Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Damak

Leire Narbaiza 2012/08/18 15:39
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/18

Bizkaian gehien saltzen den egunkariak Neguriko emakume baten heriotza-berria zekarren ostegunean, artikulu hau bezain luzea. Emakume hori María Victoria Dolagaray Uhagón zen, 98 urtekoa, Manuel Lezama-Legizamonen emaztea. Ez nuen ezagutu andre hori, ezta bere familiako inor, nik dakidanez. Ez dut zalantzan jartzen pertsona ona eta zintzoa zenik, gauza on asko egin zituenik, horrelako artikulu bat merezi zuenik. Seguru baietz.

Hala ere, atentzioa eman dit bere merituak azaltzean hauxe izatea nagusia: «Lehenengo bere senar eta seme-alabei dedikatuta bizi izan zen, eta gero ilobei», «Emazte zoragarria izan zen, beti tartekoei lotua». Bere sinesmen katolikoa ere sutsua zela eta azkenera arte mantendu zuela ere badio. Berba batean, gizon handiaren atzean dagoen emakume handia, topiko tipikoa erabilita.

Hara, horrelako emakume asko ezagutu ditut familian eta inguruan. Senideen alde dena emateko prest, lan asko eta handia eginez, ia osasuna galduz, maite zituztenei bizimodua errazagoa egin nahian. Beren buruaz ahaztuta askotan, pairamen itzelekoak.

Inguruko emakume horiek, baina, ziur nago ez zituztela izan Dolagaray andreak izan zituen baliabideak: ez ekonomikoak, ez humanoak. Bere sasoiko andre horiek denetatik sufritu zuten familia aurrera ateratzeko. Ume asko, diru gutxi, gerra…

Denok ditugu horrelakoak gure sendian, eta barkatuko didazue, azaldu gura dudana argitzeko gure amama Virginia aipatzen badut. Zuen amamek ere antzeko kontuak izango dituzte, ziur. Gure besteak ere, amama Maria Angelesek, badu historia latza. Ondorengoa izan dadila andre horien guztien oroimena eta gorazarre!

Amama Virginiak zortzi seme-alaba izan zituen, eta txikia jaio eta gutxira senarra hil zitzaion. Hori gutxi balitz, gerra hasi eta Durangon bizi zirenez Kale Barrian, italiarrek bonbardatu eta etxe barik geratu ziren, goian zerua eta behean lurra. Gainera, seme-alaba bi gaixo: poliomielitisa eta hezurretako tuberkulosia.

Seme-alaba nagusiak Ingalaterrara bidali zituzten gerra-ume, gaixoak Gorlizko ospitalean eta bera hiru ume txikienekin, Goizeko izarra itsasontzian Frantziara errefuxiatu. Han hiru bat urte egin, eta Euskal Herrira itzuli. Familia osoa sakabanatuta, etxe barik, senar gabe. Eibarrera etorri zen lehengusina baten etxera. Hantxe hartu zuten abaro guztiek. Ahal bezala, Virginiak familia jaso zuen lan eginez tailer batean erretiratu arte.

Inork ez zion hileta-artikulurik idatzi, inork ez zuen goretsi egindakoa eta jasandako guztia. Dirurik ez zuelako eta Negurikoa ez zelako. Hori bai, inork ezingo digu ukatu Virginia Azpitarte Irala María Victoria Dolagaray Uhagón bezain dama ez zela. Izan ere, gure amama horiek dira gure benetako noblezia.

Hemen Berrian

Laikotasuna

Leire Narbaiza 2012/08/17 11:30
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/17

Herenegun Andra Mari eguna izan zen. Ama Birjinaren zeruratzea ospatzen dute katolikoek. Jaiak, herri askotan; esango nuke San Joanekin dela gehien ospatzen den jaia. Parrandaz eta dibertitzeaz bat, ospakizun erlijiosoa ere izaten da.

Bilbon, Begoñako Amaren eguna da. Hori dela eta, Azkuna Bilboko alkatea Begoñara joan zen, eta, elizkizun batean, Begoñako ama birjinari krisitik irteten lagun diezagula erregutu zion. Bere moduan Espainiako beste hainbat alkatek ere, mezatan laguntza eskatu zieten euren herriko ama birjinei. Komunikabide guztiek berri horiek jaso dituzte beraien espazioetan, ondo nabarmenduta.

