Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Espainiak behar gaitu

Leire Narbaiza 2010/07/08 14:40
España nos necesita. Spain needs us. Espagne a besoin de nous.

Necesito España/ I need Spain/ J'a besoin d'Espagne.

 

Iragarkiari buelta eman nahi izan diot. Izan ere, uste dut espainiarrek euskaldunak gehiago behar gaituztela guk eurak baino. Azalduko dut:

Futbolaz estali nahi duten krisialdi latz honetan gu ez gaude ondo, arazoak dauzkagu, langabezia goraka doa eta denok dugu beldur puntu bat. Baina nola daude estatuko beste bazter guztiak? Askoz okerrago. Gure ekonomia ez dabil ondo, baina gurearekin batez bestekoa eginda, hobetu egiten zaizkie emaitzak. Berba baten, gure solidaritatea behar dute. Hau ez dago txarto, elkartasuna beharrezkoa da. Hala ere, guk erabaki beharko genuke nori eman elkartasuna, ezta?

Gainera, ez dugu ahaztu behar txartoen dauden komunitateak (langabeziari dagokionez) Andaluzia eta Kanariar uharteak direla; turismoa diru iturri nagusia dutenak, hain zuzen ere. Eredu hori nahi dugu, iragarkietan proposatzen digutena? Ez!

Beste era batera ere eman niezaioke buelta sloganari: Ez dut Espainia behar/ No necesito España/ I don't need Spain/ Je n'a pas besoin d'Espagne. Espainiarekin batera iragarki turistikoetan sartzeak ez digulako mesederik egiten. Europarrek Espainiako turismoan hauxe ikusten dute: sangria, hondartzak eta zezenak. Parranda latzak, alkohola, permisibitatea eta desfasea. Hori da nahi duguna? Gainera, iragarkiak ikusita ezin da jakin toki bakoitza non dagoen. Bata bestearen atzean agertzen dira Kanariar uharteak zein Valentzia. Paella zein pintxoak. Agertzen diren hainbat hondartza, non daude? Galizian, Huelvan, Gironan? Alhambra ikusi ostean, Txillida-leku?

Gastronomia, paraje berdeak eta kultura saldu nahi badugu zer egiten dugu txiringito, Almeria eta Benidormekin? Non dago gure euskara, gure identitatea? Mediterraneoan? Las Meninas-en? Ez da inondik inora egokia.

Ez dut Espainia behar/ No necesito España/ I don't need Spain/ Je n'a pas besoin d'Espagne. Ezta mundiala irabazita ere!

Ekain intentsua

Leire Narbaiza 2010/07/02 14:07
Bloga erdi abandonatuta, aste intentsuak....

Ekain zoroa bizi izan dut. Bloga erdi abandonatuta laga dut, denbora atera ezinda. Eta hori hamarnaka post idazteko beste ideia eta bizipen izan. 

Kurtso amaiera beti da zoroa: alde batetik, ikasleen balorazio txukuna egin behar dugu, bestetik bete behar dugun txosten eta paper guztiak. Eta alde ludikoa gaineratzen badiogu (afari, merendola, bazkari eta abarrak) horrekin nahikoa eta soberan.

Horretaz gain, egun batzuk neuzkan hartzeko eta kadukatu behar zitzaizkidanez, oportxo batzuk ere hartu ditut. Cambrils-en egon naiz bost egunetan, Sanjuanak aurretik.

Gainera BEC-en  2. mailako azterketak ere egin ditut hiru egunez!! (Hau bai, Sanjuanetan! Tentel aurpegia geratu zait). Sanjuanak? Zer da hori?

Txosten eta enparauekin amaitu aurretik udako ikastaroa ere hasi dugu, eta nik eman behar dudanez, ba....ba, hori, gainezka.Greba bat erdian ere izan dut! Eta hauen guztien gainean, erabaki garrantzitsu bat, irailean argituko zaidana, baina burua nahastu baino ez didana egiten! Uf!

Normalitatera bueltatzen nabilela uste dut. Hala ere, uztailak aurrera egin beharko du lasaitasuna hartzeko. Baina tunelaren amaiera ikusten hasita nago, zorionez!

Blogerako denbora gutxi, horraittiok!! Gauza asko kontatzeko, ordea. Hain beste bizipenek eta nahaste-borrastek ematen dute idazteko, egunak 24 ordu dauzkan arren. Ea uztailean kontatzeko gai naizen!

 

Greba Orokorra

Leire Narbaiza 2010/06/29 09:31
Gure eskubieak defendatzeko!

Blogaria greban!!! 

