SEO-aren garrantziaz
Aurreko batean nioen blog honetan ez dudala gehiegi ere idatzi, baina badut beste alter ego blogari bat. Etxeko betebeharrak direla eta, Fiat eta Alfa Romeo kontzesionarioa daukagu, beste hiru blogetan idazten dut, hirurak autoeen ingurukoak, Fiat eta Alfa Romeo markei buruzkoak.
Hau guzti hau diot azkenaldian SEO edo posizionamenduaren garrantzia argi azaldu dedalako nere blog hauetan. Alfapasion (Alfa Romeo-ri buruzkoa) blogaren azken asteetako trafikoa ikus daiteke ondorengo irudian (azken jetsiera hori aste haseran gaudelako da):
Urte haseratik trafikoa hamar aldiz handitu da. Arrazoia nagusia posizionamendua da, batez ere, bi terminutan: Alfa MiTo eta Alfa 149 (biak laster merkataratuko diren autoak dira). Bi terminu hauetan ez dago lehia gehiegi eta nahiko ondo kokatuak gaude (batzutan baita lehen postuan ere). Pauso sinpleak jarraitu ditugu: edukiak sarri eguneratu, gako hitzak ondo erabiltzea, kategoria eta etiketak ondo lantzea, eta baita barne loturak ere itxuran egitea. Horretaz gain, kanpotik izandako pare bat lotura lagungarri izan dira.
Gaztelerazko beste blogarekin, Fiatpasion, trafikoa pixkanaka hazten doa, organikoki. Duela hilabete batzuk, Fiat 500 berria atera zutenean igoera polita egon zen.
Bukatzeko, hirugarren bloga euskarazkoa da, honetan Fiat eta Alfa Romeo-ren albisteak daude (aurreko bi blogak, batean eta euskaraz). Hemen nere zalantzak dauzkat. Wordpress-ek eskaintzen duen estatistika sistema nahiko mugatua da eta ezin da sakondu ea jende hori nondik datorren, ea euskaldunak diren, ...
SEO-arekin lotuta dago (eta hau idaztean kontuan izan dut) Garik loturak nola ondo egin idatzi zuena.
Turandot
Blog hau edukitzeak ez nau egin guztiz blogari (Bidean... honetan behintzet), eta iPod bat edukitzeak ere ez nau bilakatu musikazale totala. Baditut nere musikari kuttunak, Ruper, Van Morrison, Laboa edota Coldplay, baina bestela, iaia edozer entzuten dut. Musika ez neri esker biziko.
Duela urte pare bat Bartzelonako Liceu antzokian izan nintzen A Midsummer Night´s Dream opera ikusten. Pena merezi izan zuen, lekua, istorioa, ... hori bai, ulertu... katalanezko azpitituluak zituen eta ingelesez arraro batean abestua zegoen (astearte eta ostegunetan ikasten dudanean ez). Gainera azpitituluak zapaian iaia, aukeratu beharra zegoen, ezin irakurri eta ikusi biak batera, gizona izatearen kaltea.
Igez, Pavarotti hil zen. Hil zenean alde guztietan goraipatu zuten, eta nonbaiten, bere interpretazio hau ikusi nuen.
Pucciniren Turandot operaren pasarte bat da, Nessun Dorma. Interneten bilatzen hasi eta hara non aurkitu nuen OLBE-ren webgunea. Aste honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egongo da ikusgai, eta larunbatean gazteentzako saioa edo dagoenez (merkea, opera bat izateko), hartu ditugu jada sarrerak. Ea nola ateratzen zaigun esperimentua. Jakin badakigu ez duela horren ondo abestuko, baina horretarako dago Youtube, Placido Domingo eta Mario Del Monacoren kantaldiekin flipatzeko.
Hori bai, pixkat konpentsatzeko, ostiralean Cobra eta Berri Txarrak Gasteszenan ;-).
