Gauekoa
Gauekoak, tradizionalki, espiritu gaiztoak izan dira Euskal Herrian. «Gaua gauekoentzat, eta eguna egunekoentzat», zioten gure aurrekoek. Gaua arrisku guztien ama baitzen, deabru eta sorginen bizilekua (edo bizi-denbora?), saihestu beharrekoa, kateak ekartzen ez zituelako.
Gautarra naiz, oso. Gauez bizitzea atsegin dut. Oso nekatuta egon arren, askotan, berpiztu egiten naiz hamarretatik aurrera. Barruan sortzen zaidan zerbait da. Gainera, lotara joatea ere kosta egiten zait, nahiz eta oso lotia naizen, eta ohean egotea ikaragarri gustatzen zaidan, batez ere neguan, hartzak hibernazioan bezala.
Onetti idazle uruguaitarra zela uste dut, bere azken urteetan ohetik ez altxatzea erabaki zuena. Ohean bizi zen, nahi zuelako. Hainbesterako agian ez, baina eguneko ordu batzuk… kezkarik ez banu, atsegina litzateke.
Gustuko dut gauez jardutea, baina ez parrandan ibiltzeko soilik, atsegina sortzen didaten gauzak egiteko baizik: pelikulak ikusi, irakurri, Interneten ibili, galdu zaidan hura topatu…
Zein ederra litzatekeen, gainera, egunero hamarretan edo hamaiketan jaikitzea, hiruretan-edo oheratuta! Plazera!… Nire biorritmoetarako egokiena litzateke, baina ezin munduaren kontra egin.
Horregatik esaten dut gautxoria izateak badauzkala zenbait kontu kaltegarri ere. Berandu lotaratuz gero, berandu altxatu, ezinean, gainera. Derrigorrean goiz jaiki behar; izan ere, mundua goiztiarrendako dago antolatuta, zoritxarrez! Eta izaera hau daukagunok ez dugu antolaketa honekin gozatzen; batez ere, kabaretera ordutegiak izanda (lanean berandura arte ibilita). Gure joera bada belu oheratzea, lana gauez amaituta, atzeratu egiten zaigu, eta hurrengo egunean ostera ere, goiztiarrek markatutako pausoa segitu behar dugu! Latza!
Konturatuta zeundeten goiz zaleen diktadura honekin? Gehiegikeria hutsa dela deritzozue diktadura deitzeari? Bai? Orduan, zergatik dago ondo ikusita seietan jaikitzea eta ez hamarretan? Zer dela-eta esaera zahar hauek: «Goiztiarrari Jainkoak laguntzen dotso?». Froga garbia dela esango nuke nik! Inork ez du galdetzen ea zein ordutan oheratu den berantiarra, eta zergatik dituen ordutegi horiek. Alfertzat hartu, eta kito!
Gizartearen arauak arau, niretako berandura arte ez oheratzea plazera da; hori ez ezik, joera naturala ere bada nigan, azaldu dudan moduan. Eta gaupasa egitea! Zenbat gustatzen zaidan, eta zein erraz egiten den eguna! Noizean behin, asko estimatzen dut irakurtzen hasi eta gustura egon eta hurrengo goizean betebeharrik ez badut, goizaldera arte edo liburua amaitu arte jo eta sua leitzen ibiltzea! Gozatua, udan eta oporretan baino ezin dudana egin!
Beraz, goiztiarrok, konpreni gaitzazue, beste ordutegi batzuk ere badira-eta!