Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Kinto-bazkari komertziala

xme 2004/09/29 09:30

Ohiko kontua izaten da herri askotan urte berean jaiotakoak urtean behin bildu eta elkarrekin bazkaltzea. Kinto-bazkari edo kinto-afari deitu ohi zaie halakoei, soldadu-lagun ibilitakoak elkartzen zirelako-edo. Gaur, berriz, derrigorrezko soldadutza desagertu delako eta ohiturak ere aldatuz doazelako, adin batetik behera behintzat, neska-mutilak bildu ohi dira festa-modu horietan.

Ni ez naiz sekula halako batean izan. Adinaren korporatibismo biologikorako zaletasun handirik ez, batetik, eta gure herrian talde-antolamendurako joera berezirik ere ez, bestetik. Baina, hara non, auzolan nahiz jolas komunitariorako txepel samarra den herri honetan, ekinaldi pribatuak ordezkatu duen berezko elkarte-falta.

Gutun bat jaso dut etxean (ez bizi naizen etxebizitzan baina erroldatuta nagoenean: beraz, udaletxetik eskuratu du baten batek berez pribatua behar lukeen datua). Zorionak ematen dizkigu 1964. urtean jaiotako guztioi, eta elkarrekin egun gogoangarri bat pasatzera gonbidatzen: eguerdian meza (soldadutza ez baina honek derrigorrezkoa izaten segitzen du nonbait horrelako patrifilioetan), gero txikiteoa, eta azkenik bazkaria halako jatetxetan. Mezu nagusiaren ondoan jatetxearen txartela, telefonoarekin, eta abisua, erreserbak lehenbailehen egiteko, jatetxean bertan, zehazten ez zaigun prezioa aldez aurretik ordainduz.

  1. urtera iritsi garenon krisia igual izango zaie onuragarria jatetxekoei beren negozioa gora altxatzeko.

Balantzeak eta

xme 2004/09/28 09:03

Zinemaldiari buruzkoak amaitzeko, balantze moduko bat egiteko eskatu didate. Ez daukat goitik beherako balorazio orokorrik emateko ezagupenik, baina iritzi soil batzuk emango ditut. Gaur, epaimahaiaren erabakiaz; hurrengoan, gogorik eta astirik edukiz gero, euskararen tokiaz eta ospetsuen presentziaz (glamour delakoaz).

Palmaresa deitu ohi den hori darabilte denek hitzetik hortzera. Niri, egia esanda, arte-lanei puntuak ematea eta batzuk besteen aurretik ipintzea ez zait inoiz gustatu, baina, hartara jarri garenez, hitz egin dezagun horretaz guk ere. Kritikari guztiek diote oro har ados daudela, eta ondoren nork bere ñabardurak egiten ditu; ez da gutxi, ñabardurarik gabeko adostasuna harrigarria baino gehiago kezkagarria izango bailitzateke. Eta jokoan sartu garenez gero, neure ñabardurak ere eman beharko ditut.

Sariekin konforme, esan bezala. Film konprometitu eta zirraragarriak ikusi ditugu batez ere sail ofizialean, eta horien artean gogoangarriena kurdua izan da ("Dortokek ere hegan badakite"), gizatasunez gainezka, batetik, eta zinemaren erritmoan maisu, bestetik. "Nine songs" aspergarri samarra zela aho batez esan genuen guztiok, baina irudien ederra ere aipatu genuen batzuek, eta ez dago gaizki beraz argazki-saria. Beste horrenbeste esan liteke film txinarraz: ekarpenik eta arriskurik gabeko pelikula da "Emakume ezezagun baten gutuna", baina perfekzio teknikoa eta dotorezia azpimarratu genizkion Xu Jinglei zuzendariari.

