Basamortuko loreak
Amaitu dira sail ofizialean sarigai diren filmen emanaldiak; ikusi ditugun azkenak, Carlos Sorín argentinarraren "Bombón el perro", eta Bahman Ghobadi kurduaren "Turtles can fly", bata eguneroko bizitzaren gaineko komedia gazi-gozoa, bestea gerra eguneroko lagun duten haurren tragedia.
Patagoniaren zabala
Sorín ezaguna izango duzue askok: "Historias mínimas" bere aurreko filma saritu egin zuten Donostian orain dela bi urte, eta zinema-geletan ere arrakasta izan zuen; hura maite izan zutenek gogoko izango dute hau ere, haren jarraipen modukoa baita, bai erakusten digun munduan, bai filma egiteko moduan: Patagoniako paisaiak pantailaratuko ditu, hango zabaldi mugagabe eta haizetsuak, eta sekula bertatik mugitu gabe ere errorik ote daukan ez dakien jendea, edozertarako kilometro mordoa egin ohi duena.
Juan Villegas da protagonista, 52 urte dituela lan egiten zuen gasolindegitik bota eta bizimodua nola atera ez dakiena. Lan koxkor baten ordainetan txakur bat emango diote, dogo argentinar bat, eta horrek aldatu egingo du bere bizitzaren norabidea.
Aktore profesionalik gabe
Paisaietan bezala pertsonaietan ere naturaltasuna bilatzen du Sorínek, dokumentaletik gertu balego bezala, eta horregatik ez ditu aktore profesionalak erabiltzen, ezagutzen duen jendea baizik. Horri esker halako sinesgarritasun bat lortzen du jende xumea erretratatzeko orduan, heroiak izan gabe ere xalotasun berezi bat ematen baitie, maitagarri egiten dituena.
Maitagarrietan maitagarriena, baina, Bombón edo Lechien deitzen den txakurra.
Kurdistan
Ezaguna da filmetan haurrik edo animaliarik ez erabiltzeko aholkua, eta lege horren hankazgoratze handiena Ghobadiren pelikula dugu; izan ere, "Dortokek ere hegan badakite" honetan umeak edo gaztetxoak dira pertsonaia guztiak, bigarren mailako rolak dituzten pare bat zahar kenduta, eta primeran ari dira gainera.
Kurduen tragedia oro har eta bereziki gerra jasan behar duten haurrena kontatu nahi digu zuzendariak. Ghobadi bera Irango parteko kurdua da, eta film honetan Irakeko kurduen errefuxiatu-gune batera garamatza, AEBek eta bere aliatuek Iraken inbasioari ekin baino lehentxeago, denak zer gertatuko zain daudela.
Indar dramatikoa
Gerra eta umeak uztartzea salaketa malkotsu topikoa egiteko bidea izan zitekeen, baina Kiarostamiren ikasle izandako zuzendariak asmatzen du pelikulari egia-usaina ematen. Kak Satelite deitzen dioten mutiko bat da protagonista, saltsero eta liderra, kanpalekura iritsi berri den neskato bat gustatzen zaiona. Neskato honek, baina, historia lazgarri bat du bere atzean, bizitzeko gogo guztia kendu diona.
Istorio triste eta hunkigarri moduan hasten da filma, eta horrelakoek beherantz egin ohi dute sarritan; honek, ordea, gero eta indar handiagoa hartzen du. Aipagarria da, esate baterako, ume txiki bat mina pertsonalez jositako zelai batean sartzen deneko eszena luzea, Tarantino onenaren tentsioa daukana.
Filmak, azkenean, halako garratz-gustu bat uzten digu ahoan, herri kurduaren patuaren parekoa, Hussein haiek sarraskitu zituen kriminala izan baitzen, baina ez baitute itxaropenik orain sartzen diren amerikarrekin hobeto joango zaienik.