Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Zauriak ixterik bai?

xme 2004/09/20 19:00

Aurrera eta hobera doa Zinemaldiko sail ofiziala. Astelehenean ikusi ditugun bi filmak: "Horas de luz" espainiarra eta "Sam zimske noci" serbiarra, film serio eta sendoak dira biak ere, ikusleari zer pentsatua ematen diotenak eta ikusteko gomendatuko nituzkeenak.

FIES presoen egoera

Manolo Matjí zuzendari espainiarrak "Horas de luz" aurkezten digu, egiazko kasu batean oinarrituriko film gogor eta hunkigarria, euskaldunon artean dudarik gabe zer esana emango duena. Izan ere, Juan Jose Garfia preso espainiarraren kartzela-bizitza kontatzen digu filmak. Garfia (Alberto San Juanek bikain antzeztua) preso soziala da, hilketa batzuengatik, ihes ahaleginengatik eta mutinak antolatzeagatik ehunka urteko zigorra daukana. Arriskutsutzat jotzen dituzten presoei FIES etiketa jartzen zaie Espainiako espetxeetan (Segimendu bereziko internoen fitxategia), eta tratamendu gogorragoa ezartzen.

Kantabriako El Dueson preso zegoela, Marimar izeneko erizain bat sartu zen bertan lanean (Emma Suárez, filmean). FIESekoei ematen zaien tratu izugarri gogor eta ankerrak haiekin solidarizatzera eramango du, laguntzen saiatzera eta, ezinezkoa bihurtzen zaionean, lana uztera. Horrez gain, Garfiarenganako errukia errespetu bihurtuko zaio, eta geroago, gutun bidez-eta, maitasun ere bai. Hau dena, fikzio hutsa balitz, ez dela sinesgarria esango genuke, baina errealitateak horrelakoxe gauzak dauzka batzuetan, sinesgaitzak egia direla.

Oneski kontatua

Horra bi hitzetan filma azalduta. Gure herrian daukagun preso pilak eta haiei ematen zaien tratu gogorrak bereziki hurbila egiten digute gaia, batetik, eta pelikularen zenbait xehetasun eztabaidagarri bihurtu ere bai, bestetik. Baina niri film zintzoa iruditu zait, oneski egina, eta Espainiako botere-egituretan gertatu den endekatzea dela-eta ez da gutxi.

Filmaren azpiko mezua, ea gaizkilea onbidera daitekeen, ea kriminal arriskutsua maitasunaren bitartez alda daitekeen, ea "barkamena" posible den. Matjí-k baietz sinesten du (jarrera sokratikoa litzateke), eta halaxe defendatzen du.

Garfiaz gehiago jakin nahi duenarentzat: liburu bat dauka Txalapartak argitaratua ("Adiós Prisión") eta artikuluak idatzi ohi ditu "Kale Gorrian". Hogei urte daramatza espetxean, gaur egun 2. graduan, eta inoiz ez diote irtenaldi baterako baimenik eman. Ez dakite noiz atera ahal izango duen, baina horren alde lanean segitzen dute Marimar emazteak eta honek lehendik zeuzkan hiru seme-alabek.

Serbia txikitua

Bigarren filma, Goran Paskaljevic serbiarraren "San zimske noci" izan dugu ("Negu gau bateko ametsa"), film latz eta aldi berean sentibera.

Hiru pertsonaia galduk egingo dute topo: Lazar (Lazar Ristovski-k jokatua) gerran gorriak ikusi eta gero hamar urtez egon da giltzapean eta ez du itxaropen handirik geratzen zaion bizialdirako; bere etxe hutsera itzultzean Jasna aurkituko du bertan (Jasna Zalica-k antzeztua), emakume errefuxiatu bosniar bat, 12 urteko Jovana alaba autista batekin bizi dena (Jovana Mitic haur autistak egiten du pertsonaia). Okupak bota ordez, bertan gelditzen uzten die, eta harreman berezia sortuko da hiruren artean.

Autismoa metafora gisa?

Filmak hainbat alderdi interesgarri ditu, bai sozialak, bai pertsonalak, eta zuzendariak bien arteko harremana sujeritu nahi digula ematen du, hau da, Serbia herri atzeratu, paralizatu, gaixo bat dela, eta ez dagoela egoera horretatik ateratzerik, Jovana bere autismotik sendatzerik ez dagoen bezala, Lazar horretan tematu arren.

Serbiarren onetan, ez nuke hala denik sinetsi nahi.

