Talibanaren penak eta garaipenak
Uda zen. Gertakari kultural ponpoxo bat, ondotik luntxa izaten dutenetakoa, gonbidatuentzat, eta horien artean ni. Aperitifak, berriketak eta gainerako konplimenduak amaituta, banindoan etxera, baina irteera inguruan gure kultur agintari gorenak ikusi nituen solasean, eta, haietako batekin hitz bi egin nahi nituenez, hara hurbildu nintzen.
Erdaraz ari ziren. Baina ez haien erruz: ekitaldiaren protokolo-arduraduna zegoen haien artean, erdalduna bera, eta hark behartzen zuen erabili beharreko hizkuntza. Beste hainbatetan bezala, horretan nobedaderik ez.
Hala ere, pentsatzen hasi nintzen protokolozainaren jarreraz eta lanaz. Beti entzun izan dut gonbidatua eroso sentitzea dela protokoloaren egiteko funtsezkoa; horregatik saiatzen dira langintza horretan dabiltzanak edonori hizketa-gaia eta hizpidea ematen. Arduradun horri, berriz, ez ote zaio burutik pasatu euskaldun asko (ez denak, ezta gehienak ere, seguru asko) erosoago sentitzen direla euskaraz, eta bere eginkizuna litzatekeela bakoitzari bere hizkuntzan egitea? Edo ez zaio bururatu edo ez zaio asko axola, ikusitakoak ikusita.
Eta beste galdera bat: horrelako protokolo-arduradunak kontratatzen dituenari ez ote zaio burutik pasatu kasu honetan behar-beharrezkoa dela nolabaiteko hizkuntz eskakizuna?
Horra talibanaren penak. Baina batzuetan izaten ditu garaipenak ere. Aurtengo Durangoko Azokan mahai-inguru batean parte hartzeko deitu zidaten. Gaia eta han esandakoak beste baterako utziko ditut. Solasgaiak zehazteko mezuan jakinarazi zidaten partehartzaile batek Bartzelonatik jardungo zuela bideo-konferentziaz, hark ez zekiela euskaraz eta, "beraz", nahiz eta beste guztiok euskaldunak ginen, gaztelaniaz izango zela mahai-ingurua.
Taliban jatorra taliban zakar bihurtu zen, eta ezetz esan zuen, Durangoko Azokan ez zuela erdaraz hitz egingo, inondik inora. Erosoago sentitzen banintzen euskaraz aritzeko erantzun zidaten; kontua, baina, ez zen erosotasuna (protokoloarekin bezala), printzipiozkoa baizik, eta halaxe jakinarazi nien bai antolatzaileei, bai gainerako hizlariei.
Kontuak kontu, iritsi zen mahai-ingurua. Partehartzaile katalanaren ondotik neuk hartu nuen hitza, euskaraz noski, eta ondotik mintzatu zirenak ere, konbentzituta edo bestela egitea lotsagarria litzatekeela ohartuta, euskaraz aritu ziren, salbuespenen batekin.
Talibana pozik itzuli zen gau hartan Iratiko oihaneko bere bolizko dorrera.
Talibanxeago izango bagina
Instituzio inportante batean lan egiten duen lagun batek kontatu zidan zer esan zion behin erakunde horren plan estrategikoa egiten zebilen consulting etxeko ingeniari batek; madrildarra zen bera, eta euskaldunei buruzko aurreiritzi batzuekin etorria, baina gurekiko tratuan konturatu omen zen uste horien ustelaz: "hizkuntzaren kontuan, adibidez, errespetu osoarekin jokatzen duzue". Eta erantsi omen zuen: "katalanek ez bezala".
Ai katalanxeago bagina! Baina ez, gure betiko errespetu horrekin, burutik behera kaka egiten digute, edo geuk egiten diogu geure buruari.
Hona Gandiagaren olerki kaleratu berri bat, bere "Poema Argitaragabeak" saileko "Euskalminez" liburutik hartua:
Karitatea,
esate baterako,
zera da:
erdaraz egitea
euskaldunen artean.
Beste ejenplu bat:
erdaldunen artean
erdaraz egitea ere
karitatea da.
Eliza erdalzalearekin zuen borroka Bitorianok, eta hortik "karitate" hitza. Horren ordez lasai ipin liteke tolerantzia, demokrazia, edo nahi duzuena.
Honen haritik, aspaldi honetan ekitaldi kultural zenbaitetan ikusi eta bizi izandakoak kontatu nahi nituen, baina denbora faltaz nabil eta biharko utziko ditut, axola ez bazaizue.
Ardoari eta poetari gorazarre
Pasatu dira aurten ere nire egun albaniarrak. Ez dut azokaren kronikarik egingo, zuek ere ni bezain nekatuta egongo baitzarete honezkero. Pasadizo koxkor bat, hala ere, kontatu nahi dudan beste istorio baterako hizpidea emango didana.
Jan-edanean ez daukat kexarik: otorduetan ondo eman digute, eta hortik kanpo ere ez dira gutxi izan tabernetara egindako bisitak, orain tortilla-mokadua, orain garagardoa... Larunbat eguerdian, baina, Plateruenea kafe-antzokian nengoen, alde egin behar nuela-eta halamoduzko bazkari-legea egiten, urdaiazpiko pintxoa eta kafesnea aurrean. Barrako txoko batean nengoen, bakarrik eta isilik, azoka barruko hauts eta berbarotik atseden hartuz, eta horra non etortzen zaidan gizon bat, adin pixka bat bazeukana.
"Barkatu, zu halako izango zara?" ta, baietz nik. Ez zidala endredorik sortu nahi baina, ni hor eta horrela ikusita, esan nahi zidala gu garela (idazleak alegia) bera bezalako batzuei bizitza goxatzen diegunak, eta, zutik eta presaka pintxo bat jan ordez, geuk izan beharko genukeela jatetxe dotoreetan ibiltzen direnak, eta ez politikariak eta. Barkatzeko enbarazua berriz ere, baina horixe esan nahi zidala, eta agur.
Eskertu nion gizonari bere adeitasuna. Ez diet politikariei inbidia handirik, baina poztekoa da pertsona batzuei halako bizi-poza ematen diegula jakitea. Dena dela, gizon haren pasadizoak beste idazle bat ekarri zidan gogora, aste horretan maiz aipatu eta oroitua: Juan Mari Lekuona.
