Gwyneth Paltrow Sabino Aranaren gutunak irakurtzen
Bart gauean, "Posesión" izeneko film bat ikusi nuen ETB2an. Oraingo literatur ikerlari pare bat (neska eta mutila) XIX. mendeko poeta pare bat aztertzen dabiltza (andrea eta gizona). Poeta biak lotzen dituzten gutun batzuen bitartez elkartuko dira ikerlari biak, eta hortik aurrera aurrerakoak.
Ez zen film ona izatera iristen, denbora-pasa txukuna izan arren. Gwyneth Paltrow zontzonaren miresleentzat zoragarria. Dena dela, filmak hizpidea ematen didalako aipatu dut, aspaldidanik hona ekarri nahi nuen gaiari lotzeko: ospetsuen gutunak, eta bereziki idazleenak.
Joan den urteko bere azken alean, Argia astekariak Sabino Aranaren amodio-gutunekin osatu zuen erreportajea, Joseba Agirreazkuenaga historialariak idatzita. Poztu ninduen, ez jakin-min berezia nuelako, ezta esandakoak interesgarriak iruditu zitzaizkidalako ere; izan ere, aski arruntak dira gutun horiek. Hona adibide xinple bat:
"Atxika'tar Nikole'ri / Sukarrieta / Nire bijotzeko Nikole: Gaur gabian etorriko naz orra, ta bijar goxetik ikusiko zaitut. / Zeuria beti, / Sabin"
Poztu nintzen, hain zuzen, historialari espainolistek litroka pozoi bota izan dutelako bikote horren kontra (euskal arraza garbiko emaztea nahi zuelako hartu zuela Sabinek klase apalagoko andrea, maitasun arrastorik gabe; Nikole alargundu eta gero guardia zibil batekin ezkondu zela eta abar). Batzuek pozoia bota, eta hemengo askok irentsi. Gutunak irakurrita, berriz, bikote normaltxo bat ikusten dugu, gazbako samarra, orduko girokoa. Harreman intimoetan lider karismadunak ere oinbiko diren seinale, eta artista handiak gizaki arrunt.
Baina artisten gutunez, hurrengoan jarraituko dut.