Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Zuretzat ez diren eskutitzak irakurtzen dituzunean

xme 2006/03/03 12:31

Giroa baretzeko, politika utzi eta herenegun zintzilik utzi nuen kontura itzuliko naiz.

Danilo Kis idazle serbiarraren "Hildakoen entziklopedia" ipuin-sorta kaleratu berri da Literatura Unibertsala bilduman. Sortako azken ipuinak, "Leninen irudia daramaten zigilu gorriak" izenekoak, balizko idazle baten gutunak agertzen ditu: Mendel Osipovitx-ek bere ezkutuko maitaleari idazten zizkionak, eta literatur kritikariak bila dabiltzanak.

Kontu normala bihurtu da, idazle batek ospe handia lortu duenean, haren bizitza pribatuaz gehiago jakin nahia. Hobe beharrez nahi baduzue, haren obra hobeki ulertzeko giltzak eta aztarnak lortzeko. Hala ere, niri halako erreparo bat sortu izan dit beti joera horrek.

Behin batean lagun idazle eta Rulforen miresle batek idazle mexikarraren liburu bat utzi zidan, gero emazte izango zenari ezkongaietan idatzitako gutunez osatua. Irakurtzen hasi eta ondoez moduko bat sentitzen nuen: zer nabil ni inoren gutun pribatuetan muturra sartzen? Eta bertan behera utzi nuen liburua. Ez dut esan nahi txit bertutetsua naizenik horregatik: hurbileko ezagun baten kontu ezkutuak jakiteko tentazioari ez dakit eutsiko niokeen.

Hala ere, gogaikarria da ikerlari batzuk, obra aztertu ordez, nola egoskortzen diren inoren intimitatean lardaskan, jakintzari egundoko ekarpena egiten diotelakoan gainera. Gogoan dut noizbait entzundako ika-mika, Rosalia de Castro poeta galiziarraren gutunak zirela eta. Manuel Murguia euskal jatorriko historialaria zen Rosaliaren senarra; diotenez, Murguiak erre egin omen zituen emazteak berari bidalitako gutunak, eta literatur ikerlari batzuek gizonaren txarkeria eta zitalkeria ikusten zuten hor, geroari lapurtu egin ziolako poeta handi haren bizitza eta burubideak hobeto ezagutzeko aukera.

Datorren mendeko filologoak imajinatzen ditut, "Arkeologia informatikoa" ikasgaian ikasitakoei esker, gaur egungo email zaparradan uxarka, probetxuzko bazkaren bat non topatuko...

Borroka-zelaiaren hedaduraz

xme 2006/03/02 13:13

Michel Houellebecq idazle frantsesak bere hasierako obretako bat du "Extension du domaine de la lutte" (gaztelaniaz, "Ampliación del campo de batalla"). Liburu horrekin ez du zerikusirik baina, izenburu hori etorri zitzaidan gogora atzo, berriak entzuten ari nintzela.

Imajinatu borroka-zelai bat. Gerra baten erdian gaude, gudaldi bat jokatu berri da, eta armada biak zein bere lubakitara erretiratu dira. Erdian, berriz, hildakoak, alde bateko nahiz bestekoak. Borrokaldia amaitu eta gero, izango da momentu bat, handik ordu batzuetara edo biharamunean, gorpuak jasotzekoa, eta nik imajinatu nahi dut lubakietako inori ez zaiola burutik pasako une hori aprobetxatzea etsaiari jo eta tiro bat sartzeko kopetaren erdian.

Ez dakit gudaren humanizazioa den hori, edo Genevako konbentzioaren atal bat, edo logika militarraren azpitik dagoen zentzunak agindutakoa. Berdin zait: gorrotoaren gainetik, hildakoari gutxieneko errespetu bat zor zaio, eta harekin bat egiten dutenei ere bai.

Gizalege hori ez da askotan betetzen, zoritxarrez. Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak gogora ditzaket, Tolosako hilerrian, eta beste hainbat, zerrenda nahi beste luza dezaketenak. Beste aldetik ere gogoan daukat noizbait komunikabideetan irakurria (ezin jakin egia den baina), ETAkoek asmoa zutela Ordoñezen hilobi ondoan lehergailua jartzeko, haren omenezko ekitaldian PPko kide mordoxka akabatzearren; hilketak berez duen zirrarari makabrotasun berezia eransten zion plana, dudarik gabe.

