Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kaixo, Laura

Kaixo, Laura

xme 2005/12/12 13:02

(Durangoko Azokatik bueltan, pixkanaka egin beharko dut egokitzea. Datozen egunetako idazkiak iritsi bitartean, zintzilik geratu zitzaidan bat: "Adiskide maitea:" liburu kolektiboan atera dudana)

Kaixo, Laura:

Ez zaitut ezagutzen, ez nauzu ezagutzen, baina hala ere badut esperantza gutun hau zuregana iritsiko dela. Nire herrian ikusi dut zure argazkia. Beasainen. Herriko presoen aldeko kartelak aritzen dira jartzen jestoretakoak, txandaka, sentsibilizazio-kanpainan, eta halako batean zurea egokitu zen: Laura Riera. Hasieran harritu egin nintzen, ez baineukan zure berri, ez baitzitzaidan ezaguna egiten zure izena herriko presoen artean. Gero, paretan itsatsitako informazioa irakurriz jabetu nintzen: "katalana, Beasaingo herriak etxekotua" zioen bertan.

Polita iruditu zitzaidan irudia. Gure herriak etxekotu egin zaitu, beraz. Norbaiti entzun nion behin, norbera nongoa den eztabaidan ari zirela, jaio garen tokikoak izaten garela, bizi garen tokikoak ere bai, noski, eta baita maite dugun jendea bizi den lekukoak ere. Beasainen bada beraz maite duzun jendea, maite zaituen jendea. Nahiz eta zu beharbada inoiz gure herrian izan ez. Ez dio gehiegi inporta ere. Maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria. Bueno, barka, oraintxe konturatu naiz esan dudan astakeriaz; ñabardura bat erantsiko diot aurreko esaldiari: maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria, handik joateko libertatea baldin badago; zure oraingo bizileku hori ezin izan beraz maitagarria.

Nire herria aurkeztea nahi duzu? Gure herria esan beharko genuke, bertakotua zarenez gero, espirituz behintzat. Ez du apartekorik: herri koxkor bat da, inguruko handitxoena, baina zure Terrassaren aldean txikitxoa. Industriala, baina mendiz inguratua. Jendeari hainbeste gustatzen zaizkion mende berde horiek, euskaltasunaren sinbolo bihurtu diren baserriz hornituak. Hala ere, susmoa dut zu ez zarela euskaldunengana hurbildu gure irudi bukoliko horrek sorginduta.

Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari nola den posible inork bat egitea beste herri baten borrokarekin, beste herri baten patuarekin, norberaren sakrifizioraino. Ez da galdera gaiztoa, sinets iezadazu. Aitzitik, mirespenez egin ohi dut galde, aski zaila izaten baita inork inoren problemekin bat egitea. Modu abstraktuan pentsatuta, esan liteke maitasuna dela, pertsonak pertsonekin lotzen gaituen lokarria bezala, pertsonak beste herriekin elkartzen gaituen sentimendua. Sentimendu hori, maila konkretura jaitsita, askoz ere modu xeheagoan gauzatuko da seguru asko: halako ezagutu nuen, beste harekin hitz egin nuen...

Bueno, hasi naiz abenturak asmatzen. Barka, ofizioaren gaitzak. Ez nabil epailearen lana egiten, edo poliziarena, aski oroitzapen gordina izango duzu horien guztiena. Bakarrik esan nahi nuen lagun euskaldunak zenituela, nonbait, eta euskaldun horien lagun egiteak ez dizula, itxura batean, mesede handirik ekarri. Gurea baino herri normalago batean jaio eta bizi zinen arren, anormalagoekin egin duzu bat, zapalduekiko elkartasunez edo matxinatuekiko mirespenez. Eskerrak zor dizkizugu beraz. Eskerrak eta elkartasuna, gutxien-gutxienez.

Handia da hemen Herrialde Katalanekiko maitasun eta mirespena. Ez bakarrik guri eskaini izan digun errespetu eta laguntzagatik. Ez bakarrik etsai berak oinperaturik gauzkalako. Horrez gainera, badugu inbidia punttu bat ere; edo inbidia zakukada handia. Guk ere nahi genuke hizkuntzaren egoera osasuntsu hori, eta kultura aberats hori, eta nortasunari eusteko erabaki sendo hori. Nire lagun katalanek esan ohi didate han ere zakurrak oinutsik dabiltzala, kultura eta hizkuntza kontuetan gauzak ez direla guk uste bezain eder eta baikorrak; igual giza izatearen ezinbesteko ezaugarria da urrutiko intxaurrekin liluratzea, baina hala ere, nahiago nuke euskaldunak katalanxeagoak bagina, eta ez bakarrik oporrak Saloun pasatzeko. Oraingoz Beasainen badugu etxekotu dugun neska katalan bat; ez goaz bide txarretik, hortaz.

Zure egoeraz galdetu behar nizuke. Senarrarekin elkartzen uzten ote dizuten; eguna nola pasatzen duzun; irteten zarenerako ze plan dituzun. Horiek eta beste asko izan litezke galderak, gutunketaren gizabideak eskatzen dituenak. Baina ez dakit honakoa esku artera iritsiko zaizun, inork itzuliko dizun, erantzuteko gogorik izanez gero nora erantzun jakingo ote zenukeen... Egiazko gutuna bezainbat baita hau fikziozkoa, editore baten enkarguz egindakoa. Baina fikziozkoa bezainbat da egiazkoa, benetako jakin-minez eta kariñoz idatzia.