Banketxeak eta epe motza
Gaur eguerdi aldera, zenbait lankidek Euskadiko Kutxaren mezu bat jaso dute. Bertan zioten lehen doakoa zen zerbitzu batengatik zenbait euro kobratzen hasi behar zutela. Ez dute denbora gehiegi behar izan telefonoa hartu eta zerbitzu hori gehiago ez dutela nahi eskatzeko.
Lanean baten batek esan du zerbitzu hau ez duela jende gehienak kenduko. Ez komisioarekin konforme daudelako, ez direlako enteratuko baizik. Sistema hau kreditu txartelekin eta kontu korronteekin erabiltzen badute.
Oso epe motzeko estrategia dela uste dut. Denbora oso motzean auskalo zenbat diru lortzeko aukera erraza da, ia-ia inolako esfortzurik gabe. Helburua bestelakoa behar luke, bezeroarekin erlazio on bat sortu, gustura egotea, horrela geroz eta produktu gehiago izan ditzan. Bestela, bezeroa haserraraztea besterik ez da lortzen. Ados, ez da jende gehiegi baja emango Euskadiko Kutxatik, baina zer gertatuko litzateke hemendik gutxira ez dakit zer komisio kobratzen hasten badira zerbitzu oinarrizkoengatik? Ez al du jende gehiagok ospa egingo?
Komisioena kontu luzea da. Zenbait kasutan justifikagarriak eta guzti izan daitezke, baina gehienetan ez.
Duela lau bat urte banketxe batean egon nintzen lanean. Bertan ere antzeko zerbait egiten zen. Hilero-hilero helburu jakin batzuk bete behar ziren, eta hauek betez gero sariak lortzeko aukera zegoen. Gure zonako arduraduna bulegoaren zuzendariaren gainean egoten zen beti, emaitzen inguruan galdezka edo kexu (zoriontzeko gutxitan).
Bi helburu konkretu aipatuko ditut, adibide gisa: kreditu txartel jakin bat emititzea eta bezeroa lotzea (cliente vinculado: hiru produktu baino gehiago dituen bezeroa). Orokorrean, bezero bati alta ematen zitzaionean, hiru produktu aktibatzen zitzaizkion (kontua, debitu txartela eta interneteko zerbitzua). Beraz, kreditu txartel hau eskatzen bazitzaion bi helburuetan aurrera egiten zen.
Zer gertatzen zen? Ba txartelok doan zirenez, bezeroari ezer esan gabe eskatzen zirela. Horregatik banketxeko atzekaldeko zenbait apal txartelak zeuzkaten gutunez beteta zeuden.
Hemen ere oso epe motzeko ikuspegia. Batez ere erakundearen partetik. Banketxe eta kutxek badakite bezeroek ez dutela komisiorik ordaindu nahi, baina berdin die, "ez badira konturatzen...". Epe luzean gustura dauden bezeroak bilatu ordez, epe luzeko errentagarritasuna, epe motzekoa bilatzen da, bat-bateko errentagarritasuna, "pelotazoaren kultura".
Hori bai, gero "Zer nahi duzu bihar" edota "Hablamos" bezalako lema ponposoak jartzeko eskatuko diete marketinekoei. Honek guztiak, azkenean, interneteko banka bultzatu besterik ez du egiten. Hori bai, oraindik muga pare bat haustea falta zaigu: Do It Yourself banketxea, sortu zure produktuak, ... IKEA banketxea?
Ereserkiak
Pasa den asteburuan Eskoziak Ingalaterra menderatu zuen Murrayfield-en eta aurtengo 6 Nazioen txapelketako Calcuta kopa irabazi zuen. Youtuben salseatzen nebilen ea zerbait aurkitzen nuen, eta 1990. urteko bideo bat aurkitu dut.
Flower of Scotland, azken urteetako Eskoziako ereserki erdi ofiziala edo. Bannockburn-eko gudua oroitzen du abestiak.
Rugbyak duen gauza politenetako bat horixe da, haserako ereserkiak nola abesten dituzten ikustea. Emozionantea dela ezin da ukatu.
