Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zuretzat ez diren eskutitzak irakurtzen dituzunean

Zuretzat ez diren eskutitzak irakurtzen dituzunean

xme 2006/03/03 12:31

Giroa baretzeko, politika utzi eta herenegun zintzilik utzi nuen kontura itzuliko naiz.

Danilo Kis idazle serbiarraren "Hildakoen entziklopedia" ipuin-sorta kaleratu berri da Literatura Unibertsala bilduman. Sortako azken ipuinak, "Leninen irudia daramaten zigilu gorriak" izenekoak, balizko idazle baten gutunak agertzen ditu: Mendel Osipovitx-ek bere ezkutuko maitaleari idazten zizkionak, eta literatur kritikariak bila dabiltzanak.

Kontu normala bihurtu da, idazle batek ospe handia lortu duenean, haren bizitza pribatuaz gehiago jakin nahia. Hobe beharrez nahi baduzue, haren obra hobeki ulertzeko giltzak eta aztarnak lortzeko. Hala ere, niri halako erreparo bat sortu izan dit beti joera horrek.

Behin batean lagun idazle eta Rulforen miresle batek idazle mexikarraren liburu bat utzi zidan, gero emazte izango zenari ezkongaietan idatzitako gutunez osatua. Irakurtzen hasi eta ondoez moduko bat sentitzen nuen: zer nabil ni inoren gutun pribatuetan muturra sartzen? Eta bertan behera utzi nuen liburua. Ez dut esan nahi txit bertutetsua naizenik horregatik: hurbileko ezagun baten kontu ezkutuak jakiteko tentazioari ez dakit eutsiko niokeen.

Hala ere, gogaikarria da ikerlari batzuk, obra aztertu ordez, nola egoskortzen diren inoren intimitatean lardaskan, jakintzari egundoko ekarpena egiten diotelakoan gainera. Gogoan dut noizbait entzundako ika-mika, Rosalia de Castro poeta galiziarraren gutunak zirela eta. Manuel Murguia euskal jatorriko historialaria zen Rosaliaren senarra; diotenez, Murguiak erre egin omen zituen emazteak berari bidalitako gutunak, eta literatur ikerlari batzuek gizonaren txarkeria eta zitalkeria ikusten zuten hor, geroari lapurtu egin ziolako poeta handi haren bizitza eta burubideak hobeto ezagutzeko aukera.

Datorren mendeko filologoak imajinatzen ditut, "Arkeologia informatikoa" ikasgaian ikasitakoei esker, gaur egungo email zaparradan uxarka, probetxuzko bazkaren bat non topatuko...

etiketak: Saski Naski
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/03 16:57

Lagun batek filologoak literaturaren periodistak bezala definitu zituen. Beraien curriculum ederrak osatzeko edozein txarraskiloa erabiltzen dutela. Arruntak dira adibidez Pessoaren gutunak. Pessoak berak onartzen zuen : "Amodio gutun guztiak erridikuluak dira, baina are erridikuloagoak dira amodio gutunak inoiz idatzi ez dutenak".

Separazio epaiketetan ere erabiltzen ari dira aspaldiko jelozko, pasiozko edo barkamenezko gutunak froga gisa. Arriskutsua da benetan sentitzen dena idatzita uztea, dudarik gabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.