Horregatik penatu eta haserretu nau Jaurlaritzako Barne Sailaren erabakiak Igor Anguloren hileta-omenezko ekitaldia debekatu duenean, terrorismoaren apologia izan zitekeelakoan. Javier Balza pertsona neurritsu eta bizkortzat daukat, baina kargu horretan dagoenak jakin behar du, legearen interpretazio estutik harago (kasu honetan ez da inongo epaileren agindurik izan), gizatasunez jokatu behar lukeela. Hildakoei eta bizidunei zor zaien errespetuarekin.

Borroka-zelaia, zabaldu ordez, ea denon artean murrizten hasten garen.

Gwyneth Paltrow Sabino Aranaren gutunak irakurtzen

xme 2006/03/01 13:44

Bart gauean, "Posesión" izeneko film bat ikusi nuen ETB2an. Oraingo literatur ikerlari pare bat (neska eta mutila) XIX. mendeko poeta pare bat aztertzen dabiltza (andrea eta gizona). Poeta biak lotzen dituzten gutun batzuen bitartez elkartuko dira ikerlari biak, eta hortik aurrera aurrerakoak.

Ez zen film ona izatera iristen, denbora-pasa txukuna izan arren. Gwyneth Paltrow zontzonaren miresleentzat zoragarria. Dena dela, filmak hizpidea ematen didalako aipatu dut, aspaldidanik hona ekarri nahi nuen gaiari lotzeko: ospetsuen gutunak, eta bereziki idazleenak.

Joan den urteko bere azken alean, Argia astekariak Sabino Aranaren amodio-gutunekin osatu zuen erreportajea, Joseba Agirreazkuenaga historialariak idatzita. Poztu ninduen, ez jakin-min berezia nuelako, ezta esandakoak interesgarriak iruditu zitzaizkidalako ere; izan ere, aski arruntak dira gutun horiek. Hona adibide xinple bat:

"Atxika'tar Nikole'ri / Sukarrieta / Nire bijotzeko Nikole: Gaur gabian etorriko naz orra, ta bijar goxetik ikusiko zaitut. / Zeuria beti, / Sabin"

Poztu nintzen, hain zuzen, historialari espainolistek litroka pozoi bota izan dutelako bikote horren kontra (euskal arraza garbiko emaztea nahi zuelako hartu zuela Sabinek klase apalagoko andrea, maitasun arrastorik gabe; Nikole alargundu eta gero guardia zibil batekin ezkondu zela eta abar). Batzuek pozoia bota, eta hemengo askok irentsi. Gutunak irakurrita, berriz, bikote normaltxo bat ikusten dugu, gazbako samarra, orduko girokoa. Harreman intimoetan lider karismadunak ere oinbiko diren seinale, eta artista handiak gizaki arrunt.

Baina artisten gutunez, hurrengoan jarraituko dut.

Ezer egin aurretik

xme 2006/02/28 12:26

Igor Anguloren heriotzaz ez nuen hitz egin nahi, isilik joatea erabaki duenak isilik joaten uztea merezi duelakoan, hala izan baldin bada behintzat. Atxiloketa-aldiko torturak, Euskal Herritik kanpo edukitzea, espetxe horretako euskal preso bakarra izatea... Kontu asko hartu litezke hizpiderako, baina beste bat gertatu zait deigarria.

Zigorra 34 urtekoa zuela irakurri dut, eta leporatu zizkioten delituak, berriz, hauexek: talde armatuko kide izatea, dokumentu faltsuak edukitzea, armak edukitzea eta leherkariak edukitzea. Hau da, ekintzarik bat ere ez. Poliziaren eraginkortasunaz hitz egin genezake, edo erakundearen egoera kaxkarraz, ekintzaileak ezertan hasi aurretik harrapatzen baitituzte.

Beste alderdi bati errepara iezaiozue ordea: komandokide izate hutsagatik 34 urteko zigorra; delitu desberdinak diren edo bakarrean integra litezkeen, ez naiz eztabaida juridikoan sartuko. Alderdi operatibotik, hala ere, argi dago haien batasuna. Eta argi dago, halaber, kode penalak eta sistema judizialak delitugile jakin batzuekin erakutsitako ankerkeria.