Saririk ez duten batzuek ematen dute zeresana. Nire kasuan, batere penarik ez film hispanoengatik: argentinarrak ez dira luzitu nire ustez, Sorinek betikoa errepikatu baitu eta Aristarainek film goxo baina melenga samarra egin, pantailetan ondo funtzionatuko duena, hala ere. (Bide batez, eta gaizto jarrita, bitxia ere bada Gara-ko kritikaria protestan ibiltzea hispanoen bazterketa hau dela-eta). "Horas de luz" espainiarrari sariren bat eman baliote poztuko nintzen, ausardia behar baitu gaurko Espainian kartzeletako infernua salatzeko. Ikusteko gomendatuko nuke. Eta dudarik gabe gomendatuko nukeen bestea, John Sayles-en "Silver City", Bushen kontrako propagandatik harago ere egundoko pelikula.

Amaitzeko, pare bat hitz egin behar Vargas Llosaren alde, gure artean egundoko erretolika ibili baita epaimahaiburuaren kontra, bere iritzi eskuindarrak direla-eta. Erabakietan zenbaterainoko eragina izan duen jakin gabe ere, Mario Vargas Llosa ezer baino lehen den idazle handia geratu da agerian, interes politikoen gainetik artearen egiazko balioak hartu baitituzte aintzat.

Ruperren zetak

xme 2004/09/27 08:52

Atzo, hilak 26, Ruper Ordorika entzuten izan nintzen Iruran. Sanmigelak direla-eta, herriko plaza koxkor batean, jai giro ederrean, arrats epela gozatuz. Azken hiru-lau diskoetako kantuak jo zituen Ruperrek (baita lehen diskoko bat ere), bere betiko mugalari batzuen laguntzaz: Dani Perez gitarra elektrikoan, Bixente Martinez aspaldiko partez gitarra elektriko eta mandolinarekin, eta Nando eta Alberto de la Casa anaiak bateria eta baxuan. Ordorika ondo, oholtza menderatuz, kantuen aurkezpenean seguru, ikuskizunaren erritmoan maisu.

Ez nator kontzertuaren kritika egitera ordea, ezta Ruper zenbat maite dugun esatera ere. Aspalditik gogoan dudan burutazio bat bota behar dut, txorakeria bat izanda ere. Izan ere, ohartu al zarete nolako zetak egiten dituen Ruperrek kantatzean azken 10-12 urteotan? Frantsesez "poison" (ez arraina, baizik pozoia) esaten dugunean bezala, gauean ilunpetan belarri ondotik pasatzen zaigun eltxoaren antzeko burrundara gogaikarria egiten duena (txistukari ahostuna, hizkuntzalarientzat). Euskal fonologian nahiz fonetikan existitzen ez den soinua (egungo Zuberoan bada antzeko zerbait, baina gure kantaria ez da zubereraz ari), Ruperrek ez hizketan, ez lehengo abestietan, ez gaur Hiru Trukurekin egiten ez duena, baina bere kantuetan bai. Ez zeta guztiak, baina bai gehienak. Eta ez bakarrik zetak, eseak ere halaxe egiten ditu tarteka, baita tz batzuk ere. Berari oso eufonikoa irudituko zaio, nonbait, eta euskarari halako musikaltasun berezi bat ematen diola, baina nik, zer nahi duzue esatea? "Zzerua itsazzo zzikin bat dela ezzanezz" entzuten dudan bakoitzean Martin Larraldek bezala sufritzen dute nire belarriek, eta Ruper Ordorika bera galeretara bidaltzeko gogoa pizten zait.

Glamourra, amaitzeko

xme 2004/09/25 11:58

Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren erabakia jakitea bakarrik falta da. Bitartean, gaur erakutsi da, lehiaz kanpo, sail ofizialeko azken filma: Tod Williams-en "The door in the floor", protagonistatzat Kim Basinger eta Jeff Bridges Donostia Sariaren irabazlea dituena; bide batez, aurrekoan denborarik ez eta gaur komentatuko dugu Istvan Szabo-ren "Being Julia", Annette Bening beste Donostia Sariduna agertzen dena.

