Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Bost urte Egunkaria barik

Leire Narbaiza 2008/02/20 12:45
Ikasturte hartan goizeko sei eta erdietan jaikitzen nintzen. Betiko moduan, irratia isiotu eta kafea egiten hasi nintzen. Kafetera eskuetan, zur eta lur, ez nuen asmatzen goizero era mekaniko baten egiten nituen mugimenduak egiten.

Juan del Olmo izeneko batek, guardia zibilez betetako autoetan euskarazko berripaper bakarra itxi ziguten. Baita atxilotuta lagun talde bat eraman ere. Malkoak irten zitzaizkidan begietatik.

Malko gehiago isuri nituen ondorengo egunetan, kafea egiteaz batera. Martxelo Otamendi kartzelatik irtendakoan esan zituenak entzunda, nik ere ezin izan nion eutsi negarrari. Gaur goizean Euskadi Irratian egun haietako grabazioak jarri dituztenean ere, eutsi ezin izan diodan moduan; atzera ere, kafearen katiluaren aurrean.

Egun nahasiak izan ziren, gogorrak. Gurea zen zerbait kendu ziguten, anker eta krudelki, estatuaren bitarteko guztiak erabiliz, baita tortura ere.

Inork ez zuen pentsatzen hori gertatuko zenik, kulturako pertsona ezagun eta errespetatuan torturatuko zituztenik. Gaixorik zegoen gizon nagusia molestatuko zutenik. Euskalgintzakook, uste genuen ez ginela horren inportantean, ez geniela horrenbesteko minik ematen. Baina gauza bi demostratu zituzten: batetik, Euskal Herrian gure kultura eta herriaren alde beharrean dabilen edonor estatuaren jo-puntuan dagoela; eta bestetik euskalgintzak ganorazko lana egiten duela, estatua molestatuta sentitzerainoko.

Denbora pasatu da, baina Egunkaria gabe jarraitzen dugu, eta hamabi pertsonak inputatuta jarraitzen dutela, eta egoerak horrela jarraituz gero kartzelara joan

egunkaria libre

Eguraldi ona

Leire Narbaiza 2008/02/18 18:36
egutegiari erreparatuz gero, negua da. Baina holakorik ez da igartzen hil honetan egin digun eguraldian. Aspaldi ez du euririk egin (eta eginduenean, pare bat egunez), zeruak urdin daude, eguzkiak gogor jotzen du.

Ez ohiko da sasoi honetarko. Orain abrigu eta jertse lodiak jatzita egon beharko ginateke. Botak, bufanda eta guardasola gainetik kendu ezinda. Karibearekin ametsetan, edota Denako hondarztarekin, abuztu erdian.

Eguraldi anormal honek kalteak baino ez dakarzkigu: polena goizegi, hortaz alergiak; hego-haizeak, buruko minak; giltzaduretako minak; ondoeza, katarroak....

Gainera goizetan eta gauetan fresko egiten duenez, zein erropa jantzi behar dudan ere ez dut jakiten. Abrigu haundiarekin nabil, trenaren zain hoztu egiten naizelako, baina eguerdian kenduta ibili behar. Kanpoan bero, baina berogailñuak topera jarraizten dute. Hoztu-berotu, berotu-hoztu, azkenean hotzeria.

Eurik egin ezik kutsadura hortxe gainean, kendu ezinda. Ur eskasia hor dugu, mendiak ikustea besterik ez dago: marroi-marroi daude, ez oraintxe tokatzen den moduan: berde-berde. Hotzik egin ez duenez, mamorro guztiak bizirik. Udan eltxo, euli eta liztor izurriteak, horrela jarraituz gero, behintzat.

Eta hori eguraldi ona deitzen diote! Ez dut jakin nahi zer ote den eguraldi txarra eurendako!

No time for love in the basque country

Leire Narbaiza 2008/02/14 12:00
Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna

 

The is no time for love in the basque country, please extend the solidarity

No hay tiempo para el amor en el Pais Vasco, extiende la solidaridad.

Il n’y a pas du temps pour l’amour, au Pays Basque, s’il te plait, propage la solidarité.