Lekuonaren gaineko hainbat iritzi irakurri ditugu egunotan, eta haren ikasle izandako lagunei ere aditu dizkiet beste horrenbeste oroitzapen, denak ere haren kalitatea azpimarratzera zetozenak, kalitate literarioa nahiz pertsonala. Nik ez dut beraz zer erantsi handirik, harekiko tratu hurbil-hurbilik ere ez bainuen izan. Gogora datorkit, ordea, harekin bazkaltzen edo afaltzen nengoen batean aditu niona, orain arte aipatu diren alderdien ondoan beste ezaugarri bat erakusten diguna: Lekuonaren bizizaletasuna.
Dozena erdi bat lagun izango ginen, orain dela dozena bat urte edo. Ahaztu ditut mahaikideak eta tokia, baina ez ardoa ekarri zigutenean Juan Marik esan zuena, bere erdizkako irribarre goxo-burlati harekin: ardo ona estimatzen ez zekien poeta, ezin zitekeela poeta ona izan. Beste esaldi bat ere badaukat oroimenean, baina ezin gogoratu otordu berean edo beste batean izan zen: berdurak eskaini zizkigutela-eta, halaxe esan zuen poetak; "Ni, berdura-kontuetan, testamentu zaharrekoa naiz: penitentziarako bakarrik".
Mahai on baten aurrean esertzen naizen hurrengoan, Durangoko miresle anonimoarekin eta Oiartzungo idazle handiarekin oroituko naiz, jan-edanei ohore eta literaturari gorazarre egiteko.
Lekuonaren esaldiari buelta emanda, ardo ona estimatzen dakien poeta ez da derrigor poeta ona izango baina.
Kaixo, Laura
(Durangoko Azokatik bueltan, pixkanaka egin beharko dut egokitzea. Datozen egunetako idazkiak iritsi bitartean, zintzilik geratu zitzaidan bat: "Adiskide maitea:" liburu kolektiboan atera dudana)
Kaixo, Laura:
Ez zaitut ezagutzen, ez nauzu ezagutzen, baina hala ere badut esperantza gutun hau zuregana iritsiko dela. Nire herrian ikusi dut zure argazkia. Beasainen. Herriko presoen aldeko kartelak aritzen dira jartzen jestoretakoak, txandaka, sentsibilizazio-kanpainan, eta halako batean zurea egokitu zen: Laura Riera. Hasieran harritu egin nintzen, ez baineukan zure berri, ez baitzitzaidan ezaguna egiten zure izena herriko presoen artean. Gero, paretan itsatsitako informazioa irakurriz jabetu nintzen: "katalana, Beasaingo herriak etxekotua" zioen bertan.
Polita iruditu zitzaidan irudia. Gure herriak etxekotu egin zaitu, beraz. Norbaiti entzun nion behin, norbera nongoa den eztabaidan ari zirela, jaio garen tokikoak izaten garela, bizi garen tokikoak ere bai, noski, eta baita maite dugun jendea bizi den lekukoak ere. Beasainen bada beraz maite duzun jendea, maite zaituen jendea. Nahiz eta zu beharbada inoiz gure herrian izan ez. Ez dio gehiegi inporta ere. Maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria. Bueno, barka, oraintxe konturatu naiz esan dudan astakeriaz; ñabardura bat erantsiko diot aurreko esaldiari: maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria, handik joateko libertatea baldin badago; zure oraingo bizileku hori ezin izan beraz maitagarria.
Nire herria aurkeztea nahi duzu? Gure herria esan beharko genuke, bertakotua zarenez gero, espirituz behintzat. Ez du apartekorik: herri koxkor bat da, inguruko handitxoena, baina zure Terrassaren aldean txikitxoa. Industriala, baina mendiz inguratua. Jendeari hainbeste gustatzen zaizkion mende berde horiek, euskaltasunaren sinbolo bihurtu diren baserriz hornituak. Hala ere, susmoa dut zu ez zarela euskaldunengana hurbildu gure irudi bukoliko horrek sorginduta.
Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari nola den posible inork bat egitea beste herri baten borrokarekin, beste herri baten patuarekin, norberaren sakrifizioraino. Ez da galdera gaiztoa, sinets iezadazu. Aitzitik, mirespenez egin ohi dut galde, aski zaila izaten baita inork inoren problemekin bat egitea. Modu abstraktuan pentsatuta, esan liteke maitasuna dela, pertsonak pertsonekin lotzen gaituen lokarria bezala, pertsonak beste herriekin elkartzen gaituen sentimendua. Sentimendu hori, maila konkretura jaitsita, askoz ere modu xeheagoan gauzatuko da seguru asko: halako ezagutu nuen, beste harekin hitz egin nuen...
Bueno, hasi naiz abenturak asmatzen. Barka, ofizioaren gaitzak. Ez nabil epailearen lana egiten, edo poliziarena, aski oroitzapen gordina izango duzu horien guztiena. Bakarrik esan nahi nuen lagun euskaldunak zenituela, nonbait, eta euskaldun horien lagun egiteak ez dizula, itxura batean, mesede handirik ekarri. Gurea baino herri normalago batean jaio eta bizi zinen arren, anormalagoekin egin duzu bat, zapalduekiko elkartasunez edo matxinatuekiko mirespenez. Eskerrak zor dizkizugu beraz. Eskerrak eta elkartasuna, gutxien-gutxienez.
Handia da hemen Herrialde Katalanekiko maitasun eta mirespena. Ez bakarrik guri eskaini izan digun errespetu eta laguntzagatik. Ez bakarrik etsai berak oinperaturik gauzkalako. Horrez gainera, badugu inbidia punttu bat ere; edo inbidia zakukada handia. Guk ere nahi genuke hizkuntzaren egoera osasuntsu hori, eta kultura aberats hori, eta nortasunari eusteko erabaki sendo hori. Nire lagun katalanek esan ohi didate han ere zakurrak oinutsik dabiltzala, kultura eta hizkuntza kontuetan gauzak ez direla guk uste bezain eder eta baikorrak; igual giza izatearen ezinbesteko ezaugarria da urrutiko intxaurrekin liluratzea, baina hala ere, nahiago nuke euskaldunak katalanxeagoak bagina, eta ez bakarrik oporrak Saloun pasatzeko. Oraingoz Beasainen badugu etxekotu dugun neska katalan bat; ez goaz bide txarretik, hortaz.
