Txistu nori jo
Ostiral honetan jai eman digute Donostian lan egiten dugunoi, baina nik ezin huts egin zuekin dudan hitzordu honi, eta gaur ere txorakeriaren bat asmatuko dut. Donostiaren eta San Sebastianen ohoretan, hori bai.
Danborradako ikurrinaren igoeran emakumeek ere parte hartuko dutela-eta, baten batek gogora ekarri du nola Gaztelubidekoek Etxezarreta "persona non grata" izendatu zuten duela zenbait urte. Donostiako kontuak gehiegi ezagutzen ez dituztenentzako argibideak: Gaztelubide Donostiako elkarte gastronomiko tradizional horietako bat da, jauntxo jendea ibiltzearen fama daukana, igoerako ekitaldi hori burutzen duena, eta emakumerik onartzen ez duena; Ramon Etxezarreta, Partidu Sozialistako zinegotzia (sortzez urrestillarra, euskal idazlea, garai batean Euskadiko Ezkerran ibilitakoa). Aurten alkatetzak presioa egin omen dio Gaztelubideri danborradan emakumeak sar ditzan, bestela igoerako ekitaldi horretan beste konpainia bat sartzeko mehatxuarekin-edo, eta soziedadekoek azkenean amore eman.
Argibideak aski? Segi dezadan ba aurrera. Etxezarretaren kontra egundokoak bota zituzten Gaztelubidekoek orain dela urte mordoxka, baina, oroimenak huts egiten ez badit, esango nuke istilu hark ez zuela zerikusirik danborradarekin. Konta dezadan gogoratzen dudan bezala.
Ramon Saizarbitoria, euskal idazlerik onenetakoa eta dudarik gabe dotoreena, maisua da, halaber, gazteak eta xaharrak epatatzen, inor baino guayago eta iraultzaileago agertzen, tarteka. Egun batean elkarrizketa egin zioten, euskaraz, bertako kazetaren batean (eman dezagun, Argian); eta Donostiako kontuez ari zirela, galdetu zioten, esaterako, Salbeko istiluez (hemen ere argibideak eman behar gazte jendeari: Abuztuko Ama Birjinaren bezperako elizkizuna, Donostiako Aste Nagusian egun handia, eta egitarau ofizialaren barruan agintarien desfilea, Udaletxetik Santa Mariara, Kale Nagusian zehar; urte batzuetan egitarau alternatiboaren muina zen desfile horretan zihoazenei -Ardantzari batez ere- txanponak, txistua eta irainak botatzea). Salbeko istiluez galdetu zioten beraz Saizarbitoriari, eta honek erantzun oso erraza zela Ardantzari-eta txistu egitea; baina benetako karkak, herriko bunkerra, esentzien gordailua eta aginte faktikoa Gaztelubiden zegoela, eta egiazko errebeldia-ekintza izango zela, ez Salbeko desfileari txanponak botatzea, baizik eta Gaztelubidekoek "Festara" abesten zutenean hara joan eta haiei aurre egitea. Horrelako zeozer esan zuen Saizarbitoriak, baina gure idazleak badaki non zer esan ondo gelditzeko, eta boutade hori euskaraz bota zuen. Irakurri genuenok irri txiki bat egin genuen, eta aurrera.
Handik pixka batera edo puska batera, Ramon Etxezarreta (Saizarbitoriaren laguna, izenkidea, eta gutxi gorabehera gogaidea) artikulu bat idazten jarri zen (gaztelaniaz seguru, eta seguru asko El Diario Vasco-n). Ezker abertzaleko jendea nahiko zuen zirikatu, ohi zuen moduan, eta, Saizarbitoriaren burutazio hura gogoratuta, halaxe bota zien: hain erradikalak baldin baziren, Salbeko desfilea izorratu ordez joan zitezela Gaztelubidekoengana, eta abar eta abar. Gaztelaniaz. El Diario Vascon. Eta egundoko zaparrada etorri zitzaion, "persona non grata" izendatzeraino.
Aspaldiko pasadizo hau etorri zitzaidan BECeko bertsolarien finalean, baina loturak eta zergatiak hurrengoan azalduko ditut, dagoeneko asko luzatu naiz eta. Asteburu ona pasa, bai danborreroek bai beste larru batzuk nahiago dituzuenok.