Inor ez da harritzen; ni, ostera, zeharo haluzinatuta naukate horrelakoek. Beste horrenbeste gertatu zitzaidan San Ignazio jaietan Loiolan eta Azpeitian egindako prozesioekin. Ez dut ulertzen zergatik udalbatzek, foru-diputatuek, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta Estatuko gobernukideek parte hartu behar duten elizkizunetan ohorezko tokian eta denok ordezkatuz, denok katoliko bagina bezala. Are gutxiago konprenitzen dut zergatik egin behar dioten meza horretan diskurtso bat tokiko ama birjinari edota santuari. Hori ere denon izenean eta babesa eskatuz.

Gure ordezkariek sinestunak izateko eskubidea dute, jakina. Mezatara joatekoa ere bai, noski. Eta euren izenean nahi dutena eskatzeko, prefosta; nik ez diot hori. Gaizki deritzot denon izenean joateari, ohorezko tokietan jartzeari eta gure ahotik berba egiteari. Hori dago txarto; izan ere, ateo, agnostiko, katoliko, ebanjeliko, musulman, budista, anglikano eta denetarik dago gurean. Inoiz ikusi ditugu beste erlijio batzuen ospakizunetan ohorezko lekuetan? Joango ote da Azkuna abuztuaren 19an Ramadan amaierara? Ezezkoan nago.

Askok esango dute ez dela gauza bera, katolizismoa oso lotuta dagoela gurekin eta gure kulturarekin. Ez dut ukatuko, egia da. Bataiatuta nago, eskola erlijiosoetan ikasi dut, gurean erlijioak presentzia handia izan du eta Ebanjelioaren istorioekin hazi eta formatu naiz.

Baina Marirekin eta gure mitologiako legendekin ere hazi naute —horiek bai geure-geureak—, nire moduan jende asko dago Euskal Herrian. Inork imajina lezake ekaitz arrisku handiaren aurrean Durangaldeko alkateak Anbotora joaten, kobazuloan sartzen eta hitanoz esaten «Mari gurea, ez iezagun ekaitzik bidal; babes gaitzan txingorretik»? Ez, ezta? Barre egingo genieke. Horregatik, ez da irrigarri samarra horrelako eskaerak egitea elizkizunetan?

Era berean, apezpikuen homiliak ere agertzen zaizkigu albistegietan. Munillari sermoia entzun nahi dionak igandero du aukera. Berbok oihartzun handia dute zenbait hedabidetan, baina kontatu ote dute Gipuzkoan Eliza ondasunak bere izenean jartzen ari dela?

Hemen Berrian

Fatalismoa

Leire Narbaiza 2012/08/16 10:23
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/16

Gure etxea oso zaharra da, egurrezkoa. Ehun urte baino gehiago izango ditu. Gainera, 1937an, Eibarko bonbardaketan, bonba bat jausi, eta lehen desberdin egiten zirenez gauzak, hondatutako zatia berreraiki egin zuten. Etxe historikoa, beraz. Konponketa ugari behar dituena.

Duela hiru bat urte, igogailua eta eskailera berria jarri genituen, eta, orain, fatxada egiten hasi zaizkigu. Egia esan, protesta franko izan da, eta eztabaida batzuk ere bai. Badakigu denok zer den hori. Kontua da aldamioak jarri eta lanak hastean ohartu direla teilatua txarto dagoela. Irailean beste batzar bat eta, ziurrenik, dirua jarri beharko dugu! Ai!

Goizean, auzokide erretiratu batekin egin dut topo, oso arduratuta etorriko zaigunarekin. Teilatuaren konponketa itzela izango dela, habeak ere aldatu beharko dizkigutela, zutaberen bat ere kaltetuta egon litekeela… Sekulako ardura piloa zeukan emakumeak, oraindik jakin gabe benetan zer daukan teilatuak eta zein konponbide (eta gastu) duen. Agian ez da hain apokaliptikoa izango (espero dut!).

Kezka handiak zituen, loa eragozten diotenak. Alferrik, baina. Abuztu osoan arduratuta egoteak ez du balio ezertarako; izan ere, momentu honetan ezin dugu ezer egin. Ez du ezer konpontzen urduri egoteak.

