Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Saraolariak

Saraolariak

Luistxo Fernandez 2011/06/26 10:18

Gero eta *sarao* gehiago dago. Edo errezelo hori daukat nik. Era bateko edo besteko jardunaldi edo topaketak biderkatzen dira, berrikuntza edo teknologia dutenak ardatz, eta uste dut ez dela txarra. Gauza batzuk instituzionalak izaten dira, herri-erakundeek antolatuak, edo baita enpresa eta klusterrek babes publiko handiarekin; baina beste batzuk herri-ekimen itxurakoak dira, edo pribatuak, nahi bada. Donostian daude, kategoria horretan, Pintxos & Blogs, Pecha Kucha Donostia, The Melee, Donostweets...

Euskarak oso leku murritza izaten du Donostian izaten diren gauza hauetan. Nire sailkapen bikoitzean, multzo pribatu horretan jarritako saraoetan ez badago euskararik, kexatzeko aitzakia gutxi. Ez besteei begiratu, geure buruari baizik. Beharbada euskaldunen ekimen faltagatik da, gizarte zibilari gauzak irteten zaizkio irteten zaizkion bezala... Ekimen instituzionalago edo ofizialki babestuetan, ordea, desoreka zuzendu egin beharko litzateke, eta euskal hedabideen taldeak egindako eskaeretan bezala, agian, adibide bat jartzeagatik, esijitu behar da Euskadi Innova bezalako ekimen batek bideratzen dituen gauzetan, euskarazkoak izatea % jakin bat (horixe uste dut nik).

Sarao hauetan gauza interesgarriak entzuten dira. Ez beti, baina askotan bai. Networking egiteko ere onak dira, eta hori izan daiteke askotan Komando Kanape estiloan lagunartean elkartzeko aitzakia, eta baita kontaktu profesionalak lantzeko ere, negozio eta proiektu aukerak. Euskarazko saraolariak askotan "errepikatuak" gara, entzule edo hizlari, gehienok ezagutzen dugu elkar, eta baita elkarren diskurtso edo harrikadak, eta are gehiago, gure powerpointetako irudi jakin batzuk ere (ni bekatari). Errepikatuak izanagatik ere, uste dut, ideia haztegi onak daudela saraolari euskaldunen zerako zer hauek. Gorka Julio Teketen-en *matxinatze atalasearena* entzun izan dut behin baino gehiagotan, edo Ana Malagonen sarkasmo politikoak, baina errepikatuagatik ere, uste dut horiek direla euskal intelektual berriak, Malagon eta Teketenek produzitu zutela, urgentziaz produzitu ere agian (baina beharra zegoen), #15m plazetako mugimenduaren inguruko lehen hausnarketa euskaldun interesgarriak. (Gorka Bereziartua eta Beñat Sarasola literato bollazoek ere bai, eman dute berea jarraian, aitor dezagun).

Saraolarien diskurtsoak eta eragite kultural-intelektualak, oro har, euskaraz zein gaztelaniaz, abantaila bat du gaur egunean gainera, eta da elkarrizketak jarraitu egiten duela, kanapeetatik haratago ere bai, elektronikoki Interneten, Twitterren batez ere, baina baita blogetan ere. Entzuleen galderen txanda, ohikoan isila euskaldunon artean, luzatzen ahal da Twitterren bazaude, adibidez.

Hala ere, badago saraolarien multzotik kanpoko intelektualtasun euskaldun bat. Zaharragoa, agian, edo apur bat uzkur legokeena teknomunduarekin (hau da nire harrikada errepikakor horietako bat, badakizue ezagutzen nauzuenok). Eta uste dut pentsamendu eta hausnarketa agian tradizionalago horren premia ere badagoela, diskurtso saraolariarekin bat egin beharko lukeela.

