Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Peru Magdalena: “Arrazoia gainbolaratua dago, eta gizakiaren beste gaitasun asko atrofiatuta”

Peru Magdalena: “Arrazoia gainbolaratua dago, eta gizakiaren beste gaitasun asko atrofiatuta”

xme 2006/02/23 09:00

Peru Magdalenak (Durango, 1980) bere lehenengo liburua dakar, Beasaingo Igartza bekako akzesitari eskerrak. Ipuin bilduma ezohiko bat da “Lile”, bizi-indarrez eta sormen-liluraz gainezka egiten duena, egileak berak bezala. Aldi berean, pintore legez zabaldu berria du bere lehenengo erakusketa, Durangoko Jai Berri tabernan.

Zure lehenengo liburua kalean: pozik?

...puf! Oso. Asko. Gehiago. Oso-oso pozik nago. Liburu bat da, geratuko da, eta desio nuen eran egin du hegan ningandik. Esan gura dut beti izan dudala, eta azken epoketan gehiago, susmo moduko bat. Gura nuen liburu aske bat, bizia, zintzoa. Utzi gura nuen bizi nauen sasoi honen isla bat, munduarekin bizitzeko era hau agertzea gura nuen liburuan. Eta uste dut, eraren batean edo bestean, hori hor dagoela.

Zer edo nor da Lile?

Lile da nigan oso bizirik dagoen neska bat, edo bat baino gehiago. Bizitakotik geratu zaidan irudi bat. Uste dut ez daukala karnetik edo argazkirik, ezin dizut izenik eman. Izugarri maite dut oraindik. Barruan geratu zait dardara moduko bat. Neska hori da, hain bera eta leherkari, inoiz alboan izan dudana, batzuetan alboan izaten dudana, eta geroan ere izango dudana. Dudarik ez. Dudan dudan duda. Du-dan, du-dan. Ja, ja...

**...eta “Lile” izena?**

Izena behar nuen, bai. Irudi horrek, nahasketa horrek, izen bat behar zuen baldin eta idatziko banuen. Eta nik badakit inguruarengan sinistuz gero, inguru honek, ulertu bedi munduak gura izanez gero, lagundu egiten zaituela. Beraz, altuan silabak esaten hasi nintzen, “plin ka tuk tzi lu mo te li le iot xul mi...” Eta pun! Hor agertu zen, Lile. Eta bi silaba horiek izan ziren, li, le. Ezin zuen bestela izan.

Gogo edo giro batek blaitzen ditu liburuko ipuin eta poemak. Estiloz badute loturarik ala...?

Hori igual beste batek esan beharko luke, baina bai, nik uste dut baietz. Nik uste dut, edo badakit, gauzei barrutik, barruenetik irteten utziz gero, eurek berez hartzen dutela estilo bat, batasun bat. Eurak bakarrik borobiltzen dira. Bestalde, blaitu oso aditz polita da. Hurrengorako lapurtuko dizut.

Eta gaien aldetik?

Gaien aldetik ere antzerako zerbait. Bizi nauten gaiak egongo dira liburuan. Edo... ez... ez dira gaiak, hori gezurra da. Ez daude gaiak, honela, kaxoi itxietan bezala, kristalezko poteetan eta bakoitza bere etiketarekin. Anabasa moduko bat dago, sare oso nahastu bat. Eta hor daude gai guztiak, finean gai bakarra osatzen duten bizitzan. ...Jode, zelako esaldia azkenengo hau...

Istorioek ez daukate leku-garai jakinik; hala ere, zein neurritan ageri dute hemengotasuna, edo zenbateraino sartu dituzu zure eta zure inguruko errealitatea?

Gizakiaren barrutik irteten dena, zintzo irteten dena, beti eta leku orotan egongo da “orain eta hemen”. Hic et nunc. Hor dago hemengotasuna, oraintasuna; edo hori sinesten dut nik. Eta nire eta nire inguruko errealitatea sartu ditut, bai. Baina ezin dizut zenbateraino esan. Gauza hauek ezin dira neurtu. Uste dut benetako ezer ezin dela neurtu. Enfin. Baina bai, liburukoa ni naiz, eta nire ingurua, eta nire munduaren begirada. Osorik jarri dut horretara nire eta nire inguruko errealitatea. Gero afaltzera joan naiz. Eta bitartean batek daki zenbat sartu den liburura.

Sormenaren uholde indartsu bat nabari zaizu, poz leherkor antzeko bat; ataka guztiak libre utzi dituzu idazteko orduan, ala nahita bilatutako efektu bat da ala...?

Ez, ez. Hemen ez dago efekturik. Hemen ez dago efektu espezialik edo esperimenturik edo panplinarik. Hemen dago ni eta Lile eta beste gauza asko. Biluzik. Eta momentuan hau hola edo hala idatzi behar nuela sentitzen banuen, ba hola edo hala idazten nuen. Eta punto, buelta gehiagorik eman gabe. Hau izan da uneoro inguruan bueltaka izan dudan asmo bat: arrazoiari gehiegi parte hartzen ez uztea. Arrazoia gain-baloratuta dago. Gehiegi erabilitako tresna bat da. Eta erabiliaren erabiliaz gizakiaren beste gaitasun asko, bizitzeko eta pozik bizitzeko oso baliagarriak direnak, ahaztu edo atrofiatu egiten dira. Nik, beraz, idatzi nahi nuen intuizioei jarraika. Nire liburua utzi. Ze, arrazonatzea juzgatzea da apur bat, gizartearen kontzeptuak eta arauak erabiltzea. Eta nik neure liburua utzi nahi nuen, ez gizartearena, ez teoriena, ez delako literatura-onaren jarraibide bat. Horiek guztiak gezurretik hurbil dabiltzala iruditzen zait gainera.