John Irving-en eskua

"The door in the floor" John Irving-en azken liburuetako batean oinarritzen da: "A widow for one year" nobelaren lehen partea egokituta. Irvingen unibertsoa aurkituko dugu hemen ere: AEBetako Atlantiko ertzeko herri aberats baina lasai eta hotz horiek, auto amerikar horteren ordez volvoak eta mercedesak dituen jende ikasia, eta bizimodu eroso horren azpian barruko dramak eta ezinegonak ezkutatzen dituzten pertsonaiak.

Ted eta Marion (Bridges eta Basinger)zoriontsu izandako bikotea dira, baina istripu batean bi seme galdu izanak txikituta utzi du beren elkarbizitza. Tedek eusten dio bizinahiari, bere liburuekin, marrazkiekin eta ligeekin, baina Marion burua altxatu ezinda dabil. Idazle izan nahi duen Eddie gaztea dator Tedi laguntzera, eta orduan hasiko dira gauzak mugitzen.

Aktore-lan ederra

Sentimenduetan sakontzen duen filma dugu honakoa, tipularen antzera azal asko duten pertsonaien barne munduan sartuz joango baikara, eta horrek luzitzeko aukera ematen die protagonista biei. Horrez gainera, aipatzekoa da haurrarena egiten duen aktorearen lana, eta Vaughn anderearen istorioa, dramaren barruan asko eskertzen den komedia arin eta jostalaria eskaintzen diguna.

Hitz bitan esateko, istorio samin bat kontatzen digun film polita, oso ondo egina, aktore ospetsuekin, oro har lehian ikusi ditugun pelikula gogor eta salaketazkoekin zerikusirik ez daukana. Denetik behar izaten baita, gero urte osoko eskaintzan ez dugu denetik izaten baina.

Berrogeiko krisia, emakumezkoetan

Mila liburu eta filmetan ikusia dugu 40 urtera iritsi eta txorakeriak egiten hasten den gizasemearen historia, esku artetik ihesi doakion gaztetasunaren apurrei eutsi nahian eta. Emakumezkoetan gutxiago agertu ohi da fase gorabeheratsu hori, baina kasualitatea, Williamsen filmean bezala, "Being Julia"n ere berrogeiak pasatu dituen andre eder bat dugu erdigunean, kasu honetan drama ilunik gabe hala ere.

Londresen gaude, 1938an. Julia Lambert (Annette Bening)antzerki-aktore ospetsua da: ederra, maitatua, arrakastaduna... Ilusioa amaitu zaio ordea. Tom izeneko gaxte miresle bat hurbiltzen zaio, eta haren besoetan aurkituko du falta zuen bizipoza. Senarra eta bere obren produktorea den Michael ere (Jeremy Irons) ez dirudi asko kezkatzen denik.

Antzerkia eta bizitza erreala

Hortik aurrerakoak, norberak ikustea hobe. Sedukzio, jeloskeria eta mendeku istorio bixi, atsegin eta dibertigarri bat dugu, ingelesen dotorezia hipokrita zoragarri horrekin. Filmaren alderdirik interesgarriena, nire ustez, antzezpenaren eta benetan sentitutakoaren artean sortzen den harreman korapilatsua da: Julia interpretaziorako bizi da, eta antzokitik kanpo ere, eguneroko bizitzan eta harreman errealetan, buruz ikasitako pasarteak erabiltzen ditu, malko bat noiz isuri kalkulatzen du, ia nahi gabe ateratzen zaion mekanismo gisa. Halako batean, baina, alderantzizko prozesua erakutsiko digu, antzezpena erabiliz bere egiazko sentimenduak azaltzeko.

Horrez gain, Londresen edozein garai historikotan kokatutako istorioetan ohi denez, perfektua da girotzea, filmaren taxukera Szabo bezalako profesional handi bati dagokion bezain biribila, eta Annette Bening-en antzezpena bikaina, ximurrak ximur lehen bezain zoragarria baitu irribarrea.