 Pegata

View more documents from txargain.


Bolatina
View more documents from txargain.

Lagunak

Leire Narbaiza 2010/06/22 20:05
adiskidiak, kidiak, ezagunak,....

Euskeraz lagun berbiak esan nahi asko dakaz: pertsona-tik hasitta, adiskide-raiño, espektrua oso zabala da. Ixa edozer da lagun euskeraz. Baiña zer da laguna izatia? 

Burura etortzen jakun lelehengua da persona berezi hori beti hor dakaguna, onerako zein txarrerako, guri laguntzen, entzutzen eta babesten. Bai, hori da laguna izatia. Hala ere, ez ete dago lagun izateko beste formularik?

Baiezkua nago. Lagun miñak, inportantienak, beti hor edukitzen dittugunak dira, zalantza barik eurengana jo eta lagunduko deskuenak. Poz bat izan eta eureri kontau, tristuria bada be bardin. Ondo ezagutzen gaittue, eta garana izanda, holan onartu.

Beste lagun batzuk, baiña, izaten dittugu. Askotan miñekin baiño sarrixago egoten gara, egunero. Lagun baiño, lankide dira; halan da be, egunerokotasunak lagun maitte bihurtzen dittu, eta lagun min bihurtu leikez.

Lagun miñen artean badago kategorixa berezi bat: lagun zaharra. Kontaktua noizian behiñekua bada be, beti dakaguz goguan. Eurak beti akorduan, telefonua edo e-mailari eragitzen ez badetsagu be. Bihotzian dakaguz, ikaragarri maitte dittugu, baiña maittasun hori barruan geratzen jaku. Sarrittan, neri neuri, behintzat, lagun txarra izatian sensaziñua izaten dot, buruan erabili arren, kontaktu nahikua ez dakadalakuan. Jakin daixiela, bihotz zati handi baten dakadazela ezkutauta, goxo-goxo.

Beste alde batetik, gura ez dittugunak dagoz: lagun ez lagunak, kale egin deskuenak. Danok izango dittugu holako batzuk, ezta? Ez dabe merezi, ezta lerro bat be!

Post honen muiña, baiña, hamen dator: aspaldiko lagunak, miña izan barik be guretako espezialak diranak, alkarrekin hainbat esperientzia bizi izan dittugulako, akorduan dakaguzenak, aspaldittik ezagutu, alkarrekin bizitzako etaparen bat bizi eta markauta laga gaittu. Buruan darabilguz, goguan, gitxi ikusten dittugu, asko gura detsegu, maitte be esan geinke... horrek ez ete dira lagunak?  Bai. Denporia pasu eta holako batekin alkartzen garanian izan leike fisikua aldatuta eukitzia (zaharrago, gizenago, ule zurixakin edo barik...) Batzuetan ezagutzia be kostau. Berbetan hasi eta badirudi ez dala denporarik pasu, bardiña dalako barrutik, eta bere erantzunak, tik-ak, keiñuak, arpegiko oraiñak bardiñak dira, leku berian jarraitzen dabe. Bere oingo bizitzaz gitxi dakigu, ez dakigu ze musika entzutzen daben, ezta zeiñekin bizi dan. Hala eta guztiz be, gogoratzen gara ze ez jakon gustatzen, zelan egitten daben erdi barretxo bat gaiztokerixaren bat esaten dabenian....

Ez dakigu ezer bere gaurko ni-az baiña oso ondo ezagutzen dogu. Berak be ederto ezagutzen gaittu. Ez daki gure azken problemia, ezta beste gauza batzuk be. Bion bizitzia denboran izoztuta moduan geldittu dala dirudi, oiñ 20, 10 urteko gu-ak alkartu diralako. Eta afektua eta konplizidadia hortxe dagoz, bueltau egin dira iraganetik. Gaztetu egin gara. Ez desku lagunduko gure momentuko preblemiakin, ez dabelako ezagutzen. Halan da be gure laguna da. Eta asko maitte dogu. Ala ez?

Gezurretako demokrazia

Leire Narbaiza 2010/06/08 13:39
Boto ematean laburbiltzen dena.

Sarrionandia handiak zioen "Hitzen ondoeza" liburuan demokrazia berba definitzean: Grezian asmatu zela eta hiritarren zutela boto eskubidea. Baina esklabu, ume eta emakumeek ez zirela hiritarrak. Horretara, populazioaren %25ek bazik ez zuela eskubidea. Horratx demokrazia, biztaleen laurdenaren nahia.