Hala ere, andreak pentsamendu beltz horiek burutik uxatu nahiko balitu, ezin izango luke. Horretarako, urduritzeko gaudelako programatuta. Etorkizunean zer izango ote den. Eta arduratzeak zerbait arinduko balu gure larritasuna, gaitz erdi. Baina ez, umorea galdu, karakterra garraztu eta osasunari kalte egin baino ez du egiten, irtenbidea uneotan ez dagoelako gure esku.

Hala ere, pertsona batzuengan izaera (edota hezkuntza) kontu bat ere badela esango nuke. Sena dela esatera ausartuko nintzateke. Beti ibiltzen dira etorkizunak ekar diezazkiekeen gauza txarretan pentsatzen; zeren hor baitago gakoa: beti da txarra aurreikuspen hori, inoiz ez da ona. Aurreikuspenak egin, eta ia beti fatalistak izaten dira: dena txarra eta kalterako.

Fatalismo horrek galzorira garamatza, putzu beltzera. Aldez aurretik sufritzera. Fantasiaren antidotoa dela esango nuke; edena bera baino pozoitsuagoa sarritan. Baina aldez aurretik sufritze horrek ezertan laguntzen digun zalantzan jartzen dut. Ez dakit gizakiok eboluzioan ikasi dugun zerbait den, historiaurrean erabilgarria zena agian. Baina barru-barruan daramagunez, ezinbestean agertzen da uneoro.

Horregatik, niri Scarlett O'Harak zioena gustatzen zait: «Ez, ezin dut horretan orain pentsatu. Bihar pentsatuko dut; izan ere, biharkoa beste egun bat izango da». Ederra litzateke aurretiaz kezkatu beharrean, arrangura horiek erabakitzeko unean baino agertuko ez balira. Dena alaiagoa litzateke.

Hemen Berrian

Sahara

Leire Narbaiza 2012/08/15 11:38
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/15

Imajinatzen duzue zer ote den etxetik ihes egin behar izatea, atzerriko armada bat segika duzuelako bonbak eta napalma jaurtiz? Horren ondorioz, familia eta lagunak sakabanatzea eta hiltzea? Aldean duzuenarekin bizirautea? Itsasertzetik basamortuaren alderik mortuenean bizi behar izatea? Inoren eskuzabaltasunaren menpe? Besteen karitateari esker 37 urtean? Emaileek pairatzen duten krisia birritan sufritzea? Ahaztuak, jakinik inori ardura ez diozuela, abandonatuak…?

Horrela daude Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan berrehun bat mila saharar, Aljeriak lagatako lur zatirik idorrenean, basamortuko hamadan, lekurik latzenean. Arabiarrek Allak hamadara bidal zaitzala esaten dute norbaiti txarrena desio diotenean…, atera kontuak!

Baina hau ez da bizi duten egoera larri bakarra. Izan ere, saharar guztiek ezin izan zuten ihes egin, eta Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi dira, gutxiengo bihurtuta eta errepresioan. Beraien herrian bigarren mailako biztanleak dira, gobernu inbasoreak deuseztatu nahi baititu.

Sahararrak gutxi dira, eta beren lurraldea (eta itsasoa) oso aberatsa arrantzan eta fosfatotan. Komunikabideek diotenean arrantza-akordioa sinatu duela Espainiako gobernuak Marokorekin bertara arrainetan joateko, Saharako urez dihardute (Europan jaten den arrainaren %90 bertan hartzen da). Han dago aire zabaleko fosfato meatze handiena, bertatik Marokok eguneko lortzen duen etekina nazioarteko komunitateak saharar errefuxiatuei urte osorako ematen dien laguntzaren bestekoa da. Horrekin dena dago esanda!

Erruaren zati bat Espainiarena da, bere kolonia zelako okupazioa hasi zenean Martxa Berdearekin. Deskolonizatu barik laga zuenez, Espainia da tutorea legalki (barka iezadazue zuzenbideaz dakizuenok, azaltzeko bururatzen zaidan era xumeena da). Portugalek ere Ekialdeko Timorren paper bera izan zuen. Kasu horretan, baina, ondo jokatu zuen rola, Espainiak ez bezala, ez baititu babesten.