Beste ereserki eder bat Irlandako Rugby elkartearena da, Ireland's Call.
Ez da Irlandako errepublikaren ereserkia, hori The Soldier's song dugu eta ondorengo bideo honetan dagoen hiru ereserkietan bigarrena da. Bideo hau historikoa da, izan ere, lehen aldia zen kirol atzerritar bat Croke Park-en jolasten zela. Gainera betiko etsaiaren aurka, Ingalaterra. Bada esaera bat dioena Irlandarentzat Frantziari irabaztea plazer bat dela, baina Ingalaterrari irabaztea obligazioa. Irlandarren aurpegiak ikustea besterik ez dago hortaz jabetzeko. Haseran ikusten dena ingelesen God Save the Queen da.
Eta ondorengoa Galeskoa
:Bukatzeko, ezin dut atzean utzi kirol munduan dagoen leku politenetako bat ez aipatzea, Anfield Road, eta bertan Liverpool FC-ko zaleek, eta bereziki The Kop-eko hintxek, abesten duten You'll never walk alone.
Oilo ipurdi azala jartzeko modukoa!
Ez daukat izenbururik asmatzeko gogorik
Ruperren abesti baten zatia:
"Inork ez zida esan
Euskaldun izatea zein nekeza den,
Hobe nuela hautatzea
Munduko hiritar izatea".
Autobusean lanera
Urte haserako proposamenetako bat zen lanera oinez etortzea. Oraingoz, kale. Gaur ere kotxez etorri naiz, eta nazka-nazka eginda bukatu dut. Bi kilometro eskax egiteko 10-15 minutu estresante behar izan ditut. Eta gainera, kotxetik atera eta zebrabidea gurutzatzera nindoala ia arrapatu egin nau inuzente p...seme batek.
Sarrera honen ostean, nere proposamena: Untzagatik Azittaingo poligonorako autobus zuzena, lanera doan jendearentzako. Asko jota, beste geltoki pare bat (Armeria parean eta Urkizun, adibidez).
Helburua: kotxe gutxiago ibiltzea Eibarren. Kotxe gutxiago = kotaminazio gutxiago eta trafiko hobea.
Prezioa: doan (erabilera bultzatzeko).
Ordutegi zabala: lanera ez gara guztiok ordu berean sartzen, ezta atera ere.
Adiminstrazioa honen atzean egotea nahitaezkoa da, batez ere diruz laguntzeko. Zerbitzua doan izan behar da, horrela, autoz ibiltzea garestiagoa izango delako.
Orain arte, gure herriko eta eskualdeko garraio publikoa ez dago langileongan pentsatuz egina. Poligonoetara edo enpresak dauden lekuetara ez da autobusik joaten. Horrela, egunean lau aldiz Eibar guztiz kolapsatzen da.
Eta Azittaina bakarrik ez, Ermuara, Elgoibarra, ... Garraio publiko espezializatua, langileentzako propio egina.
Ekimena martxan jarri aurretik, enpresen laguntzarekin, langileak halako zerbait egiteko prest ote dauden ikusi beharko litzateke, hau da, zerbitzua erabiliko ote litzatekeen aztertu. Ondoren, zerbitzua martxan jartzen bada, aztertu beharko litzateke ea erabiltzen den, ordutegiak egokiak diren, ... analitika, :-).
Bota dut ostiraleko astakeria!
La guerra es nuestra
Horrelako izenburua daraman post batek gaurko urtemugarekin lotura izan lezake, baina ez. Egunkaria itxi zuten, baina Irazuren bertso batek zioen moduan "ta gerra ez da amaitu".
Astelehenean Madrila iritsi ginenean Paco Martinez Soriaren tankera genuen, hiriburuan galdutako probintzianoarena, periferikoak. Eraikinei begi eta aho-zabal begiratzen. Eta hala, Gran Vía inguruan (bai, Bilboz gain, beste lekuren batean ere ba omen da izen bereko kalerik) non aparkatu bilatu nahian geundela, ondorengoa ikusi genuen:
Circulo de Bellas Artes eraikuntza da. Zer ote zen, arrastorik ez. Agian irakurzaletasuna bultzatzeko?, ZPren aldeko artisten kartela? Ba ez, espresio artistiko bat omen da, Madrid Abierto ekimenaren barnean. Hona azalpen gehiago.