Eta gero eta gogorrago bihurtu nahi dituzte gainera.

Gure esku baldin badago...

xme 2006/02/27 14:40

(Astelehen inautez, Iparraldeko haurrideei, barkatuko nautelakoan)

(Negoziazio-mahai bat. Hor nonbaiten...)

-... eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa!

-Joder! Esan ez dizuegu ba hori gure eskumenetik kanpo dagoela?

-Gure herriaren zatia den aldetik, herri osoak izan behar du konponbidean partea.

-Baina beste estatu bati dagokio auzia.

-Guk estatuei egin diegu enplazamendua, negoziazio-mahaian eser daitezen.

-Eta hemen gaude gu. Frantziak egon nahi ez badu, ez da gure arazoa.

-Ba, hautsi egiten da negoziazioa.

-Nola hautsi egiten dela?

-Horixe. Bertan behera utziko dugu su-etena.

-Ez izan eroak! Zuen suizidioa izango da, ez al zarete konturatzen?

-Zuek ere ostia ederra hartuko duzue.

-Presoak kartzelan ustelduko dira.

-Ohituta gaude horretara. Baina PPkoek hauteskundeetan emango dizueten jipoioa...? Prest al zaudete horretarako?

-Izan gaitezen zentzudunak. Eser gaitezen, arazoak hitz eginez konpontzen dira eta.

-Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa.

-Guk hor ezin dugula ezer egin! Gure borondate ona erakutsi dizuegu, Trebiñu eta Villaverde Turtziozekin.

-Hori ez da nahikoa.

-Zer gehiago eskaini dezakegu orduan? Gure esku baldin badago...

Isiltasun une bat; begi-keinua egin eta gero etorri da erantzuna:

-ERRIOXA!

Urteak kentzen ibiltzen bazara...

xme 2006/02/24 13:53

Aspaldi konturatu nintzen zenbat gustatzen zaion jendeari txikitan ikusitako telebistako saioak komentatzea. Norbaitek aipatzen badu "La casa de la pladera", umetan hura ikusitako guztiak hasiko dira gogoratzen: "A, bai, Charles Ingels, eta itsu geratu zen hura, Laura". "Ez -esango du beste batek-, Laura beste alaba zen, itsu geratu zena Mary zen". "Eta nola zen atso sorgin hura...?". Eta abar.

Zaletasun horrek, noski, berehala sortzen ditu belaunaldi-kideen arteko loturak, elkarren ezezagunak izanik ere erreferentzia berberak dituztela ikusi bezain laster.

Hala ere, behin batean emakume batek konfiantzan esan zidan bezala, ez dago norberaren adinaren salatari ozenagorik zure txikitako saio kuttun horiek baino. "Los chiripitifláuticos" aipatzen duenak 45 urte inguru dauzka. "Un globo, dos globos, tres globos" dioenak 40. Mazinger Z, Heidi, Marco aipatzen dituenak, 35etik gora. Eta abar.

Horregatik esaten zidan neska horrek, bera Gabi, Fofo, Miliki eta horiekin hazitakoa izan arren, telebistari buruzko solasa sortzen zenean "La bola de cristal" aipatzen zuela beti, umetako oroitzapenetan.

Peru Magdalena: “Arrazoia gainbolaratua dago, eta gizakiaren beste gaitasun asko atrofiatuta”

xme 2006/02/23 09:00

Peru Magdalenak (Durango, 1980) bere lehenengo liburua dakar, Beasaingo Igartza bekako akzesitari eskerrak. Ipuin bilduma ezohiko bat da “Lile”, bizi-indarrez eta sormen-liluraz gainezka egiten duena, egileak berak bezala. Aldi berean, pintore legez zabaldu berria du bere lehenengo erakusketa, Durangoko Jai Berri tabernan.

Zure lehenengo liburua kalean: pozik?

...puf! Oso. Asko. Gehiago. Oso-oso pozik nago. Liburu bat da, geratuko da, eta desio nuen eran egin du hegan ningandik. Esan gura dut beti izan dudala, eta azken epoketan gehiago, susmo moduko bat. Gura nuen liburu aske bat, bizia, zintzoa. Utzi gura nuen bizi nauen sasoi honen isla bat, munduarekin bizitzeko era hau agertzea gura nuen liburuan. Eta uste dut, eraren batean edo bestean, hori hor dagoela.