Oraingoan ere, kooperanteen bahiketa aitzakia hartuta, Tindufeko kanpamentuan zeuden guztiak ekarrarazi ditu, segurtasunagatik. Batzuk itzuli dira, lekukotasuna ematearren ez bada ere, eta ziurtatu dute kanpalekuak seguruak direla europarrontzat.

Nahasketa interesatuak, baina, ugari dira. Espainiako Telebistako 24 Horas kanalean etengabe ari ziren esaten Mali iparraldeko egoera eta Sahel osokoa oso nahasiak zirela Al-Qaedarengatik, eta hori zela-eta agindu zuela gobernuak boluntarioak etxeratzeko. Barkatu? 1.000 kilometro baino gehiago daude barren, desertuan zehar!

Imajinatzen duzue esatea Bordelen egoera larria dela Cadizen oso langabezia tasa handia dutelako? Ez litzaioke inori bururatuko, ezta? Baina Afrikaz ari bagara, eta Marokoren mesedetan, denak balio du.

Erdigunea

Leire Narbaiza 2012/08/14 11:56
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/14

Amaitu berri diren Gasteizko jaietan Katixa Agirre txupinera izan da, beste hiru gasteiztarrekin batera, euskaren alde egindako lanagatik. Katixa Agirrek berak azaldu zuen joan den ostiralean Gaur8n idatzitako «Euskara olinpikoa» artikuluan anekdota —orain berriro esplikatuko dudana, badaezpada norbaitek ezagutzen ez badu—: Balkoian etxafuegoa botatzean hainbat lagun hurreratu zitzaizkien txupineroei zorionak ematera, eta, tartean, Javier Maroto, Gasteizko alkatea. Musuen ostean hauxe esan zion Agirreri: «¿Tú en euskera qué haces? ¿Dantzari o eso? (Eta zuk euskaraz zer egiten duzu? Dantzari edo?)». Berak «idazlea naiz» erantzun zion gaztelaniaz, eta, asko haserretu barik, jaietan murgildu zen atzera ere.

Aho bete hortz laga ninduen idatziak, eta zer pentsatu handia eman dit. Alde asko ditu jorratzeko eta ahaleginduko naiz hausnarketa guztiak plazaratzen. Batetik, klixez betetako pasartea da: euskara berdin dantzak, berdin folklorea. Gurea folklore hutsa da alkatearen imajinarioan. Jakina, folklorea ere bigarren mailakotzat du, gutxiespen-zentzua baitu berba horrek askoren hiztegian.

Bestetik, gertaerak Marotoren kultura falta ere uzten du agerian. Hizkuntza dantzarekin lotzen baitu. Identifikazio horretan zer dantzarekin lotzen ote duen gaztelania jakin gura nuke. Dibertigarria litzateke zein mapa mental duen jakitea.

Beste alde batetik, bere aholkularien hanka-sartzea ere itzela begitandu zait: formak mantentze aldera, txosten bat egin behar zioten bakoitza nor eta zer zen azalduz, eta alkateak aldez aurretik ikasi, gero barregarri ez geratzeko.

Axolagabekeria baino ez da, ziur. Pista asko ematen du, baina, Marotoren ikuskeraz. Axolagabekeria mespretxuaren lehen fasea da: jendeak eta bere lanak ez badiote ardura, inoiz ez da kezkatuko izan ditzakeen arazoez.

Baina ez dakit zertaz harritzen naizen! Argi dago Maroto jauna ultra cool horietakoa dena, bizartxodun modernilloa, Munduko hiritarra, bakoitzak-nahi-duen-hizkuntzan zalea. Hauteskunde kanpainan bere burua definitzean, hizkuntzez ziharduenean, euskara ere aipatu zuen. Ez dakit zer dela eta, tutik ere ez daki, barren!

Era berean, pasadizoa euskararen (eta bere kulturaren) egoeraren adierazgarri ere bada. Euskara ez dago hizkuntza-komunitatearen zentroan, marjinala da, bitxikeria. Euskaldun osoak (euskaraz ondo dakigunak) ez gara erdigunea. Zentro sinbolikoa, hirigunea, erdaldun elebakarrek okupatzen dute, eta euskaldun osoak errebalean gaude, anekdota xelebre eta pintoresko hutsa gara. Horrela baina txarto gabiltza, ez dugu inoiz aurrera egingo.

Inoiz zentro hori hartu eta okupatzen ausartuko ote gara? Horrela egin ezik, gure hizkuntzak jai dauka. Aborda dezagun erdigunea!

