Zer da hau?
Aurrena neskari ile guztia moztu zioten. Polita eta luzea zeukan, eta baldar-baldar moztu zioten, zeroan leku batzuetan, xerlo batzuk utzita han-hemen, besteek barre egiten zuten bitartean.
Gero titiak bistan utzi eta esnegaina bota zioten titietan, eta tipo nazkagarri batek miazka jan zion esnegain hura, ingurukoen txalo eta algaren artean.
-Tortura-saio bat, komisarian! -esan nion asmakizuna bota zidan lankideari.
-Hotz, hotz.
Eta jarraitu zuen:
Ondoren, titiak jan zizkion tipoa eta neska, biak biluzik, hulla-hop dantzatzen jarri zituzten, aro baten barruan.
-Film porno bat! Film gore bat! -bota nuen, asmatzeko irrikaz.
-Epelxeago, baina oraindik hotz.
Eta igartzen ez nuela ikusita, begi bistako aztarna:
Eta gero tatuaje handi bat egin behar izan zuen, berak nahi zuen tokian, baina nabarmen jarriz "Basetxea gori-gori", bere logo, kolore eta guzti.
Ez dakit non dauden duintasun ezaren mugak eta nahiago dut ez jakin, baina bide txarretik goaz; edo oso bide onetik, muga horietaraino iristeko.
Nik ikusi egin nuen, eta lotsa ematen zuen, auzo lotsa. Kontua da ETBkoak beraiek ere lotsatzen zirela, nonbait, ze irudiak difuminatu edo pixelatuta zeuden.
Telebistarako gauzak grabatu, telebistan ezin eman daitezkeenak...