Glamourra, amaitzeko
Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren erabakia jakitea bakarrik falta da. Bitartean, gaur erakutsi da, lehiaz kanpo, sail ofizialeko azken filma: Tod Williams-en "The door in the floor", protagonistatzat Kim Basinger eta Jeff Bridges Donostia Sariaren irabazlea dituena; bide batez, aurrekoan denborarik ez eta gaur komentatuko dugu Istvan Szabo-ren "Being Julia", Annette Bening beste Donostia Sariduna agertzen dena.
John Irving-en eskua
"The door in the floor" John Irving-en azken liburuetako batean oinarritzen da: "A widow for one year" nobelaren lehen partea egokituta. Irvingen unibertsoa aurkituko dugu hemen ere: AEBetako Atlantiko ertzeko herri aberats baina lasai eta hotz horiek, auto amerikar horteren ordez volvoak eta mercedesak dituen jende ikasia, eta bizimodu eroso horren azpian barruko dramak eta ezinegonak ezkutatzen dituzten pertsonaiak.
Ted eta Marion (Bridges eta Basinger)zoriontsu izandako bikotea dira, baina istripu batean bi seme galdu izanak txikituta utzi du beren elkarbizitza. Tedek eusten dio bizinahiari, bere liburuekin, marrazkiekin eta ligeekin, baina Marion burua altxatu ezinda dabil. Idazle izan nahi duen Eddie gaztea dator Tedi laguntzera, eta orduan hasiko dira gauzak mugitzen.
Aktore-lan ederra
Sentimenduetan sakontzen duen filma dugu honakoa, tipularen antzera azal asko duten pertsonaien barne munduan sartuz joango baikara, eta horrek luzitzeko aukera ematen die protagonista biei. Horrez gainera, aipatzekoa da haurrarena egiten duen aktorearen lana, eta Vaughn anderearen istorioa, dramaren barruan asko eskertzen den komedia arin eta jostalaria eskaintzen diguna.
Hitz bitan esateko, istorio samin bat kontatzen digun film polita, oso ondo egina, aktore ospetsuekin, oro har lehian ikusi ditugun pelikula gogor eta salaketazkoekin zerikusirik ez daukana. Denetik behar izaten baita, gero urte osoko eskaintzan ez dugu denetik izaten baina.
Berrogeiko krisia, emakumezkoetan
Mila liburu eta filmetan ikusia dugu 40 urtera iritsi eta txorakeriak egiten hasten den gizasemearen historia, esku artetik ihesi doakion gaztetasunaren apurrei eutsi nahian eta. Emakumezkoetan gutxiago agertu ohi da fase gorabeheratsu hori, baina kasualitatea, Williamsen filmean bezala, "Being Julia"n ere berrogeiak pasatu dituen andre eder bat dugu erdigunean, kasu honetan drama ilunik gabe hala ere.
Londresen gaude, 1938an. Julia Lambert (Annette Bening)antzerki-aktore ospetsua da: ederra, maitatua, arrakastaduna... Ilusioa amaitu zaio ordea. Tom izeneko gaxte miresle bat hurbiltzen zaio, eta haren besoetan aurkituko du falta zuen bizipoza. Senarra eta bere obren produktorea den Michael ere (Jeremy Irons) ez dirudi asko kezkatzen denik.
Antzerkia eta bizitza erreala
Hortik aurrerakoak, norberak ikustea hobe. Sedukzio, jeloskeria eta mendeku istorio bixi, atsegin eta dibertigarri bat dugu, ingelesen dotorezia hipokrita zoragarri horrekin. Filmaren alderdirik interesgarriena, nire ustez, antzezpenaren eta benetan sentitutakoaren artean sortzen den harreman korapilatsua da: Julia interpretaziorako bizi da, eta antzokitik kanpo ere, eguneroko bizitzan eta harreman errealetan, buruz ikasitako pasarteak erabiltzen ditu, malko bat noiz isuri kalkulatzen du, ia nahi gabe ateratzen zaion mekanismo gisa. Halako batean, baina, alderantzizko prozesua erakutsiko digu, antzezpena erabiliz bere egiazko sentimenduak azaltzeko.
Horrez gain, Londresen edozein garai historikotan kokatutako istorioetan ohi denez, perfektua da girotzea, filmaren taxukera Szabo bezalako profesional handi bati dagokion bezain biribila, eta Annette Bening-en antzezpena bikaina, ximurrak ximur lehen bezain zoragarria baitu irribarrea.