Diktadurapean bizi ostean gure nagusiek demokraziarekin egiten zute amets. Bai, paperean polita da, baina hau ote da demokrazia? X-ean behin botoa eman, eta boteo horiekin nahi dutena egin? (Hori kontuan hartu barik hainbaten zailtasunak aurkezteko, eta ilegalizazioak aipatu barik. Horiek ez dira-eta niredemokarziaren definizioan sartzen). Ez litzateke zerbait partehartzaileagoa izan behar? Jendearen kezkak, beharrak eta nahiak entzutea? Egunerko problemei aurre egitea, partiduaren mesedetan jardun barik?

Ahoa betetzen zaie demokarzia berbarekin. ahoa baino ez, gero euren egunerokoan edozein diktadortxoren moduan jokatzen dute. Nik diot, partiduak babesten nau eta egin egingo dut. Horrela, egunerokotasuna instituzionalizatu eta burokratizatu baino ez dute egiten, hiritar hutsak garenok euren menpe lagata, ezer egin ezinda. Protestarako aukera ere, gero eta gehiago murriztuta.

Baina hau hutsean geratzen da Bilderberg taldearena irakurrita. Eta talde horrek agintzen ei du munduan. hala ez balitz ere, itzelezko botera daukate. Nik sinisten dut erabakiak-eta hartzen dituztela beti euren interesen alde; sarri askotan jende normalaren ez diren interesak edo interes horien kontrakoak.

Baina nork aukeratu ditu? Ikusi duzue zerrenda? Erreginak, bankariak, enpresa gizonak (ia guztiak gizonezkoak), multinazionaletako buruak.....Gehiengoa makro-txiringo baten jabe, gure boto barik aukeratuta, gure etorkizuna planifikaltzen. Guk (ahal denean) aukeratutatakoak presionatzen. Euren ongizate milioiduna babesten, gure ongizatea, izatea bihurtzen.

Zer egin honen kontra? Zentzuk dira gure aukerak? Demokrazia eurek asmatutako beste gezur bat ote da? Zenbat galdera erantzunik gabe. Zenbat kezka lasaigarri barik.

Gantxilla, bazterretik

Leire Narbaiza 2010/05/23 00:25
Gure egoeraren metafora garbia

Orain urte bi egin zenean ekimen berria, imajinazioz betea, sinbolikoa, jai girokoa...zoragarria iruditu zitzaidan. Aurten ere egin behar zela jakinda, poz-pozik jarri nintzen, uste dudalako euskarak horrelako gauzak ere behar dituela, politak, partehartzaileak, integratzaileak.

Aurten, gainera, familian txiki bat daukagunez, ilusioa handiagoa; nire ustez, gantxilak transmisioa adierazten duelako: hartu eta eman; kontuz pasatu, apurtu litekeelako. Ederra irudia. Ederra kalea jede-ilararekin, irribarrea ahoan dutela.

Bigarren ekitaldi honek bazeukan osagai guztiak arrakastatsua izateko: aurreko esperientzia, jendearen gogoa, eguraldi zoragarria... Hara non, ez genuen espero oztopoa gure polizia munizipaletik etorriko zenik. Ez dira agertu. Beraz, errepidea ezin izan da moztu eta gantxilak eskurik esku, espaloitik joan behar izan da!

Penagarria da, jakinda nola funtzionatzen duen udaletxeak, badakit ez dutela era konsziente baten boikoteatu. Baina, beharbada, hori da tristeagoa, utzikeriaz jokatu izana, hain zuzen ere, adierazten duelako etxe handikoendako zer garen: hutsaren hurrengoa!

Gantxilaren ekintza oso sinbolikua da, lehen esan dudan bezala: ura elkarri pasatu, eskuz esku, iturri batetik herriaren zentrura. Metafora ikaragarria. Hara non, udalak bere utzikeriarekin, metafora biribildu duen, errepide erdia okupatu beharrean, espaloian, askoz era ezkutuagoan egin behar izan dugun. Metafora tristea: euskarak Eibarren ezin du erdia okupatu, baztertu egiten dute oztopoek. Tristea, baina egia da.

Jakinekoa da, euskaldunok hizkuntz komunitatearen (herriaren) erdia eta bihotza ez garen bitartean, beti izango da herri erdalduna, euskal komunitatea erdal komunitate horren satelitea izango da,  orbita berean, baina beti kanpoan. Eta ez diot nik, Txepetxek baizik!

