Talibanxeago izango bagina
Instituzio inportante batean lan egiten duen lagun batek kontatu zidan zer esan zion behin erakunde horren plan estrategikoa egiten zebilen consulting etxeko ingeniari batek; madrildarra zen bera, eta euskaldunei buruzko aurreiritzi batzuekin etorria, baina gurekiko tratuan konturatu omen zen uste horien ustelaz: "hizkuntzaren kontuan, adibidez, errespetu osoarekin jokatzen duzue". Eta erantsi omen zuen: "katalanek ez bezala".
Ai katalanxeago bagina! Baina ez, gure betiko errespetu horrekin, burutik behera kaka egiten digute, edo geuk egiten diogu geure buruari.
Hona Gandiagaren olerki kaleratu berri bat, bere "Poema Argitaragabeak" saileko "Euskalminez" liburutik hartua:
Karitatea,
esate baterako,
zera da:
erdaraz egitea
euskaldunen artean.
Beste ejenplu bat:
erdaldunen artean
erdaraz egitea ere
karitatea da.
Eliza erdalzalearekin zuen borroka Bitorianok, eta hortik "karitate" hitza. Horren ordez lasai ipin liteke tolerantzia, demokrazia, edo nahi duzuena.
Honen haritik, aspaldi honetan ekitaldi kultural zenbaitetan ikusi eta bizi izandakoak kontatu nahi nituen, baina denbora faltaz nabil eta biharko utziko ditut, axola ez bazaizue.
Han izango nauk