 

Gauekoa

Leire Narbaiza 2012/08/12 10:31
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/12

Gauekoak, tradizionalki, espiritu gaiztoak izan dira Euskal Herrian. «Gaua gauekoentzat, eta eguna egunekoentzat», zioten gure aurrekoek. Gaua arrisku guztien ama baitzen, deabru eta sorginen bizilekua (edo bizi-denbora?), saihestu beharrekoa, kateak ekartzen ez zituelako.

Gautarra naiz, oso. Gauez bizitzea atsegin dut. Oso nekatuta egon arren, askotan, berpiztu egiten naiz hamarretatik aurrera. Barruan sortzen zaidan zerbait da. Gainera, lotara joatea ere kosta egiten zait, nahiz eta oso lotia naizen, eta ohean egotea ikaragarri gustatzen zaidan, batez ere neguan, hartzak hibernazioan bezala.

Onetti idazle uruguaitarra zela uste dut, bere azken urteetan ohetik ez altxatzea erabaki zuena. Ohean bizi zen, nahi zuelako. Hainbesterako agian ez, baina eguneko ordu batzuk… kezkarik ez banu, atsegina litzateke.

Gustuko dut gauez jardutea, baina ez parrandan ibiltzeko soilik, atsegina sortzen didaten gauzak egiteko baizik: pelikulak ikusi, irakurri, Interneten ibili, galdu zaidan hura topatu…

Zein ederra litzatekeen, gainera, egunero hamarretan edo hamaiketan jaikitzea, hiruretan-edo oheratuta! Plazera!… Nire biorritmoetarako egokiena litzateke, baina ezin munduaren kontra egin.

Horregatik esaten dut gautxoria izateak badauzkala zenbait kontu kaltegarri ere. Berandu lotaratuz gero, berandu altxatu, ezinean, gainera. Derrigorrean goiz jaiki behar; izan ere, mundua goiztiarrendako dago antolatuta, zoritxarrez! Eta izaera hau daukagunok ez dugu antolaketa honekin gozatzen; batez ere, kabaretera ordutegiak izanda (lanean berandura arte ibilita). Gure joera bada belu oheratzea, lana gauez amaituta, atzeratu egiten zaigu, eta hurrengo egunean ostera ere, goiztiarrek markatutako pausoa segitu behar dugu! Latza!

Konturatuta zeundeten goiz zaleen diktadura honekin? Gehiegikeria hutsa dela deritzozue diktadura deitzeari? Bai? Orduan, zergatik dago ondo ikusita seietan jaikitzea eta ez hamarretan? Zer dela-eta esaera zahar hauek: «Goiztiarrari Jainkoak laguntzen dotso?». Froga garbia dela esango nuke nik! Inork ez du galdetzen ea zein ordutan oheratu den berantiarra, eta zergatik dituen ordutegi horiek. Alfertzat hartu, eta kito!

Gizartearen arauak arau, niretako berandura arte ez oheratzea plazera da; hori ez ezik, joera naturala ere bada nigan, azaldu dudan moduan. Eta gaupasa egitea! Zenbat gustatzen zaidan, eta zein erraz egiten den eguna! Noizean behin, asko estimatzen dut irakurtzen hasi eta gustura egon eta hurrengo goizean betebeharrik ez badut, goizaldera arte edo liburua amaitu arte jo eta sua leitzen ibiltzea! Gozatua, udan eta oporretan baino ezin dudana egin!

Beraz, goiztiarrok, konpreni gaitzazue, beste ordutegi batzuk ere badira-eta!

Lapurreta

Leire Narbaiza 2012/08/11 10:38
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/10

Polemika bizi-bizi dabil abuztuko egun sargoritsu hauetan. Sanchez Gordillo Marinaledako alkateak eta SATekoek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) ostu egin dute Andaluziako supermerkatu batzuetan. Eztabaida gori-gori dago, eta denetik entzun eta irakur liteke.

Ikaragarri harritu nau batzuek zelako eskandalua egin duten horrekin. Delitua dela, biolentzia, lapurreta, gaitzetsi behar dela,… Baina ez ditut ikusi horrela jartzen, adibidez, jakiterakoan hainbat goi kargudunek, Madrilen etxea izanda, hilean 1.800 euro kobratzen dituztela dietatan. Lasai hartu dute, normaltzat.