Igandekoak (III): Roma

xme 2004/09/19 17:51

Adolfo Aristarain zuzendari argentinarra ezaguna da gure artean, ez bakarrik Donostiako Zinemaldian lehiakide eta irabazle izan delako birritan: Hego Euskal Herri osoko zinema komertzialetan ikusi ahal izan dira bere azken filmak, espainiarrekiko koprodukzio eta lankidetza estuan ari denez geroztik.

Espainiaren morrontza?

Film honetan ere Espainiarekiko lotura hori oso indartsua da: argumentuan bertan, protagonista gaztetan Argentinatik Espainiara joandako idazlea da, bere oroitzapenak idazten laguntzeko argitaletxetik kazetari gazte bat bidaliko diotena; eta aktoreetan ere, Jose Sacristanek jokatzen du idazle helduarena, Juan Diego Bottok rol bikoitza jokatzen duen bitartean: kazetariarena eta idazlea gazte zenekoa.

Gauza jakina da zinema industria bat dela, dirua behar dela martxan jartzeko, eta produkzio-arrazoiek goitik behera baldintzatzen dituztela proiektuak. Hori zalantzan jarri gabe ere, esan egin nahi nuke produktuaren kaltetan gertatzen dela hemen Sacristan kargantearen hautua, baita filmaren alderdi espainiarra ere oro har, arrazoi komertzialek eragindako kontzesioa.

Malenkoniaz blai

Ez da hori filmaren arazo bakarra ordea. Luzea den arren gustura ikusten da, elkarrizketak onak dira, gauzatzea alde guztietatik txukuna, Aristarain zuzendari ofizioduna da eta ez dugu gutxiago espero. Gehiago ere espero genuen ordea.

Filmak Joaquín Góñez idazlearen haurtzaroa eta gaztaroa oroitarazten dizkigu, bizpahiru atzera-salto luzeren bitartez. 50eko Buenos Airesko giroa, 60ko amaiera aldekoa eta 70eko hasierakoa ikusiko ditugu hartara. Girotzeak oso ongi funtzionatzen du, zuzendariak bere oroitzapenak erabiliko zituen neurri handi batean eta ezagun du gustura aritu dela. Baina oroiminezko ariketa bertangoxo bat iruditu zait niri, filmari izena ematen dion Roma amarenganako maitasun eta omenaldiak nostalgia hori zilegi egin badezake ere.

Klixe gehiegi

Hainbat gauza ere kontatzen dizkigu, dena ez da iraganaren ederreste hutsa. Joaco gaztearen maitasun alferrik galduaren istorioak, adibidez, emozioa eta indarra lortzen ditu une batzuetan, baina bai hori eta bai bigarren mailan geratzen den politikazko haria topikoz gainezka daude, eta ez dute lortzen, beraz, kontakizun original, sentitu eta berebiziko baten arnasarik.

Filmaren emanaldian ikusle guztiz enpatiko bat izan nuen ondoan, gidoiko elkarrizketan grazia apur bat egiten zuen ezer entzun orduko algara egiten zuena eta zati hunkigarrietan begiak hezetzen zitzaizkiona. Hari bezala, posible da jende askori zoragarria iruditzea. Denok ez gara berdinak.

Igandekoak (II): Tarfaya

xme 2004/09/19 17:00

Dadud Aoulad-Syad marokoarrak "Tarfaya" ekarri digu, Dupeyron frantziarrak bezperan bezala Europan sartu nahi duten emigranteen gorabeherak kontatzen dizkiguna, Afrikako kostaldeko ikuspegitik baina.

Beste aldetik

Emakume gazte bat da Miriam, filmeko protagonista. Lehorreko bere bizilekutik Fuerteventura uharte espainiarraren pareko herrixka batera iritsi da, nondik edo handik inguratu duen diru guztiarekin, beste alde horretara pasatzeko asmoz. Gauzak zaildu egingo zaizkio: iruzurren beldurra, kontaktu egokia lortzeko arazoak, bera limurtu nahian dabiltzan gizonezkoak uxatu beharra...

Abarrotsik eta melodramarik gabe erakusten zaigu gizarte-problema larri bat, Afrikako ikuspegitik baina. Europan kexu gara, "beltz" edo "mairu" gehiegi datozela-eta, geure bizimodu erosoa aldatuko den beldurrez; han, berriz, miseriatik alde egin nahia daukate, batetik, baina gazteek alde egin ahala gero eta etorkizun beltzagoaren susmoa, bestetik. Perspektiba aldatzen da, baina lotura hortxe dago; pertsonaia batek gure zibilizazioko gau-argiei begira dioen bezala, "Zenbat eta argiago han, ilunago hemen".