Itoitzen, sirenarik ez

Leire Narbaiza 2008/02/13 19:21
Astelehenean Agoitzen ebakuazio planaren simulakroa egitekoak ziren. Sirena batek gogor jo, eta bertako guztiak minutu bi zeuzkaten futbol zelaira joateko, hori baita herriko tokirik altuena.

Sirenak jo zuen, baina ez zen herri osoan entzun: ez eskolan, ez tabernetan, ez dendetan, ez lantegietan. Eta kontuan hartu gauza pila bat eraman behar zutela. Klikatu eta entzungo duzue. Urtegi hori ez da segurua. Ezkerreko malda beherantz doa eta guztiz amiltzen denean olatu erraldu batek minutu bian Agoitzera iritsi eta bere menpe hartuko du, eta dena aurretik eroan.

Hasieratik kontu hori guztiori tristea eta amorragarria izan da. Tribunalak eta epaileak, gobernuekin bat interes ekonomikoek esaten zutena egiten: triskantza eta barbariea.

Gai honekin atzo egin nuen lehenengoz Antonio Miranda bertan "nabigatzen" ari zela naufragatu eta uretara joan zenean!


Beldur aurpegia jarrita, baina salbatuta. Agoiztarrek, ordea, aukerarik ez dute izango. itoitzen ez da sirenarik, eta miranda ere ez da sirenita, hain zuzen ere.

Bideo bat ikusi nahi baduzue, patxitraperoren blogean badaukazue.

Eskerrik asko, Eneko, irudia bidaltzeagatik!

Eta ez ahaztu otsailaren 23an manifestazioa egingo dutela Iruñean Itoitzeko urtegia behin betiko ixteko.

Podcast ikastaroa

Leire Narbaiza 2008/02/11 17:57
Lanerako Podcast ikastaro bat on-line egiten nabil. Bertan eskatu digute geure buruaren aurkezpena egiteko eta gero gure blogean igotzeko.

Nik ez daukat hau beste blogik, beraz hemen eskegitzea pentsatu dut. ez naiz jarduera huts baterako blog berria sortzen ibiliko, ezta?  Hori, ba. Bertan nire ahots melodiosoa entzuteko aukera izango duzue.

Oraingoan ez zait "pija" ahotsa irten, zorionez. Batzuetetan irratian-eta, neure buruari entzun eta "zelako pijia naizen!" pentsau izan dut. Tira, grabazio honek ez dauka beste munduko ezer, kaskarra da, eta gainera ez nion ez musikarik, ez  soinu berezirik jarri. Nahikoa izan nuen ez trabatzen, eta ganorazko zer edo zer esaten.

 

Horra, bada, marabila teknbologiko hau, ahots paregabe honekin, museoan gordetzeko modukoa!

Gabon bueltako liburuak

Leire Narbaiza 2008/02/11 15:21
Gabon aurretik, Gabonetan eta ostean hainbat liburu irakurri ditut. Denei erreferentzia egiteak merezi ez duenez, bost hauek aukeratu ditut, zerbait esan didatelako, edota zer edo zer deskubritu dudalako, edo beste barik, gustatu zaizkidalako.

 

Irakurtzea, beti da plazera. Batzuetan, janari azkarra izan liteke; beste batzuetan, tradizionala; askotan, pintxoak; baita janari exotiko ere. Gutxitan goi mailako sukaldaritza. Baina denekin betetzen dugu tripa, liburu guztiek balio digute tarteak betetzeko, itxaronaldiak laburtzeko, bizitza goxotxeko.

Hauexek dira Gabon bueltako menuan bereziak iruditu zaizkidanak:

mujercitasHasta siempre, mujercitas” Marcela Serranorena. Uste dut argitaratu dituen liburu guztiak irakurri ditudala. Gustatzen zait zelan kontatzen dituen emakumeen istorioak. Oraingo honetan “Mujercitas” liburuko pertsonaiekin berriak sortu, euren pertsonalitatea eman, eta gaur egungo lau emakumeren arteko hartu-emanak kontatzen ditu. Liburua erreferentzia literarioz beteta dago, “Mujercitas”-i ez ezik, beste liburu batzuei ere. Nobela atsegina begitandu zait

