Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Adiskide maitea

Adiskide maitea

xme 2005/12/02 11:56

(Txalapartak argitaraturiko "Adiskide maitea:" liburu kolektiboaren aurkezpen ekitaldian izan naiz goizean, egileetakoa naizen aldetik, eta aurkezpenerako testu bat ere idatzi dut, Eider Rodriguez editorearen eskariz. Hona, irakurri dudana)

Irakurri ez dudan liburu bat ari naiz komentatzen. Sekula egin ez dudana. Baina halaxe eskatu didate, eta, ezetz esateko nire ezintasunaz gainera, elkartasun gremialak funtzionatzen du hemen: ondo asko dakit nolako lanak dituen editore batek aurkezpena antolatzeko eta, beraz, eragozpenak ez baizik erraztasunak jartzea dagokit niri.

Hona beraz ni, irakurri ez dudan liburua komentatzen. Gaiak berak asko esaten du, ordea, ia komentariorik behar ez izateraino: "Adiskide maitea:". Urruti dagoen lagunari idatzitako gutuna, alegia. Urruti, preso dagoelako. Halaxe eman ziguten gaia: euskal preso politiko bati idazteko gutuna, egiazkoa nahiz asmatua. Lagun hitzaren adiera zabalena hartuta: adiskide min izango dute batzuek, eta sorleku bereko biztanle bestetzuek; ezagutzen ez dugunari ez diogu esaten lagun; geure jatorria duenari bai, nahiz eta gure kontrako ideiak izan, nahiz eta hura eta gu ezertan konforme ez etorri: auzoko izateak ematen dizkigu erreferentzia komun batzuk, eta horrek egiten du posible hizketa, bai maitasun-keinuak adierazteko, bai errieta egin edo desadostasuna agertzeko ere.

Uste eta iritzi askotako idazleak elkartu gara liburu honetan; nor bere pentsaera eta historia dituena, eta bakoitzak bere istorioa idatzi du, bere gutuna, pentsaera hori ukatu eta ezkutatu gabe. Zintzotasun hori eskertu behar zaie. Uste dut gutunen hartzaile diren lagun horiek eskertuko dutela, bai fereka bai kritika bidaltzen zaienean, kritika zorrotzetik lausengu zuritik baino gehiago ikasten delakoan.

Liburu hau ez da espetxeko aberkide urrunduentzat ordea, edo ez haientzat bakarrik. Euskal publiko zabalari eskaintzen zaio, eta irakurtzeko eskatzen. Hainbeste liburu plazaratzen diren egunotan, beste bat aurkezten dugunean bidezkoa izan liteke galdera hau: eta zer aportazio, zer berri dakarkit honek?

Testuen kalitateaz ezin dut deus aurreratu, aitortu dizuet oraindik irakurri gabe nagoela; idazleen izenak ikusita, hala ere, badut itxaropena irakurgai bizi, atsegin, zirtolari, sakon, bihurri, gogoetagarriak topatuko ditudala. Kalitatetik harago, elkartasun keinu bat ere bada liburu hau eskuratzea, urrutiko lagunari "adiskide maite" esateko modu bat, besteren ahotsaz bada ere. Eta, horrez gainera, hitzaren aldeko aldarrikapen bat: pertsonak hitzaren bidez konpondu gaitezkeelako sinesmena, egunen batean burdinen eta bortxaren garaia pasatu eta solasaren aroa iritsiko den ustea, edo nahia.

Orduan ere ez dira amaituak izango zapalkuntzak oro, orduan ere ez gara denok irizkide izango, eta eskerrak! Baina pentsatu nahi nuke nork bere inguruan izango dituela adiskide maiteak, eta inori gutunak idaztea aukera literarioa izango dela, eta ez beste komunikazio-biderik uzten ez zaigunerako zirrikitu komunikatiboa.

(Egileen zerrenda erantsiko dut hemen: Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Lutxo Egia, Julen Gabiria, Lander Garro, Arantxa Iturbe, Koldo Izagirre, Karmele Jaio, Anjel Lertxundi, Itziar Madina, Xabier Mendiguren, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Jokin Muñoz, Paddy Rekalde, Pablo Sastre, Iban Zaldua)

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.