Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ruperren zetak

Ruperren zetak

xme 2004/09/27 08:52

Atzo, hilak 26, Ruper Ordorika entzuten izan nintzen Iruran. Sanmigelak direla-eta, herriko plaza koxkor batean, jai giro ederrean, arrats epela gozatuz. Azken hiru-lau diskoetako kantuak jo zituen Ruperrek (baita lehen diskoko bat ere), bere betiko mugalari batzuen laguntzaz: Dani Perez gitarra elektrikoan, Bixente Martinez aspaldiko partez gitarra elektriko eta mandolinarekin, eta Nando eta Alberto de la Casa anaiak bateria eta baxuan. Ordorika ondo, oholtza menderatuz, kantuen aurkezpenean seguru, ikuskizunaren erritmoan maisu.

Ez nator kontzertuaren kritika egitera ordea, ezta Ruper zenbat maite dugun esatera ere. Aspalditik gogoan dudan burutazio bat bota behar dut, txorakeria bat izanda ere. Izan ere, ohartu al zarete nolako zetak egiten dituen Ruperrek kantatzean azken 10-12 urteotan? Frantsesez "poison" (ez arraina, baizik pozoia) esaten dugunean bezala, gauean ilunpetan belarri ondotik pasatzen zaigun eltxoaren antzeko burrundara gogaikarria egiten duena (txistukari ahostuna, hizkuntzalarientzat). Euskal fonologian nahiz fonetikan existitzen ez den soinua (egungo Zuberoan bada antzeko zerbait, baina gure kantaria ez da zubereraz ari), Ruperrek ez hizketan, ez lehengo abestietan, ez gaur Hiru Trukurekin egiten ez duena, baina bere kantuetan bai. Ez zeta guztiak, baina bai gehienak. Eta ez bakarrik zetak, eseak ere halaxe egiten ditu tarteka, baita tz batzuk ere. Berari oso eufonikoa irudituko zaio, nonbait, eta euskarari halako musikaltasun berezi bat ematen diola, baina nik, zer nahi duzue esatea? "Zzerua itsazzo zzikin bat dela ezzanezz" entzuten dudan bakoitzean Martin Larraldek bezala sufritzen dute nire belarriek, eta Ruper Ordorika bera galeretara bidaltzeko gogoa pizten zait.

etiketak: Saski Naski
Petrus
Petrus dio:
2004/10/17 20:45

Oooooooso ona komentarioa, Xabier!!!... aspaldi konturatua eta hausnartua nuen neronek ere detaile hori baina grazia egin dit pantailan idatzitza ikusteak. Ia hilabetera irakurri dut zure zera hori baina beno, hobe berandu... Enfin, ganberro jarrita, neuk ere badaukat anekdotatxoa: Bilboko Kafe Antzokian ginen, Ruperren kontzertua ikusten orain urte batzuk (uste dut gero grabazio harekin Gaur delako albuma osotu zuela). Bizitza guztian gustatu izan zait Ruperren musika eta bere jarrera bitala; nere inguruan bere fan erabatekoak izateak ere eraginen bat izango zuen, ziur. Aldamenean nuen lagunmina inoiz ez da izan oso Ruperzalea eta ni, egia esan, bixkat gosetuta nengoen; gainera, konturatu nintzen Ruper-en "n-garren" kontzertua ikusten ari nintzela eta, musika txapela kentzekoa bada ere, espektakulu gisa... zer esan? Nire lagunak definitu zuen bezala bere mugimendu bortitzena ezkerreko bekaina gora-ta-behera mugitzean datza (ta eskumako eskumuturra, noski, bestela ez legoke kitarra jotzerik!)... gauza da-ze, Antzokia utzi ta beheko tabernara jo genuela ogitarteko bat jatera... ta gure jarrera antikulturala bordatzeko... taska hartako telebistan futbola botatzen ari ziren ta hari begira gelditu ginen laguna ta biok, sabela berdinduta, erabat tontotuta. Mea culpa, aitor dut. Beno, baina gora Ruper, e??!!

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2004/09/27 13:41

Miren Lourdes Oñederrak fonetikako laboratorioan jarri zizkigun ZZZZ horiek. Nire oroimen kaskarrarekin azalpen teknikoa ezin gogoratu, baina zer esango dizut ba, niri, hori ere gustatu egiten zait. Joateko eta joateko eta azkenean ez nintzen Irurara heldu. Pena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.