Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gora legea! Heil!

Gora legea! Heil!

xme 2006/01/19 08:47

(Gaur Berria-n ateratako iritzia, baina hemen zentsura linguistikorik gabe)

Leninek txiste hau kontatzen omen zuen alemanen gainean:

Erabaki dute langile aleman sozialista batzuek protesta antolatzea, behar bezalako greba, manifestazio eta guzti. Hiri inguruko fabriketako beharginek geldiarazi dituzte beren lantegiak, eta, trena hartuta, hiriburura datoz denak, burgesak izutuko dituen agerraldi jendetsua egitera. Geltokiko nasa batean utzi zituen trenak, baina, nasatik irteerara pasatzeko seinalea emango zuen enplegatua falta zenez (hura ere grebalaria nonbait), hantxe gelditu omen ziren sindikalista beldurgarri haiek, geltokitik atera gabe.

Kautskyren alderdi sozialdemokrata txukun eta ordenatu hura iraultza egiteko gauza ote zen zalantza izango zuen Vladimir Ilitxek, noski, baina ez nator hona ezkerreko mugimenduen historia berregitera. Tovaritx zaharraren adarjotze horrekin gogoratu naiz egunotan, Espainian tabakoaren lege berria ezarri denetik, eta horretaz hitz egin nahi nuen.

Berriz ere erretzearen edo ez erretzearen matraka? Ez, ez: zaudete lasai, nahikoa kalaka izaten dugu bestela ere eta. Legeaz jardun nahi nuke: legearen edukiaz ez baizik eta goitik etortzen diren agindu, dekretu, debeku eta bestelako arauei ematen diegun tokiaz eta garrantziaz.

Batzuek esaten dutenari sinestera, munduko bazterrik iraultzaileenean bizi gara. Estatuei aurre egiten diegu, instituzio herrikoi paraleloak sortzen ditugu, auzolanerako eta autojestiorako tradizio sendoak ditugu, nazioarteko kooperazioan puntaren puntan gabiltza, erakunde arrotz eta bidegabeen aurrean insumisioa praktikatzen dugu Ba ote?

Espainiako gorteek joan den urteko abenduaren 26an onartu zuten 28/2005 Legea, “tabakismoaren kontrako osasun neurriak ematekoa eta tabakoaren salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzekoa”, eta Urteberritik aurrera indarrean da Hego Euskal Herrian. Harrezkeroztik asko hitz egin da lantokian erretzearen debekuaz, tabernetan erretzeko baimenaz edo mugaz, batzuk alde, besteak kontra, estuegia ote den, oraindik murriztaileago jokatu behar ote zuen, tolerantziaren kontra doala, guztien hobe beharrez egiten dela, erretzaileak gutxituko direla, ez direla, batzuen eskubideez, besteen betebeharrez Hau da, etengabeko solasa eta kalapita izan da legearen alde eta kontra, baina badirudi inork ez duela zalantzan jartzen Legeak (letra larriz idatzita) geure bizitza arautzea bera.

Eta horretara nindoan. Ez da bakarrik Espainiak gure gainean duen agintea legitimoa den edo ez den, EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan) zein Nafarroan horretarako eskumenik izan beharko genukeen edo ez genukeen (ez al ziren ba osasuna, lan-segurtasuna eta ostalaritza gure erakundeen eskuduntza?). Horretaz ere jardun gintezke, baina beste batentzat utziko dut. Madrilekiko menpekotasunetik haraxeago joanez, beste kontu hau ikusarazi nahi nuke: hain ardi otxanduak ote gara, geure bizitza gobernatzeko eta gizarteko bizikidetza antolatzeko ahala Estatuari emateko itsu-itsu?

Berriro diot azaltzen ari naizen arazoa ez dela erretzen uzten diguten edo ez. Nik neuk ez dut sekula erre, eta aukeran nahiago dut ingurukoek ere erretzen ez badute, baina egia esanda ez naiz gehiegi kezkatu izan horretaz; hala ere, izututa geratu nintzen norbaitek, lege honen harira, zera bota zidanean: “Orain lantokian norbait erretzen ikusiz gero salatu egin beharko duzu, ezta?”. Ardi otzan ez ezik gainerakoen txakur eta zelatari bihurtu behar ote dugu? Poetak esan zuen bezala, “izaitetik hek bezala Ortzi jaunak zaint gaitzala”.

Itxura kristau zintzoaren azpian, sakonean herri indibidualista eta kasik akrata bat garela esan izan du hainbat pentsalarik. Ispiluan bere burua berez den baino ederrago ikusten duenaren irudikeriak izango dira horiek denak. Onartzen dut, bai, badela gure artean osagai errebelde bat baina, tamalez, gero eta konbentzituago nago gure auzo estatuak etsaitzat hartzearen poderioz, Estatua bera idolatratzera iritsi garela. Inposaturiko nortasun agiria harrika bota ez baina geuk sortzen dugu beste bat. Beste legeria bat nahi genukeelako Legeari gurtza eta erreberentzia erakusten diogu, eta “herri-identitateari” zuzenean erasotzen ez badio inork ez du txintik esaten. Non geratu da, ordea, gizartearen burugaintasuna? Ez dakit nazio askerik eraikiko dugun baina jendarte libre eta bere kasakoa moldatzeko ezgauza garela erakutsi dugu behintzat. Ez naiz ni lantuka hasiko baina aitor dezagun paradero triste samarra dela halako askapen eta emantzipazio ametsak izan ondoren.

Leninen iraultzak ez zuen askoz atarramentu hobea izan baina.

matxalde
matxalde dio:
2006/01/19 13:46

1- Nire lankideetako batek oso urrun joan behar du tabakoa erostera, kafea hartzen dugun tabernan ez baita makinarik. 2- Batzar gelan bestelako giroa somatzen da, garbiagoa (makinako kafea lehen bezain txarra). Tira, egunkariak eta irratiak eta telebistak eta... bete egin behar dira eta. Hau garrantzitsuagoa iritzian aipatutako beste batzuk baino. A! Konturatuko ote estatua lan egiteak dakartzan kalteak? Libra gaitzala gaitz guztietatik (Esaldi hau ere kristaua zen, ez da?)

Ote
Ote dio:
2006/01/20 18:35

Jakin al daiteke zer zentsuratu dizuten Xabier?

Jozulin
Jozulin dio:
2006/01/19 15:41

Ba nik duela urtebete edo utzi nion erretzeari eta berriro hasteko gogoa ematen dit lege honek, zinez diot. Laster, ikusiko duzue, alkoholaren aurkako gurutzada hasiko da eta urte batzuk barru -geuk ikusiko dugu- osasun publikoak ez ditu erretzaileak artatu nahi izango. Eta aurrerago alkoholikoak, eta geroago hipertensoak, lodiak... Eta orduan ere progre asko eta asko neurrien alde egongo dira, "kausa zuzenaren alde borrokatu beharrean biruela eta barizen kontra", ergelak bezala, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira. Enpin!

leire
leire dio:
2006/01/19 14:34

Asko gustatu zait artikulua, Xabier. Orain begiratu behar zein zentzura linguistiko izan duzun!-:) (talibana izatearen ajeak)

Arrazoia duzula uste dut. Indibidualistak gara, ados jartzea ia ezinezkoa zaigu. Eta gainera, sobietiko samarrak. Gure buruzagien menpekoak, legeari men egiten diogunak. Euskaldun zintzoak, finak, beharginak.

Baieztapen biak kontrakoak diruditen arren, horrelakoxea da gure herria, kontraesanez betea. Ez hain iraultzaile, ez hain libre, ez hain "guai".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.