Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Orain hasten da

Orain hasten da

xme 2006/01/14 09:00

Balantze gisako hauetan beti hitz egin ohi dut literaturaz eta politikaz. Gaur literaturarik ez, eta politika ere apenas. Giro berri bat sumatzen da airean, horrek aldaketarik ekarriko duen ez dakigu baina. Aldaketak aldaketa, euskaltzaleontzat lehengoan jarraituko du auziak, funtsean. Marko juridikoaren balizko aldaketak ez dizkigula babak eltzetik aterako, alegia.

Bertsoak eta txapelketak aipatu ditut lehen, eta horrelako batekin amaituko dut. 2000. urteko abendua zen, Bizkaiko txapelketaren finala. Bernardo Mandaluniz gai-emaileak kartzelako gaia azaldu dio Aritz Lopategiri, hiru bertso osatzeko: “Hainbeste kostata baina, azkenik, gaur lortu dau Euskal Herriak bakea. Esaiguzu zelakoa dan egun hori”. Ni ez nintzen bertan: telebistaz ari nintzen ikusten, eta telebistaz entzun nuen Lopategiren lehen bertso hau, bederatzi puntuko handia:

Hainbat urtetan ibili gara bera lortzeko bidean
Jende guztia lagun eginda bide egiteko idean
Hainbat urtetan gure ametsak hor izan dira aidean
Bakoitzak bere helburuekin atzera egin ezinean
Halanbe batzuk ekin dautsenez hortxe jarrera finean
Lortu dogu, azkenean
Jarriaz bide onean
Politikoak badoaz orain danak hastera lanean
Egizko gerra orain hasten da bakea heldu danean.

Telebistan kazetari bat ari zen espliker, alboan bertsolari gazte bat hartuta, eta bertsolari horrek (hobe haren izena isiltzea) halaxe esan zuen bertsoaren amaiera entzunda: “Ze pena, Aritzek ez dau ulertu gaia”. Lopategi gazteak utzi zion bertso kantatzeari; bertsolari gazte hark segitzen du, eta espero dut denborarekin iritsiko zela Aritzen bertsoa ulertzera. Ea benetan hasten den.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.