Bake Konferentzia bat gure auzo chic eta dotorean
Berabera auzoan bizi naiz Donostian, inguru chic eta nahiko aberats batean. Bertan geratzeko lekurik aproposena, adibidez, hockey zelaira ematen duen klubeko kafetegia da. Suposatzen dut, adiministratiboki, Aiete izeneko auzo zabalagoaren parte garela gu, ze gain-gainean daukagu, aldamenean. Aieteko parkean ireki zituzten duela urtebete inguru Bakearen Etxea (Aieteko Jauregi berriztatuaren erabilpen berria) eta Kultura Etxe berria, azpian, Isuuru arkitekto gabinetearen lan zoragarri bat, lurrazpiko liburutegi eta areto bitxi bat. Zorte handia da liburutegi hori etxe ondoan edukitzea, larunbatetan ere goiz eta arratsalde zabaltzen da, eta igandeetan goizez.
Asko poztu naiz jakitean ez bakarrik neuk erabiliko dudala baliabide dotore hau. Datorren astelehenean Nazioarteko Konferentzia bat antolatu dute, ea bakegintzan aurrerapausu bat gehiago ematen dugun euskaldunok. Diotenez, Bertie Ahern eta Tony Blair ere etor daitezke. Ikusiko: larunbatean jakinaraziko dute nor datozen, zein izango den programa.
Bertie Ahern entzun nuen duela hilabete gutxi Donostian. Itxura denez, behin baino gehiagotan etorri da, pribatuan gehienetan. Oso hitzaldi ona eman zuela iruditu zitzaidan, eta azkenean bostekoa eman nion zoriontzeko (umekeria bat: ilusioa egiten dit jende inportanteari bostekoa ematea; eta saiatzen naiz seme-alabek ere berdina egin dezaten inorekin gurutzatzen garenean). Ea berriz datorren, Blairrekin edo beste edozeinekin.
Ez dena etorriko, Patxi Lopez lehendakaria. Tristea. Eta berarentzat okerrago. Ez ei dute gonbidatu: ba ez nau harritzen, ze behin baino gehiagotan uko egin dio Brian Currin-en taldearekin elkartzeari! Nola liteke itsutasun eta geldotasun politiko hori! Argazkietan agertzeagatik besterik ez bada ere, egon beharko luke, eta horretara ere ez da iristen lehendakariaren ikusmira. Tristea, benetan.
Ba ni ez naiz argazkietan irtetera joango, baina aukera badago gonbidatu horiei eskerak emateko, ba igual hurbilduko naiz liburutegira eta haren gaineko Bakearen Etxera. Bertako baten batek eman beharko die ongi etorria, ze Aieteko auzo elkarte ofiziosoari ez zaio batere ondo iruditzen hau; Currin eta bere taldea bertan elkartu ziren azkenengoan, ez ziren kexatu ba!
Putza nire auzokideentzat! Gora talibana!
Oscar Matute, Amaiurko hautagai
Suposatzen dut Amaiur koalizioaren hautagaitzak erabakiko direla osagarri desberdinen pisu espezifiko geografikoaren arabera. Horrela egin zuen Bilduk foru eta udal hauteskundeetan, eta Aralar gehituta, kalkulu desberdinekin, antzera jokatuko dutela suposatzen dut Azaroaren 20rako.
Euren kontua da, edozein modutan. Baina hala ere, aholku bat emango nieke. Beren lau indar osagarrietan txikiena denak, Alternatibak, planta oneko lider eta hizlari bat dauka, Oscar Matute. Abuztuan tuit galdu batean bota nuen, baina orain berriro errepikatzen dut. Aurkez dezatela Oscar Matute zerrendaburu gisa, Bizkaian edo Araban.
Zergatik Matute hautagai (argazkian Rufi Etxeberriaren atzean)?
- Esan bezala, planta ona du, itxura ona ematen du.
- Parlamentu batean hizlari ona izan daitekeelako itxura dauka.
- Ezkerreko boto ez abertzaleak dituen alternatiba eskasen aurrean, 15-m mugimenduaren berotasunean, krisi ekonomiko eta lotsa falta merkatalista honekin eta Ezker Batuaren espektakulu patetikoaren aurrean, boto ez abertzaleen artean sarea bota eta arrantza egiteko aukera handia dago.
Faktore negatibo moduan, era berean, hautagaitzaren alde beste hau ere botako dut:
- Ez da euskaraz moldatzen, eta Euskal Herriko politika soberanista berrian politikari euskaldunak behar dira. Gauzak honela, erdaraz jarduteko, hobeto dago Matute Madrilen. Hau ere esan behar nuen, eta esan dut.
Badakit blogetan uzten ditudan proposamen politikotan ez dudala erakusten ez aziertorik ez zuhurtziarik, baina horrek ez nau desanimatzen: nik pentsatzen dudana botatzen dut, eta barrena lasaitzen dut, ze demontre.
Zazpi probintziena ezin da; beraz, beste independentzia bat mesedez
Duela urtebete artikulu bat idatzi nuen medio batzuetan (gaztelaniaz eta katalanez ere), indepedentzia berriro pentsatu behar zela eskatzeko. Bateragune kasuko epaiarekin, premia hori larritu zait. 2010.ean esperantza asko nituen Katalunian jarriak, baina hangoan gehiegi sinesten nuela orduan esan zidaten kritikoek. Baliteke, ze Katalunian independentismo agerikoak espero nuena baino indar politiko txikiagoa du 2011. urtean. Hala ere, guztiarekin, uste dut badagoela sakoneko aldaketa bat Kataluniako politikan eta soziologian indartzen doana: urte askoan, independentzia izan da utopia, eta Espainian uztartzea pragmatismoa. Nago hori aldatzen doala: Espainiako uztarketarena gero eta utopikoagoa dela, eta garapen ekonomiko eta sozialarentzat beste aukera dela pragmatikotzat jotzen dena gero eta gehiago.
Baina beste premiak bizirik dirauela uste dut. Independentzia behar dugula uste dut. Eta horretarako independentzia berriz pentsatu beharra dago. Batez ere, Zazpi Probintzien lurraldetasun printzipio santua ahaztu beharra dago. Ezinezkoa da. Eta tabu mental hori hausten ez badugu, ez goaz inora. Duela urtebete esan nuen bezala, hurrengo hauteskundeenak seguruenik bateratuta aurkeztuko den fronte soberanista eta independentistak, ez dauka proiektu independentista benetakorik: ez ezker abertzaleak, ez Aralarrek, ez EAk ez daukate independentziarako proposamen zehatzik. Bide-orri zehatzena, nolabait esateko, ezker abertzalearena da, eta Hegoalderako autonomia berri bat du jomugan, tristea da gero.
Batzuek ulertu zuten artikulu hartan aldarrikatzen nuen independentzia moldea EAErena zela. Ez derrigor. Agian praktikoena hori izango zen. Beste lurraldetasun batzuk ere hausteak ere ez luke tabu izan behar, serioak izan behar badugu etorkizunaz. Ez nago oso komentzitua probintziak behar ditugun (edo *lurralde historikoak* edo *herrialdeak* pitokeria politiko-linguistikoak izendatzen dituen moduan). Euskal lurralde independiente baten mugak, herriaren borondatez erabaki beharko lirateke, duda barik, demokratikoki. Eta horretarako unitatea, Espainiako probintziak edo erkidego autonomoak izatea baino, akaso zuzenagoa da udalerriak edo eskualde batzuk, kantoiak, demagun izendatzea. Nafarroan pentsatuz, adibidez.
Jainkoa banintz, utopia demokratiko hau egingo nuke:
- Hego Euskal Herriaren maparen marrazketa kantonal bat. Lau hiriburuak kantoi bana lirateke bere horretan. Trebiño beste bat izan beharko litzateke. (Iparraldean, ba... agian erabaki-puntu kantonal batzuekin akaso independizatuko genuke Lapurdiko Xareta edo... beste ezer ez zait okurritzen).
- Erreferendum bat ondoren, galdera sinplearekin, zein estatu independientetan bizi nahi duzu, Espainia ala Euskal Herria?. %60ko maila igarotzen duten kantoiek, dela Espainiarako, dela EHrako, estatu horretan geratuko dira.
- Hau da, %60ko onarpena duten kantoiekin, Euskal Herri independiente bat jaiotzen da. Eta estatu hori funtzionatzen hasten da, ondorengo hauteskunde eta konstituzio prozesuarekin. (ados nago Konstituzio horretan Iñaki Petxarromanek jarriko lukeen puntu honekin)
- Tartean geratu diren kantoietan, non Espainia edo EHren aldeko botoak ez diren %60raino iritsi, egoera probisional batean geratzen dira. Espainian, demagun, baina kanpoko superbisio batekin edo, eta konpromezu batekin, 10 urteren buruan beste erreferendum bat egingo dela horietan, eta kasu horretan, nahikoa izango dela %50.01eko erabakimena, kantoi bat Espainian edo Euskal Herrian integratzen den erabakitzeko.
Konplikatu samarra, ezta? Bai, bale. Akaso praktikoena da Eusko Legebiltzarretik aldarrikatu hiru probintziena eta kito. Baina hori esan beharko du baten batek. Ze inork ez du esaten. Edo beste proposamen batzuk. Ofertak eskertuko lirateke. Let's talk about sex. De una puta vez.
&
"Herritarrekin harremanetarako zerbitzua" Donostiako Udalean
Donostiako Udalak Herritarrekin Harremanaterako Zerbitzu bat dauka. Web bidezko formulario batean utzitakoa erantzutera dedikatzen dira. Ahal bada, galderak eskibatzen, Neok Matrixen bezala. Nire kontu partikularrarekin, behintzat, ixkin egitea beste erantzunik ez daukate. Lagundu, batere ez.
Telefonoz inorekin jartzea zaila edo ezinezkoa da. Eta epostaz erantzuten dizutenean web bidez utzi duzunari honela sinatzen dute:
Ez erantzun mezu honi, igorleak ez du e-postarik onartzen.
Twitterren... Donostia Kulturak erantzuten du. Pertsona baten meritua delakoan nago. Turismo bulegoan, adibidez, muzin egiten diote zentzuzko kexuei erantzuteari ere. Azken kontu honekin beste aproba bat egingo dut, Facebook bidez orain, Euskara Patronatuarekin.
Ea zorterik den.
Mesedez: harremana, zerbitzua, partaidetza.
Zortzigarren lurraldean lau bideotan
Josi Sierra zibersaltsero euskaldunak elkarrizketa bat egin zidan bideoz grabatua CodeSyntax-en bulegoan, duela aste batzuk. Zortzigarren Lurraldea deritzon bere proiekturako lau bideo atera ditu harekin: bat, bi, hiru, lau. Itxura eta ile ezin narrasagoekin irten naiz. Zentzuzko zeozer esango nuen akaso!
Eskerrik asko Josi arreta eskaintzeagatik.
Bide batez, blog honen gaztelaniazko bertsioa, El Cementerio de los Ingleses, berriro berpiztu dut. Udaberriko pizkundea ez zen izan oso bizigarria, ea oraingo udakoa.
Saraolariak
Gero eta *sarao* gehiago dago. Edo errezelo hori daukat nik. Era bateko edo besteko jardunaldi edo topaketak biderkatzen dira, berrikuntza edo teknologia dutenak ardatz, eta uste dut ez dela txarra. Gauza batzuk instituzionalak izaten dira, herri-erakundeek antolatuak, edo baita enpresa eta klusterrek babes publiko handiarekin; baina beste batzuk herri-ekimen itxurakoak dira, edo pribatuak, nahi bada. Donostian daude, kategoria horretan, Pintxos & Blogs, Pecha Kucha Donostia, The Melee, Donostweets...
Euskarak oso leku murritza izaten du Donostian izaten diren gauza hauetan. Nire sailkapen bikoitzean, multzo pribatu horretan jarritako saraoetan ez badago euskararik, kexatzeko aitzakia gutxi. Ez besteei begiratu, geure buruari baizik. Beharbada euskaldunen ekimen faltagatik da, gizarte zibilari gauzak irteten zaizkio irteten zaizkion bezala... Ekimen instituzionalago edo ofizialki babestuetan, ordea, desoreka zuzendu egin beharko litzateke, eta euskal hedabideen taldeak egindako eskaeretan bezala, agian, adibide bat jartzeagatik, esijitu behar da Euskadi Innova bezalako ekimen batek bideratzen dituen gauzetan, euskarazkoak izatea % jakin bat (horixe uste dut nik).