Andaluziar horiek delitu bat egingo zuten seguruenik, eta goi-kargudun horiek legearen trikimailuak erabili, era legalean kobratzeko. Konforme. Baina talde bietatik zein dabil berarendako probetxua atera nahian? Zeinek patrikaratuko ditu lortutako ondasunak?

Berdin dio, goi kargudun horiena ke lainoz estaliko dute «ogia eta zirkua» eskainiz. Gainera, alienazioa hain da handia, non jende asko poztu egin baita espainiar bat munduko aberatsenetan hirugarrena bihurtu delako, eta haren dendak munduan zehar ikusiz gero, aberriaren zatitzat hartuko ditu, enpresa horrek sortutako ondasunak biztanle guztien artean banatuko balitu legez, edo bertan saltzen diren arropa guztiak era garbian eta euren herrialdean ekoitzita egongo balira moduan… Argentinak Repsol nazionalizatu zuenean ere horrelako zerbait gertatu zen, harrokeria nazionalista hori jende xeheak ere erakutsi zuen, ondorioak jasango balitu bezala. Zein kaltegarria izan litekeen gutxiagotasun-konplexua kultura ezarekin nahastua!

Ez dezagun ahaztu, historiara joz gero, Espainia (bai, Espainia, eta bere meneko garen guztiok) aspaldi dabilela arpilatzea jasaten. Amerika inbaditu zutenetik. Han harrapatutako guztia lau jauntxoren eskuetan geratu zen, euren probetxurako. Urrezko Mendean, urrez betetako ontziak Ameriketatik ateratzen zituzten bitartean, herri xehea goseak hiltzen zegoen. Aristokraziak xahutu zituen diruok, inon inbertitu eta ezer modernizatu barik. Mundoko inperiorik handienak pobrezia baino ez zuen bere mugen barruan. Hortik dator gaur eguneko joera, ahalik eta bizkorren aberastea axola barik zeren kontura den, pelotazoaren kultura deritzona, tradizionalki espainiar pikarokeria deitua eta hain zabalduta dagoena.

Horregatik, ez zaie eskandalagarria iruditzen alferrikako obra faraonikoetan dirua botatzea, ogasunari egindako iruzurra ikaragarria izatea, aberatsenek dirua zerga paradisuetan ezkutatzea. Ez, horrek ez ditu asaldatzen. Kritikatuko dute agian, baina ez dira beren onetik aterako, oraingoan bezala.

Gustatu ala ez protesta era hori, ez diezaiogun atzamarrari begiratu ilargia seinalatzen digutenean!

Justizia

Leire Narbaiza 2012/08/11 10:30
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/11

Justizia ez omen da mendekua. Hala errepikatzen digute etengabe zuzenbidearen lanbidea dutenek. Egindako kaltea konpontzeko eta ordaintzeko ei da. Delitu-egile, zigorraren bidez berriz hezteko eta gizarteratzeko ere bai. Kartzelarekin lortu nahi da, antza, hori.

Baina jakinekoa da geurean ez dagoela horrelakorik, erabakiak bengantza hutsa dira, eta benetako Justiziarekin zerikusi gutxi dute. Aste honetan gertatutakoak dira adibiderik argiena. Gertaera bi egoera orokorraren adibide gisa.

Batetik, Aragoiko errepideetan Mikel Egibarren familiak hura bisitatzetik bueltan zetozela izandako auto-istripua. Emaztea eta seme-alaba biak oraindik ospitalean daude, egonkor baina larri. Sakabanaketaren ondorioetako bat, presoak ez ezik, familia osoak ere jasaten duena. Zigorrari erantsitako beste pena bat.

Bestetik, Iosu Uribetxeberriaren kasua. Uribetxeberriak, jakingo duzuenez, gose-greba egiteari ekin dio askatasuna —zaintzapekoa bada ere— eskatzeko. Oso larri egonda, eta ospitalera ekarri badute ere, zelatatzen duten polizien gutizien menpean dago. Eurek erabakitzen dute leihoa irekia ala ez, nola sartu behar diren bisitak (batzuetan binaka, besteetan banaka). Eurek jartzen omen dituzte arauak-eta.

