Etxe barruko munstroak
Ipuin-liburu eta nobela mordoa ari dira aurkezten egunotan gure artean, Durangoko Azokaren bezperetan urtero gertatu ohi den legez. Barkatuko didazue, ordea, urrutiko idazle baten aipamena egiten badut.
Udako nire irakurketa deslai eta gozagarri horietan, "Blue River" izeneko nobela bat hartu nuen herriko liburutegian. Idazlea, Ethan Canin, ezagutzen ez nuena, baina, oroimenaren lanbro artean, Iñaki Irasizabalek noizbait gomendatu ote zidan susmoa neukana. Irakurri nuen, eta ondo. Jeniala ere ez, baina ondo. Bazuen zerbait idazkeran, hala ere, nobelista baino ipuingile hobea ote zen pentsarazi zidana.
Lanera itzuli eta gero, ezagutzen dudan irakurle finenetako batekin ari nintzen telefonoz (Xabier Montoia, gure Salinger partikularra), eta udako irakurketa probetxugarrien artean aipatu nion Canin-ena. Berak ziurtatu zidan baietz, hobea zela ipuinetan, eta batez ere bere lehenengo liburua: "Emperor of the Air" (ez da oso izenburu polita baina).
Joan den larunbatean Donostiako Udal Liburutegira joan nintzen Babel-en "Caballería roja"ren bila; ez zegoen, baina Btik Cra tarte txikia dagoela-eta, Canin-ekin oroitu eta hantxe ikusi nuen: "El emperador celeste" (gaztelaniaz mortal itsusia titulua).
Tituluak titulu, txundituta utzi ninduen liburuak, eta di-da batean irentsi nuen. Best Seller-zaleei ez diet gomendatuko baina, ipuinak dastatzen dakitenentzat, egiazko "delicatessen"a dira bertako istorioak, Ipar Amerikako XX. mendeko bigarren erdiko ipuingile handienen tradizioan: Cheever, Carver, Ford... Tradizio horretan ohi den bezala, pertsonen arteko harremanen arrakalak, komunikazioaren zaila, izakiaren bakardadea dira gai nagusietako batzuk. Hala ere, Canin-en berezitasunetako bat izango litzateke ez dela zentratzen bikote-erlazioetan, ezpada gurasoen eta seme-alaben arteko gorabeheretan, familia barruko konponezin, esanezin eta misterioetan.
Ez dut ipuinen laburpenik edo exegesirik egiteko gogorik, eta, hau ez denez Berria-rako kritika bat, ez dut egingo. Bitxikeria bat kontatuko dut: liburu honetako istorio bat ("American Beauty") luzatuta atera zuen egileak bere lehenengo nobela (lehen aipatu dudan "Blue River"). Eta, hau ere esan dut lehenago, hobea da laburrean luzean baino. Zerk eraman dezake idazlea ipuinetan ederki kontaturikoa eleberri bihurtzera? Erantzunak bi izan litezke: gizartearen (editoreen, kritikarien, irakurleen) presioa nobelak idazteko, edo idazlearen obsesioa kontakizun horretako pertsonaia, gertakari eta abarrekin. Ez dut Canin ezagutzen baina kasu honetan bien konbinazioa izan litekeela iruditzen zait.
Gure artean, nahiago nuke ipuin nahiz eleberri, denetik izatea, norberari barrenak eskatzen diona, ipuingile orok kazetari eta abarrengandik jasan behar izaten duten presiorik gabe: eta noizko nobela?
Begiratu beharko da idazle hau... "hobea da laburrean luzean baino"... norbaitek esan bezala, less is more!