Nora zoaz? Où vas-tu?
Nola deitu behar zaio eutanasiari, pertsona bati ez baizik herri bati ezartzen zaionean? Ikasi beharko genuke hitz hori, behin baino gehiagotan erabili beharko baitugu aurrerantzean. Bi tokitan aditu dut denbora gutxian, Iparraldeaz ari zirela. Batek esan zidan, Euskal Kultur Erakundeak euskararen heriotza goxoki etortzea beste helbururik ez duela; besteak, Euskararen Erakunde Publikoa hizkuntzaren desagerpena kudeatzeko tresna dela.
Hitz gogorrak dira horiek guztiak. Barne minez esanak, ez debaldetan. Ez nuke erakunde horietan lan egiten duten euskaltzaleen borondatea auzitan jarri nahi. Nagusiak dituzte, naski, euskararik ez dakitenak eta interesatzen ez zaienak, eta haiek utziriko diru apurrekin eta zirrikituak baliatuz aritu behar dute. Dena dela, ez dakit arazoa agintari frantximantak ote diren soilik.
Orain dela denbora puska bat, Euskal Kultur Erakundeak iragarri zuen inkesta bat egin behar zuela, jendeari galdegiteko zer kultura nahi zuen. Ideia hori, berez, aberrazio bat da, kultura denaren eta izan behar duenaren kontrakoa. Berriki Kultur Erakundearen diru-laguntza oparoz egin diren antzerki-lan pare batean, haren ikusten izan ziren batzuek esaten zidaten hizkuntza elementu huts bat zela ikusgarri horietan, beste askoren artekoa eta ez baitezpadakoa. Euskara ulertzen ez zuenarentzat azpitituluak ziren horietarik batean, hitzak bi hizkuntzatan esaten ziren bestean: Nora zoaz? Où vas-tu?.
Horiek guztiak komentatzen ari ziren nire aurrean Iparraldeko bi kazetari: Okerrena da Kultur Erakundeak ez dakiela zer nahi duen, esan nuen nik, inkesta hura gogoan. Ez "erantzun zidan batek", okerrena da Kultur Erakundeak badakiela zer nahi duen. Hots, horko arduradunen filosofia da euskaraz ez dakienarentzat egin behar ditugula gauzak. Ondorioa: euskararik ez da behar ezertarako. Ondorioaren ondorioa: euskara errekara doa, lasterka gainera.
Oker ote nago? Agian! (Hitz honek Iparraldean beti izan duen zentzuan).
Hori erakunde erdi-pribatu batek egitea tira, baina ETBn ere horrelakoak ikus daitezke. Egun batean, "La Selva Esmeralda" (Euskarazko izena auskalo zein den) izeneko filma ikusten ari nintzen ETB1en. Filmaren zati gehiena Amazonaseko tribu batean gertatzen da, eta elkarrizketak yanomamiz-edo direlarik...AZPITITULUAK PARATZEA AHAZTU ZITZAIEN! Lan horietan aritzen direnek badakite gauzak nola dauden: Txapuza bat egiten badute, ez ditu inork kalera botako, filme horiek ez ditu eta inork ikusten. Espainolezko filmeak euskaraz bikoizten dituztenean bezala. Horrelako txorakeriak egiteko dirua izanen da noski,...