Erritmo lasaian

Filmaren asmatzeetako bat arazoa abstrakzioan kontatu ordez kasu jakin bat kontatzea izan da, drama orokorraren zantzuak ere ematen zaizkigun arren, han-hemen: itsasoak dakartzan gorpuak, txaluparen zain daudenen begiradekin egindako casting izugarria... Mataza, baina, Miriamen inguruan biltzen da, zenbait harirekin: bere lehengo etxekoandrearen jazarpena, polizia-buruaren gurari ilunak, Hassan gizajoaren desira...

Erritmo lasai batean dago kontatua filma, basamortu mugagabearen tankeran, irudi merkea onartzen bazait. Niri film irandarren estiloa etorri zait burura, jende normala gauza normalak egiten grabatze hori, nahiz eta komentario hau badaezpadakoa izan: zinema islamdarrean irandarrak besterik ezagutu ez eta haiekintxe lotu; iritsiko ahal da gehixeago ikasiko dugun eguna. Bitartean, maisu irandarren emozio-maila lortzen ez badu ere, ez da aukera txarra "Tarfaya" hau hango berri edukitzen hasteko.

Igandekoak (I): Nine Songs

xme 2004/09/19 16:26

Michael Winterbottom zinemagile britainiarrak film harrigarri bat ekarri du Donostiako Zinemaldira: Nine Songs, sailkatzen zaila den pelikula, rock kontzertuetako emanaldien eta bikote baten sexu-bizitzaren irudien tartekatze bat.

Sex, Drugs (?) and Rock'n'Roll

80ko hamarkada hasieran asmatu zuen Ian Duryk "Sex and Drugs and Rock'n'Roll" abestia, gaur lelo hori betidanikoa iruditzen zaigun arren. Film batzuk ere eman ditu Rockak, gehiegi eta oro har nabarmenegiak izan ez badira ere. Hemendik aurrera Winterbottom-en hau gehituko zaio zerrendari, eslogan horren bi heren oparo eskaintzen baitizkigu, baita hirugarrenaren printza batzuk ere, esnifatze batzuk direla medio.

Batetik, esan bezala, rock kontzertuetako zatiak, bere soinu zikinarekin eta jendearen berotasunarekin; talde mordoxka ageri da (bederatzi?), bakoitzak abesti bat jotzen duela: The Von Bondies, Elbow, Primal Scream, The Dandy Warhols, Super Furry Animals, Black Rebel Motorcycle Club... Kontzertu horietako ikusle dira Lisa eta Matt, jendetzaren artean sumatuko ditugu uneren batean.

Bestetik, Lisa eta Matt horiexek dauzkagu, neska-mutilak, txortan. Hitz gordina iruditzen bazaizue ere, halaxe da: irudiak guztiz errealak dira, eta hori da berezitasunetako bat: ez daukate erotismo soft-aren edulkoraziorik, ez porno hutsaren genitalekiko obsesiorik. Narutaltasun itxura bat emanez filmatua, eta egiten dutena ere sexu natural samarra dela esan liteke, hots, ez dagoela perbertsio arrarorik edo. Horretan ari dira eta horretan erakusten dizkigu kamerak. Eta kitto.

Eta filmak zer du besterik? Ezer gutxi. Txortaldien artean, bikotea berriketa hutsalean edo eguneroko gauzetan arituko da: hortzak garbitzen, kafea prestatzen, bizarra mozten, noizbait autoz bidaiatxo bat egiten... Solasaldi urri horiei esker jakingo dugu neska amerikarra dela, eta hara bueltatzekoa dela. Baina ez dago inolako istoriorik: ez nola ezagutu zuten elkar, ez gelatik kanpoko beren bizitzaren berri, ez bakoitzaren izaeraz ia ezer ere.

Aukera harrigarria

Winterbottom zuzendari harrigarria zela bagenekien lehendik ere. Nik "In this World" txundigarri eta lazgarriaren bitartez ezagutu nuen, eta han garbi erakusten zuen bere maisutasuna, batetik, eta generoen nahasketa (dokumentala eta fikzioa), bestetik.

Hemen ere agerian dago maisutasun hori: eszenak edertasun handiz filmatuak daude, argazkiaren erabilera zoragarria da, musikaren hautaketa bikaina da (rock abestien hitzek bikotearen historiaren ordezko modukoa egiten dutela esan liteke, eta oheko zeretan piano-pasarte lirikoek kontrapuntu indartsua sortzen dute)... Narraziorik batere ez izatea da filmean gustatu ez zaidana: ez istoriorik, ez pertsonaien bilakaerarik, ez antzekorik, baina argi dago zuzendariaren aukera izan dela hori, zergatik ez dakidala.