Hau ez bada mendekua, zer da, bada? Badakigu neurtzeko era bi daudena, eta beste batzuei, aitatu nahi ez ditudanei, legea bere horretan aplikatu zaiela, eta askoz gaixotasun arinagoekin etxean daudela. Konparazioak gorrotagarriak dira, baina ezinbestekoak horrelako kasuetan. Mendekua ageri-agerikoa dela adierazten digute-eta.

Hirurogeita hamar urtetik gorakoak ere ez omen dituzte espetxean sartzen. Gaixo larriak ere askatzen dituzte, baina Jose Luis Elkoro, adibidez, adin hori ondo beteta kartzelan sartu zuten, eta, gaixorik egon arren, itzelezko kanpaina egin behar izan zuten Bergaran etxera ekartzeko. Lortu zuten azkenean etxeratzea, baina ez askatasuna: etxetik ateratzea oso murriztua du, zaintzagailua izanda ere, ez dauka noranahi joaterik. Nahiko nuke jakin aipatu ez ditudan horiek zein baldintzatan atera zituzten presondegitik; lepoa egingo nuke baldintzak oso desberdinak izan zirela.

Demokrazia dela diote, baina berdintasun printzipioa urratzen da kasu hauekin. Gainera, euren legeak ere ez dituzte errespetatzen. Legeak bete barik, nola egon daiteke justizia? Zigor eta bengantza hutsak dira!

Nola lortuko dugu horrela benetako bakea? Zelan eraiki zubiak jarrera iraingarri hauekin? Kontu hauek ez diote inori mesede egiten, ez jasaten dituztenei, ez gizarte osoari. Mendekua eta indarraren legea dute helburu. Justizia barik ez dago demokraziarik, ez bizikidetzarik. Hala da.

Espainia Norvegiatik gero eta urrunago eta Turkiatik hurrago!

 

Isiluneak

Leire Narbaiza 2012/08/09 10:50
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/09

Momentu batzuk disfrutatzeko isilean egotea baino ez dago. Hondartzan, adibidez, itsasoaren hotsa entzuten, jenderen berbaroa, lasai, erdi-eguzkitan erdi-gerizpetan, noizean behin Ai barki, barki oihu urrunak monotonia apurtuta. Hala gustatzen zait egotea.

Mendian ere, tontorrera iritsita isilunea dut atsegin, inguruan dagoen orori begiratu, brisaz gozatzeko izerdia lehortzen den bitartean. Une hori magikoa izaten da: arnas-hotsak eta txorien txioek jartzen diote soinu-banda plazerezko denbora horri. Askotan laburra izaten da, istant bat besterik ez. Denboratxo horiek norberarendako dira: guren pentsamenduak entzun, inguruaz gozatu, gure gorputzaren kontzientzia izateko, gozamen merke eta ezinbestekoa.

Trenean ere horrelakoak gustukoak ditut lanerako bidean, lasai irakurtzen, kontzentratuta. Lan osteko erlaxazioa ere bada eguneroko plazer txiki horietako bat.

Horregatik, hiltzaile-sena pizten zait barnean inguratzen nauen edonork horrelako tarte zoragarrietako batean tar-tar, txor-txor Atlantiko osorako telefonoz aritzen bada, edo talde batekoek elkarri oihuka egiten badiete berba.

Darabilten gaiek interesik balute, sikiera! Informazio iturri balira! Adibidez, lagun bati hondartzan asteon gertatutako koadroa: ondoan emakume bat ordubetez isildu ere egin gabe, garrasika hitz egiten metro batera zegoen beste batekin. Denok jakin zuten hilekoa jaitsi zitzaiola, senarraz potrotaraino zegoela, zer bazkaldu behar zuen (bai, postre eta guzti) eta zein ordutan jaiki zen guztia prestatzeko. Horrelako ganorabakokeriak baino ez dira entzuten, inori ardura ez dietenak.

Zer premia zuen dena oihuka esateko? Batere ez. Lagunak esan zidan moduan, heziketa eta errespetu kontua da, besterik ez. Izan ere, hori gertatu zitzaionean beste aldean familia britainiar bat zeukan. Aita-ama eta hiru seme-alaba. Egongo ez balira bezalaxe izan omen zen. Hitz egiten zuten, baina tonu normal batean. Horrek ez du molestatzen, paisaiaren hotsak direlako.