Marketina... zertarako?
Munduko jatetxe onena Mendaron dago. Oso gustoko dut eta bertan giro berezia egoten da. Behin, bertako sukaldariari entzun nion marketin onena mahai gaineko platera zela. Hau da, jatetxea eta janaria: eskaintzen duzun zerbitzua.
Orain ez noa nere lana kakatara bidaltzera. Baina marketina enpresaren elizako aldarean jarri baino lehenago gauza pare bat kontuan izan behar dira. Marketinak ez du zure enpresa salbatuko berez salbatzea merezi ez badu.
Zertara dator hau? Azken egunotan pare bat esperientzien berri izan dut, biak gertu gertukoak.
Eibarren jatetxe berri bat ireki dute. Lekua polita da, oso ondo dekoratua, bertara joatera animatzen zaituen horietakoa. Atzo gabean behingoan lortu genuen bertan afaltzea. Janaria oso goxoa zegoen, bertakoekin hartuemana atsegina, eta ordaintzeko garaian merkea iruditu zitzaidan. Lekua, pertsonak eta zerbitzu/produktua ondo landuak.
Bestalde, ezagutzen dut fisioterapeuta on eta polit bat. Orain gutxi ireki arren, geroz eta jende gehiago dauka. Eta bezero berriei galdetuaz konturatzen ari da bertan izandako jendea ondo hitzegiten ari dela berataz, zerbitzu ona ematen duela, eta lekuak erlaxatzen laguntzen duela.
Ados, teorikoki, horren atzean, negozio bi hauen atzean, marketina dago. Lekuaren diseinua, zerbitzua nola eman, jendearekin zer nolako tratua izan... hor planifikazioa dago, marketina, sen komertziala.
Marketina ez da lan komertziala egitea, baina saltzearekin lotua dago. Izan ere, bi galderei erantzun behar die marketinak: "hey, bezero, zer nahi duzu?" eta "oso ondo, eta nola salduko dizut?". Bi galdera hauek, produktua edo zerbitzua sortu baino lehenagokoak dira.
Askotan sentsazio txarra izaten dut taberna edo jatetxe batean jasotzen dudan (dugun) tratua dela eta. Fabore bat egiten ari zaizkizula dirudi eta! Joe, hau ordaintzen ari naizela e! Enpresa munduan pentsatuz gero, gauza bera esan liteke. Badira zenbait enpresa, handiak eta ertainak, zerbitzu negargarria eskaintzen dutenak eta gainera milioiak xahutzen dituztenak marketinean eta iragarkietan. "Nik, X enpresak, zerbitzu eskaxa ematen dut, baina marketineko departamentu berria daukat, orain saltzen hasiko naiz!". Zure zerbitzuak gauza bat trasmititzen badu eta zure publizitate-marketinak beste bat, epe luzean, jendea moskeatu egingo da, eta orduan...
Hau alperrikakoa da. Kontrata ezazu marketineko bat nahi baduzu, baina utziozu guztia aztertzen eta aldatzen behar izanez gero. Bestela, litekeena da salduko duzun gauza bakarra zure enpresa dagoen pabilioia izatea!.
Sen komertziala edo gauzak ondo egiteko gogoa daukan edozein pertsonak marketiniano bat darama barnean!. Enpatia ere deitu daiteke, nahi duzuna, baina pentsatu bezeroagan!!!
Akabo! Lanik gabe geratu behar naiz!.
Baina gutxienez teoria bat asmatu dut: plater-marketina, Landatarren baimenaz.
Magiarekin komunikatu
Orain gutxi itzuli naiz Donostiatik "Magiarekin Komunikatu" hitzaldia entzutetik, eta esan dutena guztiz ahaztu baino lehen hemen idaztera derrigortu dut nere burua.