Zure egoeraz galdetu behar nizuke. Senarrarekin elkartzen uzten ote dizuten; eguna nola pasatzen duzun; irteten zarenerako ze plan dituzun. Horiek eta beste asko izan litezke galderak, gutunketaren gizabideak eskatzen dituenak. Baina ez dakit honakoa esku artera iritsiko zaizun, inork itzuliko dizun, erantzuteko gogorik izanez gero nora erantzun jakingo ote zenukeen... Egiazko gutuna bezainbat baita hau fikziozkoa, editore baten enkarguz egindakoa. Baina fikziozkoa bezainbat da egiazkoa, benetako jakin-minez eta kariñoz idatzia.
Zure aurpegia gogoratzen saiatzen naiz, kartela kendu baitzuten hormatik. Haren lekuan David Sanchez zure mutil-lagunarena dago orain. Aurpegi irribarretsu bat oroitzen dut, biziminez eta pozez gainezka zegoen neska batena, eta irri hori ez galdu izana desiratzen dut. Zure izaera asmatzera jolas nezake neure buruarekin; zure hobbyak, gustuko janariak, kantariak, pelikulak, paisaiak... Seguru asko ez nuke bat bera ere asmatuko. Fisionomia jakintza-gai serioa balitz ere ni ez nintzateke arlo horretako zientzialaria.
Zertaz hitz egingo genuke inoiz elkartuko bagina? Ezin jakin. Bion interes-arloen zirkunferentzietan arakatu behar, intersekzio punturik ote dagoen ikusteko. Eta gure nortasunen uhinei erreparatu behar, maiztasun berdintsuan ote gabiltzan ikusteko. Igual iruditzen zaizu tipo txepel eta aspergarria naizela; edo niri zu petral eta xinple hutsa zarela. Auskalo. Dena dela, argazkian ikusi dudan neska horri nire estimazioa adierazi nahi nion. Beasainek etxekotu duen katalanari beasaindar batek eskainitako hitz bi.
Ea aurki duzun etxekotu zaituen herri hau ezagutzeko parada. Gero, luzerako geratu nahi duzun edo lehenbailehen alde egin, zure esku. Alde egiteko aukera izatea baita toki bat maitatzeko baldintza ezinbestekoa.
Muxu bat,
Adiskide maitea
(Txalapartak argitaraturiko "Adiskide maitea:" liburu kolektiboaren aurkezpen ekitaldian izan naiz goizean, egileetakoa naizen aldetik, eta aurkezpenerako testu bat ere idatzi dut, Eider Rodriguez editorearen eskariz. Hona, irakurri dudana)
Irakurri ez dudan liburu bat ari naiz komentatzen. Sekula egin ez dudana. Baina halaxe eskatu didate, eta, ezetz esateko nire ezintasunaz gainera, elkartasun gremialak funtzionatzen du hemen: ondo asko dakit nolako lanak dituen editore batek aurkezpena antolatzeko eta, beraz, eragozpenak ez baizik erraztasunak jartzea dagokit niri.
Hona beraz ni, irakurri ez dudan liburua komentatzen. Gaiak berak asko esaten du, ordea, ia komentariorik behar ez izateraino: "Adiskide maitea:". Urruti dagoen lagunari idatzitako gutuna, alegia. Urruti, preso dagoelako. Halaxe eman ziguten gaia: euskal preso politiko bati idazteko gutuna, egiazkoa nahiz asmatua. Lagun hitzaren adiera zabalena hartuta: adiskide min izango dute batzuek, eta sorleku bereko biztanle bestetzuek; ezagutzen ez dugunari ez diogu esaten lagun; geure jatorria duenari bai, nahiz eta gure kontrako ideiak izan, nahiz eta hura eta gu ezertan konforme ez etorri: auzoko izateak ematen dizkigu erreferentzia komun batzuk, eta horrek egiten du posible hizketa, bai maitasun-keinuak adierazteko, bai errieta egin edo desadostasuna agertzeko ere.
Uste eta iritzi askotako idazleak elkartu gara liburu honetan; nor bere pentsaera eta historia dituena, eta bakoitzak bere istorioa idatzi du, bere gutuna, pentsaera hori ukatu eta ezkutatu gabe. Zintzotasun hori eskertu behar zaie. Uste dut gutunen hartzaile diren lagun horiek eskertuko dutela, bai fereka bai kritika bidaltzen zaienean, kritika zorrotzetik lausengu zuritik baino gehiago ikasten delakoan.
Liburu hau ez da espetxeko aberkide urrunduentzat ordea, edo ez haientzat bakarrik. Euskal publiko zabalari eskaintzen zaio, eta irakurtzeko eskatzen. Hainbeste liburu plazaratzen diren egunotan, beste bat aurkezten dugunean bidezkoa izan liteke galdera hau: eta zer aportazio, zer berri dakarkit honek?
Testuen kalitateaz ezin dut deus aurreratu, aitortu dizuet oraindik irakurri gabe nagoela; idazleen izenak ikusita, hala ere, badut itxaropena irakurgai bizi, atsegin, zirtolari, sakon, bihurri, gogoetagarriak topatuko ditudala. Kalitatetik harago, elkartasun keinu bat ere bada liburu hau eskuratzea, urrutiko lagunari "adiskide maite" esateko modu bat, besteren ahotsaz bada ere. Eta, horrez gainera, hitzaren aldeko aldarrikapen bat: pertsonak hitzaren bidez konpondu gaitezkeelako sinesmena, egunen batean burdinen eta bortxaren garaia pasatu eta solasaren aroa iritsiko den ustea, edo nahia.
Orduan ere ez dira amaituak izango zapalkuntzak oro, orduan ere ez gara denok irizkide izango, eta eskerrak! Baina pentsatu nahi nuke nork bere inguruan izango dituela adiskide maiteak, eta inori gutunak idaztea aukera literarioa izango dela, eta ez beste komunikazio-biderik uzten ez zaigunerako zirrikitu komunikatiboa.