Gora legea! Heil!
(Gaur Berria-n ateratako iritzia, baina hemen zentsura linguistikorik gabe)
Leninek txiste hau kontatzen omen zuen alemanen gainean:
Erabaki dute langile aleman sozialista batzuek protesta antolatzea, behar bezalako greba, manifestazio eta guzti. Hiri inguruko fabriketako beharginek geldiarazi dituzte beren lantegiak, eta, trena hartuta, hiriburura datoz denak, burgesak izutuko dituen agerraldi jendetsua egitera. Geltokiko nasa batean utzi zituen trenak, baina, nasatik irteerara pasatzeko seinalea emango zuen enplegatua falta zenez (hura ere grebalaria nonbait), hantxe gelditu omen ziren sindikalista beldurgarri haiek, geltokitik atera gabe.
Kautskyren alderdi sozialdemokrata txukun eta ordenatu hura iraultza egiteko gauza ote zen zalantza izango zuen Vladimir Ilitxek, noski, baina ez nator hona ezkerreko mugimenduen historia berregitera. Tovaritx zaharraren adarjotze horrekin gogoratu naiz egunotan, Espainian tabakoaren lege berria ezarri denetik, eta horretaz hitz egin nahi nuen.
Berriz ere erretzearen edo ez erretzearen matraka? Ez, ez: zaudete lasai, nahikoa kalaka izaten dugu bestela ere eta. Legeaz jardun nahi nuke: legearen edukiaz ez baizik eta goitik etortzen diren agindu, dekretu, debeku eta bestelako arauei ematen diegun tokiaz eta garrantziaz.
Batzuek esaten dutenari sinestera, munduko bazterrik iraultzaileenean bizi gara. Estatuei aurre egiten diegu, instituzio herrikoi paraleloak sortzen ditugu, auzolanerako eta autojestiorako tradizio sendoak ditugu, nazioarteko kooperazioan puntaren puntan gabiltza, erakunde arrotz eta bidegabeen aurrean insumisioa praktikatzen dugu Ba ote?
Espainiako gorteek joan den urteko abenduaren 26an onartu zuten 28/2005 Legea, tabakismoaren kontrako osasun neurriak ematekoa eta tabakoaren salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzekoa, eta Urteberritik aurrera indarrean da Hego Euskal Herrian. Harrezkeroztik asko hitz egin da lantokian erretzearen debekuaz, tabernetan erretzeko baimenaz edo mugaz, batzuk alde, besteak kontra, estuegia ote den, oraindik murriztaileago jokatu behar ote zuen, tolerantziaren kontra doala, guztien hobe beharrez egiten dela, erretzaileak gutxituko direla, ez direla, batzuen eskubideez, besteen betebeharrez Hau da, etengabeko solasa eta kalapita izan da legearen alde eta kontra, baina badirudi inork ez duela zalantzan jartzen Legeak (letra larriz idatzita) geure bizitza arautzea bera.
Eta horretara nindoan. Ez da bakarrik Espainiak gure gainean duen agintea legitimoa den edo ez den, EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan) zein Nafarroan horretarako eskumenik izan beharko genukeen edo ez genukeen (ez al ziren ba osasuna, lan-segurtasuna eta ostalaritza gure erakundeen eskuduntza?). Horretaz ere jardun gintezke, baina beste batentzat utziko dut. Madrilekiko menpekotasunetik haraxeago joanez, beste kontu hau ikusarazi nahi nuke: hain ardi otxanduak ote gara, geure bizitza gobernatzeko eta gizarteko bizikidetza antolatzeko ahala Estatuari emateko itsu-itsu?
Berriro diot azaltzen ari naizen arazoa ez dela erretzen uzten diguten edo ez. Nik neuk ez dut sekula erre, eta aukeran nahiago dut ingurukoek ere erretzen ez badute, baina egia esanda ez naiz gehiegi kezkatu izan horretaz; hala ere, izututa geratu nintzen norbaitek, lege honen harira, zera bota zidanean: Orain lantokian norbait erretzen ikusiz gero salatu egin beharko duzu, ezta?. Ardi otzan ez ezik gainerakoen txakur eta zelatari bihurtu behar ote dugu? Poetak esan zuen bezala, izaitetik hek bezala Ortzi jaunak zaint gaitzala.