Lehengoan, niri ere horrelako zerbait gertatu zitzaidan. Trenean gindoazen, dena mukuru beteta, eta pareko neska (ezaguna, gainera) etengabe telefonoz denondako mintzatzen. Hori gutxi balitz, gaia larria zen. Familiako eztabaida bat lau haizetara barreiatuta. Ez zen konturatzen zertan zebilen herrikidez josita zegoen bagoi osorako? Ez, antza, heziketa onak horrelako mintzagaiak pribatuan mantentzea eskatzen baitu. Baina heziketa falta hain da nabarmena nonahi…

Oihulariek balekite zelan hondatzen dizkiguten gozamen une ederrak, berdin jokatuko lukete? Ala haiei bost axola die, bolada txarretan, oroimenetik berreskuratu eta bizitzari aurre egiteko balio digutela atseginezko memento horiek?

"Basque"

Leire Narbaiza 2012/08/08 10:55
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/08

Astelehenetik daukagu Twitter euskaraz. Bide luzea izan da, baina azkenean lortu dugu. Ez dut prozesuaz berbarik egingo, ordea; uste dudalako beste batzuek ondo kontatu dutela, eta aspaldi idatzi dela horretaz. Nire helburua da azaltzea horrek guztiak sortu dizkidan kezkak eta galderak.

Itzulpena egiteko baimena eman zutenean, asko kezkatu ninduen enpresa pribatu batendako dohainik egingo genuela lan; edo hobeto esanda, enpresa horrek ez zuela sosik gastatuko bere produktua hobetzen. Ardura ez zen ez kobratzea, musu-truk munstro batendako lan egitea baizik. Baina euskararen munduan gabiltzanok badakigu, zoritxarrez, horrela egin ezik, ez dela ezer lortzen.

Twitterrek itzultzaile enpresa profesionala kontratatu izan balu, bigarren kezka ez zitzaidan agertuko. Kalitatearena, hain zuzen. Irakasleok estuak izaten gara horrekin, eta ikusitako gauza askok harritu eta larritu naute: proposatutako itzulpenak, ortografia akatsak, gramatika-arau hausteak, euskararen senik eza… Tira, horrelakoa da gure egoera erreala, ez da berria niretako. Baina zerbait itzultzeko bere burua boluntario eskaintzen duenak maila ona behar du…

Goikoarekin lotuta, eztabaidena ere ikaragarria iruditu zait. Hainbatek «guk ez dugu horrela esaten» aitzakiapean Euskaltzaindiak esandakoaren kontrara jarri nahi zuen gauza bat edo beste. Barkatuko didate, baina lan hori ez da norberaren blogerako, guztiondako da, Euskal Herri osorako, eta denboran iraun egingo du. Gainera, dena demokratikoki erabaki behar horrek sutan jartzen nau. (Itzultzen ibili ez zaretenondako, dena boto bidez erabakitzen da). Hori ezin da horrela izan!

Itzulpen fantastikoak ere ez ditut maite. Txio berba polita eta graziosoa begitantzen zait, baina lagunarterako, erabilera adierazkorrerako… bere eratorriak, halere, ez ditut jasaten, bertxiotu kasu. Munstrokeria iruditzen zait!

Gustatu ez zaidan beste kontu bat Twitterrek berak nola duen antolatuta itzulpen zerbitzua. Atalka, milaka esaldi solte daude ingelesez, testuinguru gabe. Ezin da jakin nola dauden txertatuta webean. Sarritan, zeri zegokion esaldia ere ez zegoen jakiterik! Horrezaz gain, ingeles hutsean egoteak (gaztelaniaz erabili dugunondako) zaildu egin du itzultzea. Askoz hobeto legoke, ingelesaz gain, beste hizkuntza batzuetan nola dagoen itzulita ikusi ahal izatea, eta norberak aukeratzea zein(tzu)etan. Horregatik, hasi gara lehenengo akatsak ikusten.

Horrek guztiorrek ez du inolako baliorik izango erreminta euskaraz erabili ezik: tuitak (txioak) euskaraz ez badira edota jarritako loturak erdaraz badaude. Tresnak —hizkuntza-paisaia— euskaraz behar ditugu, baina, batez ere, edukiak izan behar dira gure hizkuntzan. Ea hala den!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua