Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Txistu nori jo

Txistu nori jo

xme 2006/01/19 16:29

Ostiral honetan jai eman digute Donostian lan egiten dugunoi, baina nik ezin huts egin zuekin dudan hitzordu honi, eta gaur ere txorakeriaren bat asmatuko dut. Donostiaren eta San Sebastianen ohoretan, hori bai.

Danborradako ikurrinaren igoeran emakumeek ere parte hartuko dutela-eta, baten batek gogora ekarri du nola Gaztelubidekoek Etxezarreta "persona non grata" izendatu zuten duela zenbait urte. Donostiako kontuak gehiegi ezagutzen ez dituztenentzako argibideak: Gaztelubide Donostiako elkarte gastronomiko tradizional horietako bat da, jauntxo jendea ibiltzearen fama daukana, igoerako ekitaldi hori burutzen duena, eta emakumerik onartzen ez duena; Ramon Etxezarreta, Partidu Sozialistako zinegotzia (sortzez urrestillarra, euskal idazlea, garai batean Euskadiko Ezkerran ibilitakoa). Aurten alkatetzak presioa egin omen dio Gaztelubideri danborradan emakumeak sar ditzan, bestela igoerako ekitaldi horretan beste konpainia bat sartzeko mehatxuarekin-edo, eta soziedadekoek azkenean amore eman.

Argibideak aski? Segi dezadan ba aurrera. Etxezarretaren kontra egundokoak bota zituzten Gaztelubidekoek orain dela urte mordoxka, baina, oroimenak huts egiten ez badit, esango nuke istilu hark ez zuela zerikusirik danborradarekin. Konta dezadan gogoratzen dudan bezala.

Ramon Saizarbitoria, euskal idazlerik onenetakoa eta dudarik gabe dotoreena, maisua da, halaber, gazteak eta xaharrak epatatzen, inor baino guayago eta iraultzaileago agertzen, tarteka. Egun batean elkarrizketa egin zioten, euskaraz, bertako kazetaren batean (eman dezagun, Argian); eta Donostiako kontuez ari zirela, galdetu zioten, esaterako, Salbeko istiluez (hemen ere argibideak eman behar gazte jendeari: Abuztuko Ama Birjinaren bezperako elizkizuna, Donostiako Aste Nagusian egun handia, eta egitarau ofizialaren barruan agintarien desfilea, Udaletxetik Santa Mariara, Kale Nagusian zehar; urte batzuetan egitarau alternatiboaren muina zen desfile horretan zihoazenei -Ardantzari batez ere- txanponak, txistua eta irainak botatzea). Salbeko istiluez galdetu zioten beraz Saizarbitoriari, eta honek erantzun oso erraza zela Ardantzari-eta txistu egitea; baina benetako karkak, herriko bunkerra, esentzien gordailua eta aginte faktikoa Gaztelubiden zegoela, eta egiazko errebeldia-ekintza izango zela, ez Salbeko desfileari txanponak botatzea, baizik eta Gaztelubidekoek "Festara" abesten zutenean hara joan eta haiei aurre egitea. Horrelako zeozer esan zuen Saizarbitoriak, baina gure idazleak badaki non zer esan ondo gelditzeko, eta boutade hori euskaraz bota zuen. Irakurri genuenok irri txiki bat egin genuen, eta aurrera.

Handik pixka batera edo puska batera, Ramon Etxezarreta (Saizarbitoriaren laguna, izenkidea, eta gutxi gorabehera gogaidea) artikulu bat idazten jarri zen (gaztelaniaz seguru, eta seguru asko El Diario Vasco-n). Ezker abertzaleko jendea nahiko zuen zirikatu, ohi zuen moduan, eta, Saizarbitoriaren burutazio hura gogoratuta, halaxe bota zien: hain erradikalak baldin baziren, Salbeko desfilea izorratu ordez joan zitezela Gaztelubidekoengana, eta abar eta abar. Gaztelaniaz. El Diario Vascon. Eta egundoko zaparrada etorri zitzaion, "persona non grata" izendatzeraino.

Aspaldiko pasadizo hau etorri zitzaidan BECeko bertsolarien finalean, baina loturak eta zergatiak hurrengoan azalduko ditut, dagoeneko asko luzatu naiz eta. Asteburu ona pasa, bai danborreroek bai beste larru batzuk nahiago dituzuenok.

etiketak: Saski Naski
ramon etxezarreta
ramon etxezarreta dio:
2006/02/01 02:03

Gaur, urtarrilak 31, irakurri dut aurreneko aldiz hau. Zer esan? Neri dagokidanez egia erdirik ere ez. Potroetaraino.

matxalde
matxalde dio:
2006/01/20 17:40

Bertsolarien finala aipatuta, uler daiteke... Istiluak, oihuak, zaratak... Berdinak izango al lirateke beste partidukoren batek emango balitu sariak? "Gurea" balitz libre? Garibaldiren jarraitzaileak izaten jarraitzen dugu.

Magabila
Magabila dio:
2006/01/21 18:26

Galdera bat: dagoeneko ez al dizkiote arrautzak botatzen Odoni?

Norbaitek tradizioa zela esan zidan, baina lehengoan ez nuen arrautzik aidean ikusi.

Besterik gabe

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.