Itxura kristau zintzoaren azpian, sakonean herri indibidualista eta kasik akrata bat garela esan izan du hainbat pentsalarik. Ispiluan bere burua berez den baino ederrago ikusten duenaren irudikeriak izango dira horiek denak. Onartzen dut, bai, badela gure artean osagai errebelde bat baina, tamalez, gero eta konbentzituago nago gure auzo estatuak etsaitzat hartzearen poderioz, Estatua bera idolatratzera iritsi garela. Inposaturiko nortasun agiria harrika bota ez baina geuk sortzen dugu beste bat. Beste legeria bat nahi genukeelako Legeari gurtza eta erreberentzia erakusten diogu, eta herri-identitateari zuzenean erasotzen ez badio inork ez du txintik esaten. Non geratu da, ordea, gizartearen burugaintasuna? Ez dakit nazio askerik eraikiko dugun baina jendarte libre eta bere kasakoa moldatzeko ezgauza garela erakutsi dugu behintzat. Ez naiz ni lantuka hasiko baina aitor dezagun paradero triste samarra dela halako askapen eta emantzipazio ametsak izan ondoren.
Leninen iraultzak ez zuen askoz atarramentu hobea izan baina.
Zer da hau?
Aurrena neskari ile guztia moztu zioten. Polita eta luzea zeukan, eta baldar-baldar moztu zioten, zeroan leku batzuetan, xerlo batzuk utzita han-hemen, besteek barre egiten zuten bitartean.
Gero titiak bistan utzi eta esnegaina bota zioten titietan, eta tipo nazkagarri batek miazka jan zion esnegain hura, ingurukoen txalo eta algaren artean.
-Tortura-saio bat, komisarian! -esan nion asmakizuna bota zidan lankideari.
-Hotz, hotz.
Eta jarraitu zuen:
Ondoren, titiak jan zizkion tipoa eta neska, biak biluzik, hulla-hop dantzatzen jarri zituzten, aro baten barruan.
-Film porno bat! Film gore bat! -bota nuen, asmatzeko irrikaz.
-Epelxeago, baina oraindik hotz.
Eta igartzen ez nuela ikusita, begi bistako aztarna:
Eta gero tatuaje handi bat egin behar izan zuen, berak nahi zuen tokian, baina nabarmen jarriz "Basetxea gori-gori", bere logo, kolore eta guzti.
Ez dakit non dauden duintasun ezaren mugak eta nahiago dut ez jakin, baina bide txarretik goaz; edo oso bide onetik, muga horietaraino iristeko.
Etorkin eta joakin
(Goierritarra aldizkariaren azken alean argitaratua)
Noiz egoten dira Beasaingo kaleak kotxez beteenak? Hola, azkar esanda, bi garai bururatzen zaizkit niri: herriko festak, batetik, eta gabon gaua, bestetik. Batean nahiz bestean, Oriamendi kaleko espaloia autoz gainezka egoten da urtero. Festetakoak ez du sekretu berezirik: edozein herri festetan denean, hara biltzen baita inguruko jende mordoa. Eguberritakoak, berriz, merezi du soziologia merke pixka bat egitea.
Gabon gauean zer egiten dugun azaldu beharrik ez daukat. Oporretan eskiatzera edo urruti horietan eguzkitan belztera joaten denik izango da baina, oraindik, gehientsuenok abestiko lege zaharra betetzen dugu, aitaren ta amaren ondoan. Nor bere etxekoekin bildu ohi gara denok ere, ahal izatera inork ez baitu gau hori bakarrik pasatu nahi. Normala, beraz, kotxeen joan-etorria izatea. Joan-etorri horretan, baina, zergatik dira Beasainen gehiago etorritakoak joandakoak baino?