Antartika

Badu film honek beste elementu bitxi bat ere, orain arte aipatu ez dudana: musika-kontzertu eta larru-jotzeez gainera, Antartikako irudiak ageri dira, kontrastea eginez: Matt hara joan da lanera, nonbait, Lisak alde egin eta gero. Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" oroitarazten dute kontinente izoztuko irudiek, eta iurretarraren nobelan bezala metafora ireki bat bezala geratzen zaigu ikusleei: lehengo kolore gorri eta nabarren ordez dena da hemen zuri, zarataren ordez oro isiltasun, beroaren lekuan guztia hotz, jendetza barik mortu huts...

Zauriak

xme 2004/09/18 18:11

Hasi da Zinemaldiko sail ofizialeko lehiaketa, sarigarri diren lehenengo bi filmen emanaldiarekin: "Brodre" daniarra eta "Inguélézi" frantziarra.

Film bakoitza mundu bat da berez, eta biak plater berean aurkeztea lardaskeria bat nire aldetik, baina mezuak pilatzea ere ez dela komeni-eta, Julio Ibarraren albistegietako "liaison" horietako bat egingo dugu: izan ere, esan liteke gure mundu honetako zauriak eta pertsonen baitakoak ageri direla film bietan, proportzio diferentetan baina.

Bi anai

Brodre ("Anaiak" danieraz, ondo idazteko marra oblikuo batekin ebakiz o hori) Susanne Bier-ek idatzi eta zuzendutako drama familiarra dugu, Afganistango gerraren ukitu batzuekin zipriztindua. Anaia bi ageri zaizkigu hasiera-hasieratik: bata (Jannik) ganorabako, zakar eta erasokorra, kartzelatik atera berri da; bestea (Michael) aurrekoaren ifrentzua da: gurasoentzat seme zintzo, alabentzat aita on, andre ederrarentzat senar maitagarri, anaiaren lagun handi, menpekoen nagusi jator (militarra baita Michael, laster batean Afganistanera doana, Nazio Batuen "giza laguntzazko" misio horietako batera).

Hortik aurrera zer etorriko den, ez dut gehiegi aurreratu nahi, ikusiko duzuenon plazera ez zapuztearren. Izan ere, hainbat gorabehera gertatuko zaizkie pertsonaiei, eta inguruabarrak beraiengan (anaia lerdoagan zein zentzudunagan) zer-nolako ondorioak dituen ohartuko gara, Sarah emaztea bien arteko ardatz bihurtuta.

Aktoreen lan ederra

Sentimenduen inguruko filma da hau, emozio-une handikoa, indarra batik bat gidoian eta aktoreen zuzendaritzan daukana. Gizonezko bi protagonistak, Ulrich Thomsen militarra zein Nikolaj Lie Kaas preso ohia (azken hau zuzendari berarekin "Open Hearts" bikainean jarduna) bikain ari dira.

Connie Nielsen, berriz (Hollywood-eko izar daniarra, "Gladiator"en agertu zena, Sharon Stone eta Kim Bassinger-en tartekoa), sexiegi iruditu zait niri hasiera batean jende arruntaren problemez ari den film serio baterako, baina ongi betetzen du bere rola eta, bestalde, esan liteke bere xarma horrek baduela funtzio dramatiko bat ere, beste protagonisten hautu moralen bultzatzailea den aldetik. Aipagarria da alabena egiten duten bi neskatxen lana ere.

Afganistan

Gerraren zipriztinak aipatu ditut lehen, eta emanaldiaren osteko prentsaurrekoan horri buruzkoak izan ziren kazetarien galdera asko: irailaren 11, Irak-en inbasioa, Bush... Hala ere, nire iritziz iragaitzazko eta axalekoa da hemen gerraren erabilera. Indarkeriak pertsona bat muturreko egoera batera nola eraman dezakeen erakusten zaigu, egoera horretan zirt-zarteko erabakiak nola hartu behar izaten diren, eta horrek gero pertsona horrengan nahiz ingurukoengan zer-nolako ondorioak izan ditzakeen. Afganistan bezala izan zitekeen beste edozein gatazka, dilema etikoa axola baitzaio zuzendariari, itxuraz, eta ez inperialismoaren salaketa edo nazioarteko politika.