Sarao hauetan gauza interesgarriak entzuten dira. Ez beti, baina askotan bai. Networking egiteko ere onak dira, eta hori izan daiteke askotan Komando Kanape estiloan lagunartean elkartzeko aitzakia, eta baita kontaktu profesionalak lantzeko ere, negozio eta proiektu aukerak. Euskarazko saraolariak askotan "errepikatuak" gara, entzule edo hizlari, gehienok ezagutzen dugu elkar, eta baita elkarren diskurtso edo harrikadak, eta are gehiago, gure powerpointetako irudi jakin batzuk ere (ni bekatari). Errepikatuak izanagatik ere, uste dut, ideia haztegi onak daudela saraolari euskaldunen zerako zer hauek. Gorka Julio Teketen-en *matxinatze atalasearena* entzun izan dut behin baino gehiagotan, edo Ana Malagonen sarkasmo politikoak, baina errepikatuagatik ere, uste dut horiek direla euskal intelektual berriak, Malagon eta Teketenek produzitu zutela, urgentziaz produzitu ere agian (baina beharra zegoen), #15m plazetako mugimenduaren inguruko lehen hausnarketa euskaldun interesgarriak. (Gorka Bereziartua eta Beñat Sarasola literato bollazoek ere bai, eman dute berea jarraian, aitor dezagun).
Saraolarien diskurtsoak eta eragite kultural-intelektualak, oro har, euskaraz zein gaztelaniaz, abantaila bat du gaur egunean gainera, eta da elkarrizketak jarraitu egiten duela, kanapeetatik haratago ere bai, elektronikoki Interneten, Twitterren batez ere, baina baita blogetan ere. Entzuleen galderen txanda, ohikoan isila euskaldunon artean, luzatzen ahal da Twitterren bazaude, adibidez.
Hala ere, badago saraolarien multzotik kanpoko intelektualtasun euskaldun bat. Zaharragoa, agian, edo apur bat uzkur legokeena teknomunduarekin (hau da nire harrikada errepikakor horietako bat, badakizue ezagutzen nauzuenok). Eta uste dut pentsamendu eta hausnarketa agian tradizionalago horren premia ere badagoela, diskurtso saraolariarekin bat egin beharko lukeela.
Alde horretatik, azken asteetan, entzun izan ditut saraolariak ez diren zenbait euskaldunen hitzaldi benetan bikainak. Are gehiago esango dut: diskurtso espektakularrak, gu saraolariok errepikatu ohi ditugun ideiak baino mila bider zorrotzagoak. Aipatuko ditut batzuk, ni entzule izan naizenak, kronologikoki:
Odriozola eta Arrieta.
Joxe Manuel Odriozolaren liburuaren aurkezpena, elkarrizketa gisa eramana Joxe Austin Arrietaren laguntzaz. Odriozola ondo egon zen, baina Arrieta, bueno, aurkeztuaren gainetik aurkezlea. Arrieta totala da hizketan, benetan. Gaiztoa eta gozagarria.
Koldo Izagirreren hitzaldi bat.
Honetaz hitz egin nuen Sustatun.
Itziar Laka hizkuntzalaria.
Joan den asteazkenean, Donostian, BCBL zentroak antolatua Kutxarekin batera. Andia kaleko Kutxa aretoko hitzaldietan izaten den bezala, entzule erretiratu zaharrunoak gehienbat, eta hitzaldia ere erdaraz izan zen, baina hala ere, hizkuntzaren inguruko hausnarketa ikaragarri polit eta inpaktantea izan zen. Gainera Lakak teknologiarekin tratu apur bat gehiago du Odriozolak edo Arrietak baino, eta powerpoint oso landua ekarri zuen, audioak eta bideoak txertatuta, eta publikoa ariketak egiten ere jarri zuen ("orain itxi begiak eta entzun hau, gero ireki eta..."). Benetan, Lakak eman zigun hitzaldi bat hor TED Talk nazioarteko mailakoa. Urteetan Donostian ikusi dudan aurkezpenik onena, eta diodan bezala, erdaraz izan zen arren, euskaraz edo ingelesez berdin edo hobeto moldatuko den ikerlari eta komunikatzailea da Laka.
Maite Arroitajauregi, Mursego.
