Gaurko filmak (eta III): El cielito
Bizitzan beste inongo helbururik ez euskarririk ez duen 20 bat urteko mutil gazte batek urtebeteko nini batekin daukan atxikimendu berezia da Maria Victoria Menis zuzendari argentinarrak Zinemaldian aurkeztu digun "El cielito" filmaren gaia.
Argentinaren gainbehera eta sormena
Argentinako azken urteetako zinemagintzaz hitz egitekotan, bi ezaugarri aipatuko lituzke gutako edozeinek: batetik, krisialdi ekonomiko-politiko-sozial izugarriaren eragin nabarmena, eta bestetik sormenaren lehertze harrigarri bat. Sormen horren erakusgarri izan liteke aurtengo sail ofizialean lehiatzeko beste inondik baino film gehiago datozkigula Argentinatik: hiru, hain zuzen ere; hirurak ere Espainia nahiz Frantziarekin koprodukzioan eginak, diru-premia horren seinale.
Krisi-giro horren isla da filmaren abiapuntua ere: Felix hogei bat urteko mutiko bat da, bizibiderik ez bizilekurik ez daukala-eta batetik bestera dabilena, eta, trenean txartelik gabe dabilenez, landa zabalaren erdiko bazter galdu batean gelditu beharra daukana. Mantenu truke bere etxaldera eramango du Robertok: baserri karrakoildu ia erori batean bizi dira senar-emazteak eta beraien ume txikia, Chango. Roberto zein bere emazte Mercedes batere ilusiorik edo itxaropenik gabeko jende hitsa dira, eta Felixek ez du ezer jakin nahiko haien lehia ilun eta asperdura zaharrekin.
Bizi-berritzearen esperantza?
Gurasoekin ez baina haien haur koxkorrarekin sentituko da Felix pixkanaka loturik, jolasean hasi eta azkenean ia bere bizitzeko arrazoi bihurtzeraino. Niniarekiko harreman horren bizipoza oso ongi adierazi du zuzendariak (Felixena egiten duen Leonardo Ramirez aktorearen lana azpimarratu behar, baita senar-emazteena egiten duten Dario Levy eta Monica Lairanarena ere).
Filmaren arazoa da, haurrarekiko harreman horretaz gainera ez dagoela besterik, eta Changuitoren gu-gu nahiz purrustak gutxitxo direla planteamenduaz geroztiko ia ordu eta erdian interesari eusteko, oso umezalea izanda ere.
Hurrengoan Paulino Luesmak gonbidatuko zaitu Txinora!