Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ardoari eta poetari gorazarre

Ardoari eta poetari gorazarre

xme 2005/12/13 09:19

Pasatu dira aurten ere nire egun albaniarrak. Ez dut azokaren kronikarik egingo, zuek ere ni bezain nekatuta egongo baitzarete honezkero. Pasadizo koxkor bat, hala ere, kontatu nahi dudan beste istorio baterako hizpidea emango didana.

Jan-edanean ez daukat kexarik: otorduetan ondo eman digute, eta hortik kanpo ere ez dira gutxi izan tabernetara egindako bisitak, orain tortilla-mokadua, orain garagardoa... Larunbat eguerdian, baina, Plateruenea kafe-antzokian nengoen, alde egin behar nuela-eta halamoduzko bazkari-legea egiten, urdaiazpiko pintxoa eta kafesnea aurrean. Barrako txoko batean nengoen, bakarrik eta isilik, azoka barruko hauts eta berbarotik atseden hartuz, eta horra non etortzen zaidan gizon bat, adin pixka bat bazeukana.

"Barkatu, zu halako izango zara?" ta, baietz nik. Ez zidala endredorik sortu nahi baina, ni hor eta horrela ikusita, esan nahi zidala gu garela (idazleak alegia) bera bezalako batzuei bizitza goxatzen diegunak, eta, zutik eta presaka pintxo bat jan ordez, geuk izan beharko genukeela jatetxe dotoreetan ibiltzen direnak, eta ez politikariak eta. Barkatzeko enbarazua berriz ere, baina horixe esan nahi zidala, eta agur.

Eskertu nion gizonari bere adeitasuna. Ez diet politikariei inbidia handirik, baina poztekoa da pertsona batzuei halako bizi-poza ematen diegula jakitea. Dena dela, gizon haren pasadizoak beste idazle bat ekarri zidan gogora, aste horretan maiz aipatu eta oroitua: Juan Mari Lekuona.

Lekuonaren gaineko hainbat iritzi irakurri ditugu egunotan, eta haren ikasle izandako lagunei ere aditu dizkiet beste horrenbeste oroitzapen, denak ere haren kalitatea azpimarratzera zetozenak, kalitate literarioa nahiz pertsonala. Nik ez dut beraz zer erantsi handirik, harekiko tratu hurbil-hurbilik ere ez bainuen izan. Gogora datorkit, ordea, harekin bazkaltzen edo afaltzen nengoen batean aditu niona, orain arte aipatu diren alderdien ondoan beste ezaugarri bat erakusten diguna: Lekuonaren bizizaletasuna.

Dozena erdi bat lagun izango ginen, orain dela dozena bat urte edo. Ahaztu ditut mahaikideak eta tokia, baina ez ardoa ekarri zigutenean Juan Marik esan zuena, bere erdizkako irribarre goxo-burlati harekin: ardo ona estimatzen ez zekien poeta, ezin zitekeela poeta ona izan. Beste esaldi bat ere badaukat oroimenean, baina ezin gogoratu otordu berean edo beste batean izan zen: berdurak eskaini zizkigutela-eta, halaxe esan zuen poetak; "Ni, berdura-kontuetan, testamentu zaharrekoa naiz: penitentziarako bakarrik".

Mahai on baten aurrean esertzen naizen hurrengoan, Durangoko miresle anonimoarekin eta Oiartzungo idazle handiarekin oroituko naiz, jan-edanei ohore eta literaturari gorazarre egiteko.

Lekuonaren esaldiari buelta emanda, ardo ona estimatzen dakien poeta ez da derrigor poeta ona izango baina.

etiketak: Saski Naski
Aritz
Aritz dio:
2005/12/13 18:10

Xabier, ez al duzu hemen jarriko Nabarrakoek Durangon egin zizuten karikatura?

Zure aurreko "toreroa".

Patxi
Patxi dio:
2005/12/14 11:59

Nik badaukat eskanerra.

PC to PC konexioa egin dezakegu, Xabier, photoshopen karikatura hori zuzentzeko, on line, txukun atera zaitezen.

Hona, zer egin genezakeen:

http://tinyurl.com/7eapl

xme
xme dio:
2005/12/14 11:45

Kaixo, Aritz:

Lotsatiegia naiz horretarako. Edo akaso koketoegia ondo atera ez naizen erretratu bat ipintzeko.

Eta horrez gain, ez daukat eskanerrik eta ez dakit irudiak kargatzen. Zer egingo diogu ba!

matxalde
matxalde dio:
2005/12/15 22:53

Beaudelairek omen zion: konbikzio moralengatik ardoa edaten ez duenak zeozer ezkutatzen du bere barnean. Gora ardoaren apologia, eskilarapetik eta leku ilunetatik atera eta mahai gainean, bistan jar dezagun. A, eta botila erdi betea beti!

Aritz
Aritz dio:
2005/12/15 00:15

Aupa Patxi ez,

Aupa Xabier.

Beno, aupa Patxi ere bai...

Mezuak horrela behar zuela alegia:

"Aupa Xabier,

Barka horrelako atakan jartzeagatik. Beraz, karikaturarekin ez zinen gustura geratu!"

Aritz
Aritz dio:
2005/12/14 15:38

Aupa Patxi,

Barka horrelako atakan jartzeagatik. Beraz, karikaturarekin ez zinen gustura geratu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.