Zer edo nor da Lile?

Lile da nigan oso bizirik dagoen neska bat, edo bat baino gehiago. Bizitakotik geratu zaidan irudi bat. Uste dut ez daukala karnetik edo argazkirik, ezin dizut izenik eman. Izugarri maite dut oraindik. Barruan geratu zait dardara moduko bat. Neska hori da, hain bera eta leherkari, inoiz alboan izan dudana, batzuetan alboan izaten dudana, eta geroan ere izango dudana. Dudarik ez. Dudan dudan duda. Du-dan, du-dan. Ja, ja...

**...eta “Lile” izena?**

Izena behar nuen, bai. Irudi horrek, nahasketa horrek, izen bat behar zuen baldin eta idatziko banuen. Eta nik badakit inguruarengan sinistuz gero, inguru honek, ulertu bedi munduak gura izanez gero, lagundu egiten zaituela. Beraz, altuan silabak esaten hasi nintzen, “plin ka tuk tzi lu mo te li le iot xul mi...” Eta pun! Hor agertu zen, Lile. Eta bi silaba horiek izan ziren, li, le. Ezin zuen bestela izan.

Gogo edo giro batek blaitzen ditu liburuko ipuin eta poemak. Estiloz badute loturarik ala...?

Hori igual beste batek esan beharko luke, baina bai, nik uste dut baietz. Nik uste dut, edo badakit, gauzei barrutik, barruenetik irteten utziz gero, eurek berez hartzen dutela estilo bat, batasun bat. Eurak bakarrik borobiltzen dira. Bestalde, blaitu oso aditz polita da. Hurrengorako lapurtuko dizut.

Eta gaien aldetik?

Gaien aldetik ere antzerako zerbait. Bizi nauten gaiak egongo dira liburuan. Edo... ez... ez dira gaiak, hori gezurra da. Ez daude gaiak, honela, kaxoi itxietan bezala, kristalezko poteetan eta bakoitza bere etiketarekin. Anabasa moduko bat dago, sare oso nahastu bat. Eta hor daude gai guztiak, finean gai bakarra osatzen duten bizitzan. ...Jode, zelako esaldia azkenengo hau...

Istorioek ez daukate leku-garai jakinik; hala ere, zein neurritan ageri dute hemengotasuna, edo zenbateraino sartu dituzu zure eta zure inguruko errealitatea?

Gizakiaren barrutik irteten dena, zintzo irteten dena, beti eta leku orotan egongo da “orain eta hemen”. Hic et nunc. Hor dago hemengotasuna, oraintasuna; edo hori sinesten dut nik. Eta nire eta nire inguruko errealitatea sartu ditut, bai. Baina ezin dizut zenbateraino esan. Gauza hauek ezin dira neurtu. Uste dut benetako ezer ezin dela neurtu. Enfin. Baina bai, liburukoa ni naiz, eta nire ingurua, eta nire munduaren begirada. Osorik jarri dut horretara nire eta nire inguruko errealitatea. Gero afaltzera joan naiz. Eta bitartean batek daki zenbat sartu den liburura.

Sormenaren uholde indartsu bat nabari zaizu, poz leherkor antzeko bat; ataka guztiak libre utzi dituzu idazteko orduan, ala nahita bilatutako efektu bat da ala...?

Ez, ez. Hemen ez dago efekturik. Hemen ez dago efektu espezialik edo esperimenturik edo panplinarik. Hemen dago ni eta Lile eta beste gauza asko. Biluzik. Eta momentuan hau hola edo hala idatzi behar nuela sentitzen banuen, ba hola edo hala idazten nuen. Eta punto, buelta gehiagorik eman gabe. Hau izan da uneoro inguruan bueltaka izan dudan asmo bat: arrazoiari gehiegi parte hartzen ez uztea. Arrazoia gain-baloratuta dago. Gehiegi erabilitako tresna bat da. Eta erabiliaren erabiliaz gizakiaren beste gaitasun asko, bizitzeko eta pozik bizitzeko oso baliagarriak direnak, ahaztu edo atrofiatu egiten dira. Nik, beraz, idatzi nahi nuen intuizioei jarraika. Nire liburua utzi. Ze, arrazonatzea juzgatzea da apur bat, gizartearen kontzeptuak eta arauak erabiltzea. Eta nik neure liburua utzi nahi nuen, ez gizartearena, ez teoriena, ez delako literatura-onaren jarraibide bat. Horiek guztiak gezurretik hurbil dabiltzala iruditzen zait gainera.