Basamortuko loreak

xme 2004/09/24 14:41

Amaitu dira sail ofizialean sarigai diren filmen emanaldiak; ikusi ditugun azkenak, Carlos Sorín argentinarraren "Bombón el perro", eta Bahman Ghobadi kurduaren "Turtles can fly", bata eguneroko bizitzaren gaineko komedia gazi-gozoa, bestea gerra eguneroko lagun duten haurren tragedia.

Patagoniaren zabala

Sorín ezaguna izango duzue askok: "Historias mínimas" bere aurreko filma saritu egin zuten Donostian orain dela bi urte, eta zinema-geletan ere arrakasta izan zuen; hura maite izan zutenek gogoko izango dute hau ere, haren jarraipen modukoa baita, bai erakusten digun munduan, bai filma egiteko moduan: Patagoniako paisaiak pantailaratuko ditu, hango zabaldi mugagabe eta haizetsuak, eta sekula bertatik mugitu gabe ere errorik ote daukan ez dakien jendea, edozertarako kilometro mordoa egin ohi duena.

Juan Villegas da protagonista, 52 urte dituela lan egiten zuen gasolindegitik bota eta bizimodua nola atera ez dakiena. Lan koxkor baten ordainetan txakur bat emango diote, dogo argentinar bat, eta horrek aldatu egingo du bere bizitzaren norabidea.

Aktore profesionalik gabe

Paisaietan bezala pertsonaietan ere naturaltasuna bilatzen du Sorínek, dokumentaletik gertu balego bezala, eta horregatik ez ditu aktore profesionalak erabiltzen, ezagutzen duen jendea baizik. Horri esker halako sinesgarritasun bat lortzen du jende xumea erretratatzeko orduan, heroiak izan gabe ere xalotasun berezi bat ematen baitie, maitagarri egiten dituena.

Maitagarrietan maitagarriena, baina, Bombón edo Lechien deitzen den txakurra.

Kurdistan

Ezaguna da filmetan haurrik edo animaliarik ez erabiltzeko aholkua, eta lege horren hankazgoratze handiena Ghobadiren pelikula dugu; izan ere, "Dortokek ere hegan badakite" honetan umeak edo gaztetxoak dira pertsonaia guztiak, bigarren mailako rolak dituzten pare bat zahar kenduta, eta primeran ari dira gainera.

Kurduen tragedia oro har eta bereziki gerra jasan behar duten haurrena kontatu nahi digu zuzendariak. Ghobadi bera Irango parteko kurdua da, eta film honetan Irakeko kurduen errefuxiatu-gune batera garamatza, AEBek eta bere aliatuek Iraken inbasioari ekin baino lehentxeago, denak zer gertatuko zain daudela.

Indar dramatikoa

Gerra eta umeak uztartzea salaketa malkotsu topikoa egiteko bidea izan zitekeen, baina Kiarostamiren ikasle izandako zuzendariak asmatzen du pelikulari egia-usaina ematen. Kak Satelite deitzen dioten mutiko bat da protagonista, saltsero eta liderra, kanpalekura iritsi berri den neskato bat gustatzen zaiona. Neskato honek, baina, historia lazgarri bat du bere atzean, bizitzeko gogo guztia kendu diona.

Istorio triste eta hunkigarri moduan hasten da filma, eta horrelakoek beherantz egin ohi dute sarritan; honek, ordea, gero eta indar handiagoa hartzen du. Aipagarria da, esate baterako, ume txiki bat mina pertsonalez jositako zelai batean sartzen deneko eszena luzea, Tarantino onenaren tentsioa daukana.

Filmak, azkenean, halako garratz-gustu bat uzten digu ahoan, herri kurduaren patuaren parekoa, Hussein haiek sarraskitu zituen kriminala izan baitzen, baina ez baitute itxaropenik orain sartzen diren amerikarrekin hobeto joango zaienik.