Zuzentze nahiz muntaian ez dugu ikusi sofistikazio berezirik, lehen plano guztiz hurbil batzuk eta ezer gutxi gehiago, telebista oroitarazten zuten teknikak edo Dogma mugimenduaren ondoriozkoak. Filmak aurrekontu txikia du, bestalde: hiru milioi euro. Hortaz, hona galdera: Danimarka berez gure herria baino askoz handiagoa ez denez gero, ezin ote genezake guk ere noizean behin horrelako pelikula txukun, duin eta hunkigarri bat egin?

Odisea modernoa

François Dupeyron frantziarraren Inguélézi izan dugu gaurko bigarren filma, emigrazioaren gai modakoa bere gordinean jorratzen duena. Dupeyronek gai zailak eta tankera diferenteko filmak egin ohi ditu (orain dela dozena erdi bat urte "C'est quoi la vie?", Donostian Urrezko Maskorra irabazi zuena), eta oraingoan ere apustu gogorrarekin datorkigu.

Senarra hil berri zaion emakume bat ageri da hasieran: Geneviève (Marie Payen-ek jokatua); ustekabean, Kurdistandik Ingalaterrara joan nahi duen emigrante bat azalduko da bere bizitzan: Kader (Eric Caravacak antzeztua). Bien artean sortzen den harreman berezia eta Itaka baten bila egingo duten bidaia bihurtzen da filmaren mamia.

Kontzesiorik ez

Protagonista biek ez dute elkar ulertzeko hizkuntzarik. Hortaz, begirada ugari, isilune luze eta mintzaldi ulergaitzezko filma da "Inguélézi" hau. Amodioa mintzaira unibertsala dela pentsatzen ariko da irakurlea, baina Dupeyron ez da jausi errazkeria sentimentalean. Giza solidaritate senezko bat da, izatekotan, alarguna bere lozorrotik aterako duena.

Film ausarta egin du zuzendariak, aukeran luzeegia, interpretazioan neurtua, hotza ere bai tarteka, sinesgarria eta zintzoa, arrakasta komertzial handirik ez diogu aurreikusten baina. Filmatze-modua ere ezin alde batera utzi, kamera digitala beso gainean hartuta aritu baita Dupeyron, baina horrek ere bere arrazoia duela esan liteke, kameraren mugimendu urduri etengabe horrek guztiz egoki islatzen baitu protagonistaren nora eza.

Komedia ala tragedia?

xme 2004/09/17 14:35

Komediaren eta tragediaren artean igeri dabil "Melinda and Melinda", Woody Allen-en azken filma, Donostiako 52. Zinemaldiko irekiera ofiziala markatzen duena. Horrez gainera, esan liteke komediaren eta tragediaren arteko joko hori bihurtu duela zuzendariak filmaren motor eta giltza.

Woody Allen-en filmei buruz hitz egitean zaila da ezer berririk esatea, berrogeitaka pelikula egin eta gero "eta dozena bat gutxienez edonork ikusi duenez gero" era guztietako iritziak entzun eta irakurri baititugu denok ere. Era berean esan liteke Allen jaunak, arrazoi beragatik, zaila duela ezer berririk egitea. Gauza bat du alde: bere karrera sendotu nahian ari den artista (edozein arlotan dela ere) dardarka hasten da "errepikatzen" ari dela esaten badiote; klasiko bihurtu denari, ordea, onartu egiten zaio errepika, eta kasik horrexen zain gaudela esan liteke, estilo bat definitzen duten ezaugarri horiexek ikustea (entzutea, irakurtzea) espero dugula.

Dena dela, Allen-en fabore esan dezagun, bere betiko ukituari, kezkei eta tik-ei ihes egin gabe, zerbait berri eskaintzen, arriskatzen saiatzen dela sarritan, eta ondo ateratzen zaiola behin baino gehiagotan. Film honetan hala gertatzen dela esango nuke.

"Melinda and Melinda"ren bereizgarri nagusia, aurreratu dugun moduan, tragediaren eta komediaren arteko jolasa da. Idazle batzuk tabernan bilduta daudela hasten da filma, solasaldi atseginean bizitzaren funtsa komedia ala tragedia den berriketan; egoera jakin bat hasten dira imajinatzen, eta abiapuntu berarekin istorio bi eraikiko dituzte, bata alaiagoa eta bestea goibelagoa, bateko eta besteko pasarteak tartekatuz. Bitxikeria moduko bat da istorio bietan protagonista bakarrik dela berbera (Melinda, alegia, aktore bakarrak jokatua), eta gainerako pertsonaiak eta antzezleak desberdinak direla.