Laka bezala, Powerpointarekin hau ere, joan den ostiralean. Hau, bueno, sarao horietako batean izan zen, Pecha Kutxa Donostian. Formatu bitxi hori, non powerpoint batean 20 edo 30 diapo dauden, eta programatzen den 15 segunduero pasa daitezen, denbora finkoa duen 5 minutu berotan erre dadin esan beharrekoa. Hala ere, Mursego ez da batere Internetekoa, bitxia bada ere, haren lehengusina baten mutilagunak eramaten dio Facebookeko orria, eta bertan agertu ere ez zen egin Pecha Kuchakoa ze neskak ez zion abisatu community manager horri!
Hala ere, aurkeztu zituen 5 minutu horiek izan ziren marabilla bat. Eskuz egindako marrazkiekin, autobiografia bat kontatu eta ilustratu zigun Maitek. Euskara hutsez erdarazko ebento batean, haretxek jaso zituen txalo handienak iluntze horretan.
(...)
Eta benetan, hauen ondoren berriz pentsatu dut, beri bezala, pertsona hauek zelan ez daude kanapeen ondorengo tekno-elkarrizketan... Zergatik ez da sartzen Koldo Izagirre #murielkeriak idazten Sarasola eta Bereziartuaren arteko tuit-trukeetan? Non jokatzen du petankan Joxe Austin Arrietak omenaldi baten zain dagoen bitartean? Zergatik ez dago Twitterren Mursego, Tracey Thorn dagoen bezala?
Sarao asko dago, saraolariak gero eta gehiago ere bai, agian. Baina gehiago behar ditugu. Denak behar ditugu.
Mundua konpontzen jarraitzeko: adibidez, Igeldotik, independentzia hizpide
Zarauzko Putzuzulo gaztetxean antolatutako gauza batera joan nintzen joan den larunbatean. Imanol Epelde 27zapatak deitu zuen, eta Gorka Julio Teketenek jarri zuen edukiaren muina: sare sozialen aurrean (edo barruan, edo gainean), tresna eta estrategia beregainak izatearen garrantziaz. BlogSoviet esperientzia azaldu zuen neurri batean Teketenek, Zarautzen halakorik sortzea edo piztea zen akaso Epelderen nahia, baina ez zen aborigen asko hurbildu, lastima. Han zeuden ostera Bacalhau konspirazioko batzuk (Teketen repe dago beste ekimen horretan ere), eta haien zerako zera hobeto ulertu nuen. Azkenean, sovietak, sare sozialak, bacalhau esperientzia eta beste hainbat osagarrirekin, goizeko saioaz gain, bazkaria eta gauera arteko tertulia ere bai lagun artean, mundua konpontzen (gainera, susmatzen dudanez, ni Donostiarantz despatxatu ondoren, jarraitu egin zuten).
Gogoa eman zidan mundua konpontzen jarraitzeko, lagun horiekin, eta beste batzuekin ere, eta proposatu diet batzuei beste mundu-konponketa saio bat non izan daitekeen, eta zertaz: Igeldon, jaien inguruan (Sanpedroak, ekain amaieran), gai hauen inguruan hausnartzeko: independentzia, lurraldetasuna.
Deialdiak ez du beste zehaztasunik oraingoz. Ez toki jakin bat, ez egunik, ez asistentzia baieztaturik, ez edukirik (nik hitz egingo nuke akaso, neure astakeriak botatzeko, baina neuk bakarrik jarduteak ez du zentzurik).
Beraz, deskonferentzia hau (des)antolatzen jarraitzeko, proposatzera nator erabiltzeko aurreko mundu-konponketa saioan Teketenek eta Asier Artsuagak azaldu ziguten tresna: StatusNet. Twitterren bertsio lokal bitxi bat, librea, informazio-truke beregainak izateko balio dezakeena, eta era berean, Twitter zabalagoarekin lotzeko aukera ematen duena. BlogSoviet komunitatean jarri dute StatusNet instantzia bat, eta bertan eman dut izena. Eta bertan sortu dut, halaber, Mundu Konponketarako taldea, Mundukon,
Orduan, ekain amaieran Igeldon independentziaz jarduten mundua konpondu nahi baduzu, proposatzen dizut:
- Eman izena Blogsoviet-eko Status-ean (Twitterreko erabiltzaile-izen bera jartzea, lagungarri), eta lotu ezazu kontu hori konfigurazio edo settings-etan zure Twitter kontuarekin.
- Ondoren, eman alta Mundu-Konponketa taldean.
