Gaurko filmak (II): Geo-mi-soop
Hego Koreatik film bikainak iritsi dira azken urteetan. Song Il-Gon zuzendariak Donostiara ekarri duen hau ez da beharbada maila horretara iristen, baina harrigarria bada behintzat.
Mamuen thriller-a
Hilketa batetik abiatzen da Geo-mi-soop (Armiarmen basoa) baso batean bikote bat basatiki hilda aurkitzen du gizon gazte batek; gero gazte horri hiltzaileak-edo segitzen dio, bere ihesean auto batek harrapatzen du, eta ospitalean esnatuko da handik aste pare batera, ia hilzorian egon ondoren. Hildakoak gazte horren nagusia eta gazte beraren andregaia direla jakitean, lekuko ez ezik susmagarri ere bihurtuko da poliziarentzat filmeko protagonista.
Horrainoko guztia, edonork ulertzeko modukoa da. Hortik aurrerakoa, berriz, hartara jarriko banintz ere ez nuke erraza azaltzen: pixkana-pixkana, lehenaldia eta orainaldia nahasten dira, ametsa eta errealitatea, bizien mundua eta espirituena.
Ikusleak galduta; zuzendaria ere bai?
Giro oniriko horretan film ederra da korear hau, mataza gero eta konplexuagoan biltzen gaituena, haria modu logikoan ulertzeko ahaleginak gero eta nekezagoak bihurtzen diren arren. Irteeran ikusleen artean aditzen ziren solasaldiek garbi uzten zuten nahasturik eta interpretazio zehatz baten eske zeudela asko eta asko.
Hori dena zuzendariak nahita bilatutako efektua izan liteke, edo berak ere neurria galdu duen seinale. Nolanahi ere, esperientzia polita izan da armiarmen baso horren magian galtzea.