Alde horretatik, azken asteetan, entzun izan ditut saraolariak ez diren zenbait euskaldunen hitzaldi benetan bikainak. Are gehiago esango dut: diskurtso espektakularrak, gu saraolariok errepikatu ohi ditugun ideiak baino mila bider zorrotzagoak. Aipatuko ditut batzuk, ni entzule izan naizenak, kronologikoki:

Odriozola eta Arrieta.

Joxe Manuel Odriozolaren liburuaren aurkezpena, elkarrizketa gisa eramana Joxe Austin Arrietaren laguntzaz. Odriozola ondo egon zen, baina Arrieta, bueno, aurkeztuaren gainetik aurkezlea. Arrieta totala da hizketan, benetan. Gaiztoa eta gozagarria.

Koldo Izagirreren hitzaldi bat.

Honetaz hitz egin nuen Sustatun.

Itziar Laka hizkuntzalaria.

Joan den asteazkenean, Donostian, BCBL zentroak antolatua Kutxarekin batera. Andia kaleko Kutxa aretoko hitzaldietan izaten den bezala, entzule erretiratu zaharrunoak gehienbat, eta hitzaldia ere erdaraz izan zen, baina hala ere, hizkuntzaren inguruko hausnarketa ikaragarri polit eta inpaktantea izan zen. Gainera Lakak teknologiarekin tratu apur bat gehiago du Odriozolak edo Arrietak baino, eta powerpoint oso landua ekarri zuen, audioak eta bideoak txertatuta, eta publikoa ariketak egiten ere jarri zuen ("orain itxi begiak eta entzun hau, gero ireki eta..."). Benetan, Lakak eman zigun hitzaldi bat hor TED Talk nazioarteko mailakoa. Urteetan Donostian ikusi dudan aurkezpenik onena, eta diodan bezala, erdaraz izan zen arren, euskaraz edo ingelesez berdin edo hobeto moldatuko den ikerlari eta komunikatzailea da Laka.

Maite Arroitajauregi, Mursego.

Laka bezala, Powerpointarekin hau ere, joan den ostiralean. Hau, bueno, sarao horietako batean izan zen, Pecha Kutxa Donostian. Formatu bitxi hori, non powerpoint batean 20 edo 30 diapo dauden, eta programatzen den 15 segunduero pasa daitezen, denbora finkoa duen 5 minutu berotan erre dadin esan beharrekoa. Hala ere, Mursego ez da batere Internetekoa, bitxia bada ere, haren lehengusina baten mutilagunak eramaten dio Facebookeko orria, eta bertan agertu ere ez zen egin Pecha Kuchakoa ze neskak ez zion abisatu community manager horri!
Hala ere, aurkeztu zituen 5 minutu horiek izan ziren marabilla bat. Eskuz egindako marrazkiekin, autobiografia bat kontatu eta ilustratu zigun Maitek. Euskara hutsez erdarazko ebento batean, haretxek jaso zituen txalo handienak iluntze horretan.

(...)

Eta benetan, hauen ondoren berriz pentsatu dut, beri bezala, pertsona hauek zelan ez daude kanapeen ondorengo tekno-elkarrizketan... Zergatik ez da sartzen Koldo Izagirre #murielkeriak idazten Sarasola eta Bereziartuaren arteko tuit-trukeetan? Non jokatzen du petankan Joxe Austin Arrietak omenaldi baten zain dagoen bitartean? Zergatik ez dago Twitterren Mursego, Tracey Thorn dagoen bezala?

Sarao asko dago, saraolariak gero eta gehiago ere bai, agian. Baina gehiago behar ditugu. Denak behar ditugu.

iban arantzabal
iban arantzabal dio:
2011/06/26 15:25

Nire deia tuiterlariek blogak ez ahazteko. Euskaraz linkatzeko testuak (euskarazko sorkuntza) ere behar ditugu, bestela... eta ia animatzen diren bai sortzaileak ere sarera. Gustura jarraituko nituzke Sarasola, Zaldua eta abarrekoez gain Laka, Izagirre.. animo!!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004