Sugeak txoriari, aspaldiko partez
Igande goiza. Iratzargailuak jo ez duen egun bakarra. Hala ere, ez naiz berandu arte egon ohean. Jaiki, atarira jaitsi Berria-ren bila, zer edo zer gosaldu... Egunkariari ikusi-pasara eman eta gero, probetxuzko zerbait egiten hasi edo ez zalantzan nengoela, nagikeria gozoak eramanda, telebista piztu nuen.
Igande goizean ezin espero aukera zirraragarririk, noski. Kasik hobe, hala ere. Aldagailuaren dantzan, halako batean, Espainiako telebista publikoaren bigarren katean, erlijioari buruzko saio batekin egin nuen topo: lasai ari ziren hitz egiten, ideiak eta argudioak harilkatuz, eta saio horixe utzi nuen piztuta: nahiz eta esaten zutenarekin bat ez etorri, eskertzekoa baitzen ikus-entzulea oligofrenikotzat ez hartzea, behingoz.
Handik pixka batera, apaiz bat azaldu zen, bere lepoko txuri eta guzti. Jose Pedro Manglano zuela izena, eta bilbotarra zela argitu ostean, bere azken liburua aurkeztu zuen: "El libro de la confesión, el enigma de la culpa". Ostras, esan nuen nire artean, aitortzaren apologia egiten gaur, gure amak ere aitortu beharra "kendu" dutela uste duenean.
Kamerari begira leun hitz egiten hasi zen Manglano, gozo, bere begi urdin-urdinak finko mantenduz, sugeak txoriari begiratzen dionean bezala, eta aspaldiko oroitzapenak etorri zitzaizkidan gogora. Neuk ere ezagutu bainituen gazteen apostolutzan trebatutako apaiz eta fraideak, komunikatzaile iaioak, zeure ustezko arazoez sakon eta jator hitz egiten zekitenak, arimen manipulatzaile arriskutsuak.
Zorionez, azken hogeitaka urteetan galdua dut halakoekiko harremana, baina dirudienez ez da desagertu aztien kasta. Pentsatzen jarrita, eliza katolikoa betiko galduko balitz ere beste fede, sekta, erritual batzuk sortuko lirateke, erro luzeko belarrak baitira guruak eta guruen zaleak, sinesmenak eta sineskeriak, hemen eta Teheranen.
Jainkorik ez balego, asmatu beharko litzateke. (Voltaire)