Ekitaldia Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean izan da, Loiola auditorioan, Varsavsky-k hitzegin zuen leku berean (Varsavsky ez da bakarra izan, maila handiko beste hizlari batzuk ere jardun dute bertan ;-). 200 bat pertsonak eman zuten izena hitzaldi honetarako eta auditorioa ia beteta zegoen. Oro har, jende gaztea zen nagusi, tartean "hara, lehiakideak hor daude eta..." aditzen zen, eta publizitate agentzietako jendea zela suposatu dut.
Hizlaria, Jorge Luengo (hona elkarrizketa bat), mago gazte bat da, 24 urte besterik ez dauzka eta 19 daramatza magia munduan. Ingeniaritza informatikoa ikasitakoa dela ulertu dut. Hau da, teorian marketinaren mundutik aldendutako pertsona.
Hitzaldi kuriosoa egin du, powerpoint-ik gabekoa, magia-jokoak eta marketin esaldiak tartekatuz. Karta-jokoek, jendearen parte hartzeak eta hizlariaren komunikatzeko erraztasunak ikutu berezia eman diote hitzaldiari.
Landu dituen kontzeptuak ondorengo hauek dira:
- Marketinaren eginkizun nagusia: zer egin behar dut bezeroaren beharrak eta nahiak asetzeko? Hau behin baino gehiagotan errepikatu du.
- Hamaika aldiz ahalegindu beharra dago arrakasta lortzeko. Hau da, askotan huts egingo dugu produktu, zerbitzu edo ideiarekin asmatu arte.
- BCG matrizea aipatu du (ikusi wikipedian ingelesez), eta guztiok nahi dugula "behi" produktu bat eduki dirua lortu eta "galdera" produktuetan inbertitzeko.
- Marketina ez da saltzea (edo lan komertziala egitea), honekin guztiz ados.
- Marketina saltzea baino lehenagoko prozesua da: "zer nahi duzu?" eta "nola salduko dizut?" galderei erantzutea da. Honen inguruan, Gerraren artea (The Art of War) liburu zaharreko pasarte bat oroitu du: "Borroka hasi baino lehenago irabazten da". Hau da, produktu bat kalera atera baino lehenago merkatu ikerketa bat egin beharra dagoela bezeroaren nahiak aztertzeko, eta gero, bezeroari muturren aurrean eta era desiragarrian nola jarri.
- Puma kirol-arropa markaren adibidea jarri du. Duela bost bat urte sekulako krisian zegoen, azken hiru urteetan dozena bat arduradun izan zituen marketin departamentuak. Baina azkenean 30 urteko gazte bat buru zutela, Puma-ren zapatilak eta arropa eramatea "cool" zela adierazten hasi ziren; printze urdinaren istorioetan bezala, salmentek gora egin zuten nabarmen. Mezua: desioa piztea lortu zuten.
- Honekin lotuta, mezu subliminalekin esperimentu bat egin du. Publikoko jendeari zenbaki bat aukeratzeko esan eta "engainatu" egiten zituen berak nahi zuena aukeratzeko. Oso azkar egiten zuen, baina era bikainean. Hitzaldiaren une politenetako bat izan da. Mezua: iragarkiek guregan eragina daukate, nahiz eta guk halakorik ez pentsatu.
- Enpresak edo produktuak bere hobi edo lekua aurkitu behar du merkatuan. Aprobetxatu gabe badago hobe. Galdera bat egin du: "Etxera janaria eramaten duen enpresa batean pentsatzeko esaten badizuet, zein datorkizue burura? Telepizza pentsatu duzuenok altxa eskua." Eta gehienek eskua altxatu dute. Telepizza merkatuan sartu zenean "etxera janaria eramaten dizugu" mezuan egiten zuten indarrik gehiena.