 

casarossaCasa Rossa” F Marcianorena. Liburutegian liburu hau hartu nuenean uste nuen nobelita bat hartzen ari nintzela. Egia esan ez da Nobel saria eskuratzeko, baina uste baino interesgarriagoa suertatu zitzaidan. Etxe baten jabeen istorioa da, familia arteko harremanak, maitasuna…baita azpian beste trama —Xuxenek markatu egiten dit, Elhuyarren begiratu, eta bilbe da euskaraz— bilbe bat ere agertzen da: protagonistaren ahizparen militantzia politikoa. Italian dago kokatuta, Brigade rosse- n sasoian. Gustatu zait eman dion enfokea, familiak zelan bizi duen senitarteko baten kartzela sasoia. Gero deskubritu dut presoen sakabanatzea, isolamendua eta gobernuak martxan jarrita dauzkan hainbat metodo ez direla originalak, Italian ere horrela funtzionatu zutela. Liburuari erreferente italiarrak kendu, eta euskaldunak jarriz gero, doitze gutxirekin edozein idazle euskaldunek sinatzeko modukoa da.

loasañosconlauraLos años con Laura Díaz” Carlos Fuentesena. Ez neukan irakurrita idazle honen libururik, nahiz eta bere berri izan. Nobela honetan Laura pertsonaiaren bitartez Mexikoko historia eta aldaketak kontatzen dizkigu. Hasieran “errealismo magikoko2 liburua ematen du; baina aurrera egin ahala, estiloa aldatu egiten da. Magikotasuna alde batera laga, eta errealistagoa bihurtzen da, istorioan atzera-aurrera batzuk eginez, baita saltoak denboran ere. Interesgarria benetan.

 

azalaren kodeaAzalaren kodea” Miren Agur Meaberena. Poesia gutxi irakurtzen dut. Gustatzen zaidan arren, ez dakit irakurtzen. Poemak irentsi egiten ditut, ez dut astirik hartzen. Gainera, ez dut edozein idazleren poesi irakurtzen. Baina behin ez dakit zein gizonezkori irakurri nion emakume izanez gero, liburu hau irakurtzea itzela izan behar zela. Eta egia da, zelan biluzten den Miren Agur! Poema batzuk aaaasko gustatu zaizkit, gustura irakurri dut, polikiago (ahal izan dudan neurrian). Irakur ezazue!

hierbamoraHierba mora” Teresa Mourerena. Liburu hau gailegoz idazti zuen (nik gaztelaniaz irakurri dut). René Descartes-en bizitzako andrazko biren historia da: Kristina Suediako erregina eta Hélène Jans. Tartean, badago beste emakume bat, Ines Andrade, gaur egunekoa, Descartes-en gainean tesi bat egiten ari dena. Liburua oso bitxia da, sendabelarren gaineko atalak dauzka, aspaldiko erremedioak gaixotasunak osatzeko, magia puntu bat, sorginkeria,…Oso liburu berezia iruditu zait, gustura irakurri dudana, oso polita diseinu aldetik, erakargarria, benetan. Beharbada, amaiera aldera beherantz egiten du, baina orokorrean oso berezia eta ederra.

Ez da maitasuna, obsesioa du izena

Leire Narbaiza 2008/02/09 19:03
Maite gaituztenek garen modukoak maite behar gaituzte. Horrela ez bada, hori ez da maitasuna. Gu edukitzea nahi izango dute, gure ondasunak, gure buru-argitasuna, gure edertasuna. Baina ez gaituzte maite, ez digute gura. Beharbada, estimatu. Dena den, mespretxua ere badago ukazio horretan

Horrela sentitzen naiz espainiarrekin. Euretako bat ei naiz, gu ere euren modukoak gara, antza. Maite gaituztela diote, gure lurra, gu guztiok, baina euren diren modukoak, euren klon. Desberdintasunik barik, euren hizkuntzarekin

Gure izenek amorrua ematen diete. Ez dute jasaten ni Leire izatea, zu Eneko, hura Agirreazaldegi, gu Narbaiza.

Aurrerakoienak ere desgaitu, desitxuratu, eta despertsonalizatu gura gaituzte. Euren irudira egin, Bibliako jainkoak gizona egin zuen bezala: bere antzeko, bere irudiko (a su imagen y semejanza). Ez dute ulertzen gure desberdintasun nahia, ez dutelako piperrik ere konprenitu; ez dugu desberdin izan nahi, desberdinak gara, izan. Diferentzia gure kapritxoa balitza bezala tratatzen gaituzte.

