Borroka-zelaiaren hedaduraz
Michel Houellebecq idazle frantsesak bere hasierako obretako bat du "Extension du domaine de la lutte" (gaztelaniaz, "Ampliación del campo de batalla"). Liburu horrekin ez du zerikusirik baina, izenburu hori etorri zitzaidan gogora atzo, berriak entzuten ari nintzela.
Imajinatu borroka-zelai bat. Gerra baten erdian gaude, gudaldi bat jokatu berri da, eta armada biak zein bere lubakitara erretiratu dira. Erdian, berriz, hildakoak, alde bateko nahiz bestekoak. Borrokaldia amaitu eta gero, izango da momentu bat, handik ordu batzuetara edo biharamunean, gorpuak jasotzekoa, eta nik imajinatu nahi dut lubakietako inori ez zaiola burutik pasako une hori aprobetxatzea etsaiari jo eta tiro bat sartzeko kopetaren erdian.
Ez dakit gudaren humanizazioa den hori, edo Genevako konbentzioaren atal bat, edo logika militarraren azpitik dagoen zentzunak agindutakoa. Berdin zait: gorrotoaren gainetik, hildakoari gutxieneko errespetu bat zor zaio, eta harekin bat egiten dutenei ere bai.
Gizalege hori ez da askotan betetzen, zoritxarrez. Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak gogora ditzaket, Tolosako hilerrian, eta beste hainbat, zerrenda nahi beste luza dezaketenak. Beste aldetik ere gogoan daukat noizbait komunikabideetan irakurria (ezin jakin egia den baina), ETAkoek asmoa zutela Ordoñezen hilobi ondoan lehergailua jartzeko, haren omenezko ekitaldian PPko kide mordoxka akabatzearren; hilketak berez duen zirrarari makabrotasun berezia eransten zion plana, dudarik gabe.
Horregatik penatu eta haserretu nau Jaurlaritzako Barne Sailaren erabakiak Igor Anguloren hileta-omenezko ekitaldia debekatu duenean, terrorismoaren apologia izan zitekeelakoan. Javier Balza pertsona neurritsu eta bizkortzat daukat, baina kargu horretan dagoenak jakin behar du, legearen interpretazio estutik harago (kasu honetan ez da inongo epaileren agindurik izan), gizatasunez jokatu behar lukeela. Hildakoei eta bizidunei zor zaien errespetuarekin.
Borroka-zelaia, zabaldu ordez, ea denon artean murrizten hasten garen.
Kepa Ele: Ez desitxuratu hemen gertatuakoa. Ni hasi nintzen ematen ETAkideak eta borroka-zelaietan eroritakoak alderatzearen kontrako arrazoiak (zuzenak ala okerrak baina arrazoiak). Hori baldin bada Mendigurenen mezua desitxuratzea, ba errazegi desitxuaratzen dira ba Mendigurenen mezuak.
Gero Olegario, ironia baliatuz, saiatu zen ni jartzen ETA eta ETAkideen jarduera eta motibazioa sinpleegitzat jotzen dituztenen parean, eta ironiaz ere eskatu nion bera hain sinplea ez izateko. Olegario berriro saiatu denean ETAkideak aurkezten gizajoak bezela, izugarri sufritzen dutenak, esan diot barregarria gelditzen ari zela. Eta gero zu agertu zara putreetaz hitz egiten. Ikusten duzunez, kontua ez da izan borrero-biktimen aldetatik ibiltzea.
Nola nahi ere, eskerrik asko Unamonori zuzentzen laguntzeagatik: Ez dago ezer gaizki euskaran arrazoiketarako, baizik eta ETAkideen ongizatea hainbeste inporta zaien euskaldun batzuengan.