Amerikaren ustela

xme 2004/09/23 16:16

Ipar eta Hego Amerikako film bana ikusi ditugu ostegunean sail ofizialean, Zinemaldia amaierara hurbilduz doala: John Sayles estatubatuarraren "Silver City" (orain arte erakutsi diren guztietan biribilena) eta Victor Gaviria kolonbiarraren "Sumas y restas".

Hau ez da Hollywood

AEBetako zinema independientea deitu ohi dugun horren eredu bikainenetakoa dugu Sayles: Hollywood-ekoak bezain egikera akasgabea dute bere filmek, goi mailako aktoreak ere bai askotan, baina gidoia askoz sendoagoa izaten dute, gaia mamitsuagoa eta ikusleak ez gaituzte ergeltzat hartzen. Zinema independientea barik, zinema inteligentea deitzea ere balegoke beraz.

Ezaugarri horiek guztiak ditu "Silver City" eder honek. Coloradon gobernadorea hautatzeko hauteskundeak egin behar dituzte, eta Dickie Pilager da faboritoa: estatuko senatariaren semea, korporazio ahaltsuen txotxongiloa, bera lerdo samarra izan arren komunikazio-arduradun makiavelikoa daukana. Saylesek nahita azpimarratu ditu George W. Bushekiko antzak, hura boteretik kentzeko kanpainaren barruan sartuz film hau, Michael Moore fikziogile baten moduan.

Gorpu bat Amerikaren armairuan

Propagandatik harago doa filma ordea. Hildako bat agertzen da bat-batean hautagaia spot bat grabatzen ari zen lakuan, eta, aurkarien jukutria ote den beldurrez, prentsa-buruak ikerlari bat kontratatuko du, Danny O'Brien, pixkana istorioaren ardatza hartzen duena: idealen eta pragmatismoaren artean zalantzan dabil, bere bizitzarekin zer egin ez dakiela. Hildako misteriotsuaren kasuan aztarrika hasi eta kontu ilunak agertu ahala, zuhurtziak eta nagusiek geldirik egoteko agindu arren, aurrera segituko du.

Satira politikoa eta thriller-a uztartzen dituen istorio sendoa, horrenbestez. Sarietarako faboritorik eman beharko balitz (eta biharkoak ikusteko zain), honexen alde egingo nuke nik, Vargas Llosa jaunak zuzendutako epaimahaiak zer erabakiko duen ez dakit baina. Sariak sari, areto komertzialetan ere erakutsiko da seguru asko, eta beldurrik gabe aholkatzeko modukoa da.

Kokaren paradisuan

Medellínera garamatza bigarren filmak, 80ko hamarkadan kokainaren negozioaren erdiguneetako bat izandako hirira. Eraikuntzako negozio-gizon gazte bat da Santiago, ikasia, familia onekoa, legala. Apurka, baina, lagunek zirikatuta, diru-arazoek behartuta eta etxe barruko asperdurak eramanda, trafikatzaileekin harremanetan hasiko da.

Victor Gaviria zuzendariak erakutsia zuen lehen ere Kolonbiako errealitate gordina gupidarik gabe erretratatzeko gaitasuna, kaleko umeen munduan kokatutako "La vendedora de rosas" lazgarrian, adibidez. "Sumas y restas" honek baditu film harekin loturak: miseria eta bortxa giroa agertzeko joera, kaleko egiazko hizkera jasotzekoa (hemengo ikusle normalak ezer ez ulertzeraino: ingelesezko azpitituluei esker jarraitu behar solasak), baina ez du bestearen lirika basati hura: etxe oneko mutilak kokaren capo eta matoien alboan egiten duen kontrasteari zukua ateratzen dio Gaviriak, eta asmatzen du ikusleari ondoez moduko bat eragiten, baina hortik aurrera emozio berezirik ez, nire ustez.