(Egileen zerrenda erantsiko dut hemen: Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Lutxo Egia, Julen Gabiria, Lander Garro, Arantxa Iturbe, Koldo Izagirre, Karmele Jaio, Anjel Lertxundi, Itziar Madina, Xabier Mendiguren, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Jokin Muñoz, Paddy Rekalde, Pablo Sastre, Iban Zaldua)
Xomorroa buruaren barruan
(Durangoko Azokan zentsura izango omen da aurtengo gaia, eta bertan aterako duten aldizkarirako gai horri buruzko artikulua eskatu zidaten Gerediagakoek. Hona testua, datorren astean Landakon topo egingo dugulakoan)
Zentsuraz, orritxo bat. Errazago litzateke pankarta bat idaztea, Zentsurarik ez leloarekin. Edo tesi potolo bat, euskal kulturak urtetan sufritu duen eta oraindik pairatzen duen zentsuraren berri emanez. Oraindik ere bai?, galdetuko du baten batek. Bai, oraindik ere bai. Ez bi hitzeko kontsignarik ez trataturik: artikulu bat eskatu didate, eta saiatuko naiz zerbait esaten.
Okerrena debeku basatia da, noski: komunikabideak ixtea (Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria), kazetariak kartzelara sartzea Beste garai eta beste paraje batzuetakoak diruditen kontuak, eta guk orain eta hemen nozitutakoak. Justizia espainolak kasu horiekin lanean segitzen du gainera, ezin ditugu iraganekotzat jo eta ahaztu. Eta epaiketak ondo amaituta ere, ziurta al dezake inork ez dugula berriz halakorik izango?
Zapalkuntza zuzenik ezean ere, borreroak baditu beste mozorro ugari. Horra, euskal sortzaileen kontrako kanpainak: batean musika-taldeak, hurrena zinemagile bat, edo idazlea bestela. Disidentzia-usain txikienaren kontrako sorgin-ehiza, euskaldun den ororekiko xenofobia inperialista sakona ezkutatzen duena.
Boterearen trikimailurik handiena ez dira, ordea, armak, legea eta propaganda; horiek baino tresna indartsuagoa da autozentsura: inork ez zaitu behartzen, ez mehatxatzen, zeure buruarekin egin beharko duzu hortik aurrera borroka, bertan izango baituzu, ostatua hartuta, autozentsuraren xomorroa.
Xomorro horrek bi eratara egiten du lan, konduktisten estimulu positibo eta negatiboekin. Burubero ausart eta erradikalei makilaren hurbila gogoraraziko die batez ere: Kontuz zer idazten (kantatzen, marrazten, filmatzen) duzun, bestea erne dago-eta, zure txiringitoa ixteko prest, zure subentzio koxkorra mozteko gertu; hobe, beraz, apur bat epeltzea zure kexua, ulerkorragoa izatea, zentzudunago jokatzea.
Berez moderatuagoak direnei edo gizartean gora egiteko anbizio pixka bat dutenei, berriz, beste mezu bat bidaltzen die xomorroak: Halako saria eman behar dute laster; harako ordezkaria izendatzekotan dira; beste haren katalogoan sartzeko aukera handiak dituzu. Eta sortzaile gaixoak, txaloz eta aitorpenez nahi baino urriago dabilenez beti, badaki orduan zer egin: zer goxatu eta zer isildu, nor aipatu eta nor ezkutatu. Goikoak ez mintzeko, eta goikoaren morroiak lausengatzeko.
Izan ere, etsaia urrun, handi eta beldurgarri irudikatzen dugu sarritan, eta ez dakit aurpegirik duen ere. Baina agintearen eskumakilak gure artean dira beti, bizkarraren makurduran ezagutuko dituzu arretaz erreparatuz gero, irriaren okerrean bestela. Horiek ez dute zigortzen, eta laguntzat hartuko zaituzte deskuidatuz gero, baina ezinbestekoa da haien bitartekari-lana, aginteak bere horretan iraun dezan.
Zer egin dezake orduan, munduak daraman martxarekin konforme ez dagoenak? Ez dago errezetarik, baina hasteko argia izan beharko du, gauzek nola funtzionatzen duten ikusteko, eta ondoren zintzoa, bai bere buruarekin bai besteekin, zer nahi duen, nola lortu nahi duen eta zer sakrifikatzeko prest dagoen jakiteko.
Nolakoa da jende solidarioa?
Santutxuko Gaztetxea itxi zutela-eta, horren kontrako protesta eta ekintzen artean liburu bat egitea bururatu zitzaien bertako gazte-asanbladakoei, eta Josu Martinezek deitu zidan kolaborazioa eskatzeko. Oraintsu atera du liburua Elea argitaletxeak, "Ametsen baratza" du izena eta berrogeitaka idazle eta artistak hartu dute parte. Orain ez daukat esku artean, nire ale bakarra neska bizkor baten poltsan geratu baitzen (ba ote da leku hoberik?). Besteenak irakurri bitartean, hona nire ekarpena; enkarguzko lan gehienen antzera ez da egundokoa, baina irribarre bat behinik aterako ahal dizue.
Nolakoa da jende solidarioa?
Gogaikarria da jende solidarioa
inork deitu gabe bazterrak nahasten hasten denean
mundua konpondu nahian.
Maitagarria da jende solidarioa
zanpatuta dagoenari altxatzen laguntzen dionean
trukean inongo fedetara apuntatzeko eskatu barik.
Nazkagarria da jende solidarioa
egiten duen mesede bakoitzaren kontaduria daramanean
egunen batean Historiaren altxorretik kobratzeko asmoz edo.
Zoragarria da jende solidarioa
bizipozaren txinpartak kutsatzen dizkionean
zapaldurik edo sufritzen ari denari.
Tristea da jende solidarioa
elkartasuna betebehar bihurtzen duenean
eta bera bihotz onaren edo iraultzaren funtzionario.
Barregarria da jende solidarioa
sekula gaztetxe batera sartu barik haren defentsan hasten denean
ni neu orain ari naizen bezala.
Etxe barruko munstroak
Ipuin-liburu eta nobela mordoa ari dira aurkezten egunotan gure artean, Durangoko Azokaren bezperetan urtero gertatu ohi den legez. Barkatuko didazue, ordea, urrutiko idazle baten aipamena egiten badut.
Udako nire irakurketa deslai eta gozagarri horietan, "Blue River" izeneko nobela bat hartu nuen herriko liburutegian. Idazlea, Ethan Canin, ezagutzen ez nuena, baina, oroimenaren lanbro artean, Iñaki Irasizabalek noizbait gomendatu ote zidan susmoa neukana. Irakurri nuen, eta ondo. Jeniala ere ez, baina ondo. Bazuen zerbait idazkeran, hala ere, nobelista baino ipuingile hobea ote zen pentsarazi zidana.