Musika airean

Leire Narbaiza 2010/05/20 21:19
Karmele Jaioren bigarren nobela.
musika airean

 

 

Hau da Karmele Jaioren laugarren liburua. Ipuin liburu bi eta beste nobela bi. Irakurri nion lehenengoa "Amaren eskuak" izan zen. Niri neuri ez zitzaidan askorik gustatu, motelegia iruditu zitzaidan. Beharbada, hain polita zela esan zidatenez, gehiago espero nuen eta dezepzio txiki bat jaso nuen.

Hala ere, eta lan kontuagatik "Zu bezain ahul" irakurri nuen. Ikaragarri gustatu zitzaidan, espero ez nuen arren. Ondoren "Hamabost zauri" irakurri nuen. Hura ere asko gustatu zitzaidan, ez hain beste, ordea.

"Musika airean" badauka ukitu fresko bat. Beharbada protagonistak duen prozesuan alaitasunak zirrikitu batetik sartu egiten zaiolako. Iraganak lagatako samina eta hutsa, musikaz eta bizitzaz betetzen hasten da. Edozein une da ona bizitzeko.

Pertsonaiak ere errealak eta normalak dira, egoera guztiz sinesgarria bizi dute, gainera. Eurak nahiko saminduta badaude ere, lan optimista da neurri batean.

Gustura irakurtzen den nobela da, jakin-mina pizten duena. Edozeini gomendatzeko modukoa, alegia.

 

M.I.A., born free

Leire Narbaiza 2010/05/18 17:49
Romain Gravas-en film laburra

Film hau Youtubetik erretiratu zuten. gia esateko aztoratu egiten gaitu ikustean. Musika azkarra, biolentzia, ezer ez ulertzea....gure planetaren milaka egoera dakarzkigu burura. Beti zentzubakokeria dute ardatz egoera horiek.

Zuek ikusi eta esan. Hainbat momentu oso gogorrak egin zitzaizkidan. Nik abisatu egiten dut, badaezpada!

M.I.A, Born Free from ROMAIN-GAVRAS on Vimeo.

www.miauk.com www.neetrecordings.com

Director : Romain Gavras
Director of Photography : André Chemetoff
Producer : Mourad Belkeddar
Production company : www.elnino.tv
Executive Production : Gaetan Rousseau / Paradoxal
Special thanks to Lana & Melissa from The Director's Bureau

Espainiako krisi morala

Leire Narbaiza 2010/05/13 21:24
Krisia ez da huts-hutsean ekonomikoa, oinarrian printzipio falta du.

Espainia krisi sakonean dago. Askok nobedaderik ez diodala pentsatuko duzue, gauza jakina dela. Arrazoia daukazue. Gauza da, ez dudala krisi ekonomikoaz berba egingo, sakoneko krisiaz baino.

Hartzen diren neurriak hartzen direla, gaitz izango dute espainiarrek krisitik irteteko; izan ere, euren ekonomia eraikuntzan eta turismoan dago oinarrituta. Eta denok dakigunez, larregi, bizkorregi eta txarto eraiki da; etxe huts gehiegi dago bazterretan, nork erosteko zain.

Beste gauza bat asmatzen ez badute, turismoarekin jai daukate, sektore aldakorra delako, eta ez duelako ziurtasunik ematen.

Horiek baina, negozioak dira, ekonomia. Eta horretaz hitz egingo ez dudala esan dut, jausi naizen arren. Espainiaren benetako krisia balore krisia da. Ez ikaratu, ez naiz Munillaren laguna. Horregatik, hain zuzen ere, ez dut moral berba aukeratu. Hitz hauek biek badute horrelako usain atzerakoi eta erlijioso txarra-eta. Baina ez du zertan horrela izan. Bizitzan baloreak behar direla uste dut. Beharbada, ez burura etortzen zaizkigun horiek, baina bai oinarri sendo batzuk elkarbizitzarako. 

Nire ustez, Espainian "pelotazoaren" kultura zabaldu da, diru errazarena, esfortzurik barik famatu edota aberats bihurtzea. Berdin da bitartekoa, helburua da inporta dena. Ustelkeria, eskua kutxan sartzea, lapurretan egitea..... berdin dio. Helburua dirua egitea da, besteen gainetik gelditzea.

Beste alde batetik, garrantzitsuena telebistan agertzea da. Ereduak dira Belen Esteban eta Alessandro Lecquio. Garrantzitsuena diru erraza egitea da. Platoz plato ibiltzea trapu zikinak aireratzen, dirutzaren truke. Gran hermanon agertu, gero Interviun titiak erakusteko. 4. mailako famosillo batekin oheratu, ondoren kontatzeko zelako zakila zeukan. Dena libre.