Espainiarrak omen gara, hala diote behintzat nire DNIak eta gure pasaporteek. Behin eta berriro eskatzen dute lur hau, gu geu erreklamatzen gaituzte.

Baina ez gaituzte onartzen, ez gaituzte nahi horrelakoak. Ez daukagu eskubiderik desberdinak izateko, desberdin berba egiteko, desberdin pentsatzeko, desberdin maitatzeko. Orduan, zertarako horrelako ahalegina? Zertarako nahi gaituzte, ez badute gustuko gure izateko modua    , gure berba egiteko era?

Ku-kux-klana edozein gautan agertuko balitz, kapirote zuriekin, eta gurutzeak erretzen gure kaleetan, sinistuko nuke. Agian beste ku-kux-klan judizial bat ibiltzen zaigulako gauetan etxeetako ateak errementatzen, beldurra zabaltzen.

Zertarako nahi gaituzte? Garaitu gaituztela esateko? Domuit vascones esaldiarekin historiara pasatzeko?

Gure ideiak lagako ditugula uste badute, ez gaituzte ondo ezagutzen. Kikildu eta beldurtu, hori bai, pentsatzen dut lortu dutela.

Jakin beharko lukete munduaren ikuskera ez dela aldatzen egunkariak ixten, pertsonak kartzelan sartzen eta ilegalizazioekin. Ahoak isilduko dituzte, baina pentsaerak eta sentimenduak ez dizkigute aldatuko. Historiari begiratzea baino ez dute, konturatzeko horrek ez duela funtzionatzen.

Astelena taberna

Leire Narbaiza 2008/02/08 11:32
Itxi egin dabe Astelena taberna, jabia erretirau egin dalako. Oin gitxi jakin dot, eta pena haundixa emon desta, nere ume denporako gogorapen askokin lotura dagualako. Desagertu dan umetako beste toki bat.

 Astelena Estaziño kalian dago, nere kalian, bertan bizi ez naizen arren. Esateko, kale horretan jaixo nintzan, meternidadia kale perpendikularrian zegualako, Pageixan, eta gure ama oiñaz juan zalako beratara, gure etxetik ehun metrora.

Gaiñian bizi giñan. Gaiñian baiño, ondoko peoran. Baiña nire gelia ertzekua zan eta tabernan gertatzen zana oso ondo entzutzen neban. Askotan, txikiteuan zebizen gizonak kantau egitten zeben, eta bestietan, jentian berbaruakin luak hartzen ninduan. Harrezkeroz, soiñu hori oso erakargarrixa egitten jata, bihotzian sentimiento epela sortze desta.

Bolada bat egon zen “Nere herriko neskatxa maite” jartzen zebela ni lotaratzen nintzan orduan, eta lo-kanta funtziñua egitten zeban. Oso modu ederrian gogoratzen dittut momentu hórrek.

Astelenan dekoraziñua oso berezixa zan/da. Dana zeguan egurrez eta otzaretarako erabiltzen diran “plantxekin” forrauta. Gero, taberna guztian bueltan apalak zeguazen boteilla zaharrez beteta. Igarri be ezan egitten ze boteilla ziran, danak illunduta zeguazelako, zabaldu zebenetik bertan, seguru.

Bertako azeittunak be edarrak ziran, olibondo egurrez egindako ontzixetan egoten ziran barra gaiñian. Burduntzaldixak be olibondoz egindakuan ziran. Azeittunak olixua eta kipuliakin etaratzen zittuen. Oso-oso edarrak!

Gure peoria oso haundixa zan, eta sanjuanetan mahaixak barruak sartzen zittuen, mahaixak be haundixak, senduak eta astunak ziran, egurrezkuak. Hartara, mahaixak peoran ikusten nittuanian dultzaineruen modokuak ziran: sanjuanak ate-joka zetozen.

Nahitta aspaldixan juan ez, Astelenan faltia igarriko dot, nere biografixian zati eder bat dalako, baiña beti barruan eruango doten tokixa izango da.