Musika, pintura eta beste saltsa batzuk

Aurrekoaren ildotik, jazz musikaren aipamenak egiteaz gainera, eragin bat ere nabari daiteke, ezta?

Bai. Badago eragin bat. Edo topatu gura izanez gero topatzen da, beste gauza asko moduan. Jazz musikariek, ulertu bedi benetako jazz musikariek, momentuari jarraitzen diote asko. Inprobisazioa handia da. Ez da dena, noski. Liburu honetan ez den bezala. Norberak gauzak batu egiten ditu, barruan geratzen zaizkio, inoiz erabiliko ote dituen edo zertarako batzen dituen oso ondo jakin barik. Eta gero, momentu batzuek barruan geratutako gauza batzuk ateratzen dizkizute. Ateratze hori zuzena eta instintiboa izatea uste dut dela inprobisazioa. Eta nigan beti da honela sorkuntza. Honegatik uste dut ezin direla eraginak lista batean entzerratu. Dena da eragin, eragina zein den zehazki jakin barik. Eta uste dut jazzetik aldendu naizela, ezta? ...Baina bai, jazza, nik ulertzen dudan moduan, honelako zeozer da.

Pintura da zure beste zaletasunetako bat, eta hori ere agerian geratzen da bilduma honetan...

...bai! Ji ji... azaletik bertatik geratzen da agerian hori. Bai, konturatu naiz, gerora, pintore batzuek, Kleek adibidez, asko eragin didatela idazteko eran. Eta liburuan agertzen den beste bat, Rothko, ba uste dut bere koadroak ipuinak direla. Miles Davisek adibidez pintatzeko eran eragiten didala uste dut, eta Gorritik bizitzeko eran apur bat bastante, eta... puf, oso nahastuta dago dena. Hau lehenago ere esan dut, ezta?

Eta zure izaera multifazetiko horretan, zer ematen dizu literaturak beste arte-motek ematen ez dutenik?

Ez dakit. Egia esan ez dakit. Batzuetan idatzi egin behar izaten dut, eta idatzi egiten dut. Askoz gehiago ez dakit. Errazena igual litzateke esatea ni izateko beste era bat dela. Baina ez nago batere ziur.

Arte-esperientzia kolektiboetan aritu izan zara orain arte: Arpistak, Txaman... Hau, berriz, bakarkako lana da; bilakaera natural bat izan da?, bide biak lantzen segitu nahi duzu?

Ez dakit oso ondo, oso asmo markaturik ez daukat, ez zait helburu finkorik izatea gustatzen. Herman Hessek esaten du norbaitek helburu finko bat duenean bere begiek helburu hori baino ez dutela ikusten, beste guztiarekiko itxi egiten direla, ez duela ezer topatzerik lortzen, bila dabilen horretan bakarrik pentsatzen duelako, helburu bat daukalako eta helburu horrek itsutu egiten duelako. Eta esaten du: bila ibiltzeak helburu bat izatea esan nahi du; topatzeak, ordea, askea izatea esan nahi du, mundura zabalik egotea, helbururik ez izatea. Eta azkenaldian ni honela nabil. Lehen gehiago nenbilen bila. Orain topatu egiten dut gehiago. Bizitza ederragoa egiten zait honela. Berriro egin dizut galderatik alde, barkatu. Esperientzia kolektiboena... Bai, hemen, inguruan, azkenaldian batu izan gara holako talde desordenatu eta ondo-pasatzaile bat, gauzak egiteko eta. Eta nik ondo pasatzen dut. Oso ondo. Eta gauza politak egiten ditugu, nahiz eta gero gauza horiek zabaltzeko lan askorik egin ez. Baina holakoak gara. Beraz, gogoa dudan bitartean, honetan ere jarraituko dudala uste dut. Bakarkakoa, berriz, ez da hain bakarkakoa, badakizu. Da, agian, bakarkako fisikoa. Eta bai, horretan ere jarraituko dut. Eraren batean edo bestean jarraituko dut. Eraren batean edo bestean beti jarraitzen dut.