Gaurko filmak (eta III): El cielito

xme 2004/09/22 18:15

Bizitzan beste inongo helbururik ez euskarririk ez duen 20 bat urteko mutil gazte batek urtebeteko nini batekin daukan atxikimendu berezia da Maria Victoria Menis zuzendari argentinarrak Zinemaldian aurkeztu digun "El cielito" filmaren gaia.

Argentinaren gainbehera eta sormena

Argentinako azken urteetako zinemagintzaz hitz egitekotan, bi ezaugarri aipatuko lituzke gutako edozeinek: batetik, krisialdi ekonomiko-politiko-sozial izugarriaren eragin nabarmena, eta bestetik sormenaren lehertze harrigarri bat. Sormen horren erakusgarri izan liteke aurtengo sail ofizialean lehiatzeko beste inondik baino film gehiago datozkigula Argentinatik: hiru, hain zuzen ere; hirurak ere Espainia nahiz Frantziarekin koprodukzioan eginak, diru-premia horren seinale.

Krisi-giro horren isla da filmaren abiapuntua ere: Felix hogei bat urteko mutiko bat da, bizibiderik ez bizilekurik ez daukala-eta batetik bestera dabilena, eta, trenean txartelik gabe dabilenez, landa zabalaren erdiko bazter galdu batean gelditu beharra daukana. Mantenu truke bere etxaldera eramango du Robertok: baserri karrakoildu ia erori batean bizi dira senar-emazteak eta beraien ume txikia, Chango. Roberto zein bere emazte Mercedes batere ilusiorik edo itxaropenik gabeko jende hitsa dira, eta Felixek ez du ezer jakin nahiko haien lehia ilun eta asperdura zaharrekin.

Bizi-berritzearen esperantza?

Gurasoekin ez baina haien haur koxkorrarekin sentituko da Felix pixkanaka loturik, jolasean hasi eta azkenean ia bere bizitzeko arrazoi bihurtzeraino. Niniarekiko harreman horren bizipoza oso ongi adierazi du zuzendariak (Felixena egiten duen Leonardo Ramirez aktorearen lana azpimarratu behar, baita senar-emazteena egiten duten Dario Levy eta Monica Lairanarena ere).

Filmaren arazoa da, haurrarekiko harreman horretaz gainera ez dagoela besterik, eta Changuitoren gu-gu nahiz purrustak gutxitxo direla planteamenduaz geroztiko ia ordu eta erdian interesari eusteko, oso umezalea izanda ere.

Gaurko filmak (II): Geo-mi-soop

xme 2004/09/22 17:48

Hego Koreatik film bikainak iritsi dira azken urteetan. Song Il-Gon zuzendariak Donostiara ekarri duen hau ez da beharbada maila horretara iristen, baina harrigarria bada behintzat.

Mamuen thriller-a

Hilketa batetik abiatzen da Geo-mi-soop (Armiarmen basoa) baso batean bikote bat basatiki hilda aurkitzen du gizon gazte batek; gero gazte horri hiltzaileak-edo segitzen dio, bere ihesean auto batek harrapatzen du, eta ospitalean esnatuko da handik aste pare batera, ia hilzorian egon ondoren. Hildakoak gazte horren nagusia eta gazte beraren andregaia direla jakitean, lekuko ez ezik susmagarri ere bihurtuko da poliziarentzat filmeko protagonista.

Horrainoko guztia, edonork ulertzeko modukoa da. Hortik aurrerakoa, berriz, hartara jarriko banintz ere ez nuke erraza azaltzen: pixkana-pixkana, lehenaldia eta orainaldia nahasten dira, ametsa eta errealitatea, bizien mundua eta espirituena.

Ikusleak galduta; zuzendaria ere bai?

