Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Eskolako liburuak debalde?

Eskolako liburuak debalde?

xme 2006/01/16 11:45

(Joan den asteko Argia-n kaleratua)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asmoa omen du eskolan erabiltzen diren ikasliburuak ikasleei doan emateko. Ze ondo, ezta?, pentsatuko duzu. Bai baina ez. Gaiak koxka asko ditu, eta pare bat buelta ematea merezi du, hobe beharrezko astakeriarik erabaki baino lehen.

Orain arte plazaratu denez, hauxe omen da proposatzen den plana: eskolak berak erosiko ditu liburuak; haurrari emango dizkio gero maileguan; eta haur horrek, urte osoan erabili ondoren, ikastetxeari itzuliko dizkio liburu horiek, hurrengo ikasturtean beste neska-mutil bati utzi diezazkioten. Liburuek, hartara, dozenerdi bat urteko bizitza izango lukete, eta familiek batere gasturik ez. Hortaz, denok pozik?

Sistema horren oso antzekoa erabiltzen genuen gure auzoan txikiak ginela, orain dela hogeita hamar urte. Ez gobernuak araututa, ezpada jendeak berak: bizilagun bat baldin bageneukan gu baino urtebete zaharragoa, harixe eskatuko genion eskolako liburuak uzteko, ikasturtea hastean; eta gure ondoren beste batek erabiliko zituen gero, liburua guztiz hautsi edo ikastetxeak beste testu bat proposatu arte. Gizarteak berak alde batera utzi baldin badu mailegu informal hori, bi arrazoirengatik izan da: ongizate-maila handitu egin dela, eta liburua ondasun moduan estimatzen ikasi dugula.

Eta orain Hezkuntza Sailak legez berrezarri nahi. Ondorioei asko begiratu gabe ordea. Izan ere, ez dira gutxi, asmo hau aurrera ateraz gero, kaltetuta aterako diren arloak. Hasteko eta bat, liburu-dendak. Lehen ere zartako latza eman zien PPren gobernuak eskola-liburuen prezio librea ezarri zuenean, saltoki handien onerako, txikiek ez baitzeukaten beherapena nondik egin. Eta zer axola niri denda txikiak?, pentsatuko duzu. Ba, zuri ez dakit, baina irakurketa eguneroko ohitura legez bultzatzea interesatzen zaion ororentzat oinarrizkoa beharko luke herrietako dendak bultzatzea. Honek kontrako bidea hartzen du.

Hurrengo kaltetua argitaletxeak dira, bistakoa denez. Horiek ere ez zaizkizula axola erabaki dezakezu, eskubide osoz, baina erne: euskal argitaletxeak aski larri ibili ohi dira eskolako materiala ateratzeko, gure demografiaren berezko mugak direla-eta (horretaz jabeturik sortu zituen Jaurlaritzak EIMA programak); orain, argitaletxe batzuk arriskuan egon litezke eta beste batzuek utzi egin diezaiokete ikasliburuak ateratzeari; hala gertatuz gero, nork ziurtatuko du euskal kurrikulumaren irakaskuntza gutxienekoa? Nolakoak izango dira kanpoko argitaletxeetatik etorriko diren mapak, irakatsiko den historia? Pentsa pixka batean horretaz.

Sortzaileak ere ez dira libratuko: asko eta asko dira eskolako materialak sortzeko lanetan dabiltzan marrazkilari, idazle, diseinatzaileak, eta horien lana nabarmen murriztuko da; libre zara ez zaizula inporta esateko, baina ez esan gero euskal kultura inporta zaizunik.

Kulturgintzaren sare industrial osoa ukitzeaz gainera, erabiltzaileei eurei ere ez die mesederik egingo. Ez duzula uste? Horra. Batetik, liburuetan aukera txikiagoa izango da, eta beharbada eskasagoa ere bai, merkezurrean egin beharko bailituzkete batzuek testuak. Bestetik, ikasturte osoan, egunero-egunero lan-tresna izango duen liburuan haurrak ezin badu oharrik erantsi edo azpimarrarik egin, tresna horren balio pedagogikoa gutxitu egiten da, dudarik gabe. Liburua gordetzeak eta handik denbora batera kontsultatzeak duen balioa ahaztu gabe. Nik ez nuen aukerarik izan, eta ez nieke gaurko neska-mutilei aukera hori ukatu nahi.

Orduan zer, gurasoak urtero eta haur bakoitzeko 100 euro gastatu behar?, galdetuko didazu. Irakaskuntzaren doakotasunean sinesten dut nik, txikietatik unibertsitatera, eta horregatik uste dut badirela bideak: liburu guztien prezioa administrazioak bere gain hartzea, horretarako borondatea eta dirua baldin badago, eta beharra dutenentzako beka sistema bestela. Mailegua, zintzo esanda, kultura osoa pobretuko lukeen txapuza demagogikoa iruditzen baitzait.

ptx
ptx dio:
2006/01/16 21:05

Xabier, Argian ez daukagu erantzuteko modurik, aukerarik. Baina blogean bai. Kultura pobretze hori azalduko duzu? Badakit Elkar horretako langilea zarena, badakit zure iritzia eta zure jefeena dela artikulu honetan ikusi dudana.