Karmele Jaio: “Arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia da nobela”

xme 2006/02/22 13:27

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) “Amaren eskuak” argitaratu berri du, Beasaingo Igartza bekaren laguntzaz idatzia. Aurretik bikote barruan zentraturiko ipuinak idatzi bazituen (“Hamabost zauri”, 2004), ama-alaba harremanei erreparatu die, besteak beste, bigarren liburua duen nobela eder hau sortzeko.

Aurrena ipuinak, gero eleberria: zer izan da, irakurleen eskaria, berezko bilakaera...?

Jakingura izan dela esango nuke. Eta horrekin batera, erronka bati aurre egiteko gogoa. Hau da, nik betidanik idatzi ditut ipuinak, eta ipuina da nire generorik kuttunena eta bertan aurkitzen naiz erosoen. Nobela idaztea zer den jakin nahi nuen, eta orain badakit. Eta nobela idazteak erakutsi dizkit aurretik igarri bai, baina zuzenean ezagutzen ez nituen zenbait gauza. Pozik nago esperientziarekin eta pozik egindako lanarekin eta emaitzarekin. Baina nobela idaztea ez dut bilakaera bezala ulertzen, esperientzia berri bat bezala baino. Eta, egia esan behar badut, ipuinak idazteko gogo gehiago piztu dit urtebetean nobelan murgilduta egoteak.

Hortaz, zure ipuin gehiago ere irakurriko dugu aurrerantzean?

Bai. Ziur. Dagoeneko idatzita ditut zenbait ipuin eta horretan dauzkat orain burua eta gogoa. Gogoz bueltatu naiz berriz ipuingintzara.

Generoen arteko alderaketa eginez, zer aurkitzen diozu bati eta zer besteari?

Konstantzia lezioa izan da niretzat nobela idaztea. Eta honekin batera, idatzi bitartean perspektiba ez galtzeko ahalegina biderkatzera behartu nau. Nobelak behartzen zaitu perspektiba sekula ez galtzen saiatzera. Idazten zauden bitartean eten gabe galdetu behar diozu zeure buruari: Non nago? Norantz noa? Gehiegi desbideratzeko arriskurik ez izateko, norabidea ez galtzeko. Ipuinean egin beharreko galderak dira baita ere, noski, baina ipuina laburragoa izanik errazagoa da jakiten non zauden eta norantz zoazen. Kontrolatuagoa duzu egin beharreko ibilbidea. Baina, perspektiba mantentze horretan lan gehiago ematen badizu ere, nobelak beste alde batetik askatasun handiagoa ematen dizu. Eskuzabalagoa da nobela idazlearekin, batzuetan bidetik irteteko aukera ere ematen dizulako (betiere bidera bueltatuko zarela hitz ematen badiozu). Ipuinak ez du barkatzen. Zentzu horretan, zorrotzagoa da idazlearekin, gehiago exijitzen dio. Ipuinak ez du soberako hitzik onartzen, denak betetzen du funtzio bat ipuinean. Bestalde, nobelak behartzen zaitu ia dena kontatzera eta ipuinean, aldiz, itzalean uzten dituzu hainbat gauza, irakurleak berak aurkitu behar dituenak. Oso diferenteak dira bi generoak eta oso era diferentean lan egin dut batekin eta bestearekin.

Gatozen nobelara. Emakume gazte-heldu eta kazetaria da protagonista. Ze neurritan dago egilea Nerea horren atzean?

Edozein idazle bere protagonisten atzean dagoen neurri berean. Esan nahi dut badaudela nobelan bizitzatik lapurtutako hainbat eta hainbat gauza. Baina bizitzatik lapurtu ezean, nondik lapurtu behar du bada idazleak? Nerea kazetari izatea aukeratu nuen nik mundu hori ondo ezagutzen dudalako eta ezagutza horrek egoera konkretu asko azaltzeko orduan laguntzen didalako. Nerea erizain izango balitz zailagoa egingo litzaidake haren egunerokoa kontatzea eta ziurrenez sinesgaitzagoa izango litzateke irakurlearentzat. Baina dena ez da kointzidentzia. Nik ez daukat alabarik eta nire ama ez dago gaixorik, zorionez.