Immigrazio-herritzat jo izan da Beasain aspaldidanik. Orain dela mendea baino gehiago ere, herriak idazkari bat hartu eta haren lehendabiziko lana izan omen zen Gaztela Zaharreko udaletxe guztietara idaztea, esanez gure herrira jendea bidali nahi bazuten, hemen bagenuela denentzako lana eta lotokia. Beste garai batzuk ziren, bistan da, orain ez da halako deirik egiten, baina hainbat gizon-emakume etortzen da gure artera, gaztelarrak baino urrutiagotik baina haien amets berdintsuekin: ez bakarrik lana eta lotokia, baizik eta beraientzako eta ondorengoentzako etorkizun hobe baten esperantza.
Oso hunkigarria geratu zait aurreko pasartea, baina urrundu egin naiz hartutako bidetik. Natorren beraz arrastora. Gabon gauean espaloi gainean aparkatutako kotxeekin ari nintzen. Bistan da kotxe horiek ez direla inongo immigrazio-seinale; izatekotan, kontrakoa, emigrazioarena. Alegia, kanpora bizitzera joandako beasaindar asko dago (Bilbon, Donostian, Madrilen), halako egunetan gurasoen etxera biltzen dena.
Immigrazio-herri ala emigraziozkoa? Zenbakitan ez nuke jakingo esaten ze talde den ugariagoa, etorkinena ala joakinena, hitz jokoa onartzen badidazue. Eta etorkizunari begira, gure nahiak baino pisu gehiago izango du betiere munduaren martxak, inguruko lantegien eta ekonomiaren osasunak.
Garai batean Burgos edo Ourense partetik etorritakoak aspaldi egokitu ziren Goierriko bizimolde eta ohituretara. Herrimin latza izango zuten etorri berritan, baina gaur inork ez dauka dudarik hauxe dela haien lurra, denon artean Euskal Herri bat eraikitzen ez dago erraza baina. Ekuador, Senegal, Ukrainatik etorri zaizkigun gizaseme eta emakumeei guztiz arrotza egingo zaie oraindik txoko hau, gure janariak, izaera, bizimodua Itxaropena izan dezagun, haien seme-alabak eskolara joan eta gabon-kantak abestu ahala ikasiko dutela gurasoek ere nor den Olentzero eta, zergatik ez, nor den Andoni Egaña ere.
Gabon-giroko mezu kursi samarra atera zait azkenean, baina ez dago gaizki aldian behin mazapanaren gozoa probatzea. Mikatzak eta garratzak dastatzeko aukerak nahi baino gehiago izango ditugu-eta urtean zehar.
Eskolako liburuak debalde?
(Joan den asteko Argia-n kaleratua)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asmoa omen du eskolan erabiltzen diren ikasliburuak ikasleei doan emateko. Ze ondo, ezta?, pentsatuko duzu. Bai baina ez. Gaiak koxka asko ditu, eta pare bat buelta ematea merezi du, hobe beharrezko astakeriarik erabaki baino lehen.
Orain arte plazaratu denez, hauxe omen da proposatzen den plana: eskolak berak erosiko ditu liburuak; haurrari emango dizkio gero maileguan; eta haur horrek, urte osoan erabili ondoren, ikastetxeari itzuliko dizkio liburu horiek, hurrengo ikasturtean beste neska-mutil bati utzi diezazkioten. Liburuek, hartara, dozenerdi bat urteko bizitza izango lukete, eta familiek batere gasturik ez. Hortaz, denok pozik?
Sistema horren oso antzekoa erabiltzen genuen gure auzoan txikiak ginela, orain dela hogeita hamar urte. Ez gobernuak araututa, ezpada jendeak berak: bizilagun bat baldin bageneukan gu baino urtebete zaharragoa, harixe eskatuko genion eskolako liburuak uzteko, ikasturtea hastean; eta gure ondoren beste batek erabiliko zituen gero, liburua guztiz hautsi edo ikastetxeak beste testu bat proposatu arte. Gizarteak berak alde batera utzi baldin badu mailegu informal hori, bi arrazoirengatik izan da: ongizate-maila handitu egin dela, eta liburua ondasun moduan estimatzen ikasi dugula.