Txandakako tonu-aldaketa etengabe hori arriskua izan zitekeen, baina oso ongi lortua dagoela esango nuke. Lagundu ere egiten du horretan Woody Allen bera aktore ez izateak, jokalarien antzezpena neurtua baita, histrionismorik gabea; era berean, istorio tristean badira irribarrea pizten diguten uneak, baita hari alaian kezkatsu uzten gaituzten zatiak ere (eta ispilu joko ugari daude bien artean, ikuslearentzako keinu moduan). Izan ere "eta hau izango da segur aski zuzendariak utzi nahi digun inpresioa" gazi-gozoa da bizitza, momentu batzuetan gozotik edo gazitik gehiago izan dezakeen arren; nondik begiratzen zaion izango da kontua. Filmaren une batean pertsonaia batek galdetzen dio beste bati ea bere malkoak pozezkoak ala saminezkoak diren, eta besteak erantzun: "Ez al dira gauza bera?"

Allen-en filmetan ohi den bezala, New Yorkeko gizon-emakume adin ertaineko liberal eta kultuak dira pertsonaiak, eta beren bikote harremanen ingurukoak buru-hausteak: senar-emaztearekiko nekea, maitemina, jeloskeria, infidelitatea, sedukzioa... Ez dakit denon bizitza ardatz horren jiran dabilen baina ikuslea barruan sartzeko dohaina du zuzendariak. Filma nirekin ikusten aritu den batek esaten zidan moduan, bere betiko neurak kontatzen ditu Woodyk, eta gu guztionak aldi berean. Allen bera aktore ez izatea filmaren onerako dela esan dut lehen, eta beste arrazoi bat ere emango dut: gizonezko ikuslearekiko identifikazioa bultzatu izan dute bere interpretazio uneoroko eta ia gehiegizkoek. Hemen, berriz, emakume bat da protagonista, bera ere neurotiko samarra, baina orekatuagoa da sexu bien rola. Hala ere, Allen onenari gertatu ohi zaion moduan, esango nuke emakumezkoen zuzendaritzan nabarmendu dela. Antzezleak ez dira oso ezagunak (niretzat behintzat), baina beste batzuetan legez pentsa liteke hemendik aurrera erruz igoko dela haien ospea eta cachet-a.

Pedantekeria barkatzen badidazue, filma ikusi ahala Aristotelesen "Poetika" etorri zait burura: tragediaren mekanismoak ikertu zituen greziarrak bertan, oraindik ere gaurkotasuna duen azterketa batean. Komedia beste baterako utzi zuen, gero idatzi ez bazuen ere (edo ez da agertu behintzat: balizko liburu horren bilaketa bihurtu zuen Ecok "Il nome della rosa" eleberriaren kakoa). Allen-i dagokionez esan liteke beti gustatu izan zaizkiola bi generoak: dramarena eta komediarena. Garai batean, baina, aparte eraman zituen bi ildoak: komedia txoroak ziren "Bananas" edo "Take the money and run", eta drama serioak "Bergman maisuaren eraginpekoak" "Interiors" edo "Hannah and her sisters". Momentu batetik aurrera, ordea, biak nahasten hasi zen, eta ordutik esan liteke bestelako sakontasun bat irabazi dutela Allen-en filmek. Segi dezala aurrera.

Tximeleta bezala

xme 2004/09/17 09:23

(Glamourraren besoetan erori aurretik, poema bat. Maite Rementeria euskal blogista onenaren ohorez)

Sulamak erakartzen duen
tximeleta bezala,
halaxe tiratzen dizu haren ederrak.
Tximeletak ez baitaki ukitu orduko
erreko dela bertan,
eta galduko.
Zuk ordea badakizu.

Sulamak erakartzen duen
sitsa bezala, zehatzago esanda.
Sitsak ez baitaki
gaueko erresuman bizi dela
eta bere koloreak ez direla horren ederrak.
Zuk ordea badakizu.

Sulamak erakartzen duen
tximeleta, sitsa, edozein zomorro
bezala,
halaxe zara inguratzen haren abarora.
Zomorroak ez baitaki haren beroak
kixkaliko diola izate osoa.
Zuk ordea badakizu.

Sulamak erakartzen duen
mamorro hegalari bat bezala,
halaxe zaitu txoratzen haren argiak.
Mamorroak ez baitaki bertan itsutuko dela
ukitu orduko.
Zuk ordea badakizu.

Sulamak erakartzen duen tximeleta
sulama horrek akabatuko du
ezinbestean.
Baina sulamarik gabeko tximeleta
argiaren eta beroaren bila ibiliko da beti
zu bezala

Igartza saria

xme 2004/09/16 08:41

Idazle gazteak bultzatzeko sariketa da Igartza, CAFek, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka, eta zazpigarren deialdiko sariak eman berri dira.

