Trafikoaz gogoetak
Lehen etxera bidean nengoela hamaikagarren ataskoan egon naiz geldi (geldi, mugitu gabe, ez poliki-poliki aurrera egiten). Kotxean aspertuta nengoela Eibarko trafikoaz eta dendez ondorengoa pentsatu dut:
Laster dugu uda berriz gurean eta hondartzara joateko sasoia hasiko da. Hondartzara joateko hiru leku ditut gustoko: Zumaia, Zarautz eta Getaria. Eta ez da hondartzaren ezaugarriengatik, trafikoarengatik baizik. Gorroto dut auto ilaretan geldi egotea eta aparkatzeko lekurik ez edukitzea. Horregatik ez naiz joaten Debara edo Saturraranera (hemen tarteka egoten dira arazoak aparkatzeko, ez beti). Nahiago dut autopista ordaindu eta lasai gidatu eta aparkatu.
Hau da, nere aisialdi eta erosketa denbora pasatzeko kontuan izaten dut noan lekuko trafikoa eta aparkatzeko erraztasuna.
Eibarren trafikoa izugarri estresantea da. Oraindik ez dut ulertzen nola jendeak kontu normaltzat hartzen duen eta ez den gehiago kexatzen daukagun arazo larriaz. Eta ziur nago batek baino gehiagok nahiago duela erosketak egiteko Urbil, Bilbondo edota Max Center-era joan Eibarren atasko batean geldi egotea baino.
Dendarien elkartetik diote Errebalgo merkatalgune berriak jende gehiago ekarriko duela eta hori ona dela herriarentzat. Ez dut baloraziorik egingo merkatu berriari buruz. Baina hiru gauza datozkit burura:
- Jende gehiago badator Eibarrera: trafikoa askoz ere okerragoa izango da, ezta?
- Udaletxetik eta Dendarien elkartetik Eibar komertzialki indartzea nahi badute, hobe dute hastea Eibarko trafikoa hobetzen, bestela ea zenbatek etorri nahi duten gure herrira. Merkatalgune berrirako aparkelekuarena pentsatu dute, hori bai.
- Garraio publikoarena... hobetzeko beharra dagoela argi dago, maila guztietan (baita Eibar barruko garraioa ere).
Bestalde, Corte Ingles-aren kasuan bariantea eta Ermua-Eibar bideak izango dira autoz beteko direnak. Hoiek ez dira herri erdigunean sartuko (ustez).