Eta orain Hezkuntza Sailak legez berrezarri nahi. Ondorioei asko begiratu gabe ordea. Izan ere, ez dira gutxi, asmo hau aurrera ateraz gero, kaltetuta aterako diren arloak. Hasteko eta bat, liburu-dendak. Lehen ere zartako latza eman zien PPren gobernuak eskola-liburuen prezio librea ezarri zuenean, saltoki handien onerako, txikiek ez baitzeukaten beherapena nondik egin. Eta zer axola niri denda txikiak?, pentsatuko duzu. Ba, zuri ez dakit, baina irakurketa eguneroko ohitura legez bultzatzea interesatzen zaion ororentzat oinarrizkoa beharko luke herrietako dendak bultzatzea. Honek kontrako bidea hartzen du.
Hurrengo kaltetua argitaletxeak dira, bistakoa denez. Horiek ere ez zaizkizula axola erabaki dezakezu, eskubide osoz, baina erne: euskal argitaletxeak aski larri ibili ohi dira eskolako materiala ateratzeko, gure demografiaren berezko mugak direla-eta (horretaz jabeturik sortu zituen Jaurlaritzak EIMA programak); orain, argitaletxe batzuk arriskuan egon litezke eta beste batzuek utzi egin diezaiokete ikasliburuak ateratzeari; hala gertatuz gero, nork ziurtatuko du euskal kurrikulumaren irakaskuntza gutxienekoa? Nolakoak izango dira kanpoko argitaletxeetatik etorriko diren mapak, irakatsiko den historia? Pentsa pixka batean horretaz.
Sortzaileak ere ez dira libratuko: asko eta asko dira eskolako materialak sortzeko lanetan dabiltzan marrazkilari, idazle, diseinatzaileak, eta horien lana nabarmen murriztuko da; libre zara ez zaizula inporta esateko, baina ez esan gero euskal kultura inporta zaizunik.
Kulturgintzaren sare industrial osoa ukitzeaz gainera, erabiltzaileei eurei ere ez die mesederik egingo. Ez duzula uste? Horra. Batetik, liburuetan aukera txikiagoa izango da, eta beharbada eskasagoa ere bai, merkezurrean egin beharko bailituzkete batzuek testuak. Bestetik, ikasturte osoan, egunero-egunero lan-tresna izango duen liburuan haurrak ezin badu oharrik erantsi edo azpimarrarik egin, tresna horren balio pedagogikoa gutxitu egiten da, dudarik gabe. Liburua gordetzeak eta handik denbora batera kontsultatzeak duen balioa ahaztu gabe. Nik ez nuen aukerarik izan, eta ez nieke gaurko neska-mutilei aukera hori ukatu nahi.
Orduan zer, gurasoak urtero eta haur bakoitzeko 100 euro gastatu behar?, galdetuko didazu. Irakaskuntzaren doakotasunean sinesten dut nik, txikietatik unibertsitatera, eta horregatik uste dut badirela bideak: liburu guztien prezioa administrazioak bere gain hartzea, horretarako borondatea eta dirua baldin badago, eta beharra dutenentzako beka sistema bestela. Mailegua, zintzo esanda, kultura osoa pobretuko lukeen txapuza demagogikoa iruditzen baitzait.
Orain hasten da
Balantze gisako hauetan beti hitz egin ohi dut literaturaz eta politikaz. Gaur literaturarik ez, eta politika ere apenas. Giro berri bat sumatzen da airean, horrek aldaketarik ekarriko duen ez dakigu baina. Aldaketak aldaketa, euskaltzaleontzat lehengoan jarraituko du auziak, funtsean. Marko juridikoaren balizko aldaketak ez dizkigula babak eltzetik aterako, alegia.
Bertsoak eta txapelketak aipatu ditut lehen, eta horrelako batekin amaituko dut. 2000. urteko abendua zen, Bizkaiko txapelketaren finala. Bernardo Mandaluniz gai-emaileak kartzelako gaia azaldu dio Aritz Lopategiri, hiru bertso osatzeko: Hainbeste kostata baina, azkenik, gaur lortu dau Euskal Herriak bakea. Esaiguzu zelakoa dan egun hori. Ni ez nintzen bertan: telebistaz ari nintzen ikusten, eta telebistaz entzun nuen Lopategiren lehen bertso hau, bederatzi puntuko handia:
Hainbat urtetan ibili gara bera lortzeko bidean
Jende guztia lagun eginda bide egiteko idean
Hainbat urtetan gure ametsak hor izan dira aidean
Bakoitzak bere helburuekin atzera egin ezinean
Halanbe batzuk ekin dautsenez hortxe jarrera finean
Lortu dogu, azkenean
Jarriaz bide onean
Politikoak badoaz orain danak hastera lanean
Egizko gerra orain hasten da bakea heldu danean.