Lanera itzuli eta gero, ezagutzen dudan irakurle finenetako batekin ari nintzen telefonoz (Xabier Montoia, gure Salinger partikularra), eta udako irakurketa probetxugarrien artean aipatu nion Canin-ena. Berak ziurtatu zidan baietz, hobea zela ipuinetan, eta batez ere bere lehenengo liburua: "Emperor of the Air" (ez da oso izenburu polita baina).
Joan den larunbatean Donostiako Udal Liburutegira joan nintzen Babel-en "Caballería roja"ren bila; ez zegoen, baina Btik Cra tarte txikia dagoela-eta, Canin-ekin oroitu eta hantxe ikusi nuen: "El emperador celeste" (gaztelaniaz mortal itsusia titulua).
Tituluak titulu, txundituta utzi ninduen liburuak, eta di-da batean irentsi nuen. Best Seller-zaleei ez diet gomendatuko baina, ipuinak dastatzen dakitenentzat, egiazko "delicatessen"a dira bertako istorioak, Ipar Amerikako XX. mendeko bigarren erdiko ipuingile handienen tradizioan: Cheever, Carver, Ford... Tradizio horretan ohi den bezala, pertsonen arteko harremanen arrakalak, komunikazioaren zaila, izakiaren bakardadea dira gai nagusietako batzuk. Hala ere, Canin-en berezitasunetako bat izango litzateke ez dela zentratzen bikote-erlazioetan, ezpada gurasoen eta seme-alaben arteko gorabeheretan, familia barruko konponezin, esanezin eta misterioetan.
Ez dut ipuinen laburpenik edo exegesirik egiteko gogorik, eta, hau ez denez Berria-rako kritika bat, ez dut egingo. Bitxikeria bat kontatuko dut: liburu honetako istorio bat ("American Beauty") luzatuta atera zuen egileak bere lehenengo nobela (lehen aipatu dudan "Blue River"). Eta, hau ere esan dut lehenago, hobea da laburrean luzean baino. Zerk eraman dezake idazlea ipuinetan ederki kontaturikoa eleberri bihurtzera? Erantzunak bi izan litezke: gizartearen (editoreen, kritikarien, irakurleen) presioa nobelak idazteko, edo idazlearen obsesioa kontakizun horretako pertsonaia, gertakari eta abarrekin. Ez dut Canin ezagutzen baina kasu honetan bien konbinazioa izan litekeela iruditzen zait.
Gure artean, nahiago nuke ipuin nahiz eleberri, denetik izatea, norberari barrenak eskatzen diona, ipuingile orok kazetari eta abarrengandik jasan behar izaten duten presiorik gabe: eta noizko nobela?
Unai Elorriaga: "Inor ez da pertsona osoa gauzak kontatzen ez baditu"
(Argia-n kaleratutako elkarrizketa; aldizkarian toki faltaz sartzen ez zirenak eranskin moduan emango ditut hemen)
Bere hirugarren liburua kaleratu berri du Unai Elorriagak: "Vredaman", lau istorio uztartzen dituen eleberria, errugbia eta libelulak nahasten dituena, ebanistak eta arkitektoak, haurrak eta zaharrak. Ahots eta kolore ñabardura ugari eskaintzea da bere ezaugarri nabarmena baina, itxura polifoniko horren azpian, bere betiko zaletasun eta obsesioak aurki ditzakegu autobiografiazko oinarri aitortua daukan testu honetan.
Zure hirugarren liburua da "Vredaman". Lehenengoak uste gabeko arrakasta ekarri zizun; bigarrenak era guztietako iritziak; hirugarren honekin zer espero duzu, edo zer espero behar du irakurleak?
Sekula ez da jakiten liburu batekin. Idazten hasi aurretik, asmo bat izan dezakezu; idazten ari zarenean, beste bat, eta idazten amaitu eta errepasoan ari zarenean, beste bat beharbada. Eta horren ostean, guztiz arrotza den irakurle batengana heltzen denean, idazleak aurreikusi gabeko sentsazio bat sortu dezake. Dena dela, apur bat desberdina izan da liburu honen prozesua. Aurreko biak idatzi nituenean, argitaratu egingo ziren ere ez nekien ia-ia. Honetan, ostera, aurreko bien eskarmentuarekin ibili naiz idazten: badakit noraino helduko den (gutxi gorabehera) eta zeri egin beharko dion aurre. Eskarmentu gehiagorekin idatzi dut, beraz. Bestetik, irakurleak gozamena topatuko duela uste dut. Ahots diferenteak, istorio diferenteak. Edonor gozatzeko liburua dela uste dut. Kolore handikoa.
Izenburu berezia oraingoan ere. Nondik sortu da "Vredaman"?
"VanŽt Hoffen ilea" eleberrian, nik asmatutako idazle bat agertzen da: E. H. Beregor, eta haren hirugarren nobela zen Vredaman. Beregor nobela hori idazten ari zela zati bat lapurtu zion baten batek, eta hutsune batekin publikatu zuen eleberria: ez zuen berriro idatzi nahi, lapurtutako zati hari perfektu irizten zion eta. Modu berean, nire hirugarren nobela da Vredaman. Eta hutsune bat dago kapitulu batean Izen bi nahastu ditut Vredaman izena osatzeko: Vardaman Faulknerren pertsonaia, "As I lay dying" nobelakoa; eta Vredeman de Brie izeneko pintore nederlandarra. Egia esan, pintoreak bi ziren, aita-semeak. Nik semeari begira hartu dut izena; izan ere, semeak ez zuen koadro orijinalik egin, aitak eginikoak kopiatzen eman zuen bizitza osoa.
Esan ote liteke, "Van't Hoff-en ilea"n bezala hizkuntzarekiko jolasa bilatu duzula, baina narrazioaren garapenari kasu gehiago eginez?
Hori da. "Vant Hoffen ilea" liburuan biekin jolastu nuen: hizkuntzarekin eta argumentuarekin. Batzuek ez zuten ulertu bigarren jolas hori. Izan ere, adarra jotzeko makina zen argumentua, inora ez zeramana (heriotzara ez bada). Irakurle batzuek estiloaren jolasa ulertu zuten, baina argumentuarenak ernegarazi zituen. Arthur Conan Doyleren estiloko bilakaera bat espero zuten, antza. Vredaman honetan, aldiz, askozaz modu gozoagoan garatzen da argumentua (edo argumentuak: lau istorio baitira). Irakurlea eskutik eraman nahi izan dut eleberri honetan, galeria batetik, azken argiraino, eltxoak balira bezala.
