Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zinemaren oasia

Zinemaren oasia

xme 2006/01/10 09:17

Pasa den urteari erreparatzean, euskal zinemaren gorakadaz hitz egin behar ezinbestean. Bateko “Obaba” daukagu, Bernardo Atxagaren liburuan oinarriturik Montxo Armendarizek gaztelaniaz filmatua, eta bestetik “Aupa Etxebeste!”, Asier Altuna eta Telmo Esnalek egina, ia dozena bat urtean euskaraz sortu den film luze bakarra. Armendarizi zorterik onena opa diot, eta Oscar saria irabaziko balu hobe, baina benetako azaina, madarikazio antzeko bat hautsi duena bestea izan da: egin egin dutelako, aurrena; film txukuna burutu dutelako, hurrena; eta ikusle asko bereganatu dutelako, azkena. Hiru pauso horietako lehena bakarrik eman balute, poz txiki bat izango zen; bi emanda, poz handiagoa; eta hiru urratsak eginda, sekulako poza.

Bi mila eta seia ere ez da hutsik joango, aurten aritu baitira errodatzen beste bi film euskaraz: bata “Kutsidazu bidea, Ixabel”, Joxean Sagastizabalen liburu arrakastatsuaren gainean Fernando Bernués eta Mireia Gabilondok zuzendu dutena; eta bestea “Zeru horiek”, Atxagaren izen bereko nobela laburretik abiaturik Aizpea Goenagak egina.

Kutsidazuk ezagutu du dagoeneko antzerkirako bertsio arrakastatsua, eta telebistarako beste bat ere egin omen diote. Batzuen ustez, formatu batetik bestera aldatze hori gure sormen eskasaren eta behi zaharraren errapetik tiraka aritu nahiaren erakusgarria litzateke; baina badira kontrakoa diotenak ere, hots, kultura normal, bizi eta osasuntsuaren seinale dela horrelako merchandising operazioak egitea. Nolanahi dela, izan dadila film duina, barreari ukorik egin gabe baina generoak eskain dezakeen arlotekeriarako tentazioa gaindituko duena. Eta, eskatzen hasita, izan dezala arrakasta komertziala.

Aizpea Goenagaren filmak baditu berezitasun azpimarragarriak. Bata, TVE dela produktorea; hots, Espainiako telebista publikoak dirua ipini du film bat euskaraz filmatzeko, eta hori, besterik gabe, nabarmentzekoa da. Ea txinparta bakarti eta bakartua ez den, eta ea instituzio hurbilagoak bide beretik joaten ausartzen diren. Beste alderdi aipagarri bat: aurretik aipatu ditugun bi filmak ez bezala, hau pelikula serioa da, drama bat, algara eta txorakeria gutxi izango dituena. Kalitate maila dexentekoa lortzen badu, komedietan bezala erantzungo ote du publikoak? Antzerkiaren esperientziak esaten digu gauza “arin” eta barregarriak nahi dituela jendeak, ez pentsaraziko dizuten kontu tristeak. Pelikulak egitea lortu dugunez gero, saia gaitezen orain ikusleen infantilismoa gainditzen.

Hau da pelikula pila! Honezkero, satisfetxoen moduan eser gaitezke aretoko butakan, ezta?, euskal kulturaren alderdi ahulenetako bat konponbidean jarri dugulakoan Ez ba, ahaztu amets horiek: kontu hauetaz ari ginela lagun batek ohartarazi gintuen, aurten film laburrak egiteko Jaurlaritzaren diru-laguntzetara ez dela aurkeztu euskarazko proiektu bakar bat ere. Basamortuaren erdiko oasi modura geratuko ote dira 05-06ko pelikula hauek?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.