Telebistan kazetari bat ari zen espliker, alboan bertsolari gazte bat hartuta, eta bertsolari horrek (hobe haren izena isiltzea) halaxe esan zuen bertsoaren amaiera entzunda: Ze pena, Aritzek ez dau ulertu gaia. Lopategi gazteak utzi zion bertso kantatzeari; bertsolari gazte hark segitzen du, eta espero dut denborarekin iritsiko zela Aritzen bertsoa ulertzera. Ea benetan hasten den.
Nora zoaz? Où vas-tu?
Nola deitu behar zaio eutanasiari, pertsona bati ez baizik herri bati ezartzen zaionean? Ikasi beharko genuke hitz hori, behin baino gehiagotan erabili beharko baitugu aurrerantzean. Bi tokitan aditu dut denbora gutxian, Iparraldeaz ari zirela. Batek esan zidan, Euskal Kultur Erakundeak euskararen heriotza goxoki etortzea beste helbururik ez duela; besteak, Euskararen Erakunde Publikoa hizkuntzaren desagerpena kudeatzeko tresna dela.
Hitz gogorrak dira horiek guztiak. Barne minez esanak, ez debaldetan. Ez nuke erakunde horietan lan egiten duten euskaltzaleen borondatea auzitan jarri nahi. Nagusiak dituzte, naski, euskararik ez dakitenak eta interesatzen ez zaienak, eta haiek utziriko diru apurrekin eta zirrikituak baliatuz aritu behar dute. Dena dela, ez dakit arazoa agintari frantximantak ote diren soilik.
Orain dela denbora puska bat, Euskal Kultur Erakundeak iragarri zuen inkesta bat egin behar zuela, jendeari galdegiteko zer kultura nahi zuen. Ideia hori, berez, aberrazio bat da, kultura denaren eta izan behar duenaren kontrakoa. Berriki Kultur Erakundearen diru-laguntza oparoz egin diren antzerki-lan pare batean, haren ikusten izan ziren batzuek esaten zidaten hizkuntza elementu huts bat zela ikusgarri horietan, beste askoren artekoa eta ez baitezpadakoa. Euskara ulertzen ez zuenarentzat azpitituluak ziren horietarik batean, hitzak bi hizkuntzatan esaten ziren bestean: Nora zoaz? Où vas-tu?.
Horiek guztiak komentatzen ari ziren nire aurrean Iparraldeko bi kazetari: Okerrena da Kultur Erakundeak ez dakiela zer nahi duen, esan nuen nik, inkesta hura gogoan. Ez "erantzun zidan batek", okerrena da Kultur Erakundeak badakiela zer nahi duen. Hots, horko arduradunen filosofia da euskaraz ez dakienarentzat egin behar ditugula gauzak. Ondorioa: euskararik ez da behar ezertarako. Ondorioaren ondorioa: euskara errekara doa, lasterka gainera.
Oker ote nago? Agian! (Hitz honek Iparraldean beti izan duen zentzuan).
Bi elkarte
Bi kultur elkarte nabarmendu dira urte amaiera honetan, oso arrazoi desberdinengatik. Bertsozale Elkartea da bata, Idazle Elkartea bestea. Inoiz egin den bertsolari txapelketa jendetsu eta arrakastatsuena antolatu du batak; inoiz sartu den krisi, giro txar eta kakatza handienean murgildurik dago bestea, ni bazkide naizena. Bataren goraldia eta bestearen amildegia ez dira egun bakarreko kontua, ordea, bide baten ondorio eta segida baizik.
