Gabon bueltako liburuak
Irakurtzea, beti da plazera. Batzuetan, janari azkarra izan liteke; beste batzuetan, tradizionala; askotan, pintxoak; baita janari exotiko ere. Gutxitan goi mailako sukaldaritza. Baina denekin betetzen dugu tripa, liburu guztiek balio digute tarteak betetzeko, itxaronaldiak laburtzeko, bizitza goxotxeko.
Hauexek dira Gabon bueltako menuan bereziak iruditu zaizkidanak:
“Hasta siempre, mujercitas” Marcela
Serranorena. Uste dut argitaratu dituen liburu guztiak irakurri
ditudala. Gustatzen zait zelan kontatzen dituen emakumeen istorioak.
Oraingo honetan “Mujercitas” liburuko pertsonaiekin berriak
sortu, euren pertsonalitatea eman, eta gaur egungo lau emakumeren
arteko hartu-emanak kontatzen ditu. Liburua erreferentzia literarioz
beteta dago, “Mujercitas”-i ez ezik, beste liburu batzuei ere.
Nobela atsegina begitandu zait
“Casa Rossa” F Marcianorena.
Liburutegian liburu hau hartu nuenean uste nuen nobelita bat
hartzen ari nintzela. Egia esan ez da Nobel saria eskuratzeko, baina
uste baino interesgarriagoa suertatu zitzaidan. Etxe baten jabeen
istorioa da, familia arteko harremanak, maitasuna…baita azpian
beste trama —Xuxenek markatu egiten dit, Elhuyarren begiratu, eta
bilbe da euskaraz— bilbe bat ere agertzen da:
protagonistaren ahizparen militantzia politikoa. Italian dago
kokatuta, Brigade rosse- n sasoian.
Gustatu zait eman dion enfokea, familiak zelan bizi duen senitarteko
baten kartzela sasoia. Gero deskubritu dut presoen sakabanatzea,
isolamendua eta gobernuak martxan jarrita dauzkan hainbat metodo ez
direla originalak, Italian ere horrela funtzionatu zutela. Liburuari
erreferente italiarrak kendu, eta euskaldunak jarriz gero, doitze
gutxirekin edozein idazle euskaldunek sinatzeko modukoa da.
“Los años con Laura
Díaz” Carlos Fuentesena. Ez neukan irakurrita
idazle honen libururik, nahiz eta bere berri izan. Nobela honetan
Laura pertsonaiaren bitartez Mexikoko historia eta aldaketak
kontatzen dizkigu. Hasieran “errealismo magikoko2 liburua ematen
du; baina aurrera egin ahala, estiloa aldatu egiten da. Magikotasuna
alde batera laga, eta errealistagoa bihurtzen da, istorioan
atzera-aurrera batzuk eginez, baita saltoak denboran ere.
Interesgarria benetan.
“Azalaren kodea” Miren Agur Meaberena.
Poesia gutxi irakurtzen dut. Gustatzen zaidan arren, ez dakit
irakurtzen. Poemak irentsi egiten ditut, ez dut astirik hartzen.
Gainera, ez dut edozein idazleren poesi irakurtzen. Baina behin ez
dakit zein gizonezkori irakurri nion emakume izanez gero, liburu hau
irakurtzea itzela izan behar zela. Eta egia da, zelan biluzten den
Miren Agur! Poema batzuk aaaasko gustatu zaizkit, gustura irakurri
dut, polikiago (ahal izan dudan neurrian). Irakur ezazue!
“Hierba mora” Teresa Mourerena. Liburu
hau gailegoz idazti zuen (nik gaztelaniaz irakurri dut). René
Descartes-en bizitzako andrazko biren historia da: Kristina Suediako
erregina eta Hélène Jans. Tartean, badago beste emakume
bat, Ines Andrade, gaur egunekoa, Descartes-en gainean tesi bat
egiten ari dena. Liburua oso bitxia da, sendabelarren gaineko atalak
dauzka, aspaldiko erremedioak gaixotasunak osatzeko, magia puntu bat,
sorginkeria,…Oso liburu berezia iruditu zait, gustura irakurri
dudana, oso polita diseinu aldetik, erakargarria, benetan. Beharbada,
amaiera aldera beherantz egiten du, baina orokorrean oso berezia eta
ederra.