- Emozioa landu: Telepizzarekin jarraituz, komentatu digu gaur egun enpresa honek egiten duen komunikazio guztian emozioa transmititzen ahalegintzen dela (adib.: "momentos redondos" edo ondo pasatzen ari diren lagunak edo familiak). Istorio bat kontatu beharra dago bezeroari, bere alde alde emozionala landu.
- Hau da, jendearen baitan emozioa sortu beharra dago, eta desioa. Nintendo DS-ak egin duen estrategia aztertu du: ez da bideo jolasen betiko erabiltzaileetan zentratu (batez ere Brain Trainning jokoarekin). Ez du aipatu, baina zer esanik ez Nintendo beraren Wii-a dela eta.
- Ideia interesgarri bat bota du: ez da bezeroa marka edo enpresarengan arreta jartzen duena, alderantziz baizik. Izan ere, enpresak "behar bat asetzea bilatzen du", eta gero behar hori dutenen aurrean jartzen da.
- Ez dela beharrezkoa merkatuan lehena izatea da komentatu duen beste kontzeptu interesgarrietako bat., adibidez, Apple: merkatuaren zati txiki bat dauka (AEB-etan %30 omen da, Europan gutxiago), baina bere bezeroek asko maitatu, gomendatu eta defendatzen duten marka bat da (Lovemark, bat da).
- Bukatzeko, beste behin errepikatu du bezeroaren beharretan pentsatu beharra dagoela. Eta era kuriosoan eman dio amaiera saioari Esteko Marketin aretoaren propaganda eginez.
Horrela irakurrita, aspegarria dirudi, baina Jorgek oso interesgarri bilakatu du hitzaldia, uneoro entzuleon parte hartzea bultzatuz, galderak eginaz, karta-jokoekin harrituz.
Faltan bota dudan gauza bakarra bere esperientziaren datu gehiago izatea da. Hau da, zein proiektutan lan egin duen, nolako erronkak zituzten eta nola asmatu zuten bezeroari behar zuen huraxe ematen (hau, da esperientzi praktikoa definizio teorikoetaz gain).
Hitzaldia bideoan grabatu dutela ikusi dut, espero dezagun egunen batean sarean ikusi ahal izatea guztion gozagarri.
(2008.eko urtarrilak 28an eguneratua. Argazkiak Lorea Narbaiza, Marketin aretoko arduradunak bidalitakoak, eskerrik asko!)
Izena duen guztia da
Euskal mitologiari buruzko libururen batean irakurri nuen esaldia da izenburukoa. Barandiaranena edo uste dut zela liburua. Izena duen guztia da. Egun esaldiaren moldaketa txiki batean bizi gara: egunkarian agertzen den guztia da.
Egunkarian agertuz gero benetan existitzen zara, bestela ez. Egunkarian agertuz gero laneko bilera batean zaudenean "joño, egunkarian ikusi zaitut, zu zinen, ezta?" entzungo duzu. Egunkarian agertuz gero hirugarren bizitzako auzokidearekin solasaldi surrealista bat izango duzu; hori bai, lasai egon, hortik astebetera guztia bere lehengo egoerara itzuliko da eta eguraldiaz eta bazkaltzeko egongo denaz soilik solastuko zarete.
Egunkarian agertuz gero, zure lagunek pentsatuko dute pena merezi duen lanen batean zaudela, nahiz eta ez zaren lau zenbakiko nominara iristen.
Egunkarian agertuz gero ziurtatu dezakegu pertsona bat hil den ala ez. Egunkarian ez bada eskelarik agertu, oraindik ez da hil, bizirik dago, hor nonbait.
Egunkarian agertuz gero litekeena da okindegian umeei oparitzen dieten txirula horietako bat ematea. Edo agian, jatetxe on batera bazoaz sukaldaria, Subijana edo halakoren bat, aterako zaizu agurtzeko asmotan.
Ez bazara egunkarian ateratzen ez zara inor. Madagaskarren uholdeak herri osoa hilko du akaso, baina egunkarian ez bada azaltzen ez da benetan hil, halakorik ez da gertatu sekulan.