Bertsozale Elkarteak beste inork ez bezala landu du auzolana, elkartearen eta bazkideen arteko hartu-eman eta komunikazio etengabea, garbi planteatu ditu helburuak, ez dio beldurrik izan erabaki zailak hartzeari, baina denen artean hitz eginez hartu dira (asmatu den edo ez, beste kontu bat da). Ez dut elkarte hori ere idealizatuko, edonon bezala hor ere badira kalapitak eta saltsak; asko hazi da urte gutxian, liberatu mordoa du gaur egun, baita lan militantea egiten segitzen dutenak ere (borondatezko profesionalak deitzen omen zaie bertan, to eufemismoa!); funtsean, baina, bide onetik ikusten dugu.
Idazle jendeak bakarka egiten du lana; bertsolariek elkarren beharra dute beren dohainak bete-betean erakusteko, eta igurtzi etengabe horrek, tentsioarekin batera elkarlana ere badakar. Idazlearen kasuan bestela da, eta beharbada horri zor zaio Elkartearen martxan askoz ere inplikazio gutxiagoa eduki izana. Eta inplikazio gutxi horretatik datoz, neurri batean, oraingo istiluak.
Zer gertatzen da ba Idazle Elkartean? Idazle Elkartea ere hazi egin da. Batzuen ustez neurriz gain, hazkundea bera helburutzat harturik eta elkartearen independentzia zalantzan jarririk, eta hortik datozke gainerako gaitzak. Ni ez nago seguru, baina ez dut horretaz jardungo. Hazkundeak hazkunde, gaitz hauek sumatzen ditut, laburki, eta inor izen-abizenez salatu gabe. Hasteko, zuzendaritzaren eta bazkideen arteko komunikazio-falta handi bat: idazle jendeak ez ikustea bere burua ordezkaturik, arrotz sentitzea erabaki asko (hau dena zuzendaritzaren errutzat jo liteke, nahi bada, baina bazkidearena ere bada, batzarretara agertzen ez delako eta parte hartzeko dauden bideak erabili nahi izan ez dituelako); horrez gain, zuzendaritzaren eta langileen arteko harreman txarra (honetan ere nahi bezala ikus litezke erruak, baina nik ziurta dezaket langile fin, prestu eta atseginak ditugula Elkartean, orain artean inorekin arazorik izan ez dutenak); eta, amaitzeko, karguak norbere mesederako erabiltzea, dela kalkuluz, dela oharkabean (edozein kasutan onartezina).
Lerrook argitaratzerako jakingo dugu ze buruk janzten duen bertsolarien txapela. Edozein dela ere, ez daukat duda handirik ondo eramaten jakingo duela. Idazle Elkartearen aginte-makila berriz
Bloga, bloga, marinela
Horra modako hitza: bloga. Ez hitza bakarrik: sarearen barruko txoko pertsonal horiek gorakada dexentekoa izan zuten 2004an, eta 2005a egundokoa izan da. Bai munduan eta baita Euskal Herrian ere. Euskarak atzerapenik gabe harrapatu duen lehenengo iraultza komunikatibo eta teknologikoa dela esaten dute.
Modatik harago begiratuta, ordea, zer eskaintzen dute blogek? Funtsean komunikatzeko tresna dira, telefonoa, irratia edo aldizkari bat diren bezala. Horiek gero edukiz bete behar dira, eta edukiak izan litezke lerdokeriak edo perla zoragarriak. Komunikazio-bide honek baditu bere berezitasunak, hala ere, eta horietako batzuk aipatu nahi nituzke.
Bat: hitz idatziaren produkzioa izugarri handitu du. Sekula ez du hainbeste jendek idatzi euskaraz; ugaritasunak, noski, zabarkeria franko ekarriko du berarekin, baina baita non bilatua, aniztasuna, kolore eta zapore aukera zabala, esperimentuak egiteko askatasuna
Bi: harreman horizontalagoak sortzen dira, hierarkiarik gabeak. Anjel Lertxundi bezalako idazle handi baten parekoa da sarean gaxte hasiberri bixarguri edo titittentte bat: batengana bezain erraz iritsiko zara besteagana, eta norbere idazlanen interesaren indarrez bereganatuko ditu bakoitzak bere irakurle apurrak. Ez dut esan nahi demokrazia perfektuaren eredua denik, baina bai itxurakeriak eta estatusak eragin txikiagoa dutela mezuaren kalitateak baino.
