ez ordu hauetan
Beste hotsik ez eta bere pausoak adituz gizona
Etxera datorrela.

Etxetik hurbil, argia ikusi du gizonak
Lehenengo pisu batean
Telebista baten argi dardartia da
Gela ilun batean distiratsu.

Bere bidean doala, pantaila horretan begiak gizonak
Marinelak gauez itsasargian bezala
Hurbildu ahala zer den konturatu da: film porno bat
Lehen planoek ez dute okerrerako aukerarik uzten.

Hortxe gelditu da gizona
Kalearen erdian
Etxera bidean, gauean, isiltasunean
Lehenengo pisuko irudi hori gogoan.

Ilunpean dago gela, telebistakoa argi bakarra
Sofa baten errainua sumatzen da, aurrean
Sofa horretan ikusi ez baina norbait begitantzen zaio
Etxera bidean, kalean dagoen gizonari.

Gautxori bakarti bat izan litekeela pentsatu du gizonak
Bere bakardadean kontsolamendu txiki baten beharrean
Tabako-paketea alde batean, kleenex-sorta bestean
Pijamaren prakak beheratuta.

Bikote bat ere izan liteke, gizonak imajinatu duenez
Bere bitasun horretan elkarrengana arrimatua
Aktoreen jardun nekagaitza harturik
Beren gogoen suspergarri eta gorputzen lubrifikatzailetzat.

Beste posibilitateren bat ere bururatu zaio gizonari, baina
Gero pentsatu du narraskeria bat dela horretaz pentsatzen aritzea
Kalearen erdian, gauaren isilean
Hori dela, eta ez telebistakoa, egiazko pornografia.

Berandu dator gizona gaur
Edanak apur bat txolinduta, ikusitakoak aztoratu samarra
Eta orain ez daki oso ondo zer egin
Etxera iristen denean.

etiketak: Sorkuntza
Gizona bere bakardadean
Gizona bere bakardadean dio:
2005/10/05 15:30

Gizona da bakarrik telebistari so dagoena, ezkerretara telebistako agintailua duena, eskuinetara kleenexak dauzkana, behiala ziren intziri eta hasperenak eta harrezkero ez direnak gogoratzen dituena, dagoeneko nolakoak ziren ia gogoratzen ez dituena, duela urte bete, bi hilabete eta -gaur- zazpi egun alargun geratu zena. Eta ze bakarrik dagoen inori esaten ausartu ez dena.

Paseante
Paseante dio:
2005/10/05 23:10

Nik ere ezagutzen dut gizona, nik ere ikusi dut kaletik bere gela ilunean, eta kleenexak... malkoak lehortzeko erabiltzen ditu.

Petrus
Petrus dio:
2005/10/06 04:41

Etzen gizona... emakumea zen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.