Banketxeak eta epe motza
Gaur eguerdi aldera, zenbait lankidek Euskadiko Kutxaren mezu bat jaso dute. Bertan zioten lehen doakoa zen zerbitzu batengatik zenbait euro kobratzen hasi behar zutela. Ez dute denbora gehiegi behar izan telefonoa hartu eta zerbitzu hori gehiago ez dutela nahi eskatzeko.
Lanean baten batek esan du zerbitzu hau ez duela jende gehienak kenduko. Ez komisioarekin konforme daudelako, ez direlako enteratuko baizik. Sistema hau kreditu txartelekin eta kontu korronteekin erabiltzen badute.
Oso epe motzeko estrategia dela uste dut. Denbora oso motzean auskalo zenbat diru lortzeko aukera erraza da, ia-ia inolako esfortzurik gabe. Helburua bestelakoa behar luke, bezeroarekin erlazio on bat sortu, gustura egotea, horrela geroz eta produktu gehiago izan ditzan. Bestela, bezeroa haserraraztea besterik ez da lortzen. Ados, ez da jende gehiegi baja emango Euskadiko Kutxatik, baina zer gertatuko litzateke hemendik gutxira ez dakit zer komisio kobratzen hasten badira zerbitzu oinarrizkoengatik? Ez al du jende gehiagok ospa egingo?
Komisioena kontu luzea da. Zenbait kasutan justifikagarriak eta guzti izan daitezke, baina gehienetan ez.
Duela lau bat urte banketxe batean egon nintzen lanean. Bertan ere antzeko zerbait egiten zen. Hilero-hilero helburu jakin batzuk bete behar ziren, eta hauek betez gero sariak lortzeko aukera zegoen. Gure zonako arduraduna bulegoaren zuzendariaren gainean egoten zen beti, emaitzen inguruan galdezka edo kexu (zoriontzeko gutxitan).
Bi helburu konkretu aipatuko ditut, adibide gisa: kreditu txartel jakin bat emititzea eta bezeroa lotzea (cliente vinculado: hiru produktu baino gehiago dituen bezeroa). Orokorrean, bezero bati alta ematen zitzaionean, hiru produktu aktibatzen zitzaizkion (kontua, debitu txartela eta interneteko zerbitzua). Beraz, kreditu txartel hau eskatzen bazitzaion bi helburuetan aurrera egiten zen.
Zer gertatzen zen? Ba txartelok doan zirenez, bezeroari ezer esan gabe eskatzen zirela. Horregatik banketxeko atzekaldeko zenbait apal txartelak zeuzkaten gutunez beteta zeuden.
Hemen ere oso epe motzeko ikuspegia. Batez ere erakundearen partetik. Banketxe eta kutxek badakite bezeroek ez dutela komisiorik ordaindu nahi, baina berdin die, "ez badira konturatzen...". Epe luzean gustura dauden bezeroak bilatu ordez, epe luzeko errentagarritasuna, epe motzekoa bilatzen da, bat-bateko errentagarritasuna, "pelotazoaren kultura".
Hori bai, gero "Zer nahi duzu bihar" edota "Hablamos" bezalako lema ponposoak jartzeko eskatuko diete marketinekoei. Honek guztiak, azkenean, interneteko banka bultzatu besterik ez du egiten. Hori bai, oraindik muga pare bat haustea falta zaigu: Do It Yourself banketxea, sortu zure produktuak, ... IKEA banketxea?