Nolakoa da jende solidarioa?
Santutxuko Gaztetxea itxi zutela-eta, horren kontrako protesta eta ekintzen artean liburu bat egitea bururatu zitzaien bertako gazte-asanbladakoei, eta Josu Martinezek deitu zidan kolaborazioa eskatzeko. Oraintsu atera du liburua Elea argitaletxeak, "Ametsen baratza" du izena eta berrogeitaka idazle eta artistak hartu dute parte. Orain ez daukat esku artean, nire ale bakarra neska bizkor baten poltsan geratu baitzen (ba ote da leku hoberik?). Besteenak irakurri bitartean, hona nire ekarpena; enkarguzko lan gehienen antzera ez da egundokoa, baina irribarre bat behinik aterako ahal dizue.
Nolakoa da jende solidarioa?
Gogaikarria da jende solidarioa
inork deitu gabe bazterrak nahasten hasten denean
mundua konpondu nahian.
Maitagarria da jende solidarioa
zanpatuta dagoenari altxatzen laguntzen dionean
trukean inongo fedetara apuntatzeko eskatu barik.
Nazkagarria da jende solidarioa
egiten duen mesede bakoitzaren kontaduria daramanean
egunen batean Historiaren altxorretik kobratzeko asmoz edo.
Zoragarria da jende solidarioa
bizipozaren txinpartak kutsatzen dizkionean
zapaldurik edo sufritzen ari denari.
Tristea da jende solidarioa
elkartasuna betebehar bihurtzen duenean
eta bera bihotz onaren edo iraultzaren funtzionario.
Barregarria da jende solidarioa
sekula gaztetxe batera sartu barik haren defentsan hasten denean
ni neu orain ari naizen bezala.
Uste nuen solidarioki oparitzen zenidala liburua. baina ikusten da haren esperoan zaudela oraindik.
Bueltatuko dizut laster batean.
By the way... Azkeneko orrialdean e-mail helbide bat dago. Agian beharrezkoa zaizu.
Musu bat, kanape-jale konpultsibo hori.