Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Zazpi probintziena ezin da; beraz, beste independentzia bat mesedez

Zazpi probintziena ezin da; beraz, beste independentzia bat mesedez

Luistxo Fernandez 2011/09/18 10:36

Duela urtebete artikulu bat idatzi nuen medio batzuetan (gaztelaniaz eta katalanez ere), indepedentzia berriro pentsatu behar zela eskatzeko. Bateragune kasuko epaiarekin, premia hori larritu zait. 2010.ean esperantza asko nituen Katalunian jarriak, baina hangoan gehiegi sinesten nuela orduan esan zidaten kritikoek. Baliteke, ze Katalunian independentismo agerikoak espero nuena baino indar politiko txikiagoa du 2011. urtean. Hala ere, guztiarekin, uste dut badagoela sakoneko aldaketa bat Kataluniako politikan eta soziologian indartzen doana: urte askoan, independentzia izan da utopia, eta Espainian uztartzea pragmatismoa. Nago hori aldatzen doala: Espainiako uztarketarena gero eta utopikoagoa dela, eta garapen ekonomiko eta sozialarentzat beste aukera dela pragmatikotzat jotzen dena gero eta gehiago.

Baina beste premiak bizirik dirauela uste dut. Independentzia behar dugula uste dut. Eta horretarako independentzia berriz pentsatu beharra dago. Batez ere, Zazpi Probintzien lurraldetasun printzipio santua ahaztu beharra dago. Ezinezkoa da. Eta tabu mental hori hausten ez badugu, ez goaz inora. Duela urtebete esan nuen bezala, hurrengo hauteskundeenak seguruenik bateratuta aurkeztuko den fronte soberanista eta independentistak, ez dauka proiektu independentista benetakorik: ez ezker abertzaleak, ez Aralarrek, ez EAk ez daukate independentziarako proposamen zehatzik. Bide-orri zehatzena, nolabait esateko, ezker abertzalearena da, eta Hegoalderako autonomia berri bat du jomugan, tristea da gero.

Batzuek ulertu zuten artikulu hartan aldarrikatzen nuen independentzia moldea EAErena zela. Ez derrigor. Agian praktikoena hori izango zen. Beste lurraldetasun batzuk ere hausteak ere ez luke tabu izan behar, serioak izan behar badugu etorkizunaz. Ez nago oso komentzitua probintziak behar ditugun (edo *lurralde historikoak* edo *herrialdeak* pitokeria politiko-linguistikoak izendatzen dituen moduan). Euskal lurralde independiente baten mugak, herriaren borondatez erabaki beharko lirateke, duda barik, demokratikoki. Eta horretarako unitatea, Espainiako probintziak edo erkidego autonomoak izatea baino, akaso zuzenagoa da udalerriak edo eskualde batzuk, kantoiak, demagun izendatzea. Nafarroan pentsatuz, adibidez.

Jainkoa banintz, utopia demokratiko hau egingo nuke:

  • Hego Euskal Herriaren maparen marrazketa kantonal bat. Lau hiriburuak kantoi bana lirateke bere horretan. Trebiño beste bat izan beharko litzateke. (Iparraldean, ba... agian erabaki-puntu kantonal batzuekin akaso independizatuko genuke Lapurdiko Xareta edo... beste ezer ez zait okurritzen).
  • Erreferendum bat ondoren, galdera sinplearekin, zein estatu independientetan bizi nahi duzu, Espainia ala Euskal Herria?. %60ko maila igarotzen duten kantoiek, dela Espainiarako, dela EHrako, estatu horretan geratuko dira.
  • Hau da, %60ko onarpena duten kantoiekin, Euskal Herri independiente bat jaiotzen da. Eta estatu hori funtzionatzen hasten da, ondorengo hauteskunde eta konstituzio prozesuarekin. (ados nago Konstituzio horretan Iñaki Petxarromanek jarriko lukeen puntu honekin)
  • Tartean geratu diren kantoietan, non Espainia edo EHren aldeko botoak ez diren %60raino iritsi, egoera probisional batean geratzen dira. Espainian, demagun, baina kanpoko superbisio batekin edo, eta konpromezu batekin, 10 urteren buruan beste erreferendum bat egingo dela horietan, eta kasu horretan, nahikoa izango dela %50.01eko erabakimena, kantoi bat Espainian edo Euskal Herrian integratzen den erabakitzeko.


Konplikatu samarra, ezta? Bai, bale. Akaso praktikoena da Eusko Legebiltzarretik aldarrikatu hiru probintziena eta kito. Baina hori esan beharko du baten batek. Ze inork ez du esaten. Edo beste proposamen batzuk. Ofertak eskertuko lirateke. Let's talk about sex. De una puta vez.

&

Amatiño
Amatiño dio:
2011/09/19 01:08

Nere ustez zure proposamena errotik okerrekoa da. Zure iritziari nolabait argudio hau dario: "guk independentzia nahi dugu baina alderdiek ez digute aukerarik eskaintzen". Eta, hain zuzen, alderantziz da: ez digute aukera hori eskaintzen euren ustez independentzia nahi omen dugunok gutxi garelako.

Herri honek independentzia lortuko badu, bide bat besterik ez dago: hauteskundeak irabazi, irabazi eta irabazi Baina ez behin, behin eta berriz baino. Darwinen teoria baino ez: espezien selekzio naturala. Alegia, abertzaleen espeziea gehitu.

Zuk zera aldarrikatzen duzu: beste independentzia bat, mesedez. Nik, ordea, beste hau aldarrikatuko nuke: abertzale gehiago mesedez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.