Hiru: onerako eta txarrerako, gorabehera ekonomikoetatik ia guztiz aparte gertatzen da blogen kontua: idazleak ez du txakur txikirik kobratzen; publikatzeak ez du gasturik; irakurtzea debalde da (konexio eta argindarraren gastuak alde batera utzita). Horrek bitartekaritzak eta morrontzak saihestea dakar, gutxieneko teknologikoak (tresna nahiz prestakuntza) edonoren esku baitaude gure gizartean.
Lau (Post Data): hau idazten ari nintzela (azaroaren 23a), Anjel Lertxundik azaldu ditu bere blogean fenomeno honi ikusten dizkion abantailak, nik baino egokiago eta zabalago.
Zinemaren oasia
Pasa den urteari erreparatzean, euskal zinemaren gorakadaz hitz egin behar ezinbestean. Bateko Obaba daukagu, Bernardo Atxagaren liburuan oinarriturik Montxo Armendarizek gaztelaniaz filmatua, eta bestetik Aupa Etxebeste!, Asier Altuna eta Telmo Esnalek egina, ia dozena bat urtean euskaraz sortu den film luze bakarra. Armendarizi zorterik onena opa diot, eta Oscar saria irabaziko balu hobe, baina benetako azaina, madarikazio antzeko bat hautsi duena bestea izan da: egin egin dutelako, aurrena; film txukuna burutu dutelako, hurrena; eta ikusle asko bereganatu dutelako, azkena. Hiru pauso horietako lehena bakarrik eman balute, poz txiki bat izango zen; bi emanda, poz handiagoa; eta hiru urratsak eginda, sekulako poza.
Bi mila eta seia ere ez da hutsik joango, aurten aritu baitira errodatzen beste bi film euskaraz: bata Kutsidazu bidea, Ixabel, Joxean Sagastizabalen liburu arrakastatsuaren gainean Fernando Bernués eta Mireia Gabilondok zuzendu dutena; eta bestea Zeru horiek, Atxagaren izen bereko nobela laburretik abiaturik Aizpea Goenagak egina.
Kutsidazuk ezagutu du dagoeneko antzerkirako bertsio arrakastatsua, eta telebistarako beste bat ere egin omen diote. Batzuen ustez, formatu batetik bestera aldatze hori gure sormen eskasaren eta behi zaharraren errapetik tiraka aritu nahiaren erakusgarria litzateke; baina badira kontrakoa diotenak ere, hots, kultura normal, bizi eta osasuntsuaren seinale dela horrelako merchandising operazioak egitea. Nolanahi dela, izan dadila film duina, barreari ukorik egin gabe baina generoak eskain dezakeen arlotekeriarako tentazioa gaindituko duena. Eta, eskatzen hasita, izan dezala arrakasta komertziala.
Aizpea Goenagaren filmak baditu berezitasun azpimarragarriak. Bata, TVE dela produktorea; hots, Espainiako telebista publikoak dirua ipini du film bat euskaraz filmatzeko, eta hori, besterik gabe, nabarmentzekoa da. Ea txinparta bakarti eta bakartua ez den, eta ea instituzio hurbilagoak bide beretik joaten ausartzen diren. Beste alderdi aipagarri bat: aurretik aipatu ditugun bi filmak ez bezala, hau pelikula serioa da, drama bat, algara eta txorakeria gutxi izango dituena. Kalitate maila dexentekoa lortzen badu, komedietan bezala erantzungo ote du publikoak? Antzerkiaren esperientziak esaten digu gauza arin eta barregarriak nahi dituela jendeak, ez pentsaraziko dizuten kontu tristeak. Pelikulak egitea lortu dugunez gero, saia gaitezen orain ikusleen infantilismoa gainditzen.
Hau da pelikula pila! Honezkero, satisfetxoen moduan eser gaitezke aretoko butakan, ezta?, euskal kulturaren alderdi ahulenetako bat konponbidean jarri dugulakoan Ez ba, ahaztu amets horiek: kontu hauetaz ari ginela lagun batek ohartarazi gintuen, aurten film laburrak egiteko Jaurlaritzaren diru-laguntzetara ez dela aurkeztu euskarazko proiektu bakar bat ere. Basamortuaren erdiko oasi modura geratuko ote dira 05-06ko pelikula hauek?