Narratzaile ugari daude liburu honen barruan: haurrak, zaharrak eta abar, nor bere hizkerarekin, hitz egiteko eta kontatzeko moduarekin...
Bai, hori da nire ustez literaturaren aberastasunetako bat. Nobela honen irakurlea jendez inguratuko da, konpainia noblean. Istorio bakoitza ahots diferentez kontatuko da, ikuspegi diferentez, izaera diferentez. Hala ere, guztiek daukate antzeko helburua: istorioa kontatzea. Kontatzearen plazera dago hor. Inor ez da pertsona osoa gauzak kontatzen ez baditu. Eta istorioak ere ez dira istorio osoak angelu desberdinetatik kontatzen ez badira.
Lau istorio txirikordatu dituzu: gauza asko kontatu nahi zenituelako, ala istorio bakarrak joko gutxi ematen zuelako ala...?
Ume baten ikusteko modua kontatu nahi nuen. Eta ume baten bizitzan ezinbestekoa da familia; familiak eraikitzen du umea. Umeak eraman ninduen, beraz, familiakoengana. Bide horretatik lau istorio sortu ziren: aita ospitalean dagoen bitartean osaba-izekoenean dagoen Tomas haurrarena, Gur lagunarekin gauez golf-zelai batean sartu den osaba Simonena, aitona ebanistaren historia ikertzen dabilen lehengusu Mateorena, eta izeko jostunen lagun batena, Piedadena. Azken batean umearen unibertsoa kontatzen da, familiaren laguntzaz. Horrek ez du esan nahi beste hiru istorioek nortasunik ez dutenik. Irakurleren batek aipatu dit aparteko ipuinak balira bezala irakurri daitezkeela.
Liburu hasieran zuhaitz genealogikoa eta hegalean zure txikitako argazki bat ipini duzula-eta: badu esanahiren bat, keinuren bat...?
Julen Gabiriak esan zidan moduan, zuhaitza baino gehiago bonsai genealogikoa. Berez erraza da jakitea nor den Tomas, umea. Inork ez dezala pentsatu, alabaina, nire biografia idatzi dudanik. Ezta hurrik eman ere. Asko dira, bai, datu biografikoak, baina askozaz gehiago asmatutakoak. Nire bizitzak ez dauka aparteko interesik, Euskal Herriko edo, beharbada, munduko edozein umek kontatu dezakeena da. Nik haurtzaroko eta familiako datu batzuk hartu, nahastu, irabiatu, elementu fantasiatsuekin elkartu eta gauza askori buruz hitz egiten duen eleberria idatzi dut.
Bestalde, zure liburu guztietan bezala geografia zehaztugabe bat ageri da, baina hemen inoiz baino nabarmenago ezagutu liteke Algorta. Bertako tokiak eta jendeak. Eta baita inguruko batzuk ere, hala nola Neguri.
Aurreko nobeletan ez nuen lekuei buruzko datu zehatzik eman nahi. Izan ere, Algorta, Getxo, Neguri eta ingurukoei buruz irakurleek izan zitzaketen aurreiritziak saihestu nahi nituen. Arreta pertsonaiengan nahi nuen, ez euren jatorrian. Zama hori kendu nahi nien pertsonaiei. Modu horretan, irakurleek euren herrietan imajinatu zitzaketen pertsonaiak eta etxekotzat hartu. Irakurle argentinar batek esan zidan "SPrako tranbia"ko herria Banfield-en imajinatzen zuela, bere txikitako herrian, Buenos Aireseko aldirietan. Beste batek Polonian kokatu zuen herria. Ni ez naiz ez Argentinan ez Polonian egon. Vredaman eleberrian, ostera, lotsagabeago aritu naiz. Honezkero hamaika aldiz esan dut eleberriak Algortan gertatzen direla eta jendeak gehiago begiratzen dio nobelari berari herriari baino. Horregatik ez dut erreparorik eduki izenak eta lekuak agerian uzteko.
Baten batek kritikatu izan dizu munduaren ikuspegi eztiegia ote duzun. Berriki hitzaldi batean komentatu duzu Hobbes, guztiz bestelako pentsaera duen autorea. Zer duzu esateko, gizakiaren on-gaiztasun kontu horietaz?
Niretzat tamalgarriena honakoa da: literatur kritikari batzuk gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere parametro horietan mugitzea; hau da, mundua (literatura, beraz) on eta gaiztoetan banatzea, manikeismo xalo horretatik ez irtetea. Munduan ez dago pertsona on edo txarrik. Jendeak bizi nahi du, eta bizitzeko ahalegin horretan pertsona batzuk, une jakin batzuetan, egoistagoak dira, eta beste batzuk inuzenteagoak, beste momentu batzuetan. Beste batzuetan pertsona jakin bat zapaldu egingo dute batzuek, aldagai jakin batzuk direla tarteko, baina beste batzuetan horren alde egingo dute. Batzuetan Jekyll doktorea izango dira; beste batzuetan Hyde. Baina beste askotan Robert Louis Stevenson ere badira. Edo Rudyard Kipling. Edo Franz Kafka bera. Esan nahi dut gizakia hori baino askozaz konplikatuagoa dela. Nire pertsonaiak ere, batzuek ulertu ez dituzten arren, askozaz konplikatuagoak dira. Ez dira ez onak ez gaiztoak. Nire pertsonaiek, bizitzeko ahaleginean, aukera bat egin dute, eta aukera horren bitartez bizi dira: bidea egokia edo okerra izan daiteke, baina, Cortázarren dioen moduan, euren bizitza pentsatu dute eta euren bizitza ulertu. Hortik gorakoa neurologia da. Eta ez dago jakiterik zergatik entzun ditzakeen pertsona batek bere Italiako herriko kanpaiak Londresen bizi bada Thomas Hobbes, bestalde, lotsabako bat zen.
Aurreko nobela biak zerorrek ipini dituzu gaztelaniaz; honekin ari zara?
Horretan ari naiz, bai. Alfaguara argitaletxean apirilean entregatu behar dut eta kalera, Jainkoa lagun, ekainean aterako da.
Idazle profesionalen taldetxoan zaudela esan liteke, liburuekin eta hitzaldiekin-eta. Pribilegioa da hori, ala ardura berezia eskatzen du, ala...?