Giro oniriko horretan film ederra da korear hau, mataza gero eta konplexuagoan biltzen gaituena, haria modu logikoan ulertzeko ahaleginak gero eta nekezagoak bihurtzen diren arren. Irteeran ikusleen artean aditzen ziren solasaldiek garbi uzten zuten nahasturik eta interpretazio zehatz baten eske zeudela asko eta asko.

Hori dena zuzendariak nahita bilatutako efektua izan liteke, edo berak ere neurria galdu duen seinale. Nolanahi ere, esperientzia polita izan da armiarmen baso horren magian galtzea.

Gaurko filmak (I): Omagh

xme 2004/09/22 14:49

Asteazkeneko filmak (I): Omagh

Gai politiko eta sarritan gordinak erakusteko joerari jarraituz, Pete Travisek zuzendutako "Omagh" filma iritsi zaigu Zinemaldiko sail ofizialera, izen bereko hirian egin zen atentatu odoltsuaren ingurukoa.

Irlandako gatazkaz

Omagh esan eta Hipercor esatea bezalatsuko zerbait da: izugarrikeria bat, gertatu behar ez zukeen zerbait, eta hildako mordo bat odoletan. Baina ez dezagun geure kasuaz hitz egin. Omagh-ekoa oso testuinguru zehatzean gertatu zen: 1998ko abuztuan, Ostiral Santuko bake akordioa sinatu eta gero, harekin bat ez zetozen IRAko kide batzuek taldea utzi, Benetako IRA sortu eta, prozesu hura lehertzeko asmoz-edo, bonba-auto bat jarri zuten Omagh hirian, abisuak gaizki egin zirelako edo poliziaren utzikeriaz 31 hildako eragin zituena.

Film honek hori dena erakusten digu, Mike Gallagher deritzan auto-mekanikari baten egiazko kasuaren bitartez. Gallagher-ek 21 urteko semea (Aiden) galdu zuen, garajean lankide ere bazuena. Pott eginda geratuko da hasieran; gero, etxekoren bat galdutako senideen bilerara deituko diote, eta Omagheko bonbaren auto-laguntzazko taldearen bozeramaile bihurtuko da, ia ustekabean.

Biktimaren labirintoa

Biktimen senideen nora eza bihurtzen da pixkanaka filmaren gai nagusia. Ikuspegi politikoa da nagusi inguruan, Bake Prozesua salbatu beharra, baina haiek beste fase edo beste uhin batean daude, ezinbestean: etxeko bat galdu dute, minduta daude, eta justizia eskatzen dute. Aldi berean, denbora aurrera doa, bizi beharra dago, eta etxean segitzen dutenekiko arreta edo axolagabeziaren arazoa planteatuko da.

Ikuspegi orokorra falta duela aurpegira dakioke filmari, baina berau egin dutenek alderdi hauxe kontatzea erabaki dute, lekukotasun gogor baina tranparik gabeko batean. Paul Greengrass produktoreak legitimazio handia du horretarako, berak zuzendu baitzuen "Bloody Sunday" film ezaguna, XX. mendearen bigarren erdian borroka armatuaren itzulera ekarri zuen britainiarren izugarrikeria haren berreraikuntza historikoa, nolabait esanda.

Ea Omagh-ekoa egiazko epilogoa den.

Urrunekoa eta bertakoa

xme 2004/09/21 17:55

Bi zine-aukera guztiz desberdin ekarri dizkigu asteartean sail ofizialeko egitarauak: Xu Jinglei zuzendari eta aktore txinatarraren "Yi feng mo sheng nu ren de lai xin" ("Emakume ezezagun baten gutuna"), eta Robert Guédiguian frantziarraren "Mon père est ingénieur".

Joan-etorriko bidaiak

Stefan Zweig idazle austriarrak XX. mende hasieran idatzitako nobela labur eta aski ezagun bat izan zen hasieran "Emakume ezezagun baten gutuna"; pantailara ere azkar samar egin zuen jauzia, 30eko hamarkadan zinema-bertsio gogoangarria egin baitzuen Max Ophüls-ek. XXI. mendean, berriz, bertsio berri bat datorkigu Txinatik, hango girotzea beste berritasun nabarmenik gabe.