Musika, pintura eta beste saltsa batzuk

Aurrekoaren ildotik, jazz musikaren aipamenak egiteaz gainera, eragin bat ere nabari daiteke, ezta?

Bai. Badago eragin bat. Edo topatu gura izanez gero topatzen da, beste gauza asko moduan. Jazz musikariek, ulertu bedi benetako jazz musikariek, momentuari jarraitzen diote asko. Inprobisazioa handia da. Ez da dena, noski. Liburu honetan ez den bezala. Norberak gauzak batu egiten ditu, barruan geratzen zaizkio, inoiz erabiliko ote dituen edo zertarako batzen dituen oso ondo jakin barik. Eta gero, momentu batzuek barruan geratutako gauza batzuk ateratzen dizkizute. Ateratze hori zuzena eta instintiboa izatea uste dut dela inprobisazioa. Eta nigan beti da honela sorkuntza. Honegatik uste dut ezin direla eraginak lista batean entzerratu. Dena da eragin, eragina zein den zehazki jakin barik. Eta uste dut jazzetik aldendu naizela, ezta? ...Baina bai, jazza, nik ulertzen dudan moduan, honelako zeozer da.

Pintura da zure beste zaletasunetako bat, eta hori ere agerian geratzen da bilduma honetan...

...bai! Ji ji... azaletik bertatik geratzen da agerian hori. Bai, konturatu naiz, gerora, pintore batzuek, Kleek adibidez, asko eragin didatela idazteko eran. Eta liburuan agertzen den beste bat, Rothko, ba uste dut bere koadroak ipuinak direla. Miles Davisek adibidez pintatzeko eran eragiten didala uste dut, eta Gorritik bizitzeko eran apur bat bastante, eta... puf, oso nahastuta dago dena. Hau lehenago ere esan dut, ezta?

Eta zure izaera multifazetiko horretan, zer ematen dizu literaturak beste arte-motek ematen ez dutenik?

Ez dakit. Egia esan ez dakit. Batzuetan idatzi egin behar izaten dut, eta idatzi egiten dut. Askoz gehiago ez dakit. Errazena igual litzateke esatea ni izateko beste era bat dela. Baina ez nago batere ziur.

Arte-esperientzia kolektiboetan aritu izan zara orain arte: Arpistak, Txaman... Hau, berriz, bakarkako lana da; bilakaera natural bat izan da?, bide biak lantzen segitu nahi duzu?

Ez dakit oso ondo, oso asmo markaturik ez daukat, ez zait helburu finkorik izatea gustatzen. Herman Hessek esaten du norbaitek helburu finko bat duenean bere begiek helburu hori baino ez dutela ikusten, beste guztiarekiko itxi egiten direla, ez duela ezer topatzerik lortzen, bila dabilen horretan bakarrik pentsatzen duelako, helburu bat daukalako eta helburu horrek itsutu egiten duelako. Eta esaten du: bila ibiltzeak helburu bat izatea esan nahi du; topatzeak, ordea, askea izatea esan nahi du, mundura zabalik egotea, helbururik ez izatea. Eta azkenaldian ni honela nabil. Lehen gehiago nenbilen bila. Orain topatu egiten dut gehiago. Bizitza ederragoa egiten zait honela. Berriro egin dizut galderatik alde, barkatu. Esperientzia kolektiboena... Bai, hemen, inguruan, azkenaldian batu izan gara holako talde desordenatu eta ondo-pasatzaile bat, gauzak egiteko eta. Eta nik ondo pasatzen dut. Oso ondo. Eta gauza politak egiten ditugu, nahiz eta gero gauza horiek zabaltzeko lan askorik egin ez. Baina holakoak gara. Beraz, gogoa dudan bitartean, honetan ere jarraituko dudala uste dut. Bakarkakoa, berriz, ez da hain bakarkakoa, badakizu. Da, agian, bakarkako fisikoa. Eta bai, horretan ere jarraituko dut. Eraren batean edo bestean jarraituko dut. Eraren batean edo bestean beti jarraitzen dut.

etiketak: Editore lanak
Midori
Midori dio:
2007/04/23 15:14

Lile moduko neska izatea gura nuke, eta batzutan trenean noanean amets egiten dut eta poemak idazten ditut, treneko eserleku batean inork ulertu behar ez dituen letra batzuk abandonatuta uzteko, hegan, norbaitek berreskuratzeko zain. Kasualitateak maite ditut eta Lile kasualitatea izan zen niretzat. Eskura etorri zitzaidan liburua, ez dakit zergatik arratsalde hartan liburudendan sartu nintzelako, patrikan dirua neramalako (arraroa da hori). Lileko portadaren kolorez margoztuko nuke gela dena. Liburuari dagokionez, behin eta berriro irakurri dut. Zoragarria. Amets egiteko liburua. "Todos somos angeles de un solo ala, para volar debemos abrazarnos". Lilek bi hego ditu.

newton
newton dio:
2006/05/08 00:31

Duela aste batzuk lile liburua erosi nuen eta benetan oso erraz irakurtzen dela eta oso gogoko daukat, oraingoz 2006an irakurri dudan libururik gustokoena, oso lan ona.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.