Ardura berezirik ez, inondik inora; ez behintzat publikatzen hasi aurretik neukana baino bereziagoa. Esan nahi dut kalean libururik ez neukanean ere, asko eskatzen niola neure buruari. Eskatu daitekeen guztia eskatzen nion neure buruari. Pentsatzen nuen: munduko testurik onena argitaratuko dut, bestela tiraderan geldituko da. Beti eduki dut neurri hori buruan. Gero, gertatu liteke buruan daukazun neurritik %5 baino ez lortzea, baina ardura beti dago hor, buru barruan, lehen eta orain. Literaturarekiko errespetua ez dut aldatu, beraz. Dudarik gabe, pribilegioa da. Eta bestela lortu ezin den giltzarri bat ematen dizu gainera: denbora.
Hurrengo liburua gogoan duzu dagoeneko, ala atsedena hartu behar duzu oraingoz?
Hurrengo liburua, laugarrena, buruan daukat "Vredaman" idazten hasi baino lehenago. Baina paperera eraman aurretik, lehen esan dudan bezala, honen itzulpena egin behar dut. Apirilean amaituko dut, dena ondo badoa, eta ondoren beste asmo txiki bat daukat: "Vredaman"en agertzen den lau istorioetako bat, Tomasena, umearena, liburutik atera, apur bat moldatu, marrazkiak ipini eta umeentzat argitaratu nahiko nuke. Azken batean, umeentzako literatura horixe baino ez da: umeei ERE gustatzen zaien literatura. Hori guztia uda parterako amaitu nahi nuke. Gauzak horrela, irailean hasiko naiz hurrengo liburuarekin. Idazten hasterako goitik behera pentsatuta eduki nahiko nuke. Orain Psikiatria eta Neurologiari buruzko testu asko irakurri behar ditut, ia osorik teilatu batean gertatzen den liburu hori idatziko badut.
Lau ildo edo hari aipatu dituzu. Ikus ditzagun banan-banan. Lehenengo istorioa haur batena da: Tomas. Osaba-izekoen etxean dago, aita ospitalean dagoen bitartean. Zer da haur hori?
Haur hori pentsatzen ikasten ari den pertsona bat da, inteligentziaren atzetik dabilen umea. Osaba Abelek esan dio halako batean: Mundu guztiak izan nahi du inteligente, hori ez da nobedadea. Eta hori da umearekin ikasten dugun gauzetako bat: mundu guztiak ez du inteligente izan nahi, teorian hala bada ere. Jende askok uko egiten dio inteligentziari, aitortu ez arren. Baina hori ez da berez txarra, inteligentzia eta zoriona sarritan ez baitatoz bat. Tomasek, ordea, inteligentziaren alde egin du aukera. Inteligentziari buruzko nobela bat da hau, hein handi batean.
Tomasen historian berealdiko inportantzia du intsektu baten bilaketak, horrek gaitasun bereziak emango dizkiolakoan harrapatzen duenari...
Tomasek itzelezko lilura agertzen du intsektuekiko, biologia karrera ikasten ari den Iñes lehengusinarekin ibiltzen baita zomorroak hartzen eta matxinsalto, kakarraldo edo armiarmei buruzko istorioak aditzen. Halako batean, Iñesek kondaira moduko bat kontatu dio Tomasi: Libelula urdina harrapatzen duena munduko pertsonarik inteligenteena bihurtzen da. Besterik ez zaio Tomasi falta. Obsesionatuta biziko da hortik aurrera libelula urdinarekin.
Beste hari batean errugbia aurkitzen dugu: zure gustuko kirola, ezta?
Jakina. Inteligentziari buruzko eleberri batean ezin zen munduko kirolik inteligenteena falta. Errugbia izango da txartoen ulertu den kirola, beharbada. Kanpotik, kolpeka ikusten ditu jendeak jokalariak eta asto-koadrila handi bat dela pentsatu. Inondik inora ere. Errugbia kirol konplikatua da eta burua behar den lekuan ez daukanak egingo du errugbian bai, baina sekula ez da errugbi jokalari bikaina izango. Xakean bezala.
Eta errugbiarekin batera pertsonaia xelebre eta maitagarriak: gezurtiak, apur bat fantasiosoak.
Bai. Gur izeneko pertsonaia agertzen da istorio horretan. Tomasek, umeak, honela deskribatzen du Gur: Gur da beti kaletik ibiltzen den gizon bat. Gauzak kontatzen egoten da beti Gur. Batzuetan gertatu diren gauzak kontatzen ditu eta beste batzuetan gertatu ez direnak. Eta inork ez du jakiten zer gertatu den benetan eta zer ez, Gurrek kontatzen duenean. () Eta batzuetan hiru seme dauzka eta beste batzuetan bat ere ez eta beste batzuetan alaba bi. Gezurrak bizi duen pertsonaia da Gur. Gauzak asmatu eta asmatutakoak kontatzen bizi da. Baina pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian Guzur esaten diote, atera kontuak hortik. Errealitatetik kopiatu baino ez dut egin, baina seguru nago baten batek esango duela ez dela pertsonaia sinesgarria.
Hirugarren haria: aitona ospetsua izan zuela deskubritzen du gazte batek, eta haren gaineko informazio bila hasten da. Ebanista zen aitite hori, altzariak egiten zituen arotza. Nondik nora ogibide horrekiko interesa?
Hori ere familiatik hartu dut: aitite Adolfo nuen nik ebanista (gerra ostean tailerra kendu zioten arte). Umea nintzenean hil zen aitite eta ez nuen ia ezagutu, baina familian egon zen beste ebanista bat. Familiaren beste adarrean osaba Julian izan zen ebanista kotizatua. Biak nahastu ditut eta liburuan aitite Julian da ebanista handi hori. Istorio horretan hari bi daude. Bat benetan gertatu zen, aitite Adolfori gertatu zitzaion. Bestea goitik behera asmatu dut. Irakurleak bilatu beharko du zer den egia eta zer gezurra.
Bide batez, polita da nola, datu bilatze eta biltze horretan, herriko zahar zaharrenak ezagutu eta elkarrizketatuko dituen.