Zure aurpegia gogoratzen saiatzen naiz, kartela kendu baitzuten hormatik. Haren lekuan David Sanchez zure mutil-lagunarena dago orain. Aurpegi irribarretsu bat oroitzen dut, biziminez eta pozez gainezka zegoen neska batena, eta irri hori ez galdu izana desiratzen dut. Zure izaera asmatzera jolas nezake neure buruarekin; zure hobbyak, gustuko janariak, kantariak, pelikulak, paisaiak... Seguru asko ez nuke bat bera ere asmatuko. Fisionomia jakintza-gai serioa balitz ere ni ez nintzateke arlo horretako zientzialaria.

Zertaz hitz egingo genuke inoiz elkartuko bagina? Ezin jakin. Bion interes-arloen zirkunferentzietan arakatu behar, intersekzio punturik ote dagoen ikusteko. Eta gure nortasunen uhinei erreparatu behar, maiztasun berdintsuan ote gabiltzan ikusteko. Igual iruditzen zaizu tipo txepel eta aspergarria naizela; edo niri zu petral eta xinple hutsa zarela. Auskalo. Dena dela, argazkian ikusi dudan neska horri nire estimazioa adierazi nahi nion. Beasainek etxekotu duen katalanari beasaindar batek eskainitako hitz bi.

Ea aurki duzun etxekotu zaituen herri hau ezagutzeko parada. Gero, luzerako geratu nahi duzun edo lehenbailehen alde egin, zure esku. Alde egiteko aukera izatea baita toki bat maitatzeko baldintza ezinbestekoa.

Muxu bat,

etiketak: Sorkuntza
xme
xme dio:
2005/12/13 11:17

Gaztelako lagun hori:

Kontseilukoa Xabier Mendiguren Bereziartu da. Ni, Xabier Mendiguren Elizegi. Ez naiz hura, ez gara ahaideak ere, eta nire idazkiek neure burua konprometitzen dute, ez beste inor.

Xabito
Xabito dio:
2005/12/12 23:19

Uste dut izenek (eta abizenek) nahasi egin zaituztela, gaztelau jauna. Zeharo gainera.

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2005/12/12 22:43

Ba zure gaurko artikulua irakurri eta gero, bi sendimendu kontrajarriak sortu zaizkit. Bat izan da lasaitasuna, eta bestea, harridura. Lasaitusuna nire ama hizkuntzak, sendo jarraitzeko, ez duelako adierazi behar inongo hizkuntzaren hiztunak diren presoekiko atxikimendurik. Lasaitasuna konturatzean ezta Jon Juaristi bezalako erresentido batek ere egingo liokeela kalte nere ama hizkuntzari, hura aukeratuko balukete Kontseilua bezalako erakunde bat zuzentzeko, (Instituto Cervantes baliteke adidibide bat).

Baina harrituta geratu naiz ikusi dudanean hizkuntza hau sendotu eta babesteko dagoen Kontseilua bezalako erakunde baten zuzendariak ematen duen itxura, alegia, hizkuntzaz kezkatu beharrean, presoetaz, hiztun guztiak batzen dituena landu beharrean, hiztunak urruntzen dituzten gaietan sakondu.

A zer lan ederra egiten duzun zuk, Xabier!

xme
xme dio:
2005/12/15 12:41

Zure azken galderari erantzunez, ez dakit gainerako partehartzaileek zer esango luketen. Nik, liburu honek izan dituen askatasun-kondizioetan izanez gero, dudarik gabe baietz.

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2005/12/14 22:56

Kaixo berriro Xabier:

Kaixo Laura-n zuk idatzitakoa: "Handia da hemen Herrialde Katalanekiko maitasun eta mirespena. Ez bakarrik guri eskaini izan digun errespetu eta laguntzagatik. Ez bakarrik etsai berak oinperaturik gauzkalako." Etsai bera! Zein da? Agian hau ez da ideia politikorik izango, baina kutsudura, nik esango nuke baietz.

Ez banaiz gaizki akordatzen, "Uda Betiko Balitz" eleberrian agertzen diren idea politikoak oso moderatuak dira, edozeinek errespetatzeko, eta gainera, nere ustez, oso modu naturalean agertzen dira: Nebare baten buruan dabiltzan kesken artean, milaka gazteri gertatu zaien bezela, niri barne (beste ideak izan ziren, noski). Baina nere ustez presoena gaur egun ez da gai neutral bat Euskadin. Beraiekiko atxikimendua ere ez dela neutrala uste dut. Ez baduzu horrela ikusten, galdeiozu zure buruari ea "Adiskide Maitea" liburuaren egileengandik zenbatek idatzkiko zuten liburu berean baina azpititulo honekin "Hemen eraildako norbaiten alargunari gutuna", eta halako liburua aurkeztuko zen Durangon.

xme
xme dio:
2005/12/14 11:59

Kaixo, berriz, Gaztelako lagun hori:

Zertaz damutzen zaren, zure kontua da. Nire liburuak erosten dituzun edo ez ere bai, ez pentsa horrek kezkatzen nauenik. Irakurleak edukitzea interesatzen zait, hori bai, eta pozten naiz blogean ez ezik liburuan ere irakurri banauzu. "Kaixo, Laura" hori berriro eta arreta pixka batez irakurtzen baduzu, ohartuko zara testu horretan ez dagoela ideia politikorik (gehiago ziren "Uda betiko balitz" hartako pasarte batzuetan, naiftasun osoz bazen ere)

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2005/12/13 14:36

Bai ankasartzea nirea! Ja, ja, ja. Ba sentitzen dut zugatik, Xabier, ni bezalako ezjakinek bakarrik erantzuten badizute zuk idatzitakoa. Nola nahi ere, orain zertan konprometitzen duzun zure burua ikusita, damutu egiten naiz "Uda Betiko Balitz" eleberria erosteagatik, nahiz eta izugarri gozatu nuen irakurtzen. Ziur egon hemendik aurrera beti debalde irakurriko dizudala. Hurrengoa arte.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.