Mundua konpontzen jarraitzeko: adibidez, Igeldotik, independentzia hizpide
Zarauzko Putzuzulo gaztetxean antolatutako gauza batera joan nintzen joan den larunbatean. Imanol Epelde 27zapatak deitu zuen, eta Gorka Julio Teketenek jarri zuen edukiaren muina: sare sozialen aurrean (edo barruan, edo gainean), tresna eta estrategia beregainak izatearen garrantziaz. BlogSoviet esperientzia azaldu zuen neurri batean Teketenek, Zarautzen halakorik sortzea edo piztea zen akaso Epelderen nahia, baina ez zen aborigen asko hurbildu, lastima. Han zeuden ostera Bacalhau konspirazioko batzuk (Teketen repe dago beste ekimen horretan ere), eta haien zerako zera hobeto ulertu nuen. Azkenean, sovietak, sare sozialak, bacalhau esperientzia eta beste hainbat osagarrirekin, goizeko saioaz gain, bazkaria eta gauera arteko tertulia ere bai lagun artean, mundua konpontzen (gainera, susmatzen dudanez, ni Donostiarantz despatxatu ondoren, jarraitu egin zuten).
Gogoa eman zidan mundua konpontzen jarraitzeko, lagun horiekin, eta beste batzuekin ere, eta proposatu diet batzuei beste mundu-konponketa saio bat non izan daitekeen, eta zertaz: Igeldon, jaien inguruan (Sanpedroak, ekain amaieran), gai hauen inguruan hausnartzeko: independentzia, lurraldetasuna.
Deialdiak ez du beste zehaztasunik oraingoz. Ez toki jakin bat, ez egunik, ez asistentzia baieztaturik, ez edukirik (nik hitz egingo nuke akaso, neure astakeriak botatzeko, baina neuk bakarrik jarduteak ez du zentzurik).
Beraz, deskonferentzia hau (des)antolatzen jarraitzeko, proposatzera nator erabiltzeko aurreko mundu-konponketa saioan Teketenek eta Asier Artsuagak azaldu ziguten tresna: StatusNet. Twitterren bertsio lokal bitxi bat, librea, informazio-truke beregainak izateko balio dezakeena, eta era berean, Twitter zabalagoarekin lotzeko aukera ematen duena. BlogSoviet komunitatean jarri dute StatusNet instantzia bat, eta bertan eman dut izena. Eta bertan sortu dut, halaber, Mundu Konponketarako taldea, Mundukon,
Orduan, ekain amaieran Igeldon independentziaz jarduten mundua konpondu nahi baduzu, proposatzen dizut:
- Eman izena Blogsoviet-eko Status-ean (Twitterreko erabiltzaile-izen bera jartzea, lagungarri), eta lotu ezazu kontu hori konfigurazio edo settings-etan zure Twitter kontuarekin.
- Ondoren, eman alta Mundu-Konponketa taldean.
- Idatzi mezuak Status-net, !mundukon konbentzioa erabiliz, eta han pilatuko dira.
Aurreko guztia oso konplikatua iruditzen bazaizu (oso posiblea), edo oztoporen bat topatuko bazenu Blogsovieteko tresna horretan (doiketa lanetan dihardute, spam arazo batzuk tarteko) eta hala ere, interesa baduzu, utzi erantzuna hemen bertan, edo egin aipua @luistxo-ri edo #mundukon gakoa erabili Twitterren.