Baina kultura, ikasketak, esfortzua....ez dira baloratzen. Batzuetan, horretan tematzen direnei (esfortzuan, lanean, ikasten) barre ere egiten zaio. Pikareska da araua. Engainua, trapitxeoa dira nagusi.

Gaitz estrukturala da, eta aldatzen ez den bitartean tokatu zaigun Estatu honek ez dauka atarramentu onik.

Patxi Lopezek barre egiten digu!

Leire Narbaiza 2010/05/09 17:30
Guri guztioi muturrean, gainera.

Euskal Herria oso txikia da, baita Pais Vascoa ere. Denok daukagu lagun bat, lehengusina bat duena, beste baten lankidea dena eta hirugarren hori ezagun baten koinatua dena. Sei graduen teoria, gure kasuan, lau gradura mugatzen da, eta sarri askotan, bira. Horrela jakin nuen nik gutxienez orain bost urte euskara irakasle partikular bat zuela Patxi Lopezek, nire lakinde baten ikaskide ohia zena. Kontatu zidatenez, orduan ere, piper (martxando, sasieskola) mordoa egiten zuen, batzar bat, bidaia bat....aitzakian.

Horregatik, lehendakari zela, euskara klaseak hartuko zituela esan zenean prezio ikaragarri horretan, ez zuela ikasiko esan nuen. Aurrekariak zituela, eta atzera ere, kale egingo zuela. Hau komentatzerakoan, beste lagun batek gradu teoria honekin jarraituta, esan zidan bera ezagun batek Lopez ezagutzen zuela, eta alferra zela, alfer fama zuela bere inguruan. Eta orain huts egite hauek.

lopez

Larria iruditzen zait lehendakari batek esatea piper asko egiten dituela, horrela publikoki. Denok dakigu sarritan kanpoan ibili behar dela, hainbat batzar dituela, eta onartuta daukagu. Baina publikoki horreta esatea, ergelena da. Ez dut esango zuzenean zer iruditzen zaidan Lopez; izan ere, Iñaki Arriolari "miserable" deitzeagatik isuna jarri diote eibartar bati! Baina ezin du inork ukatuko lau haizetara klasera ez dola esatea ez dela oso inteligentea. Batez ere denon artean pagatzen dizkiogunean!

Gainera, ez da lehendakari bakarra euskara klaseak jaso duena. Ibarretxek, behintzat, bai eta polito ikasi zuen, horratik. Oker ez banago, Ibarretxe Laudiokoa da, ez Lea-Artibaikoa. Gura dut esan, ingurua ez dela oos euskalduna. Hori bai, gogo handiagoa jarriko zion. Beste alde batetik, esan behar da goi karguek ingeles klaseak ere jasoko dituztela, eta protokolokoak, eta hainbat, seguru nago, kargurako beharrezkoak direnak. Inork esan du piper egiten duela?

Euskara zaila da, ordea, Patxi Lopezen hitzetan. Ez da inoiz hitz egin Ezkerraldean. Eta? Esango didazue euskaldun ikasirik ez dagoela Bilbotik mendebaldera. Euren poltsikotik ordaindu dutenak euskalduntzea, gainera. Zer pentsatzen dute pertsona horiek horrelakoak entzutean? Zer pentsatuko zukeen Andolin Eguskitza zenak, euskaltzain oso izatera iritsi zen santurtziarrak? Nahiko nituzke entzun euren berbak.

Adierazpen horiek irakurri nituenean nire ikasleekin akordatu nintzen, eta euskaltegietako ikasle guztiekin. Euskara ikasi duten denekin. Zenbait langabezian, beste batzuk prekarioan. Baita euskara ikastera derrigortuta daudenak ere. Zintzo-zintzo egunerao joaten direnak, baita euren urtebetetzeetan ere. Esfortzu iksragarria egiten dutenak iakstearren, huts ezegitearren, lanetik zuzenean etorrita, familia alde batera lagata. Zer pentsatzen ote dute? Euren musturretan barre egiten die euren lehendakariak. "El de todos"

Nire harridura, baina, bere azalpenekin etorri da, legebiltzarrean egindako adierazpenekin, hain zuzen ere. Beste "boutade" bat, gustu txarrekoa, denon lepotik barre egiteko. Ikusi bideoa:

 

Halakorik! Erlaxatu egin behar dugula esan! "Vaya semanita" ikusteko? Matematika ere ez daki, barren! Tipo honek, baina zer uste du, hau bere kortijoa dela? Zergatik esaten ditu gezurrak? Zertarako balio digu horrelako lehendakari batek? Uf! Beste banpiro bat!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua