Sahara
Imajinatzen duzue zer ote den etxetik ihes egin behar izatea, atzerriko armada bat segika duzuelako bonbak eta napalma jaurtiz? Horren ondorioz, familia eta lagunak sakabanatzea eta hiltzea? Aldean duzuenarekin bizirautea? Itsasertzetik basamortuaren alderik mortuenean bizi behar izatea? Inoren eskuzabaltasunaren menpe? Besteen karitateari esker 37 urtean? Emaileek pairatzen duten krisia birritan sufritzea? Ahaztuak, jakinik inori ardura ez diozuela, abandonatuak…?
Horrela daude Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan berrehun bat mila saharar, Aljeriak lagatako lur zatirik idorrenean, basamortuko hamadan, lekurik latzenean. Arabiarrek Allak hamadara bidal zaitzala esaten dute norbaiti txarrena desio diotenean…, atera kontuak!
Baina hau ez da bizi duten egoera larri bakarra. Izan ere, saharar guztiek ezin izan zuten ihes egin, eta Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi dira, gutxiengo bihurtuta eta errepresioan. Beraien herrian bigarren mailako biztanleak dira, gobernu inbasoreak deuseztatu nahi baititu.
Sahararrak gutxi dira, eta beren lurraldea (eta itsasoa) oso aberatsa arrantzan eta fosfatotan. Komunikabideek diotenean arrantza-akordioa sinatu duela Espainiako gobernuak Marokorekin bertara arrainetan joateko, Saharako urez dihardute (Europan jaten den arrainaren %90 bertan hartzen da). Han dago aire zabaleko fosfato meatze handiena, bertatik Marokok eguneko lortzen duen etekina nazioarteko komunitateak saharar errefuxiatuei urte osorako ematen dien laguntzaren bestekoa da. Horrekin dena dago esanda!
Erruaren zati bat Espainiarena da, bere kolonia zelako okupazioa hasi zenean Martxa Berdearekin. Deskolonizatu barik laga zuenez, Espainia da tutorea legalki (barka iezadazue zuzenbideaz dakizuenok, azaltzeko bururatzen zaidan era xumeena da). Portugalek ere Ekialdeko Timorren paper bera izan zuen. Kasu horretan, baina, ondo jokatu zuen rola, Espainiak ez bezala, ez baititu babesten.
Oraingoan ere, kooperanteen bahiketa aitzakia hartuta, Tindufeko kanpamentuan zeuden guztiak ekarrarazi ditu, segurtasunagatik. Batzuk itzuli dira, lekukotasuna ematearren ez bada ere, eta ziurtatu dute kanpalekuak seguruak direla europarrontzat.
Nahasketa interesatuak, baina, ugari dira. Espainiako Telebistako 24 Horas kanalean etengabe ari ziren esaten Mali iparraldeko egoera eta Sahel osokoa oso nahasiak zirela Al-Qaedarengatik, eta hori zela-eta agindu zuela gobernuak boluntarioak etxeratzeko. Barkatu? 1.000 kilometro baino gehiago daude barren, desertuan zehar!
Imajinatzen duzue esatea Bordelen egoera larria dela Cadizen oso langabezia tasa handia dutelako? Ez litzaioke inori bururatuko, ezta? Baina Afrikaz ari bagara, eta Marokoren mesedetan, denak balio du.