Julen Gabiriak, Jasone Osorok eta Xabier Mendiguren Elizegik osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko 13 lanak aztertu eta gero, sari baten ordez bi behintzat eman nahi izan ditu, bataz besteko maila handia zegoela ikusita. Hortaz, sari nagusia "Amaren eskuak" nobela-proiektuari eman zaio (Karmele Jaiok idatzia), eta akzesita "Lile" ipuin-bilduma egitasmoari (Peru Magdalenak aurkeztua).

Karmele Jaio Eiguren Gasteizen jaio zen 1970ean eta bertan bizi da gaur egun ere. Informazio-zientzietan lizentziatua da eta lanbidez kazetaria, hainbat komunikabidetan jarduna. Literaturaren arloan zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu orain arte, eta aurki argitaratzekoa du bere lehenengo liburua, Hamabost zauri ipuin-bilduma.

Amaren eskuak nobelan, ama ospitalean koma antzeko luze batean daukan emakume gazte bat da protagonista: Nerea. Amaz arduratzeaz gainera, bi ume txiki ere baditu Nereak, eta kazetari-lana egunkari batean, eta denera ailegatu ezina. Ez da hau emakume moderno estresatuaren hamaikagarren parabola ordea. Ama-alaben arteko harremanean zentratzen da batik bat, eta belaunaldi diferenteetako emakumeek izan dituzten eta dituzten arazo berdin edo desberdinetan. Sentiberatasuna eta xehetasunekiko ardura azpimarra litezke, idazkeraren oreka eta erritmo egokiarekin batean.

Peru Magdalena Arriaga Berrizen jaio zen 1980an eta Durangon bizi da gaur egun. Bertsotan ibilia da, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, eta Txaman literatur taldeko partaidea.

Lile pertsonaia hunkigarri bat da, ipuin-bilduma honi lotura eta atmosfera berezia ematen diona, nahiz eta bera ipuin guztietan agertu ez. Hainbat gai eta giro ageri dira ipuinotan, hala nola bikote-harremanak, gatazka politikoa, adinduen bakardadea Egitasmoa bera lanbrotsu samarra da berez, baina lagineko testuetan trebezia eta sena ageri ditu egileak, kontakizunaren eraikitzean nahiz hizkeran.

Diletante bat Zinemaldian

xme 2004/09/15 15:51

Sustatu.com weblog kolektibo serioaren eta Egunen harian blog pertsonal honen arteko akordioaren ondorioz, Xabier Mendiguren Elizegi bietarako berri-emaile ibiliko da 2004ko Donostiako Zinemaldian.

Lotsa gutxi eta ausardia dexente behar du zinemarekin lotura zuzenik gabeko batek, bat-batean zinemaldi handi bateko kritikari bihurtzeko. Baina tira: zinemaldiko epaimahaiaren burua idazle ospetsu bat baldin bada, idazle apal batek izango du bere iritzitxoak emateko aukera, ezta?

Ezin konta ahala ordu emango nuen pelikulak ikusten, baina beti izan dut buru txarra eta interes gutxi zuzendari, titulu, aktore eta abarrekoak gogoan hartzeko. Beraz, kultura zinematografiko eskasa. Hobe dut aldez aurretik aitortzea, inor ohartu eta salaketan hasi baino lehen. Hala ere, produktu narratiboak epaitzeko gauza naizela esango nuke; ez dut besterik egiten nire eguneroko lanean; istorio bat hitzen edo irudien bitartez kontatzea ez da gauza bera baina.

Egiteko honetan sartzekoa nintzela jakin zuenean, liburu batekin etorri zitzaidan lagun on bat: Rumores del cómplice (cinco maneras de ser crítico de cine), Rufo Caballerok idatzi eta Habanako Letras Cubanas argitaletxeak plazaratua. Sarreran printzipio-adierazpen moduko bat egiten du egileak, nik ere neure egiten dudana: "Ez dut ulertzen idazketa emoziotik kanpo, zeren bizitza, arrazoimena, antzuak eta hutsalak baitira, hunkipenaren bahetik eta graziatik pasatu ezean".

Beranduxeago, berriz, beste aitorpen hau, are lasaiago utzi nauena: "Egia esanda, ez dut irakurtzen Fotogramas, Cinemanía edo antzekorik. Horretan beharko nukeen denbora biziari zukua ateratzen ematen dut, giza jokabideari begiratzen, eta gero zinemara jotzen dut bizitzaz hitz egiteko, garbi eta zintzo izatearen garrantziaz". "Garbi eta zintzo izate" hori elizkoi samarra egiten zaigu, baina tira. Gero alde batera utzi dut Rufo Caballeroren liburua, barkatuko ahal nau, pedante samarra iruditu baitzait, honelako pasartez betea: "La muerte como cosmos, como ideologema teleológico, como episteme revelador de otra vida que se cuece a un fuego más valioso".