 

 

 

Brooklyngo erokeriak

Leire Narbaiza 2008/02/07 14:40
Paul Austerren liburu hau irakurri berri dut. Fama handia zekarren eta niri hasieratik idazlearen keinua gustatu izan zitzaidan: gaztelaniaz, katalanez, gailegoz eta euskaraz egun berean ateratzea eskatu zuen. Honek badaki zeozer soziolingustikaz, pentsatu nuen. Eitb-k baino gehiago bai behintzat, Harry Potter egun berean, ordu berean euskaraz eta gaztelaniaz eman zuenean erakutsi zigun moduan.

 

Brooklyn

Nobela polita eta bitxia dela esango nuke, nik asko disfrutatu nuen, behintzat. Pentsonaiak freskoak eta benetakoak dira, euren artean sortzen diren loturak ere asko gustatu zaizkit. New York, edo brooklyn auzo bat dela adierazten digu, eta familia ez dutela beti odol berekoek osatzen. Azkenean, familiartekoek, lagunek eta enparauek benetako familia handi bat osatzen dute, tradizionala bezain ona eta baliagarria.

Itzulpenarekin, ostera ez nintzen hain gustura geratu. Baldarkeria batzuk ere ikusi nituen, baita aditz denbora batzuk txarto erabilita erre. Baina horrek ni molestatu arren, beste edozeinek gustura irakurriko du, seguru. Irakasle-taliban-rotenmeierreok hori daukagu, beti boligrafo gorria prest, eta hori ez da sanoa.

“Bidaiak scriptoriumean zehar” mesanotxean daukat, laster batean irakurtzeko. Ea zer moduz. Kontatuko dut

Barixaku baltza

Leire Narbaiza 2008/02/04 18:42
Lagun batek eskatuta idatzi bihar dot post hau. Ez neban pentsatzen ezer idaztia, baiña eskatu destenez ahaleginduko naiz ganorazko zeozer idazten

Barixakuan aillegau jakun Urzen istripuan barrixa. Notizia latza, benetan. Mendixa atsegin lekua denak beste disgusto bat emon zeskun. Danori barrua irauldu, eta egoneziña nagusittu zan, alaittasuna eta barria protagonistia dan egunian. Eibartar bat hil zan Hiru Errege Mahaian, eta Urze zan.

Egixa esateko, Urze ez zan nere laguna, lagunen laguna baiño. Ez neban sakon ezagutzen, baiña berakiñ izan dodan hartu-emonian sekula ez zan ez barrerik ez irribarrerik falta. Gertautakua kontau zestenian ezin neban siñistu, txokauta geratu nintzan, oso gertu sentitzen nebalako -ze gatxa dan "gertu" hori definitzia, ezta?-.

Mendixak lantzian behin holako penak sortzen deskuz. Disfrutatzera juan, eta disgustua ekarri. Behi Egunkarian, uste dot Xabier Mendigureneri irakorri netsala, mendixak euskaldun gehixago hil dittuala guardi zibillak baiño. Ez dakitt hala izango dan, baiña nere kautan kontu makrabuak egitten nenbillela, esan neike gertuko jende gehixago hil dala mendixan auto istripuan baiño. Zeuek be egizue kontua eta esango destazue. bildurgarrixa, ezta?

Hau baiño ez neban esan nahi, hemendik aurrera Urze bihotzian eruango dogula. Eta bere famelixa eta laguneri Besarkada eta laztanik goxuena, besterik ezin dodalako. Baitta Lizardin poema bat be:

Mendi-gaiña

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!

*********

Oi, udaberri-goizez
mendiaren gaillurra! ...
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna! .
Zein ezkutuzko indarrez,
zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana? ...

Egiz, maitagarriak
dituk ire basotan? ...
egiz duk arnaskai bat
ezilkortzen duna? ...
egiz, eguzkiaren
leendabiziko muiñaz
sortzen duk zorunaren
lore ezezaguna?... .

Nik amestan bezela
ote-aiz, mendi-gaiña?
Goi-yauregiko mailla?
Gotzonen urbilgo? ...
 Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote-dituk or goitik
sumatzen bertago?...

Ire goi urdiñaren
 urre lanotsupean
beeko txikerkerion
azkaia balegok,
arren, adiskide urruna,
otoi, mendi maitea,

negar-aran beltz oni
kendu nazakiok!

*********

Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
 gaiñik-gain nenbilke!


Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua