Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Balantzeak eta

Balantzeak eta

xme 2004/09/28 09:03

Zinemaldiari buruzkoak amaitzeko, balantze moduko bat egiteko eskatu didate. Ez daukat goitik beherako balorazio orokorrik emateko ezagupenik, baina iritzi soil batzuk emango ditut. Gaur, epaimahaiaren erabakiaz; hurrengoan, gogorik eta astirik edukiz gero, euskararen tokiaz eta ospetsuen presentziaz (glamour delakoaz).

Palmaresa deitu ohi den hori darabilte denek hitzetik hortzera. Niri, egia esanda, arte-lanei puntuak ematea eta batzuk besteen aurretik ipintzea ez zait inoiz gustatu, baina, hartara jarri garenez, hitz egin dezagun horretaz guk ere. Kritikari guztiek diote oro har ados daudela, eta ondoren nork bere ñabardurak egiten ditu; ez da gutxi, ñabardurarik gabeko adostasuna harrigarria baino gehiago kezkagarria izango bailitzateke. Eta jokoan sartu garenez gero, neure ñabardurak ere eman beharko ditut.

Sariekin konforme, esan bezala. Film konprometitu eta zirraragarriak ikusi ditugu batez ere sail ofizialean, eta horien artean gogoangarriena kurdua izan da ("Dortokek ere hegan badakite"), gizatasunez gainezka, batetik, eta zinemaren erritmoan maisu, bestetik. "Nine songs" aspergarri samarra zela aho batez esan genuen guztiok, baina irudien ederra ere aipatu genuen batzuek, eta ez dago gaizki beraz argazki-saria. Beste horrenbeste esan liteke film txinarraz: ekarpenik eta arriskurik gabeko pelikula da "Emakume ezezagun baten gutuna", baina perfekzio teknikoa eta dotorezia azpimarratu genizkion Xu Jinglei zuzendariari.

Saririk ez duten batzuek ematen dute zeresana. Nire kasuan, batere penarik ez film hispanoengatik: argentinarrak ez dira luzitu nire ustez, Sorinek betikoa errepikatu baitu eta Aristarainek film goxo baina melenga samarra egin, pantailetan ondo funtzionatuko duena, hala ere. (Bide batez, eta gaizto jarrita, bitxia ere bada Gara-ko kritikaria protestan ibiltzea hispanoen bazterketa hau dela-eta). "Horas de luz" espainiarrari sariren bat eman baliote poztuko nintzen, ausardia behar baitu gaurko Espainian kartzeletako infernua salatzeko. Ikusteko gomendatuko nuke. Eta dudarik gabe gomendatuko nukeen bestea, John Sayles-en "Silver City", Bushen kontrako propagandatik harago ere egundoko pelikula.

Amaitzeko, pare bat hitz egin behar Vargas Llosaren alde, gure artean egundoko erretolika ibili baita epaimahaiburuaren kontra, bere iritzi eskuindarrak direla-eta. Erabakietan zenbaterainoko eragina izan duen jakin gabe ere, Mario Vargas Llosa ezer baino lehen den idazle handia geratu da agerian, interes politikoen gainetik artearen egiazko balioak hartu baitituzte aintzat.

etiketak: zinema
Kepa L.
Kepa L. dio:
2004/09/28 12:51

Xabier, ez da esan behar iritzi xume besterik ez zela nire mezua. Batere amorrurik gabea. Zure txoko honek merezi du, benetan. Aurrera.

xme
xme dio:
2004/09/28 12:41

Kaixo, Kepa: Iritziak, badakizu, ipurdia bezala, bakoitzak berea. Beharbada zinema amerikarrak kutsatuegi nauka (zinema-ri "amerikar" izenondoa eranstea erredundantzia dela esan zuen baten batek) eta horregatik jarri dut horren ondo Sayles-ena. Baliteke. "Inguélézi", berriz, intentzio onez egina zegoen, eta bazituen alderdi interesgarriak dudarik gabe, baina niri behintzat aspergarria iruditu zitzaidan. Hala ere, asko eskertzen dizut mezua; txoko hauetan idaztean komunikazioa bilatzen dugu (nik bai behintzat), baina noizean behin erantzunik jaso ezean zalantzak sortzen dira feedback-ari buruz.

Kepa L.
Kepa L. dio:
2004/09/28 12:27

Kaixo Xabier: Egunez egun gustora oso irakurri ditut zure zine kritikak, eta harritu nau, epilogo gisa idatzi duzun balantzean, "Silver City" beste filmen gainetik gomendatzea. Nere ustez ohizko telefilma arrunta besterik ez da, ez originala, ezta "egundokoa" ere. Zuzen eta bortitz Bush eta errepublikanoen mundu nazkagarria salatzen da, eta hori eskertzekoa da , baina, adibidez, C.S.I telebistako edozein atalaren mailari ere ez du ailegatzen. Bestaldetik, balantzea egiterakoan "Ingelezi" filma interesgarria ahaztu duzu . Ikusteko zaila bada ere, benetan zirraragarria iruditu zitzaidan, edo gutxienez aipatzeko modukoa...

Agur bero bat Donostitik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.