Bueno: kontuak kontu, hemen izango nauzue datozen egunetan, filmak komentatzen batik bat, eta giroaren berri ere bai, ahal baldin badut.

Saltsa gozo-garratza

xme 2004/09/15 09:19

"Berria"ko Idazleak irakurle atalerako idatzia

Nick Hornby: Cómo ser buenos (Jatorrizko izenburua: How to be Good). Arg: Anagrama, 2002. 330 or.

Sloterdijk irakurri gabe ere edonor kontura daiteke, pixka batean pentsatuz gero, zinismoa bihurtu dela egungo gure gizartean jarrera unibertsal guztiz zabaldu eta kontsentsuzkoa: berdin praktikatzen du eskuinak nahiz ezkerrak, indar berberarekin besarkatzen dute apokaliptiko zein integratuek. Ironia bihurtu da giza balio nagusi, eta zinismoa intelijentziaren ezinbesteko jantzi.

Hornbyren nobelaren hasieran seme-alabekiko bikote bat daukagu: Katie eta David, bata besteaz potroetaraino / titietaraino egon eta hala ere elkarrekin jarraitzen dutenak, elkarren akatsak ezin hobeki ezagutu eta min egiteko, xaxatzeko aprobetxatzen dituztenak: horraino, ezer berririk ez; kasik esan liteke gure garaiko kostunbrismo domestikoa direla era honetako eszenak eta egoerak.

Bat-batean baina, errebelazio baten ondoren, ordura arte munduko gizonik zakarrena, zaputzena, mingotsena zen David, guztiz zintzo eta bihotz oneko bihurtzen da, lehengo bere izate guztiaren kontrako eta alderantzizko. Zinismoaren kontra, gozopotoa. Egoera ez da askorik hobetuko ordea.

Lehengo gogoeta-bidera itzulita, duda bat bururatzen zait zinismoaren orokortasuna dela-eta. Batetik, garai hauetako eta mendebalde aberatseko ezaugarria da (ez nonahiko eta noiznahikoa); bestetik, berriz, joera unisex bat ote da, gizon-emakumeak berdin blaitzen dituena, ala batik bat gizonezkoen bereizgarria? Badira zantzuak bigarren aukera honen alde egiteko, eta hipotesi merke moduan bota genezake kulturan gora egin ahala erasokortasun fisikoa lekuz kanpokoa iruditzen zaigun neurrian, haren ordezko intelektuala bihurtzen dela zinismoa. Alabaina, gure gizartearen feminizazioaz asko hitz egiten den arren, zinismoaren erabilera ere goraka doala ematen du, eta emakumeengan gero eta normalagoa dela.

Hurkoarenganako maitasuna, hitzetatik harago doan errespetua, norberaren sakrifizioraino iristen den elkartasuna: horra David ziniko ohiak praktikan jartzen dituen balio zahar-berriak, guk denok ere "bertsio kristauan, marxistan edo bien max-mix hippyan" noizbait sinetsi izan ditugunak. Balio horiek absolututzat hartuz gero, ordea, arazoak sortzen dira eguneroko bizitzan, gure inguru hurbilean; hori gertatzen zaie Hornbyren pertsonaiei ere, eta Katie izango da, emaztea, nolabaiteko konpromiso zentzuzko batera iristen saiatuko dena. Berekoikerian bezala altruismoan ere gizonak muturretatik hurbilago, eroak nahiz heroiak izateko prestago, emakume pragmatikoen aldean.

Orain dela 200 urte erromantizismotik sortutako mito eztiek bizirik diraute gure buru barruko txoko batean, gaur egungo zinismoaren azidotasunarekin nahasturik. Sukaldaritza txinatarrean bezala, saltsa gozo-garratza osatzeko. Bikoiztasun hau oreka berri baten seinale ote den ala dijestio txarra eragingo digun sikulusaltsa, igarleek eta prospektibazaleek antzeman beharko diote; guri, burutazio hauek eragin dizkigu Hornby britainiarraren nobelak; erditik aurrera interesa galtzea huts bat da eta, horrenbestez, ezin esan guztiz biribila denik, baina oro har eleberri ona da, txukun idatzia eta trebeki kontatua; eta horrez gain zer pentsatua ematen duena.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.