Jakina: duela 70 urte gertatutakoaren lekuko ezin baita beste inor izan. Edadeko hiru gizon agertzen dira aitite Julianen istorioa kontatzen. Euren ahotsekin ahalegin handia egin dut. Izan ere, hirurek eduki behar dituzte elementu komunak (hirurak direlako adin bertsukoak, herri berekoak, giro berekoak), baina, aldi berean, bakoitzak bere nortasuna behar zuen, bere izaera, bere idiolektoa. Uste dut kolore handia ematen diotela nobelari.
Zaharrekiko zure jaiera eta joera, SPn bezala?
Gauzak kontatzen dakiten pertsonaiak maite ditut nik. Zaharrek gazteek baino pazientzia handiagoa daukate kontatzen egoteko. Batzuetan pazientzia larregi ere izan dezakete, astun gertatzeraino, hori ez du inork ukatuko. Baina neurriari eusten dakien edadeko pertsona munduko kontalaririk finena izan daiteke. Hortik edan behar dugu guk.
Laugarren kontakizuna, arkitekto baten ingurukoa. Arkitekto jakin bat edo arkitektura-mota zehatz bat izan duzu gogoan hau idaztean?
Eleberria idazten hasi nintzenean, Manuel María Smith arkitektoa neukan buruan. Urte askoan Getxon bizi izan zen Smith, eta liburuan kontatzen diren kontu asko berari gertatutakoak dira. Eleberrian aurrera egin ahala, ordea, arkitekturari buruzkoak zabaldu nahi izan nituen eta arkitekto handi askoren biografiak irakurri eta zenbaiten ideiak sartu nituen liburuan: Walter Gropius, Antoni Gaudí, Le Corbusier, Frank Lloyd Wright
Hari honetan oso deigarria eta gustagarria iruditu zait emakume jostunen mundu hori: etxekoa eta publikoa aldi berean, lan etengabea eta berriketa lotzen dituena.
Hor ere familiatik edan dut. Izeko bi nituen nik jostun. Eta hara joaten ginen askotan ama eta biok, tailerrera, josteko gelara. Eta han egoten ziren tertuliara bildutako andre batzuk. Eta nik lurrera jausten ziren orratzak hartzen nituen iman-harri batekin, eta munduan gehien gustatzen zitzaidana zen orratzak iman-harri horrekin hartzea. Eta andreen solasaldiak aditzen egoten nintzen. Eta gaixotasunez hitz egiten zuten batez ere. Eta zahar-zaharrak ziren guztiak (gaur egun hilda daude gehienak). Eta lantzean behin soinekoen fakturak egiten nituen nik, kaligrafia negargarri batez. Eta hori giro hori deskribatu nahi izan dut. Berriro ere presa barik kontatzen egotearen gozamena.
Istorioen atsegintasunetik harago, zer nahiko zenuke jasotzea edo ulertzea irakurleak?
Hori da, beharbada, irakurlearentzat garrantzitsuena: istorioak eurak eta kontatzeko plazera gozatzea. Baina beste gauza askori buruz hitz egiten da liburu honetan. Hitz egiten da familiaz, erabakiez, gaixotasunaz, inteligentziaz, heriotzaz Izan ere, inteligentzia eta heriotza elkarri oso estu lotuta dauden elementuak dira. Eta horretaz hitz egiten da, batez ere, eleberri honetan: heriotza eta inteligentziaren arteko hartu-emanaz
Karakolaren barruan (VIII)
(Hemen amaitzen da ipuina. Irudi eta guzti nahi duenak, liburua eskuratu behar)
Zortzigarren atala: Oparien trukea
Oso ondo pasatu genituen opor haiek. Aita, ama eta hirurok ibili ginen leku batean eta bestean, eta askotan aitatxoren lagun haiek ere bai: Patxi eta Josune.
Gauza pila bat egin genituen eta toki mordo bat ikusi, baina gehienak ahaztu zaizkit dagoeneko. Hala ere, askotan aitak ingurura begiratu eta esaten zuen:
"Hemen ez da giro. Goazen etxera.
Txanogorritxoren ipuineko otsoak ibiliko ziren han, ni ere susmoa hartuta nengoen. Orduan Patxi eta Josuneren etxera itzultzen ginen. Etxe handia zen hura, lorategia eta guzti zeukana, txirrista eta zabuarekin.
Eta ni ordurako handia nintzen arren, gustura ibiltzen nintzen txirristan eta zabuan, amonaren etxe ondoko parkean bezala. Pena bakarra, han ez zegoela kioskorik goxokiak erosteko. Baina Patxi amona bezain sukaldari ona zen ia-ia, eta egundoko postreak prestatzen zituen: sagar-pastela, natazko bizkotxoa, marrubi-budina, arroz-esnea
"Arroz-esneari kanela asko edo gutxi botako diot, Iker? "galdetzen zidan Patxik.
"Asko-asko "erantzuten nion nik beti.
Opor haiek ere amaitu ziren. Nik ez neukan oraindik eskolara joan beharrik, baina amak dendako lanera itzuli behar zuen. Hortaz, aitari agur esan eta etxerako bidea hartu genuen amatxok eta biok.
"Laster konponduko dira gure arazoak eta itzuliko naiz etxera, ikusiko duzue "esan zigun aitak agurtzerakoan.
Lehen bezalaxe hartu genituen auto, tren, autobus eta hegazkinak, baina oraingoan ez nintzen mareatu, ezagutzen nituelako, eta ez nintzen beldurtu, nahiz eta amak berriro errepikatu isilik joan behar nuela, eta aitatxoren berri inori aipatu gabe.
"Badakit, ama, Txanogorritxoren otsoek ez aditzeko.
Motxilan aitatxok eskuz egindako jostailu bat neraman: egurrezko txotxongilo bat, hariak mugituz gero dantza egiten duena.
Nire marrazkia eta karakola aitatxoren gelan geratu dira. Marrazkia paretan josita, txintxetekin, eta karakola mesanotxe gainean, gauero belarrian jarri eta haren barruko hotsak aditzeko.
Horrela entzungo ditu itsasoaren barreneko hots misteriotsuak, amonaren etxeko hots isilak, eta baita gure etxeko hots guztiak ere: ama afaria prestatzen erdi kantari ari denean, ni hortzak garbitzen nagoenean, amatxo eta biok igande goizetan oheko burukoekin borrokan hasten garenean
Orain badakit, amonaren karakola magikoari esker, aitatxo ez dela horren bakarrik egongo. Eta ni ere kontentuago egongo naiz hortaz.