Belaunaldien arteko aldeak eta antzak izan liteke gai funtsezkoetako bat, ezta?

Bai. Alde batetik azpimarratu nahi izan dut zein egoera ezberdinak bizi ditugun gure belaunaldikoek gure gurasoen bizitzarekin konparatuta. Baina honen gainetik azaldu nahi izan dut bizitako testuinguruak eta garaiak oso desberdinak diren arren, zein berdintsuak diren hainbat eta hainbat gauza. Hau da, garai guztietan badituela gizakiak halako gai eta kezka nagusi batzuk beste guztien gainetik. Eta kezka eta gai nagusi horiek dira maitasuna, bizitza, heriotza... Gai potolo horiek beti egon dira hor, daude eta egongo dira, beste guztien gainetik. Ez gara hain ezberdinak. Gauza bera gara. Eta gai horrekin batera, badago beste bat azpimarratu nahi izan dudana. Bizitzari aurrez aurre begiratzeko beharra. Bizitzako arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia edo deia ere bada nobela.

Gozotasun gehiegizkotik ihesi

Gurasoen errealitatera hurbiltzea, haien gaztaroa ulertu nahi izatea, zer da: norberaren heldutasun seinale?

Heldutasunaren sintoma bat da gurasoak, aita eta ama izateaz gain, gizon eta emakume direla konturatzea. Asko ez da hortaz konturatzen aita edo ama izan arte. Uste dut heldutasunaren seinale garrantzitsuenetakoa dela.

Gaia hunkigarria izan liteke, baina sentimentalismotik ihesi ibili zarela ematen du.

Aitortu behar dut beldur pixka bat izan dudala sentimentalismoan jausteko, gaia horretarako oso aproposa baita. Ez dut ukatuko sentimenduz idatzi dudala baina eten gabe aritu naiz neure burua kontrolatzen gehiegizko sentimentalismoan ez jausteko. Ez dakit lortu dudan. Egia da “Hamabost zauri”rekin konparatuz gozoagoa dela nobelaren tonua, gaiak hala eskatu didalako, ipuinak garratzagoak ziren, baina ez dut uste gehiegizko gozokeria duenik nobela honek. Gozokeria larregi erakusten duenari gure amak deitzen dio “eztimielero”. Bueno, bada saiatu nahiz nobela “eztimieleroa” ez idazten.

Nobelan badira beste trama batzuk ere: egunkariko erredakzioko ika-mikak, senar-emazteen arteko komunikazio eskasa, gatazka politikoak pertsonengan uzten dituen zauriak... Fondo hutsa dira, ala garrantzi handiagoa dute?

Fondoa dira baina garai eta egoera baten lekuko diren neurrian oso garrantzitsuak. Nerearen historia testuinguru konkretu batean kokatzen da eta saiatu naiz testuinguru hori nolakoa den deskribatzen. Garrantzizkoa iruditzen zait fondoa erakustea, ezinbestekoa, arrazoi nagusi batengatik: azaldu nahi izan dudalako gizakia halabeharrez moldatzen dela tokatzen zaion egoera eta testuingurura, testuinguru horren legeetara egokitu behar izaten duela halabeharrez. Nobelan behin baino gehiagotan agertzen da Lewis Carrolen Alice. Mundu ezezagun batera jausi zen neskato hura. Gu ere aukeratu ez dugun mundu batera jaurtiak izan gara, hasieran guztiz ezezaguna zena guretzat eta poliki-poliki moldatu behar izan dugu tokatu zaigun gizartera. Liburuaren gai nagusietako bat bada hori ere.

Fondoa aipatu dut lehen, irudizko adieran. Adiera fisikoan, itsasoa inportantea da hemen, ez presente dagoelako, baina bai gogoan...

Bai, itsasoa oso presente dago. Garrantzi handia du itsasoak nobela honetan. Bizitzaren metafora da itsasoa. Orain harro dago, orain bare, orain marea gora, orain marea behera... Eta uraren gainean gu, balantzaka alde batetik bestera, ura irensten batzuetan, uraren gainean lasai etzanda bestetan... Nerearen amaren istorioan oso inportantea da itsasoa, fisikoki aurrean izan duelako, baina baita Nerearen bizitzaren istorioan, nahiz eta honek ez duen egunero itsasoa ikusteko aukera.