Istorioa ezagutzen ez duenarentzat, erraz labur daiteke argumentua: emakume batek gaztetxo zenetik maite du gizon bat eta hura maitatzen jarraituko du bizitza osoan, gizonak emakumea badenik ere erreparatzen ez duen arren, eta inoiz elkar topatuta ere ahaztu egingo duen arren. Xalbadorrek kantatu zuen bezala, esperantzarik gabeko amodioaren gaia dugu beraz, gai erromantikoa inon bada, tristura eta oroiminaren putzuan igeri egitera garamatzana.

Déjà vu txinatarra

Xu Jinglei emakumezko txinatarra gidoilari, zuzendari eta protagonista izan da film honetan, eta denetan ondo moldatzen dela aitortu behar. Europara iristen zaizkigun film txinatarren ohiko perfekzio teknikoa du honek ere, dotorezia handia ere bai, baina hortik aurrera ezer gutxi, nire ustez. Amodioa sentimendu unibertsala dela konstatatuko dugu, Europan nahiz Txinan klabe berdintsuekin funtzionatzen duela, neskatoari errukia izango diogu eta berak maite duen idazle snob horri gorroto...

Filmaren une onenetako batean "déjà vu" baten sentipena duela azaltzen dio idazleak neskari, baina ikusleok ere ezin kendu gainetik sentipen hori.

Zinema ulertzeko modu berezia

"Mon père est ingénieur" ikusteko gogoz nengoen. Guédiguian-en zinema berezia baita, izan ere. Hogei urte baino gehiago daramatza filmak egiten: beti Marseillan, beti talde tekniko berarekin, eta beti aktore berekin! Goi-argiaren zain egonean dagoen artista inspiratuaren aurrean, berea ofiziotzat aldarrikatuko balu bezala, ofizio horren emaitza lan artistikoak izan arren.

Horrek ez du esan nahi istorioak errepikakorrak direnik, konstante batzuk badituen arren: giza izatearen zuloetan murgiltzea maite du, pertsonalak izan nahiz sozialak; jendearen egunerokotasuna azaldu ohi da, beren etxeak, familia, lana... Eduki ideologiko sakona izan ohi dute, ikuspegi ezkertiar batetik, baina pertsonaiak ez dira inoiz prefabrikatuak, ezta tesiak agerikoak ere.

Konpromisoa fede gisa

Berezitasun horien barruan, zertxobait desberdina da azken film hau. Lan-taldearena mantendu du, baina kontaera aldatu, errealismoa istorio honetarako motz geratzen zitzaiolako-edo. Natacha (Ariane Ascaride, Guédiguian-en film guztietako emakumezko protagonista) auzo osoari lagundu ohi dion pediatra bat da, bat-batean egoera katatonikoan geratu dena, ez mintzatu ez ezer egiten ez duela. Bere betidaniko maite Jérémie datorkio laguntzera, eta apurka joango gara denok historiaz jabetzen, hainbat hariren bitartez.

Gertaerekin batean, Jesusen jaiotzaren antzezpen moduko bat garatuko da obran zehar, hainbat modutara interpreta litekeen sinboloa. Pertsonaia nagusien militantzia komunistaren eta kristautasunaren arteko sinbiosi bat izan liteke, edo utopia komunista ez dela jadanik sinesten langile-masaren borrokaren emaitza historikotzat, ezpada jarrera eta konpromiso pertsonal gisa, inguruko jende guztia alienatua, arrazista eta solidaritatearen aztarnarik gabekoa izan arren.

Gizarte-justiziarako itxaropen-zirrikituak estutzen diren garaiotarako proposamena izan liteke, nork daki.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.