Baina enpresa gutxiago irabaztea eta kulturaren pobretzeak ez du zertan kausa-ondorioa izan behar.

Nik, egia esan, eskola liburuak maileguan izatea, printzipioz ez dut txarto ikusten. Badakit, aspaldi honetan, ikasturte hasieretan sekulako atrakoak egiten zaizkiela guraso guztiei. Eta hori bai ez dudala ondo ikusten.

Lehen, liburuaren bizitza luzeagoa zen, orain mapen aitzakiarekin, laburtu egin diote argitaletxeek bizitza liburuari berari.

Baina, otoi, azaldu egiguzu zern den kulturaren pobretze hori. Bai?

Robin Hut
Robin Hut dio:
2006/01/19 17:55

Aupa denoi. Nik ulertzen dut Xabierren argudio batzuk ez konbentzitzea kontsumitzaile pribatu baten ikuspuntutik eta agian egia da bere lanpostuak bere jarrera baldintzatu izana. Baina horrek ez du esan nahi planteatzen duen guztia oker dagoenik.

Maila pertsonaletik haratago dauden komeriak ere planteatzen ditu Beasaindarrak eta hor bete-betean asmatzen du. Alegia, zer ondorio lekarkioke (espero dut trinko hori ondo egotea bestela...) euskal kulturgintzari orokorrean neurri horrek? Hasi pentsatzen... Gobernuak akordioren bat egin beharko luke argitaletxeren batekin (ez askorekin: bat, bi?) eta besteak zer? gurean ez gara ari hispanoek edota galoek duten merkatu zabal, kultura potente eta hizkuntza handiez. Hemen, lagunak, hiru milioi exkaxeko biztanleria duen Herria eta milioi erdi euskaldunez ari gara (Zenbaki baikor bat emateagatik, nahiz eta HPSko optimistek noizean behin ehun mila lagun gehitu gure tribu linguistikora).

Imajinatzen duzue EUSKAL paisaia editoriala erabaki horren ostean? Akaso euskal argitaletxe bat aurrera eta txiki andana txarto edo ixtekotan... edo txarrago, argitaletxe hispano guay bat (hori bai bertoko branch-ari euskal izenene bat jarri ostean) euskal merkatuaren jaun eta jabe.

Orain goazen aztertzera zernolako edukiak argitaratuko lituzketen argitaletxe arrotz horiek. Euskal Herria bezalako kontzeptuak aurkituko dituzula uste duzu? Edota Zazpi Probintziak (etzara Udalbiltzakoa izan behar euskararen lurraldea dela onartzeko)? Seguraski EAEko Lurralde Autonomoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa erruz aipatuko dute baina ez Leitza ta Tolosaren artean dauden harremanak. Frantzia aldean ere euskara bixkat hitzegiten dela, igoal, aipatuko dute. Txintxoak izan eta legeria erabat errespetatuz Trebino Gaztela dela esango dute (urrutira joan gabe gogoratu Eusko Ikaskuntzako txintxoek ere Trebinu "diasporatzat" dutela!) eta abar...

Norberaren plano pertsonal egoistatik neurri hau erdi ondo edo ondo ikustea ulergarri deritzot. Baina egun guztia euskal kultura gora ta euskal kultura behera ibili ta hausnarketa hauek ez egiteari deritzot... nola esango nuke... frivolidade liviano batekin ibiltzea bizitzan zehar.

Enfin, boteprontoan idatzitako lerro batzuk.

txerren
txerren dio:
2006/01/19 16:05

Aupa Xabier;

Olegariok elkartu behar jorratutako gaiz eta autorearen izenez berdin -nahiz iritziz ezberdin- dabiltzan blog biok.

Nire ikuspuntutik, egitura industrialean eragin daitezkeen "kalteek" (nik nahiago eraldaketa deitzea) ez gaituzte itsutu behar ekimenaren lojika aztertzerakoan. Deitudazu pirateriaren apologeta, edo jabego pribatuaren ikonoklasta inkontziente, baina informazioak libre eta merke behar du izan. Bestela kulturaren kontsumoa eta kontsumoaren kultura nahasteko arriskua dugu.

Agur bero bat, paperjale.

Txabi

Olegario
Olegario dio:
2006/01/19 14:33

Kaixo xabier,

ni ez naute asko komentzitzen zure argudioek... baina tira, beste batean erantzungo dizut.

Irlandan ezagutu nuen lagun baten bloga estekatu gura dizut. Honetaz hitz egiten duelako.

Xabi Landabidea deitzen da.

http://txerren.larrutan.com/bloga/index.php?op=ViewArticle&articleId=28&blogId=1

matxalde
matxalde dio:
2006/01/17 15:07

Guk aspalditik darabilgu sistema hori ikastolan. Libburuak urtetik urtera pasatzen dira, eta gurasoek kuota bat ordaintzen dute erabileragatik. Baditu bi alde: merkeago, bai; baina gaurko ume hauek liburu berriak nahi dituzte, ez erabilitakoak, besteek inoiz azpimarratu edota marraztutakoak. Guraso batzuk, berriz, eurek esaten digute hala nahi dutela, berenn seme/alabak berareentzat nahi dituela liburuak. Eta horiek erosi egiten dituzte. En fin... lehengo etaa gaurko kultura. Kultura?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.