Sugeak txoriari, aspaldiko partez

xme 2006/02/21 14:44

Igande goiza. Iratzargailuak jo ez duen egun bakarra. Hala ere, ez naiz berandu arte egon ohean. Jaiki, atarira jaitsi Berria-ren bila, zer edo zer gosaldu... Egunkariari ikusi-pasara eman eta gero, probetxuzko zerbait egiten hasi edo ez zalantzan nengoela, nagikeria gozoak eramanda, telebista piztu nuen.

Igande goizean ezin espero aukera zirraragarririk, noski. Kasik hobe, hala ere. Aldagailuaren dantzan, halako batean, Espainiako telebista publikoaren bigarren katean, erlijioari buruzko saio batekin egin nuen topo: lasai ari ziren hitz egiten, ideiak eta argudioak harilkatuz, eta saio horixe utzi nuen piztuta: nahiz eta esaten zutenarekin bat ez etorri, eskertzekoa baitzen ikus-entzulea oligofrenikotzat ez hartzea, behingoz.

Handik pixka batera, apaiz bat azaldu zen, bere lepoko txuri eta guzti. Jose Pedro Manglano zuela izena, eta bilbotarra zela argitu ostean, bere azken liburua aurkeztu zuen: "El libro de la confesión, el enigma de la culpa". Ostras, esan nuen nire artean, aitortzaren apologia egiten gaur, gure amak ere aitortu beharra "kendu" dutela uste duenean.

Kamerari begira leun hitz egiten hasi zen Manglano, gozo, bere begi urdin-urdinak finko mantenduz, sugeak txoriari begiratzen dionean bezala, eta aspaldiko oroitzapenak etorri zitzaizkidan gogora. Neuk ere ezagutu bainituen gazteen apostolutzan trebatutako apaiz eta fraideak, komunikatzaile iaioak, zeure ustezko arazoez sakon eta jator hitz egiten zekitenak, arimen manipulatzaile arriskutsuak.

Zorionez, azken hogeitaka urteetan galdua dut halakoekiko harremana, baina dirudienez ez da desagertu aztien kasta. Pentsatzen jarrita, eliza katolikoa betiko galduko balitz ere beste fede, sekta, erritual batzuk sortuko lirateke, erro luzeko belarrak baitira guruak eta guruen zaleak, sinesmenak eta sineskeriak, hemen eta Teheranen.

Estatuak esan gabe onartzen duena

xme 2006/02/20 14:13

(aurrekoaren jarraipena)

Biktima mota batzuen eta besteen artean egiten den desberdintasun horren harira, lagun bati komentatu nion, zergatiak ulertu arren, zenbateraino iruditzen zitzaidan bidegabea, eta baita moralki inpudikoa ere. Lagunak ezetz, logikoa eta bidezkoa zela, estatuak emandako sari eta laguntza horien bitartez modu inplizituan onartzen ari delako bera dela babesten dituen biktima horien erruduna.

Ez dakit "nola?" galdetu nuen, ala nire isiltasunean irakurri zuen galdera eta harridura-ikurra, biak batean.

"Bai noski -jarraitu zuen lagunak-. Denok dakigu ezinezkoa dela delitu guztiak desagertzea, eta administrazioa ezin da erantzule izan ezustean norbaitek autoa lapurtu edo muturreko bat ematen badigu. Aldiz, indarkeria politikoaren kasuan, Estatua neurri batzuk hartzera behartzeko egiten dira delituak; Estatuak bestelako politika eginez gero, ez litzateke izango bortxa armatu hori. Hortaz, pertsona jakin batek sufritzen duen kaltea, estatuari eman nahi zaion muturrekoa da. Estatuak onartzen du, nolabait ere, berarentzako atzaparkada dela partikular horrek jasan duena, eta gehiagok ere jasango dutela etorkizunean, terroristen presioaren aurrean makurtzeko asmorik ez duenez gero. Beraz, ekintza edo krimen horien isilkako erantzulea den aldetik, normala ere bada kalte-ordain bat eskaintzea biktima horiei, eta ez besteei".

"Kontxo. Ba, horrela begiratuz gero..."

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.