- Idatzi mezuak Status-net, !mundukon konbentzioa erabiliz, eta han pilatuko dira.
Aurreko guztia oso konplikatua iruditzen bazaizu (oso posiblea), edo oztoporen bat topatuko bazenu Blogsovieteko tresna horretan (doiketa lanetan dihardute, spam arazo batzuk tarteko) eta hala ere, interesa baduzu, utzi erantzuna hemen bertan, edo egin aipua @luistxo-ri edo #mundukon gakoa erabili Twitterren.
Zenbait agerpen: Visio, KFE Donostia, Aporta
Etzi, ostirala, ekainak 3, Bilboko Visio 2011 biltzarrean. Erdaraz hitz egingo dut, Umap eta adimen kolektiboa; tira, neurri batean Josu Azpillaga lankideak IEB biltzarrean azaldu zuenaren erdaratze bat da, euskaraz egindako teknologia beste audientzia bati helarazteko aukera bat.
Datorren asteartean, ekainak 7, Donostiako KFE topaketan egongo naiz. Kontu honetan sartu naiz Ainhoa Ezeizak zirikatuta, eta ez dakit nik asko laguntzen ari natzaion, ze hezkuntzaren mundu pedagokiko hori apur bat urrun geratzen zait...
KFE izeneko gauza hau hausnarketa kolektibo moduko bat da, eta hainbat hiritan egiten da, egin izan da aurretik ere beste hiru aldiz (datorren astekoa da #Kfe04). Donostian, estreinakoz, euskaraz izango da. Info apur bat Sustatun eta Ainhoaren webgunean. Hiri hezitzaileak da gaia, baina tira, nik sormenak heziketan duen tokiaz zeozer kontatzen saiatuko naiz, ez dakit hiriarekin zerikusia duen ala ez, baina aurkezpentxo bat eroango dut, heterodoxiaren eta probokazioaren artean. Zita izango da Astoria 7 hotelean, 18.00etatik 20.00etara. Animatu, oraindik badago tokirik.
Hurrengo astean, gainera, beste gauza batean ere egongo naiz: Aporta konferentzia, Madrilen izango dena, ekainaren 9an. Datu publikoen berrerabilerari buruzko mahainguru batean izango naiz han.
Donosti? :-(
Amorrua eman dit Donostiako Turismo Bulegoak martxan jarritako azken kanpainak. Donosti, smiling city. :-D
Ze kalitate kontrol (komunikazio enpresarena edo enkargatzaile publikoarena) gainditu du gure hiriaren izena gaizki idatzita dakarren lema horrek?
Ez da irudia bakarrik... Kamisetak ere inprimatu dira. Auskalo zenbat, gure hiriaren izen okerra zabaltzen lagunduko dutena. Berandu da. Baina, kalitate deskontrola non egon den jakitea ondo legoke, hurrengoan ez dadin berriro gertatu.
Aupa Ronnie
txapelketa hasten da gaur. Hau da nire heroia, Ronnie O'sullivan, munduko makarrarik pertsonalki desatseginena, eta billaristarik onena. Alkondara berria estreinatu du denboraldi honetan, mauketan bordatuta, bi seme-alaben izenak, kamionero baten moduan. Eskumakoan, Lily. Gusto oneko makarra bat.
Ez dago argi baina zer egingo duen Ronniek. Denboraldia ondo hasi zuen, makarrada izugarria egin zuen hasierako torneoetako batean (ikusi lehen bideoa Sustatun), baina gero, lehiaketa batzuk albo batera uzten hasi zen, eta besteren batzuetan, lehen partidan, kaleratua (oso arraroa, bere kalitatearekin). Esan zuen duela egun batzuk ez zela aurkeztuko Munduko Txapelketara, hurrengo egunean baietz... Ikusiko dugu zer egiten duen. Bestalde, sentsazioa orain beste bat da, Judd Trump, 21 urteko gaztekoa, egindako azken torneo profesionaleko irabazlea (Txinako Opena), eta hain zuzen gaur hasten du partida oraingo txapeldun Neil Robertson-en kontra
. Txapelketa interesgarria izango da.
Ni Trump-ekin. Eta bestela, Ronnierekin. Ez nuen maiten-maiteena, baina mauka hori ikusi ondoren, irabazi nau, arrazoi aski zentzuzkoengatik.